Autodefentsa digitala

  • Telefono mugikorra bilakatu da munduarekin harremanetan jartzeko gure bitartekaria. Behinola deiak egiteko erabiltzen zen aparailuarekin ia denetik egiten dugu orain. Ez da txantxetako kontua: telefono hauek beren jabeen informazio andana gordetzen doaz barnean, izan kontaktuen zerrendak, argazkiak, elkarrizketak, e-mailak, sarean bilatu dituen hitzak, ikusi dituen bideoak, fisikoki bisitatu dituen lekuak, sare sozialetako profilak, oharrak, agendak... informazio oso sentibera, hirugarren pertsona batek (baimenik gabe) eskuratuz gero, jabearen erretratu zehatza egiteko moduko bilduma. Pertsona bat bere bizitzako azken hiru hilabeteetan non egon den baldin badakizu, adituen arabera, %93ko eraginkortasunarekin aurreikus dezakezu non egongo den hurrengo hiruetan. Aurreikus dezakezu nora joango den, guk geuk ere identifikatu gabeko patroien bidez.

    Artikuluaren amaieran Firefox nabigatzailearentzat gehigarrien zerrenda, Pribatutasuna errespetatzen duten aplikazioak, zerbitzu erabilgarriak eta mezularitza zerbitzuen konparatiba.

Ilustrazioa: Joseba Larratxe.
Ilustrazioa: Joseba Larratxe.

Pribatutasunaren defentsa, honenbestez, giza eskubideen aldeko beste borroka esparru bilakatu da. Eta galdera da: telefonoa beti gainean eramateari uzteaz gain, zer egin dezake masiboki zelatatutako gizarte batean bizi dela konturatu den herritarrak? Segurtasun digitaleko adituen ikuspegia eta aholku zenbait eskaintzen saiatuko gara Larrun honetan, aparteko koadroetan, erabilgarriak diren  aplikazio, zerbitzu eta lotura interesgarriekin batera. Batez ere telefonoa aztertuko dugu gailu gisa, gure bizitzetan duen garrantziagatik, ordenagailu eramangarrien, tableten eta bestelako asmakizunen aurretik.

Criptica-ko kideek Resistencia Digital liburuan dioten bezala, segurtasuna beti izan da dirdira handirik gabeko ofizioa, baina geroz eta inbasiboagoa zaigun ingurune digitalean, arduragabekeria handia litzateke antolatu duten egitura zertan ari den jakingo ez bagenu bezala jokatzea. Gainera, segurtasunaren kultura garatzea erronka kolektiboa da, bestela, alferrikakoa da. Azken batean, kontua hau ere, erabat politikoa da.

Azken urteetan polizia itsutu, droneak oztopatu eta aurpegiak ezagutzen dituzten kameren aurka laserrak erabiltzen hasi dira manifestariak mundu osoko protestetan.
Zilarrezko papera

“Deitu norbaiek telefono honetara eta baiezta dezagun tonoa ematen duela”, hasi da hacktibista segurtasun digitalari buruzko ikastaroan, protesta sozialen astean Donostian okupatutako eraikinean. Bai, badabil, telefonoan deia sartu da, doinu bizia horren froga. “Orain hartu aluminiozko papera eta ikus dezagun zer gertatzen den mugikorra inguratzen badugu, ogitartekoa bailitzan. Ea ba, hots egin berriro mesedez”. Aho zabalik geratzear dira eszenari begira dauden 20 parte hartzaileak. Telefono hau itzalita edo seinalerik gabe dago.

Telefono mugikorretik egunaren edozein unetan dei bat egin edo jasotzeko aukera izateak esan nahi du gailu hori etengabe inguruko antena batera dagoela konektatua. Normalean altueran egoten dira, mendi edo eraikinen gainean. Konexiorik gabe, ezin deirik egin edo jaso. Pertsona bat leku batetik bestera mugitzen denean, automatikoki antena batetik bestera konektatzen doa, telekomunikazio enpresen datu-baseetan kokalekuaren arrastoa utziz. Ikusi Balthasar Glättli kontseilari suitzarren datuak nola jasotzen zituen telekomunikazio enpresak. Enpresa hauek guztiek, Europar Batasunean behintzat, legez bi urtez gorde behar dituzte erabiltzaileen geoposizio erregistroak, eta zenbait estatutan gobernuak bere buruari aitortua dio eskumena azpiegitura hauek esku hartzeko inolako agindu judizialik gabe. Estatu horien artean daude Txina, Turkia eta Espainia, hego euskalerritarrentzat zoritxarrez.

