Soinuari irudiak jartzen

  • Betidanik egin diote lagun arte bisualek musikari, bereziki kartelen eta disko-azalen bidez. Gurean ere, harremanak tradizio luzea du. 80ko hamarkadako punk mugimenduaren ondoren haria ez da eten; aniztu eta aberastu egin da garai digitalotan. Fortun, Arrate Rodriguez eta Ramon Zabalegi artistekin eta Ander Mujika musikariarekin hitz egin dugu, eta argi daukate: jendea ari da, eta txukun, gainera. 

Aurtengo Usopop jaialdiko kartela, erreportaje honetan hitz egin duen Fortunen lanetako bat.
Aurtengo Usopop jaialdiko kartela, erreportaje honetan hitz egin duen Fortunen lanetako bat.

Horrela egin izan da beti. Besteak beste, aspalditik datorren lotura hori aipatu dute musikari eta artistek zera galdetu diegunean, ea zergatik nahi izaten duten musika-taldeek kartel berezi bat beren saioak iragartzeko, eta ea zergatik lotzen zaizkion hainbeste artista, gogoz, langintza horri. Horrez gain, Mujikak dio: “Jendea kontzertuetara animatzeko, erakargarriago da kartel bat zerrenda bat baino, pizgarri moduko bat da, esango nuke kontzertua izango denaren errepresentazio bat dela. Jarraitzen da egiten afizioz, edo pasioagatik, nahiz eta gero, agian, internet bidez bakarrik zabaldu, ikusleari gustatzen zaiolako kontzertuaren erreferente bisual bat edukitzea, eta antolatzaileei ere bai”. Eta Fortunek: “Ez nuke ulertuko musika kartel edo azal ederrik gabe; azken batean, inork ez du disko on bat atera nahi azal txar batekin, dena doa lotuta”. Kartelen funtzio praktikoari eman dio arreta Rodriguezek: “Nik marraztu egiten nuen, eta nahi nuen hori nonbait aplikatu; nahiko inkontzienteki hasi nintzen kartelak egiten, marrazkiak zeuden tokitik ateratzeko beharra neukalako, horiekin zerbait egitekoa, erakusketa batean ipintzea baino zerbait gehiago”. 

Hastapenak, lagunartean

Artea eta musika hain gertukoak izatea kausa edo ondorio, musikariak eta artistak adiskideak dira, azkenerako. Bateria jotzen zuen taldeetarako kartelak egiten hasi zen Fortun, Irungo gaztetxeak behar zituela-eta animatu zen Zabalegi, eta ingurukoen disko-azalekin aritu da azken urteotan. Napoka Iriako adiskideentzat sortu zuen lehenengo kartela Rodriguezek. 

Musikarien ikuspegitik ere itzela da elkarlana, Mujikaren arabera: “Oparia da kontzertu bat iragarri ahal izatea lagun batek egindako kartel batekin; diseinu-agentzietara joango bagina horrelako gauzak eskatzera, askoz industrialagoa izango litzateke. Gainera, lagunarteko mugimendua aberasgarria da estiloaren aldetik ere, pila bat aldatzen delako. Gustatzen zaigu diseinatzaile bakoitzak bere irizpidearen arabera lan egitea, horrela aukera estetiko zabala daukagu, ildo bakarra jarraitu beharrean. Batek argazki batekin egiten dizu, beste batek akuarelarekin... ederra da erregistro hori edukitzea”. Euskarriak berak ematen du aniztasunerako bidea, Rodriguezen esanetan: “Kartel bat denez, aukera daukazu musika horrek ematen dizun une bat edo irudi bat hautatzeko, badakizulako kartel bat bakarrik dela eta gehiago ere egongo direla: zuk une jakin hori aukeratuko duzu, eta beste batek beste zerbait hartuko du; diskoen kasuan, aldiz, irudi bakarrean bildu behar dituzu abesti guztiak, eta musikariei ere erreparo gehiago ematen die”. 

