“Miragarria da Jon Mirandek ‘Haur besoetakoa’ idatzi izana”

  • Berrirakurtzeko garaia dugu. Bizian behin eta berriz eta askotan irakurtzeko aldia: Haur besoetakoa Jon Miranderen narrazio ez nolanahikoa. Irakurketa maila ezberdinak eskaintzen dituen testu nahi baino gehiagotan itogarria, erregarria ez denean. Harexen barrunbeetara egin nahi izan dugu bidaia Amaia Elizalde EHUko irakaslearekin, idazlea sakon aztertu duena.

Amaia Elizalde Estenaga. Donostia, 1988

Amaia Elizalde Estenaga (Donostia, 1988). Bordeleko eta Valentziako unibertsitateetan Literatura ikasketak egina, irakasle da EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean, Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailean. Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketa taldean ere ari da lanean. Jon Miranderen Haur besoetakoa (1970), modernitate ukatua du tesia, 2018koa, eta halaxe joan gatzaizkio galdezka.

Horra zenbaki borobila: 50 urte dira Haur besoetakoa lehenbizikoz argitaratu zenetik, nahiz
Jon Mirandek idatzia zuen 1959an bertan, dakigunez.

Hasierako izenburua Aur besoetakoa zen, “h”-rik gabe, gipuzkera osatuan ondu baitzuen Mirandek bere ipuin-berria edo nouvelle-a. Gutunetan ageri denez, Jon Etxaideri egin zion idazten ari zelako lehen aipamena, 1959ko urtarrilaren 4an. Ezaguna da pasartea: “Gainera, iphuin-berri bat asi dut; poetikozki egin nai nuke, gaiaren lizuntasuna estaltzeko, ez naiz ziur ordea publikatuko didatela…”. Etxaideri idatzitako gutun-zati horretan ipuin-berriaren patua aurreratu zuen Mirandek: lirikaz mozorrotutako hizkerak saihestu ezingo zuen isiltasun eta debekua. Bazekien argitaratzeko zailtasunak izango zituela, eta ahalegindu zen debekuei iskin egiten hizkera poetikoa bihurrituz gai “zailak” jorratzeko.

Hizkera poetikoa arren, Mirandek ez zuen Aur besoetakoa argitaratzea lortu.
Zentsura debekuagatik. Baina ez, hala ere, frankismoaren aparatu instituzionalaren debekuagatik, euskal komunitatearen baitakoagatik baizik. Euskal literaturaren mugak oso zurrunak ziren, Eliza Katolikoa zen zaindari nagusi, [Joan Mari] Torrealdaik Artaziak liburuan aipatzen duenez. Esate baterako, Mirandek ez zuen Aur Ipar Euskal Herrian argitaratzeko ahalegin txikiena ere egin, idatz zitekeenaren mugak are estuagoak zirelako han, [Txomin] Peillenek garbi dioenez. Bestalde, Mirandek ordurako izana zuen literatura “lizuna”-ren inguruko eztabaida Piarres Laffitte abadearekin.

Baina Egan aldizkarian argitaratzerik ere ez zuen lortu.
Gipuzkoako Diputazioak argitaratzen zuen Egan, Koldo Mitxelena zen arduraduna, baina aldizkariaren zuzendaritza ez zen ausartu Miranderen lana argitaratzen, guztiz barneratuta zeuzkalako 50eko hamarkadaren hondarreko erregimenaren debekuen mugak. Hain da hori horrela, non zentsura instituzionalaren aurretik ere zentsura automatiko bat egiten zen. Erbestean argitaratzen ere saiatu zen, Caracasen, [Andima] Ibiñagabeitiaren bidez, baina Peillenek esatera, “hango euskaldun zintzoek jakin zutenean haserretu ziren”, eta ezin izan zuen argitaratu. Beste hizkuntza batera itzuli eta argitaratzea ere pentsatu zuen Mirandek, baina azkenean ez zuen egin.