Tailerra ematera joandako gazteak errieta egin die gainontzeko ekintzaile sozialei, aurpegiratuz ea zergatik eramaten duten mugikorra etengabe leku guztietara poltsikoan, baita legea haustea dakarten ekimen politikoak egitean ere. Zein da kontua? Engantxatuta gaude? Gehienek baietz ttiki bat egin dute buruarekin, begirada desbideratzen dutela. Zilarrezko paperez inguratuta telefonoaren seinalea etetean, behintzat, arrastoa desagertarazten da; nahiz eta arrastorik gabe geratzea bera edo telefonoa etxean uztea ere, susmagarri bilakatzen ari den mundu orwelldar honetan.

Nola egin aurre zelatari?

Dabid Martinez bermeotarrak ongi daki zertaz ari garen. Jakin badakigu ahoskatzen den Hack.in#badakigu informatika elkarte askeko kidea da, hacktibista/aktibista eta blogaria ere bai ARGIAn, besteren artean. Pribatutasunaren gaia kezka handiz bizi du, eta herritarren artean kontzientzia pizteko inurri lanean ari dira elkartean, hitzaldi eta tailerrak antolatuz. Taldea hasiera batean Bermeon sortu bazen ere, denborarekin zabaltzen joan da, Euskal Herri mailan halako eragile baten falta sumatu ostean.

Dabid Martinez.

“Burujabetza teknologikoa lantzen duen informatika taldea gara, herritik eta herriarentzat sortua eta euskaraz egiten dugu lan. Argi dugu teknologia ez dela gauza neutroa, teknologiaren parterik garrantzitsuena politika dela”. Urteak daramatzate software librea, Copyleft-a, hardware eta jakintza irekiak gisako gaiak lantzen. Azken aldian Pribatutasunaren Behatokia proiektuan ari dira lanean.

"Teknologia ez da gauza neutroa, teknologiaren
parterik garrantzitsuena politika da”. Dabid Martinez

“Oso arduratuta nauka, adibidez, hezkuntzan Chromebook-ekin gertatzen ari denak. Pentsaezina da eskola bateko jantokia Mc Donalds eta Burger Kingen artean banatzea. Orduan, nola onar daiteke erakunde publikoek ikasleen informatika Microsoft eta Googlen esku uztea? Multinazionalen tresna hauek dependentzia sortzen dute, zaharkitzea programatuta dakarte, ez daude euskaraz %100ean, eta gainera, milaka ikasleren datuak ematen dizkiete multinazionalei”.

Martinezek salatzen du Eusko Jaurlaritzaren aplikazio gehienak ez dabiltzala software librean, eta berak adibidez, ezin duela bere ordenagailuan errenta aitorpena egin PDF dokumentuak sinatzeko arazoak daudelako. “Software libreak gure herrian duen gihar enpresarial eta sozialarekin, harrigarria da hor inbertitu beharrean, nola ari garen kontrako bidea egiten, transnazionalei emanez diru publikoa”. Bermeotarrak argi du erakunde publikoetatik burujabetza teknologikoa eta software librea bultza behar direla, hori dela bide bakarra burujabe izan nahi duen herri batentzat. Horren ordez, neoliberalismoaren doktrina enpresa pribatuen alde zerbitzu publikoak murriztea eta pribatizatzea dela ulertuz gero, erakunde publikoetatik interneten jabe diren multinazionalak oinarrizko zerbitzu guztien jabe eginaraztea pribatizazioaren logikarekin bat datorren erabaki politikoa dela ikus daiteke. GAFAM plataformak sartzen ari dira [Google, Apple, Facebook, Amazon eta Microsoft izendatzeko erabiltzen den akronimoa] eskoletan, ospitaleetan edo administrazioan erakunde publikoen laguntzarekin, Euskal Herrian eta ia mundu osoan.

Euskarazko hedabideetako irakurleak nor diren, zer kontsultatzen duten, nondik sartzen diren, zenbatero,
zein gailurekin eta zenbat denbora egoten diren kontrolatzen ari da Google

Politika beraren erakusgarri da artikulu honetan aurrera doan irakurleari zuzenean eragiten dion eta oso isilean pasa den kontu bat: 2014tik Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideak behartzen ditu Google-i irakurleen datu guztiak ematera, doakoa den [eta beraz produktua zu zeu zaren] Google Analytics zerbitzua ezartzeko exijituz euskara sustatzeko diru-laguntzak jasotzeko baldintza gisa –eta gainera, Eusko Jaurlaritzari pasahitzarekin sarbidea ematera derrigortuz–. Honela zioen, beste baldintza batzuekin batera, euskara hutsezko egunkari eta aldizkariek diru-laguntzak eskatzeko deialdiak 2013an: “Agerian edo ezkutuan egongo den bisita-neurgailua eduki behar dute”. Irizpidea aldatu zuten 2014an, eta horrela formulatu zuten, argi eta garbi: “Google Analytics neurgailua eduki behar dute bisita eta bisitariak neurtzeko. Hori izango da onartuko den neurgailu bakarra”. Ulertzen da hedabide guztiek kontaketa berdin egitea bilatzen zuela administrazioak, baina jabetzen al gara aukera zehatz hori inposatzearen ondorioez?

