"Entretenimenduaren agenda zabalean produktu bat gehiago da musika"

  • Metal talde baten porrotetik trap talde bat jaio da Lekeition: GAZ Limbo. Taldekideen abizenen hizkiak dira “GAZ”, eta “Limbo”-k, berriz, bizi izan duten noraezari egiten omen dio keinu: bost bat urte igaro dituzte gustuko soinuaren bila, eta orain, aurkitu dutenean, ez dute bertan bizitzen geratu nahi. Aurten argitaratu dute Limboys izeneko EP-a, Dumb Boys taldearekin batera, eta konfinamenduan ere ez dira geldirik egon.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

GAZ Limbo taldeko hirutik bik –Joseba Gereduzek eta Gaizka Aretxagak– egunero egiten dute Lekeitiotik Andoainerakoa, ESCIVI eskolan soinu teknikari izateko ikasten hasi baitira aurten. Astearteetan eskolak lehenago amaitzen dituztela eta, bertako kafetegian jarri dugu hitzordua COVID-19aren pandemia lehertu baino pixka bat lehenago; eta, ikasle zalapartaren eta edalontzi soinuen artean, ia ordubetez aritu gara solasean, trapaz, euskal eszenaz eta oro har bizi ditugun garaiotan musikak betetzen duen funtzioaz.

Eurak dira mutazioaren adibide garbiena: metal talde batean jotzen zuten, baina abestietan nondik nora jo eztabaidatzeaz aspertuta, beren kasa ekin zioten, eta egungo soinura iritsi dira azkenean. “Gauza berriak bilatzea gustatzen zaigu. Betidanik entzun izan dugu trapa, rap-metalak ere eragin digu, eta azkenean halako deribatu moduko batera heldu gara”. Argitaratu berri duten bigarren diskoan antzeko bidetik jarraitzen dute, estreinakoan baino ilunxeago, eta soinuari gehiago erreparatuz. “Beti bilatu nahi dugu soinu hobea”.

GAZ Limboko kideak Andoaingo ESCIVI eskolan (argazkia: Dani Blanco).

Antzeko kantak ez egiten saiatzen dira, kosta ala kosta: “Zerbait berdintsu ateratzen denean, edo aldatu egiten dugu, edo zaborretara doa”. Aretxaga arduratzen da baseak egiteaz, eta behin lehen zirriborroa osatutakoan, Gereduzeri pasatzen dio, hark melodia eta hitzak sar ditzan. “Inspirazioa joan-etorrian ibiltzen da sarri. Futbolean bezala, golak sartu eta sartu ibili zaitezke, harik eta bat-batean hamar jardunaldi igarotzen dituzun arte baloia sareetara bidali gabe. Baina tira, gu azkenaldian bolada onean gaude”, dio Gereduzek. Basearen gainean errepika antzeko zerbait sortzen saiatu ohi da lehendabizi eta, behin hura zehaztutakoan, abestiaren egitura pertsonala osatzen du. “Zaila zait pauso hau azaltzea, baina ni moldatzen naiz”. Azkenik, egitura horren berri ematen dio Aretxagari, eta horren arabera erabakitzen dute zein zati aurreratu, zein zati utzi amaierarako, zein zati moztu. “Iruditzen bazaigu baseak ez duela funtzionatzen, baztertu egiten dugu, baina pare bat aldiz baino ez zaigu gertatu halako zerbait”. Blokeatu ere ez dira askotan egin, baina noiz edo noiz bai. “Halakoetan, ezin zara gelditu. Onena izaten da jarraitzea eta jarraitzea. Saiatu eskuartean duzunari beste buelta bat ematen, eta azkenerako ateratzen da zerbait”. Taldeak ematen ez zien askatasuna ematen die biko formatuan lan egiteak, eta gehiago esperimentatzen dute orain.

"Musika irudiaz asko busti da. Egun, abesti berri bat argitaratzea ez da nahikoa, irudia jarri behar diozu"

Alderdi bisualari garrantzi handia ematen diote, era berean: “Musika irudiaz asko busti da. Egun, abesti berri bat argitaratzea ez da nahikoa, irudia jarri behar diozu”. Beraien kasuan, irudia hasiera-hasieratik egoten da kantan integratuta. Hirugarren taldekidea, Ibai Zabala, horretan aritzen da esklusiboki. “Abestia amaitu bezain pronto berari pasatzen diogu, karatula bat egin dezan. Berak egiten du gure irudiarekin zerikusia daukan guztia: diskoko diseinuak, bideoklipak, kamisetak, zuzenekoetako bisualak… Jada ez da abestia entzun bakarrik egiten, erakutsi ere egin behar da. Musika begietatik sartzen da, inoiz baino gehiago”. Kosta egiten zaie diskoa osotasun bezala pentsatzea, abestien alez aleko produkzioan moldatzen dira hobeto: basea sortu, melodiak eta letrak gehitu, horri guztiari jantzi bisuala jarri, dena biltzen duen bideo bat argitaratu, eta hurrengo kanta zerotik sortzera, berriz ere. Era horretara sortu dituzte orain arteko piezak, nahiz eta gero disko batean –Buruaz beste (2019)– eta EP batean –Limboys (2020)– argitaratu.