Kartelgile gisa zenbat eta ezagunago egin, bestelako enkarguak ere iristen dira, baina. Fortun: “Askotan egin ditut kartelak edo diskoak gustatzen ez zaizkidan taldeentzat, eta iruditzen zait kasu horietan ere eskertzekoa dela, eskertuta nago horrelako lan bat edukitzeagatik, eta indar berberak ipintzen ditut bietan. Kartel bakoitzak ikasteko eta hobetzeko balio du, gainera”. Zabalegi: “Orain arte oso gertu sentitzen dudan jendearekin egin dut lan, baina azkenaldian duda sartzen ari zait, ea hau lan bat ote den niretzat, beste toki batzuetatik deitzen hasi zaizkidalako, enkarguak eskatzeko, eta aurrekoekin konparatuta ezberdina da. Mugak jarriko ditut, baina ez dakit non”. 

Lanari ekiteko, musika ardatz

Sormen-prozesuaz galdetuta, guztiek ere musika dute abiapuntu. Rodriguez: “Normalean musika jartzen dut, nahiko sinestesikoa da, eta guztioi pentsarazten digu zerbaitetan. Gogora ekartzen didan hori ez da oso literala izaten, giro bateko usain bat jasotzen dut, eta gogorarazten dit ez dakit zer filmetan ikusitako zerbait; orduan mapa kontzeptual hiper-handiak egiten ditut eta gauza batek beste batera eramaten nau. Zeri heldu erabakitzen dudanean ereduak hartzen ditut, eta hortik aurrera musikaz abstraitzen naiz eta nire irudien gainean hasten naiz lanean”. 

Fortun: “Lehenengo taldea ezagutu behar dut, aurretik ezagutzen ez badut. Beraien musika jartzen dut, azal bat baldin bada disko hori bera eta, bestela, beren azkenengo lana. Letrak ere irakurtzen ditut, gero letra bakoitzeko zirriborro bat prestatzen dut, eta hori dena nahastuta marrazki bat egiten dut. Irudia zeinentzako den, teknika bat edo beste hartzen dut. Oso garrantzitsua da teknika ezberdinak ezagutzea, ez baita berdina rock talde batentzako kartel bat egitea, edo hardcore talde batentzat, edo Ruper Ordorikarentzat. Inspirazioa falta bazait, filmak edo dokumentalak ikusten ditut, ideia bila, edo buelta batzuk ematen ditut Pinteresten, beste marrazkilari batzuen lanak begiratzeko”.

Zabalegik dio musikariak ezagutzen baditu edo lagunak badira, beraiengan pentsatzen duela, ea zer iradokitzen dioten. “Bestalde, askotan, musikariek beren garai bitalarekin lotzen dute diskoa; beraz horren arabera ere egiten dut lan. Adibidez, Ainara Legardonek esan zidan bere azkenengo hau disko pixka bat gogorra izana zela, aldaketa asko bizi izan zituelako, baina aldi berean indarrez heldu ziela aldaketa horiei, eta diskoa ere indartsua zela”. 

Kartelgile adina estilo

Hasieran, digitalki egiten zituen lanak Zabalegik. Orain, ordea, eskuz egindakoa hobesten du: “90eko hamarkadan Photoshop eta beste programa horiek guztiak sartzen hasi ziren, eta jendea hasi zen dena ordenagailuz egiten. Digitalak abantailak ditu, noski, baina iruditzen zait tresna berdinak erabiltzearen poderioz, oso irudi homogeneoak sortzen joan direla. Nik hasieran dena ordenagailuz egiten nuen, baina gero marrazten hasi nintzen eta orain saiatzen naiz prozesu ia osoa eskuz egiten, eskaneatzeko unera arte. Adibidez orain egurrarekin ari naiz lanean, matriz bat sortzeko eta horrekin xilografia bat egiteko. Prozesua bera askoz aberatsagoa da, ez delako bisuala bakarrik: egurra ukitzen duzu, tinta usaintzen... Bestetik, akatsaren osagaia dago. Ordenagailuan akatsa sartzea oso zaila da, baina eskuz egiten duzunean beti daukazu hor, eta batzuetan akatsetik abiatzen da erantzuna. Bizitzan bertan ez zaizkit gehiegi gustatzen gauza arautuegiak, eta marrazkietan saiatzen naiz ustezko perfekzio horretatik ihes egiten. Saiatzen naiz beste balore batzuk islatzen, matxinada txiki-txiki eta beharbada ikusezin baten bidez bada ere”.