Argazkia: Zaldi Ero

Eta, hortaz, nola etorri zen 1970ean argitaratzea?
Gabriel Arestik egin zuen lan hori. Lur argitaletxearen izenean, Aur besoetakoa Espainiako Informazio eta Turismo Ministeriora igorri zuen, eta arazorik gabe argi berdea eman zioten. Gero, ordea, Arestik argitaratu zuena, ez zen zehazki Aur Besoetakoa izan, Haur besoetakoa baizik, hau da, idazlan originala euskara batuan jarri zuen Arestik, Mirande beraren baimenarekin, eta argitaratu zuen. Poesia soziala egiten zuen Arestik, balio sinboliko handiko idazle-editorea ere bazen, eta hark Miranderen idazlana goraipatzea bai idazlea bera, eta bai bere obra ere, isiltasunetik ateratzeko lehen pausoa izan zen. Horrez gainera, baita euskarazko literaturaren ikuspegi tradizional itxiarekin hausteko ekintza bat ere. Haur besoetakoa “errebeldiazko azken garraisia zoro bat, gizarte intolerante baten kontrako aldarri desesperatu bat” zela ere idatzi zuen Arestik.

11 urteko Theresa eta 30 urteko gizon izenik gabekoaren arteko maitasun istorioa da giltza. Pedofilia, nobela psikologikoa, sinboloen esanahia… Hamalau ertz ditu Haur besoetakoa-k.
Miranderen idazlan honek dimentsio ezberdinak dauzka, bai. Ez da esanahi edo zentzu bakarreko testu bat. Dena den, 30 urteko gizonaren eta 11 urteko Theresaren arteko maitasun istorioa ez da gauza bakuna. Asko espekulatu da gai honen inguruan, Mirandek Lolita irakurri ote zuen, ez ote zuen. Mirandek berak Peilleni ez zuela irakurria esan zion, 1959ko gutun batean, eta nahiz eta hura hil zenean Nabokoven Lolita haren liburutegian agertu, horrek ez du horixe besterik frogatzen, liburu horren existentzia Miranderen liburutegi pertsonalean. Ez du frogatzen bere ipuin-berria idatzi baino lehen irakurri zuenik, ezta hori izan zenik ere bere inspirazio iturria. Zilegi da zalantza egitea, baina, nire ustez, esku artean horren literatur testu aberatsa edukita, lastima da fokua horretan ipintzea, orain arte urratu ez diren bestelako interpretazio bide posibleetatik barrena ez jotzea. Haur besoetakoa-ren muina pederastia harreman batera sinplifikatzea errore handi bat da. Ezin da literatur lan hori irakurketa literal soil batekin azaldu.

Haur besoetakoa-n baino lehen, olerkietan ere ageri du pedofilia Mirandek.
Bai, eta hor dira Amsterdango oroitzapen bat eta Larrazken gau batez olerkiak, adibidez. Gehiago esango dut, Larrazken gau batez horretan kondentsatuta ageri da Haur -n kontatzen dena. Nik esango nuke olerki horretan hasi zela mamitzen ipuin-berria [Haur besoetakoa]. Mirande pedofiloa ote zen ala ez, ez dakit. Garbi dago, dena den, hainbat testutan erotismoa landu zuela, eta pederastia harremanak erotismo horretan biltzen zituela. Mirande euskal literaturaren zentsura-mugak bortxatzen ari zen etengabe, baina ez soilik erotismoarekin, baita euskal nazioarekiko egiten zuen proiekzioarekin eta euskal kulturarekiko zeuzkan aspirazioekin ere.

Txomin Peillenen liburua da Jon Mirande, olerkaria: Jon Mirande, poète parisien. Paristar izateak ere berezitasuna duke Mirandek, Pariseko gerra ondoko giroan edo frankismopeko hemengoan ezin berdin idatzi.
Miranderen unibertso literarioak ez zeukan batere zerikusirik garaiko euskal jendartearenarekin. Jon Mirande Parisen jaio, hezi, bizi eta hil zen, James Joycek A Portrait of the Artist as a Young Man lana kaleratu ahal izan zuen lekuan. Kulturalki eta, zehazkiago, artistikoki, izugarrizko dinamismoa zuen tokian zegoen Mirande, eta, gainera, hainbat hizkuntza menperatzen zituen, eta alemaniar, iparramerikar, irlandar literatura eta beste hainbat ezagutzen zituen. Miranderen eraginak askotarikoak ziren baina, batez ere, literaturari eta arteari buruzko nozioa zuen ezberdina. Euskal komunitatean aho batez lizunkeria eta bekatu zirenak, Europako beste zenbait tokitan literatura ziren: artea, besterik ez.

