Bertako turismoa bertako hizkuntzan

  • Bertatik Bertara kanpaina jarri du abian UEMAk. Euskara inoiz baino erdigunerago egongo den turismoa sustatu nahi dute uda honetan, eta horretarako, 60 udalerri baino gehiagotako ostalaritza establezimenduetan dagoeneko eskuragarri dagoen material sorta egin dute.

Bertatik Bertara kanpainan parte hartuko du Zarautzek. Biztanle gehien dituen UEMAko herria da. Atzerriko zein inguruko bisitari ugari izaten du udan herri turistiko honek. Argazkian kanpineko turista gazteak ageri dira, eta behean ikusten da Zarautz.
Bertatik Bertara kanpainan parte hartuko du Zarautzek. Biztanle gehien dituen UEMAko herria da. Atzerriko zein inguruko bisitari ugari izaten du udan herri turistiko honek. Argazkian kanpineko turista gazteak ageri dira, eta behean ikusten da Zarautz.

Udan sartuta eta eguraldia lagun, konfinamendu garaia ahaztu eta oporraldia du buruan euskal herritar askok. Baita agintari politikoek ere. Azken asteotan eta gaitzaren zurrunbilo honetan instituzioek zerbait argi esan badute, hori turismoa da. Bertako turismoa izango dela aurten, alegia. Eusko Jaurlaritzak “Euskadi berrezagutzeko” dei egiten du bazter guztietatik, eta horren haritik, Gipuzkoako Foru Aldundiak  Gipuzkoa Passport kanpaina jarri berri du abian. ETBk ere gaztelerazko programa bat egin du asmo berarekin. Gauzak horrela, herri mugimendu eta elkarte askok esan duten bezala, bertako jendea bada bertan turista gisa ibiliko dena, turismo eredua birmoldatu beharko da. Bertako hizkuntzaren erabileratik hasita, adibidez, beste kontu askoren artean.

Konfinamenduak prestaketa lanetan bete-betean harrapatu arren, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) unera egokitzen jakin eta abian jarri du kanpaina berria, Bertatik Bertara izenekoa. Urteak daramatza herririk turistifikatuenetan lanketak egiten; euskara alboratzeko joera duten turismo-eragile horiei eragiten, hizkuntza erdian jartzeko. Lan esparru horri bigarren ildo bat txertatu diote oraingo honetan, zeinean turismo jarduera eskaintzen duten horiei eragiteaz gain, turistengana jo eta eskaintzan bertan hizkuntza oinarri gisa jarri duten. UEMAko kide diren herrietan euskara “bizi-bizi” dagoela eta hori aprobetxatu behar dela dio Iraitz Lazkano lehendakariak: “Badaukagu altxor bat turistei eskaintzeko, eta hori hizkuntza da. Etor daitezela beste asmoen artean euskara ezagutzera, euskararen berri izan nahi dutelako gutxienez; hori lortu nahi dugu”.
Badu berezitasunik aurtengo kanpainak, izan ere, elkartearen parte diren udalerrien ezaugarri orokorrak barnebiltzen ditu Bertatik Bertara-k, bakar batean zentratu ordez. Beste urteren batean, 2017an adibidez, Azpeitiko Udalak –UEMArekin elkarlanean– Azpeitibizi programa jarri zuen martxan, herriaren nortasuna oinarri izango zukeen turismoa erakartzeko. Aldiz, aurten, bertako turismoaren fenomenoa baliatu dute Euskal Herri osoko udalerri euskaldunetan aldi berean lan egiteko.

Material sorta bat egin eta banatu dute interesa adierazi duten udalerrietako ostalaritza establezimenduetan. Hiztegi moduko mahaigainekoak jarri dituzte jatetxe eta tabernatan, hitz edo esamolde oinarrizkoenekin eta horien itzulpenekin. Horrez gain, turismo eragile zuzenenak direnekin –ostalari eta merkatariekin, batez ere– ikastaroak antolatu dituzte udan, hizkuntzaren sentsibilizaziorako.

Dena den, euskararen zabalpen hutsa izan baino, bestelako balioak ere jarri nahi dituzte ezagutzan. “Ondare kulturala eta naturala aldarrikatzeko eta bultzatzeko kanpaina ere bada Bertatik Bertara”, zioen Larrabetzuko zinegotzi Igor Elorduik kanpainaren harira, eta Arantza Atxurra Ondarroako euskara zinegotziak, berriz, kanpotarrei “Ondarroa herri bizi, kaletar eta euskalduna” denaren sentsazioa emateko balio dezakeela uste du.