Zenbait galdera plantea daitezke: non geratzen da hedabideen independentzia instituzio publikoek hain datu sentiberak bereganatzeko mekanismoak inposatzen badituzte? Zenbat leku izango dira munduan herrialdeko hedabideek milaka euro gutxi batzuen trukean gobernuari analitika datuotara sarbidea ematea onartzen dutena? Kontutan hartuta gaztelaniazko hedabideek oraindik eta diru gehiago jasotzen dutela publizitate instituzionalaren bidez, Eusko Jaurlaritzako arduradunek hedabide erdaldunei halako zerbait exijitzeko ausardia politikoa izan al dute, ala soilik euskarazkoekin jokatzen dute horrela? Azkenik, neurri hori hartu duen arduraduna batetik, eta neurri hori inolako eztabaidarik gabe onartu duten hedabideak bestetik, kontziente al dira euskal komunitate ia osoaren irakurketa ohiturei buruzko datu guztiak ematen ari direla euskara termino kulturaletan piperrik axola ez zaion multinazionalari? Euskarazko hedabide guztietako irakurleak nor diren, zer kontsultatzen duten, nondik sartzen diren, zenbatero, zein gailurekin eta zenbat denbora egoten diren indexatzen ari dira Google-eko arduradunak.

Pribatutasun gaiekiko herritarron gehiengoaren muturreko ezezagutzaren adibide garbia da sektorean harrabotsik eragin gabe onartzea baldintza hori, nahiz eta egiari zor, hedabide gehienak aurretik ere zerbitzu horrekin ari ziren lanean. Ez da harritzekoa, gure pribatutasunarentzat geroz eta maltzurragoa den ingurunean gutxi gehiago formazio kolektiborik gabe amaitu ostean, borrokaleku zibernetikoan bakoitzak ahal duena egiten baitu. Horrek ez du kentzen, ordea, esparruz esparru pausoak ematen jarraitzen dutela zelataren inperioa eraikitzen ari diren pertsonak. Horiek oso argi dute, antza denez, egin behar dutena.

Hong Kongeko protestariak kaleko kamerak inor kontrolatzeko gaitasunik gabe uzten.

Dabid Martinezen ustez, pribatutasuna mantendu nahi duen herritarrak nahitaez denbora inbertitu behar du gaiaz informatzen eta bere gailuetan ezarpen egokiak jartzen. Horrez gain, barneratu behar du teknologia ez dela gauza neutroa, ingurune sozioekonomiko eta politikoa duela gauza bakoitzak –“izan internetek edo mailuak”–, eta beraz, herritarraren esku dago segurtasun neurriak hartzea. Adibidez, gauza berriak instalatu aurretik “irakurri dut eta ados nago” markatzen diren testuak benetan irakurtzen ohitu behar dela dio, jo dezagun, mugikorrean instalatu nahi dugun linternaren aplikazioak gure kontaktuetara sarbidea edo GPS posizioa atxiki nahi duela aldez aurretik konturatzeko. Horrez gain, eta garrantzitsuena agian, GAFAM boskotearen zerbitzuak ekiditeko gomendatzen du Martinezek. Guztiek dute alternatiba etikoa.

Etsaiak sistema ezagutzen du

Marta Peirano kazetariak (Madril, 1975) El enemigo conoce el sistema liburua argitaratu du 2019an. Hasiera batean informazio banaketa horizontalerako sortutako internet, datuen lapurretaren bidez, masak zelatatzeko, kontrolatzeko eta manipulatzeko tresna bilakatu dela salatzen du. Oso kritikoa da multinazional handiekin, gizartearen parasitoak direla eta gihar soziala kontsumitzen ari direla uste du.

“Egunean bataz beste 150 aldiz desblokeatzen dugu telefono mugikorra, zenbait ikerketaren arabera. Zenbat aldiz egiten dugu instintuz, inolako beharrik gabe? Gailua horretarako diseinatua dago”, dio El Salto egunkarian Pablo Elorduy kazetariarekin egindako elkarrizketan.