Estiloak uztartuz, bere-berea duen estetikaren bila ari da Fortun azkenaldian: “Bizpahiru estilo erabiltzen ditut: bektoriala, ordenagailuarekin egindako marrazki oso koloretsuak; marrazki zaharrekin egindako collageak, gero horiei kolorea emanez; eta ilustrazioa: eskuz marrazkiak egiten ditut eta gero kolorea ematen diet. Hiru estilo hauek asko ikusten dira, eta orain nire estilo bereizgarriaren bila ari naiz; badakit denbora asko beharko dudala, baina horretan nabil. Bide horretan, ilustrazioa eta marrazki zaharrekin egindako collageak nahasten ari naiz. Bestalde, konposizioa egiterako orduan, azkar ikusten da delineatzailea izan nintzela, eta marrazkietan ere ikusten da, oso animalia edo pertsona mekanikoak egiten ditut, torlojuekin eta abar”. 

Ezagun da, aurpegi asko marraztu ditu Rodriguezek: “Erretratuen bidez gauza pila bat konta ditzakezu. Gainera, musikariak pertsonak dira, eta musika entzuten dutenak ere bai: pertsonek azaltzen dute gehien. Inperfekzioa interesatzen zait, inperfektua ez dena industriala baita. Bestalde, ikusle bezala, denok oso ohituta gaude erretratu estereotipatuak ikusten, ezpainak horrela eta horrela, hortzak agertzen ez badira hobeto... Hori oso artifiziala da, eta ni behintzat ez nau errepresentatzen”. 

Anariren Zure aurrekari penalak diskorako egin du azkena, Rodriguezek berak eta Carlos Ndungmandumek osatzen duten Savanna Studioaren bidez: “Erretratuekin horrenbeste urtez ibili ondoren, fase berri batera pasa naiz, izan ere, etengabe gauza batekin ari zarenean, besteak galtzen dituzu. Dena dela, Anariren diskoarekin erretratua egin nuen, lan psikologiko bat dela iruditzen zitzaidalako, eta diskoak eskatzen zuenarekin koherentea izan behar nuelako. Asko gustatu zaizkit jendeak egin dituen interpretazioak, oso ugariak, azaleko pertsonari buruz, zer irakurketa ezberdin atera zaizkion. Ederra da marrazkiak bere ibilbidea egiten duenean, lan bat bukatu ondoren gertatu daitekeen onena da”. 

Harrobi onaren kaltetan, ezagutza falta

Azken hamabost urteotan gauzak hobetu dira, lanaren errekonozimenduaren aldetik, Rodriguezen iritziz: “Lehen ilustratzaile eta diseinatzaileei inoiz ez zitzaien izenik ipintzen. Gaur egun berriro hasi da aipatzen nork egin duen, baita egindako lan hori pixka bat errespetatzen”. Ezagutza zabaltzea falta da, ordea; hori dio Fortunek: “Euskal Herrian oso jende ona dago, baina ez dira oso ezagunak, ez behintzat izan beharko luketenentzat. Hala ere, gure artean sarea edukitzea oso inportantea da: akaso daramatzazu 30 ordu kartel batekin, blokeatuta, eta beti eska diezaiokezu laguntza lagun bati. Gure artean ez dago inbidiarik, alderantziz, denok ari gara indarra egiten honek guztiak errekonozimendu handiagoa jaso dezan”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kartelgintza
Irungo inauterietako kartel irabazlea adimen artifizialak egina dela salatu dute

Irungo inauterietako kartel lehiaketa irabazi duen gizonak adimen artifizial bidez sortu du irudia, ziurtatu du Luis Doviso diseinatzaileak: “Iruzur egin du, bere burua egiletzat aurkeztu duen pertsonak ez duelako kartela egin, makina batek baizik”. Jakin gabe,... [+]


2020-02-26 | ARGIA
Kartelez mozorrotu zen llamaren afera: jatorrizko irudiaren egilea sarituko du Donostia Festak

Inauteri festak bukatu ostean, otsailaren 25 goizean hartu du erabakia Donostia Festak elkarteak. Kartelaren egilea den Maaher Abed saritu beharrean, irudiaren jatorrizko diseinatzailea, Paul Fuentes sarituko du.


2018-11-25 | Estitxu Eizagirre
Bertsolaritzaren genealogia feminista, infografia batean

Emakume bertsolari garaikideen genealogia eraiki dute infografia batean Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi, Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolariek eta Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabar eta Mariñe Arbeok. Mugarriz mugarri, bide kolektiboaren bilakaera modu... [+]


Eguneraketa berriak daude