Euskara eta laguntza ekonomikoak

Krisiari aurre egiteko, udako oporraldiari begira batez ere, ostalaritza sektorerako diru laguntzak iragarri dituzte instituzio publikoek. Hainbat udalerritan bertako merkatarien jarduna sustatzeko bonoak jarri dituzte salgai. Gisa honetako laguntzetan UEMA ahalegindu izan da euskararen presentzia bermatzen beste urte batzuetan, baina egoera ikusita beste bide bati heltzea erabaki dute: “Hizkuntza klausula moduko bat adostu izan dugu udalerriekin, baina aurtengo kasuan, bizi dugun egoera larria ikusita, horretan ez sartzea erabaki dugu. Krisi ekonomikoarengatik euskarak bestetan baino garrantzi gutxiago izan dezake eta kezkatzen gaitu, eta hutsune hori betetzera dator kanpaina hau”.

Erakunde publikoek ostalaritzarako agindutako diru-laguntzarik ez da heldu Mutrikuko Arbe Hotelera, baina Bertatik Bertara egitasmoa bai. Etorkizun hurbila “ilun” ikusi arren, UEMArekin aurretik zuen harremana ez du galdu bertako jabe den Iñaki Arinek. Ama hizkuntza euskara du, eta bai etxean eta bai lanean euskaraz aritu da beti, “naturaltasun osoz”. Ekiteko grina eta euskarak hotelean indarra edukitzea garrantzitsutzat jo du: “Etortzen direnak konturatu dateizela ez daudela Espainian, baizik eta Euskal Herrian daudela”.

UEMAren mahaigainekoak jarri ditu hotelean kanpainaren lehen asteburutik, baina “hain efektiboa” iruditzen ez zaion arren, “beste plus bat” dela uste du euskararen sustapen eta normalizazioan. Izan ere, hotelean eskuragai dituzte duela hainbat urte elkarteak egindako liburuxkak, oinarri-oinarrizko hitzen hiztegi eta itzulpenak dakartzanak; mahaigainekoen antzera, baina Arinen iritziz erabilgarriagoak. “Liburuxka horrek funtzionatzen du geurean: bezeroek poltsikoan gorde, oporraldian erabili eta etxera eramaten dituzte oroigarri bezala, eta hemen dauden bitartean hoteleko langileoi lehen hitza euskaraz egiten ahalegintzen dira, agurtzeko gutxienez”.

Udazkenean kanpainak jarraituko du

Kanpainak izango du jarraipenik udako oporraldien amaieran; udazkenetik aurrera beste jauzi bat eman nahi du UEMAk. Horretarako, modua bilatu nahi dute bertako produktuak eta elikagaiak, lehen sektorea laguntzeko ekimenak eta ekonomia sozial eraldatzailearen alde hainbat eragilek egindako bidea udaletatik laguntzeko. Antolatzen ari dira gaur-gaurkoz, baina lehenik eta behin, hizkuntzaren normalizaziora bidean lan egiten duen erakundea izanik, euskararen sentsibilizazioa dute helburu.

Lazkanok adierazi du dagoeneko lehen sektoreko eragileekin harremanetan daudela, eta elkarlan moduko bat abiatzeko asmotan direla, turismo eragileekin bezala. Hasteko, “teorizazioa ezinbestekoa” izango zaiela uste du jarduna aurrerabidean jartzeko. Zenbait herritan azken urteotan jarritako hainbat ekimen eredugarri ezagutaraztea aurreikusten dute, eta ondoren, udalei bide hori egiten edo horiek bultzatzen laguntzea izango dute helburu. Izan ere, euskarak, hizkuntza soil izatetik harago, gizarte oso bat bere balio eta ezaugarriekin biltzen dituela uste du UEMAk.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: UEMA
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


hizkuntza politika auzitegietan
Gaztelaniaren nagusitasuna bermatzeko beste zartako bat

Uliazpi Fundazioa, Laudio, Barakaldo, Irun, Erandio... Edo beste era batera esanda: hizkuntza eskakizunak, Udal Legearen 6.2 artikulua, kontratazioetako klausulak... Sektore publikoaren euskalduntzea urrunegi joan dela esaten ari zaizkigu. Horretara dator oldarraldi judiziala... [+]


Eguneraketa berriak daude