Marta Peirano (Argazkia: Álvaro Minguito)

1950eko hamarkadan B.F. Skinner psikologoak hainbat animaliarekin zenbait esperimentu egin zuen sariak emateak beren jokabidean zer nolako eragina zuen ikertzeko. Skinner-en Kaxa gisa ezagutzen da ezagunena. Barnean palanka bat zuen kaxa bat eraiki zuen, eta palanka sakatzean janaria erori edo seinaleren batekin saritu egiten zuen barnean sartutako animalia (arratoiekin, usoekin eta tximinoekin egin zuen esperimentua).

Hasteko, animaliak palanka sakatzen zuen bakoitzean erortzen zitzaion jana, dokumentatuta utziz animaliek bapo geratu arte sakatzen zutela, eta gero utzi egiten zutela. Ondoren, ez beti, janaria eror zedin palankari sakatze kopuru zehatz bat finkatu zion. Animaliek gehiagotan sakatzen zuten, baina funtsean, asetzen zirenean utzi egiten zuten. Azkenik, animaliei saria modu aldakorrean eta inolako patroi finkorik gabe ematen hastea erabaki zuen. Emaitza: animaliek ez zioten palanka sakatzeari uzten, jokabidea etengabe errepikatuz eta denboran luzatuz. Palankak saririk ematen ez zuenean ere, animaliek sakatzen jarraitzen zuten, balizko sari baten esperantzan.

Esperimentu hori erabiltzen da tabernetako makina dirujaleek –hauek ere palanka eta argitxoekin hornituak– edo teknologia berriek eragiten duten adikzioa azaltzeko. Aditu askoren ustetan, tresna hauek dopamina sortzen dute eta herritarrak ahalik eta denbora gehien engantxatuta edukitzeko diseinatuta daude, aplikazioen erabilerak mekanizatuz.

AEB-etan hiru
kanpaina indartsu egin zituzten 2016an sare sozialen bidez, botoa motibatzeko baino, botoa desmobilizatzeko

Zenbat aldiz gertatu zaizu jakinarazpen bat jaso, mugikorra desblokeatu, zer den begiratu eta gero karruseletik pasatzea –Twitter, Instagram, Facebook...–, zer dagoen ikusi eta berriro hastea, zergatik egiten duzun jakin gabe? “Zure biologiaren mekanizazioa da, zure garunaren puntu bat, eta zure bizitzaren parte garrantzitsu bilakatu duzu, eragiten baitizu askotan zuk nahi duzuna baino arreta gutxiago eskaintzea familiari, bikotekideari, lagunei edo seme-alabei”, dio Peiranok.

Bitartean, gure mugikorrek entzun eta lokalizatu egiten gaituzte nahiz eta guk esan ez egiteko. Herritarren baimenik gabe eta ezkutuan, zenbait enpresak azterketa biometrikoak egin eta algoritmoak fintzeko erabiltzaileen aurpegiak eta ahotsak erabiltzen ari direla aitortu behar izan dute noiz edo noiz publiko egiten diren eskandaluen erruz. Horrez gain, marketin politikoan aritzen diren agentziek datu horiek erabiltzen dituzte desinformazio kanpainak egiteko.

Eta nola konbentzitzen dute jendea pertsona bat bozka dezan eta ez beste norbait? Peiranoren hitzetan, sotiltasun handiz. “AEBetan, hiru kanpaina indartsu egin zituzten 2016an, botoa motibatzeko baino, botoa desmobilizatzeko. Hillary Clintonen aurka emakumeen, beltzen eta latinoen botoak desmotibatu zituzten. Nola? Esanez Clinton matxista zela, arrazista zela, eta latinoei “animalia” deitzen ziela. Hori konbinatuz gero plataforma batetik bestera jarraitzen zaituen eduki multzo batekin osatutako hodeiarekin –oso gauza erraza, bide batez esateko, ia denak enpresa berarenak baitira–, gure bizi egiturak manipulatzen ari dira”. Zu konturatu gabe norbait etengabe belarrira zer pentsatu behar duzun xuxurlatzen ari balitzaizu bezala.

Ezabatu sare sozial nagusiak

Askori bihotzeko mina eragingo dion kapitulua jarraian. Dabid Martinezek oso garbi ditu ideiak sare sozialen inguruan: “Ezabatu Facebook, Instagram, Whatsapp eta Twitter gure mugikorretatik. Horixe da gure pribatutasuna bermatzeko egin beharreko lehen gauza”. Dioenez, Twitter ere sartu behar da multzo horretan, nahiz eta ekintzaileek tresna hori lagun gisa ikusi. “Etsaia da ordea, Facebooken antzeko gauzak egiten ditu, gure datuak biltzen doaz, kontuak ezabatzen dituzte arrazoirik eman gabe...”. Aitortzen du berak ere urte askoz erabili eta zuritu duela plataforma hau, baina dagoeneko ez duela egiten.