Nobela ulertzeko gakoak eman diezazkiguzun eskatuko nizuke, irakurketa-gida gisakoa, tesia egina duzunez.
Nik Haur besoetakoa-ren hiru interpretazio edo irakurketa egin nituen tesian, baina askoz interpretazio gehiago egin litezke. Labur esanda, Miranderen testua mendebaldar moderni katolikoa  smoaren korrontean kokatzen dut nik. Batetik, mendebaldar antimodernitatearen korrontean. Haur besoetakoa-n agertzen den gizonak kritika egiten die Ilustrazioaren aurrerapen ideiari eta burgesiari. Horretan, Mirandek bat egiten du Edgar Allan Poe, Charles Baudelaire, Gustave Flaubert, André Gide eta beste hainbat idazlerekin. Mirandek, Haur besoetakoa-n, kritika egiten die zuzenbide estatu demokristauei, narrazioaren protagonista den gizonaren hausnarketa filosofikoen eta gainerako pertsonaien gogoeten bidez. Istorioan azaltzen diren pertsonaia guztiak dira metonimikoak, pertsonaia tipoak.

Zer esan nahi duzu? Metonimikoak, pertsonaia tipoak…
Isabelak jendarte burgesaren balore materialistak errepresentatzen ditu. Lehengusuak, zuzenbide estatua. Neskame zaharrak estatuarekin kolaboratzen duen Eliza Katolikoa. Theresa, aldiz, horri guztiari kontrajartzen zaion alternatiba da, iraganetik etorkizunera proiektatzen den promesa. Peillenek adierazi izan duen bezala, Theresak Euskal Herria eta kultura sinbolizatzen ditu, haurtzarotik gaztarorako pasabidean den 11 urteko –eta zifra handi zehazgabea da “hamaika”–, haur umezurtza. Jendarte kristauaurreko bat errepresentatzen du Theresak, garai mitiko bat, non denboraren joanik ez den.

Lehenago esan diguzu badagoela bestelako interpretaziorik egiterik.
Bai, eternitatearen nahiz hilezkortasunaren etengabeko irudikapena, adibidez. Theresak hilezkortasunaren aro indefinitua irudikatzen du, eta irudi hori iragan mitikoari egindako erreferentziekin indartu besterik ez da egiten. Schuberten Amaitu gabea sinfoniaren aipamenak, amaieran itsasora jaurtikitako eraztunak, edota istorioaren egitura zirkular errepikakorrak betiereko itzuleraren mitoa irudikatzen dute. Eta horixe bera ikusten da T. S. Ellioten edo James Joyceren mitologiarako joeran. Bestalde, Haur besoetakoa-ren amaieran, pintoreak erabakitzen du gizonaren eta Theresaren alde egin dezakeen hoberena haien erretratua margotzea edo istorioa idaztea dela. Horrela, ohartzen gara pintorea dela narratzailea. Alegia, istorioa hasi egiten da berriz ere. Halaxe bihurtzen da gizonaren eta Theresaren istorioa hilezkor, eta mitoaren denbora betierekoaren parte, artearen bidez. Irakurketa gehiago ere badira, ordea.

Irakurleari ez ezik, hamaika idazleri ere arreta eman dio Haur besoetakoa-k...
Literatur lan autentiko bat delako. Haur besoetakoa testu laburra da, baina izugarrizko intentsitatea du. Desafio egiten die kultura jakin baten mugei, erabat amorala da, indar estetiko handia du eta, finean, irakurle literaturzaleari plazer deseroso bitxi bat sentiarazten dio. Joan den mendeko 80ko hamarkadako euskal idazle gazteek gogoz hartu zuten, horixe behar zutelako, hain zuzen, benetako literatura, erabat zurrunak eta hertsiak ziren muga kultural moralak hausteko espazio bat, fikzioari lizentzia ematea behar zuten.