Sare mota ezberdinak.

Martinezen arabera, Twitter gisako aplikazioek psikologikoki eta emozionalki “min handia” eragiten dute. Bertxioak eta Atsegiteak lortzearekin obsesionatuta, mezu bat argitaratu eta halakorik ez denean lortzen zerbait txarto egin dugula, edo ahaztu egin gaituztela, edo esandakoak besteentzat ez duela interesik pentsatzen dugula dio. Kontua itxi eta Mastodon alternatiba irekira pasa zen. “Azken 2 urteetan Mastodon.eus-ek erakutsi dit sare sozialak beste modu batean bizitzeko aukera badagoela, hausnarketa gehiagorekin, modu eraikitzaileagoan, eta batez ere, denbora gehiagorekin”.

Eredu komertziala duten zerbitzuetatik atera eta komunitateak bermatzen dituen proiektuetara jotzeko aholkatzen du. “Whatsapp, Facebook eta Twitter kenduta zerbait ikasi badut, hori da sare horietatik ateratzea ez dela doakoa, baina bai oso onuragarria. Orain askoz ere denbora gehiago dut eta denbora hori askoz modu produktiboagoan erabiltzen dut”.

Algoritmoen inbasioa

“Sistema diseinatu, kontrolatu eta kudeatzen duten sei enpresaren eta gure artean dagoen botere asimetria oraintxe bertan basakeria hutsa da. Beraiek dena dakite guri buruz eta guk ez dakigu ezer ere beraiei buruz. Beraiek inpunitate osoz jokatzen dute eta guk ezezagutza osoarekin”, dio Marta Peiranok.

“Ez gara kontziente zer dakiten gutaz, ezin dugu ulertu ere egin”, diosku Dabid Martinezek. Azaldu du Android bat pizten den bakoitzean, erabat piztu denerako, Googlen zerbitzarietara erabat konektatu dela gailua; nahiz eta jabeak internet ez erabili, bere izena hainbat aldiz pasa da zerbitzarietatik, profilen datuak artxibatuz. “Estatu demokratikoetan bizi garela suposatuta, zelatatze maila hori ez da onargarria”.

Martinez gehien algoritmoek kezkatzen dute, urteko 365 egunetan 24 orduz ari baitira datu agregatuak sortzen. Hori zer den ulertzeko adibide bat jarri du: estatistikaz jakin dezakete zure herriko jatetxe, taberna edo leku konkretu batean zenbat pertsona dauden oraintxe bertan, aurreko asteetan ordu eta leku horretan zenbat pertsona egon ziren bai baitakite, eta estatistikaz kalkuluak egiteko gai dira.

Erresuma Batuko GCHQ-ren egoitza, AEBetako NSAren baliokide ingelesa. Snowdenek filtratu zuen Tempora izeneko programa bat garatua dutela eta herrialdeko fibra optikoaren kableetan, informazio guztia bidean atzemateko gailuak instalatuak dituztela

Peiranoren ustez arazoa ez da internet –“zoragarria baita”–, baizik eta berau menperatzen duten enpresak. Munduko internet trafikoaren %80 beren zerbitzarietatik pasatzen dela eta enpresa hauen negozioa herritarren datuak eskuratzean oinarritzen dela gogorarazi du. “Internet arautzen duten protokoloak oso ongi pentsatuta daude, baina Facebooken zerbitzarietan nabigatzen ari zarenean, ez dira aurreko protokoloak aplikatzen, bereak baizik. Nire aplikazioek eta mugikorrak ni zelatatzea ez da beharrezkoa, baina enpresa hauen helburuekin bat datorren funtzioa da”.

Argi du funtzionalitate guztiak dituen smartphone bat izatea posible dela, inongo enpresak jakin eta erregistratu gabe non eta norekin gauden. “Ez dut uste beharrezkoa denik bizitza garaikideko tresna hauei uko egitea –neu oso teknofiloa naiz–, baina uste dut enpresa hauek ez daukatela eskubiderik gu zelatatu eta manipulatzeko, eta beraiei hori egiteko baimen legala erraztuz uste dut gure eredu demokratikoa suntsitzen ari garela”, dio aurrez aipatu dugun elkarrizketan. Informazio horren existentzia bera da problematikoa, zaurgarri egiten du edonor aurreikusteko gai ez garen moduetan.

Kalean jarrita dauden kamerentzat aurpegiak ezagutzeko sistema garatu dute dagoeneko.

Komeni da ez ahaztea zer gertatu zen Herbehereetan joan den mendean. Gobernuak herritarren errolda egina zuen, datuen artean jasoz erlijioari buruzko informazioa. Zenbat protestante, zenbat katoliko eta zenbat judu bizi ziren kalkulatuta zeukaten, besteren artean. “Leku eta une desegokian amaitzeko ordea, ez duzu zertan mugitu”, dio Peiranok kontu hau azaltzen duenean. Gogoratzen du Hitlerren eskuetan erori zirenean, naziek beren asmo kriminaletarako ezin hobeto zetorkien informazio oso zehatza aurkitu zutela. Juduen %90 hil zuten. Ez zen hala izango izen abizen eta helbideekin lan hori egina aurkitu ez balute. Nork dio ezin dela halako beste ezer gertatu etorkizunean, munduko leku askotan eskuin muturra izaten ari den berpizkundearekin?

Herriak soilik salba dezake herria

“Berdin zait ni zelatatzea, ez daukat ezkutatzeko ezer”. Dabid Martinezi hortzak zorrozten zaizkio norbaitek hori esaten dioenean. Iritzi horri aurre egin behar zaiola uste du: batetik, pribatutasun pertsonala eta pribatutasun kolektiboaren alde ari den jendeak ere ez duelako ezkutatzeko ezer ere; bestetik, demokrazian pribatutasuna defendatu egin behar dela uste duelako: “Estatu askotan balore konstituzionala da eta ezin da errazkerian eskubide hori galtzen utzi”. Azkenik, bere ustez argumentu hori ez delako onargarria, eta adierazpen askatasunaren esparrura hitzez hitz eramanez gero garbi ikusten delako ez lukeela inork onartuko: “Berdin zait adierazpen askatasunik ez izatea, ez daukat esateko ezer”.

“Kezka duen herritarra norengandik ari da babesten?”, galdetu diogu. GAFAM, enpresak, crackerrak, poliziak, gobernuak? Aipatutako guztiengandik –Dabid Martinezen hitzetan– eta maila ezberdinetan babestu behar da bakoitzetik gainera. Sare sozialen eta GAFAMen arazoa algoritmoa da bere ustez, eta algoritmoen aurka babestea posible den arren, ez da erraza. “Poliziarengandik babestu behar bagara, nahiz eta posible den, babes integrala eskatuko luke, telematikoa eta fisikoa. Labur adierazteko, telematikoari dagokionez, batez ere Tor teknologia baliatu behar da. Horrez gain, Edward Snowdenen garaietan ikasi genuen NSAk eta AEBetako Gobernuak euren agentzia erdi-ezkutuen bidez zelatatzen zituztela mundu osoko biztanleak. Horiengandik ere babestu behar gara”. Firefoxeko gehigarri blokeatzaileekin konpon daiteke Google Analytics gisakoek ez hartzea sarean dabilen herritarraren datuak, baina NSAk, Ertzaintzak edo Foruzaingoak bera ez zelatatzea, ez.

Orain urte batzuk oso mugimendu sozial indartsua zen Hacklab-ena, ahulduta ikusten du egun, eta zelata masiboari aurre egiteko garrantzitsu ikusten du. Belaunaldi aldaketa egiten ez dutela asmatu eta hor erronka dutela uste du. “Ez gara konspiranoikoak, teknologikoki ulertzen ditugu pribatutasunaren arazoak eta irtenbidea ematen saiatzen gara. Ordenagailua eta telefono mugikorrek gizartearen eraldaketarako aukera bikainak eskatzen dituzte, eta nik hacktibista bezala horrela ulertzen ditut. Hala ere, kontziente izan behar dugu horiek dituzten arazoez, eta horretarako informatu besterik ez dugu. Teknologia erabiltzen dugu, baina ezin diogu kapitalismoari utzi gure gorputzeko azken zelulak ere konkistatzen, eta gaur egun gure garunak konkistatzen ari dira honekin”. 80ko hamarkadan, HIESaren aurkako kanpaina batek zerabilen leloa bere egiten du: busti bai, baina ito ez.

Zelata masiboaren aurkako kontzientzia asko zabaldu da, batez ere Edward Snowdenek filtrazioak egin zituenetik.

Imajina dezagun, Suitzan, Davoseko foroko bilera batek nola izan behar duen, eta egin dezagun atzera 1996an bertan bilduta zeuden munduko pertsona aberats eta boteretsuenen aurrean John Perry Barlos poeta eta ekintzaileak irakurri zuen testua aldarrikatzeko.