50 urte dira Jon Miranderen ipuin-berria argitaratu zenetik. Hamaika gehiago, berriz, idatzi zuenetik.
Pentsatzen dut idazleek inork baino hobeto jakingo dutela zein zaila den literatura autentikoa egitea, irakurleari barrua mugiaraziko diona. Gaur egungo idazleak ere ohartuak dira Mirandek 1959an Haur besoetakoa idazteko merituaren tamainaz. Euskara bera ere “egin” gabe zegoen garaia zen, zentsuraren indarrak argitaratzeko tarterik kasik uzten ez zuen denbora. Mirandek abantaila bat izan zuen, Parisen jaiotzea, paristarra izatea, baina, hala ere, miragarria da Haur besoetakoa idatzi izana.

Benetako ardura estetikoa, hizkuntza literarioaren sakoneko lanketa, konbentzioekiko haustura eta irudikatutako esanezinak azaleratzea. Horiexek dira, besteak beste, Miranderen idazlanek ekarri zuten ikuspegi literario berriaren ezaugarriak. Funtsean, euskaraz ere benetako goi-literatura egitea posible zelako froga, euskaraz ere erabateko edertasun formala erdietsi eta muga oro hausteko lizentzia har zitekeela.

KLASIKOA
Haur besoetakoa klasiko bat da, baina ez aspaldi idatzi zelako, edo euskal literaturaren historietan jaso delako, bizirik dirauelako baizik. Irakurleak identifikatzeko eta hunkitzeko gaitasuna du oraindik, eta ez dago obra bere testuinguru sozio-historikora eraman beharrik muineko gatazka ulertu eta sentitu ahal izateko: norbanakoaz eta besteez ari da, botere harremanez, irrika esanezinez, mugak haustearen beldurrez... Eta pertsonari zor zaion fikziorako askatasunaz ere bai”.

ENGAIATUA
“Idazleak nahi zuena idatzi zuen, ez alderdi politiko baten eskariz, ez diru premiaren eraginez. Mirande euskaltzalea zen, euskaraz idazten zuen 50eko hamarkadan, Parisen. Haur besoetakoa-n Miranderen euskal kulturarekiko sinesmen eta desioak ageri dira. Euskal Herriaren alegoria bat da, hilezkortasuna eta eternitatea osagarri nagusi dituena. Mirande engaiatua zen, bai horixe”.


Azken hitza
 

HAUTATUENTZAT
“Miranderen garaiko euskal irakurle gehienek nekez ulertu ahal izango zuten haren lana. Askotan, bere idazlanen muina gutxi batzuek ulertzeko moduan idazten zuen, bazekielako zein ziren mugak, baina trikimailu literarioak ere ezagutzen zituelako”.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Euskarazko literatur sorkuntza sustatzeko doako idazketa tailerra antolatu du Euskal Idazleen Elkarteak

Irailaren 28 eta urriaren 5ean eta 19an izango dira saioak. 16 urtetik gorako euskaldunei zuzenduta dago eta dagoeneko izena eman daiteke Iruñeko Udalera deituta.


Rakel Pardo Perez
“Gakoa galdera da, galdera huts-hutsean”

Zuk, nik eta inguratzen gaituzten pertsona guztiek partekatzen dugun oinarrira jo du Rakel Pardo Perezek (Urdazubi, 1995) bere lehenengo poesia-liburua ardazteko: gizatasunera. Zer esan nahi du gizaki izateak? Zerk ematen digu existentzia, eta zer egin dezakegu emana datorkigun... [+]


“Euskararen patua independentziarekin lotzen badugu, euskarak jai egin du”

Xabier Zabaltza Perez-Nievas historialaria, idazlea eta EHUko irakasleak 'Euskal Herria heterodoxiatik' izeneko liburua plazaratu berri du. Bertan dio Euskal Herria ezinbestean euskara eta euskal kulturaren bidez eraiki behar dela eta horretarako funtsezkoa dela euskara... [+]