“Mundu Industrialeko gobernuak, zuek, haragi eta altzairuzko erraldoi nekagarriak, ziberespaziotik nator, adimenaren etxe berritik –hasi zen Perry Barlow–. Etorkizunaren izenean, iraganean eskatzen dizuet utz gaitzazuela bakean. Ez zarete ongi etorriak gure artean. Ez duzue inolako burujabetzarik gu biltzen garen leku honetan. Ez dugu inolako gobernurik aukeratu, ez dugu halakorik nahi, eta beraz, zuengana zuzentzen naiz, autoritate berezirik gabe, askatasunaren hitzek beti ematen dutena besterik”.

Horrela hasten da Ziberespazioaren Independentzia Aldarrikapena eta AEBek internet kontrolatzeko onartu berri zuten lege aitzindari bati erantzuna izan zen. Hilabete gutxitan mundu osoko 40.000 webgunek bere egin eta manifestua zabaldu zuten. Ordutik 25 urte igaro dira, eta sarea zentralizatu eta kontrolatzeko neurriak hartzen aritu dira behinola zerbitzu liluragarriak eskaintzen hasi ziren eta egun multinazional erraldoi bilakatu diren enpresak. Hacklabetan egiten den lanaz gain, aldarrikapen haren urteurrenak aukera eman dezake hedabideetan pribatutasunaren gaiaz hitz egiteko, eta herritar asko pixkana ahalduntzeko, zelataren kontzientzia hartzetik harago, maila digitalean segurtasun neurri errealak hartzen hasteko edo bidea egiten jarraitzeko. Azken batean, segurtasunarena ere, amaierarik gabeko bidea da.

 


Pribatutasuna errespetatzen duten aplikazioak
Iturria: Resistencia Digital. Criptica.

 

  F-Droid: Androideko Google Play Store-ren alternatiba. Lizentzia librean eta beren kodea modu publikoan erakusten duten era guztietako aplikazioak soilik eskaintzen ditu.

  Signal: Whatsapp eta Telegramen alternatiba segurua. Mezuak eta deiak zifratuta egiteko aukera ematen du.

  Firefox: Web nabigatzailea. Mozilla fundazioak garatua, diru irabazi asmorik gabe eta pribatutasunarekin eta kultura librearekin konprometitua.

  KeePassDroid / MiniKeePass: Pasahitzen kudeatzailea. Aplikazio hauek datu base zifratua dute, pasahitzak modu seguruan gordetzea ahalbidetuz. Zerbitzu bakoitzean pasahitz ezberdina jarri eta buruz ikasi behar ez izateko erabiltzen da.

  DAVx5: Google-en egutegiaren alternatiba.

  Standard Notes: Oharrak hartzeko aplikazio segurua. Idazten diren ohar guztiak zifratu egiten ditu defektuz, hornitzaileak ere ezin du zure informazioa irakurri. Gailu guztiak modu seguruan sinkronizatzeko aukera ematen du.

  ObscuraCam: Argazki aplikazioa Androidentzat. Erabiltzaileari argazkiak atera edo editatzeko aukera ematen dio, aukera ugarirekin. Ateratako argazkiei zuzenean ezabatzen dizkie metadatuak.

  OsmAnd: Google Maps-en alternatiba Androidentzat. OpenStreetMap proiektuko mapa irekiak erabiliz, autoz, bizikletan eta oinez egiteko ibilbideen azalpenak ematen ditu. Herrialde gehienen mapak deskarga daitezke offline kontsultatzeko, eta beraz, aplikazioak gure posizioa inora bidali gabe egin dezake lan.

  K-9 Mail: E-posta kudeatzailea Androidentzat. Ordenagailuan Thunderbird litzatekeena, mugikorrera ekarria. Edozein email helbide jar daiteke bertan, beraz, multinazionalen esku ez dagoen e-posta hornitzaile etiko batekin erabiliz gero, pribatutasunean jauzi erraldoia emateko aukera. Open KeyChainekin bateragarria.

  Open KeyChain: Email zifratuak bidali eta jaso ahal izateko PGP gakoen kudeatzailea Androidentzat. K-9 Mailekin bateragarria.

  OpenVPN: Interneteko nabigazioa zifratzeko VPN kudeatzailea. Sinplea da eta telefonoa piztean zuzenean konektatzeko ezar liteke. Internet hornitzaileak (normalki telefono konpainiak) interneten zer egiten dugun ez jakitea ahalbidetzen du, eta bisitatzen ditugun webguneek gu identifikatzea zailtzen du, IP erreala ezkutatuz. Pittin bat mantsotzen du konexioa.

  Tor Browser / Onion Browser: Tor web nabigatzailea. Firefoxen oinarritzen da eta sarean modu anonimoan ibiltzea ahalbidetzen du. Gure IPa ezkutatuko du, bisitatzen dituzun webguneek gu nor garen, nondik sartzen garen eta bestelako datuak jasotzea zailduz. Aplikazio honekin ezin da pantailaren kapturarik egin.

  Orbot: Tor anonimizazio sarea Androidentzat, ordenagailuko Tor programaren baliokidea. Gure telefonoko gainontzeko aplikazioak Tor sarearekin konektatzeko eta anonimizatzeko aukera izango dugu. Konexioa mantsotzen du, bolondresen hainbat nodotatik barrena ibiltzen baita helmugara munduaren beste punta batetik heltzeko.

 


Firefox nabigatzailearentzat gehigarriak
Iturria: Resistencia Digital, Criptica eta Hack.in#Badakigu.

 

  Privacy Badger: inork gu arakatzea ekiditzeko.

  uBlock Origin: publizitatea eta arakatzaileak blokeatzeko.

  DuckDuckGo Plus: Zelatatuko ez gaituen bilatzailea erabiltzea lehenetsiko du.

  Random Agent Spoofer: Webgune bati beste nabigatzaile edo sistema eragile batekin nabigatzen ari garela esateko.

  Cookie AutoDelete: Cookieak automatikoki ezabatzeko.

  HTTPS Everywhere: Webgune gehienekin dugun komunikazioa zifratzeko.

  NoScript Security Suite: Javascript, Java eta Flash soilik konfiantzazko webguneetan baimentzeko.

  Mailvelope: E-posta zifratzeko OpenPGP arakatzailea webmailentzat.

 


Zerbitzu erabilgarriak

 

Prism Break: Erabiltzaileak zelatatzen dituzten aplikazio eta zerbitzu nagusi guztien alternatiben izugarrizko zerrenda: bilatzaileak, e-posta zerbitzuak, mapak, sare sozialak, fitxategiak gordetzeko edo bidaltzeko zerbitzuak... Ondorengoentzat: iOS, Android, Linux, Mac, Windows, BSD, zerbitzariak eta routerrak.

Surveilance Self Defence: Zelataren aurkako autodefentsa digitala: aholkuak, tresnak eta gidak komunikazio seguruagoak izateko.

Feminista Autoantolatuentzat Segurtasun Digitaleko Gida: Anonimoki nabigatzeko, gure kontuak babesteko, gure fitxategiak zifratzeko, dei eta mezuak anonimizatzeko, inork sarean engaina ez gaitzan proposamen eta azalpen zehatzak.

Tails: Batetik bestera eraman daitekeen sistema eragilea da, pribatutasun pertsonalerako zehazki diseinatua. USB batean gorde eta edozein ordenagailutan abiarazi daiteke, izan Windows, Apple edo Linux. Ez du sesioei buruzko informaziorik gordetzen eta Tor sarearen bidez konektatzen da.

VeraCrypt: Ordenagailuaren disko gogorrean partizio zifratuak sortzeko softwarea.

Tor: Interneten komunikazioak modu anonimoan ziurtatzeko.

LineageOS: Telefonoak dakarren sistema eragilearen ordezkoa, software librean eraikia. Ezagutza tekniko altuagoa dutenentzat.

Have I Been Pwned: Kontsultatu ea data filtrazio erraldoi batean gure e-posta sekula zabaldu den eta baiezkoa bada, aldatu pasahitzak berehala.

Pasahitzak: Debekatuta pasahitzak 16 karaktere baino gutxiago izatea eta pasahitz bera bi lekutan jartzea. Pasahitz kudeatzailea erabiltzen ikasi eta jarri oso sendoa den pasahitz bat horri, izan daiteke gogoratuko dugun esaldi bat, eta horren babesean gogoratuko ez ditugun beste pasahitz ezberdin guztiak gordetzen joango gara.

 


 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pribatutasunaren babesa
AntennaPod: entzun podcast guztiak aplikazio bakarrean

Martxoaren 15ean RSSak (Really Simple Syndication) 25 urte bete ditu. Gehienek ez dakite zer den eta beste batzuk hiltzat jotzen dute, baina teknologia burujabetza ikuspuntutik oso interesgarria izaten jarraitzen du eta bizi-bizirik dago. Bitartekaririk gabe gure intereseko... [+]


2024-03-10 | Diana Franco
Teknologia
Kontzientzia kolektiboa

Ez dut argi kontzientzia kolektiboa zelan ulertu ohi den; zutabe honetan honela ulertzen dut: momentu bat non gizarteko pertsona gehienak errealitate baten gainean ulermen partekatu bat dugun. Adibidez, denok ulertzen dugu zeinen garrantzitsua den etxebizitza bat izateko aukera... [+]


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


Eguneraketa berriak daude