2024-08-05 | Behe Banda
Barra warroak |
Argazkirik ez, mesedez

Beti daramat kamera bat gainean, zorrorik gabe poltsan galduta edozein aitzakiapean ateratzeko. Dena argazkitzen pasa dut azkenengo urtea, nire leitmotiv akademiko-politikoa denbora librerik ez den heinean, frenesi basatian zerbait hilezkortu edo. Pilatze ariketa bat izan da,... [+]


Arrats dibertigarria

"Arrats arrunt bat zen. Zapoarentzat”. Arrats hori da Maite Mutuberriak album honetan kontatzen diguna. Oso testu gutxi du liburuak, eta irudiek ederki kontatzen digute istorioaren nondik norakoa. 

Hasieratik ikus dezakegu ilustrazioetan zapo handi eta lasaia,... [+]


2024-07-24 | Euskal Irratiak
Katixa Dolhare: «Frantsesa klaseetan literatura azkar lantzen da baina euskara klaseetan anitzez gutxiago»

"Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara" jardunaldian parte hartu zuen Katixa Dolhare Zaldunbidek. Seaskak eta UEUk antolatu Udako Ikastaroen barne. Bere problematikak horiek ziren: Zer leku du literaturak hezkuntza programetan eta nola landu euskal... [+]


Erasoari aurre egiten

Liburu honetara hurbiltzen denak lehenbizi G. Mabire-ren irudiekin egingo du topo. Komikiaren estiloko irudiak dira, trazu oso zehatzak eta kolore bizikoak, pertsonaiak eta egoerak erraz interpretatzen laguntzen dituztenak. Irudi horiek testuarekin bat datoz: laburra eta zehatza... [+]


Mikel Ayllon
“Poesiaren sozializaziotik bueltatuko da literaturaren balio soziala”

Bizkaia Irratiko Irakurrieran literatur saioari agur esan dio Mikel Ayllon idazle eta orain arteko saioaren gidariak. Irailetik aurrera jarraituko ez zuela esateaz gain, gogoeta egin zuen sareetan euskarazko literaturaren egoeraz: "Euskal literatura gero eta homogeneoagoa... [+]


2024-07-10 | Lander Arretxea
“Loturak antsietate eta inpazientzia handiagoz bizi ditu gure belaunaldiak”

Kiosko bat, krisian, Benidormeko giri artean. Eta egunkarien atzean, txandaka, adinak eta mundu ikuspegiak desberdintzen dituzten bi lagun. Kontrastezko osagai horiekin garatu du Lizar Begoñak bere lehen eleberria: Mundu zitalaren kontra. Gisa bereko inguru batean batu... [+]


Nola irakurzaletu ikasleak

Irakurtzen al dute –eta irakurritakoa ongi ulertzen al dute– haur eta gazteek? Eta helduok? Eskolan zein tarte eskaintzen zaio irakurketari eta literaturari? Nola prestatzen da ikasleei eskaintzen zaien liburu zerrenda eta nolako liburutegiak dituzte ikastetxeek,... [+]


2024-06-19 | Itxaro Borda
Isil-isilik

Emazte batek zendua den euskal idazle eta poeta bat akusatzen du, abusuak egin zizkiolakoan, eskolan zebilen nerabe garaietan. Erbia kitzikatzea, arrazoi du Gorka Bereziartuak. Beste edonor izan balitz, afera ez zen isilik geldituko, feministak eta ni barne, salaketategi... [+]


Poesia mailu bat da jaialdia
Literatura ez da ezer arriskutsua, ezta?

Poesia mailu bat da jaialdia antolatu du Azpimarra irakurle taldeak Gasteizko Gaztetxean. Ikasturtean egindako saioetan landu dituzten auziak plazaratu dituzte tailer, solasaldi, errezitaldi zein hainbat erakusketatan. “Garaia kolpatuko duen literaturaren alde” egin... [+]


Eguneraketa berriak daude