Argazkia: Dani Blanco.

Traparen zaku zabala

Eroso onartzen dute “trap” etiketa, ez dutelako zerbait finkoa bezala ulertzen, ezpada askotariko soinuak biltzen dituen zaku zabala bezala. “Traparen barruan apustu mota asko dago. Batzuk izan daitezke dantzagarriagoak, beste batzuk gordinagoak. Egon daiteke rapetik gertuago, edo hardcoretik, edo reggaetoitik. Egun, fusioa inoiz baino handiagoa da”. Izatekotan, jarrera batekin identifikatzen dute trapa: “Badago joera bat, harro antzekoa, erakustekoa zenbat diru daukazun, ze kotxe puskarekin zabiltzan… baina bakoitzak hauta dezake bere antzerkia”. GAZ Limbokoentzat trapa da “lehen kanpamendua”, baina gero beti “beste leku batean” amaitzen dute. Metala eta trapa ez daude elkarrengandik dirudien bezain urrun. “Hor dago rap metala, adibidez. Guk asko edaten dugu hortik”. Dena den, beren antzerkia bestelakoa da. Zorrotz kantatzen dute, esaterako, euskal eszenako talde batzuez, nonahiko tronpetakeriaz, herrialde oso baten kultur kontserbadurismoaz. “Zorroztasun hori umorez sortua da, berez. Adibidez, kantaren batean talde jakin batzuk aipatzen ditugu, bai, baina ez daukagu ezer pertsonalik beraien kontra. Gertatzen da hitz horiek tonu jakin batean kantatuta har dezaketela kutsu erasokorra. Antzerkiaren parte da, ordea”.

Ez da kasualitatea, ziur asko, gertuko sentitzen dituzten taldeez galdetuta Gorpuzkingz aipatzea. “Jarrera hutsa dira. Ez dute gauza handirik egiten gainontzean. Baina jarrerak izugarri balio du, zer esanik ez herri honetan”. Musika jarrerarekin erabat lotuta ulertzen dutenez, ezinbestean erreparatzen diote taula gaineko performatibitateari. “Abestiak ez ezik, espektakulu osoa eraiki behar du musikariak egun. Jendea zuzenekoetara ez da musika entzutera bakarrik joaten. Parean daukatena zerbait entretenitua izatea nahi dute. Oso ondo jo eta kantatu dezakezu, baina jarrerarik ez badaukazu, alferrik zabiltza. Gorpuzkingzekoek bikain zukutu dute hori”. Haien aldean, puntu teatralari uko egin gabe, baina zuzeneko “errealagoa” daukate beraiek. Ondo jotzera ateratzen dira, batez ere. “Kontzertuetan baino, diskoan ikusten da nabarmenago gure ukitu ironikoa, baita antzerkia ere. Umorea eta antzerkia lotuta doaz gugan”.

Argazkia: Dani Blanco.

Baikortasunetik urrun

Dena dela, kantatzen dutena ez dago pentsatzen dutenetik hain urrun ere. Euskal eszenan oraindik ere joera oso kontserbadoreak daude indarrean, haien ustez. “Ibilaldira joan eta orain dela hamar urteko talde berak aurkituko dituzu”. Iruditzen zaie sektore zabal bat musikalki ez aurrera ez atzera gelditu zela aspaldian, eta jarrera atzerakoi horren ondorioak nozitzen direla oraindik ere. “Guk ez daukagu arazorik Esne Beltzarekin edota Skakeitanekin, baizik eta beti beren baitan ixten direnekin, urtetan irratian musika berbera jartzen ari direnekin, kontzertuetan beti gauza bera programatzen dutenekin… Aniztasuna eskatzen dugu, besterik ez”.

"Jendea zuzenekoetara ez da musika entzutera bakarrik joaten. Parean daukatena zerbait entretenitua izatea nahi dute"

Mesfidatiak dira mundua klik batera daukagula dioen ustearekiko. Alde batetik, ukaezina iruditzen zaie edonork daukala inoiz baino musika gehiagora iristeko aukera. Baina askotasunaren atzean hierarkiek bere horretan jarraitzen dutelakoan daude. “Gaur egun ere xehe-xehe ematen dizuten hori entzungo duzu batez ere. Bestelakoa bilatu egin behar duzu. Noski, irratiak –eta baita sareak ere– gauza jakin batzuk ematen dizkigu xehetuta”. Gehienei musika bost axola zaiela uste dute, eta beren bizitzetan funtzio erabat ludikoa ematen diotela. “Entretenimenduaren agenda zabalean produktu bat gehiago da musika. Horregatik lotu ohi da musika baikortasunarekin. Letretan, melodian… poztasun moduko bat topatu nahi du jendeak: Aldapan gora, eta abar. Hortik kanpoko zerbait egiten baduzu, jende gutxiagori interesatuko zaio”.

Beraiek urrun sentitzen dira derrigorrezko baikortasun giro horretatik, baina badute beren zale multzoa. Zuzenekoei garrantzi handia ematen diote, bereziki zainduz, entzulearekiko harremana ahalik eta parez parekoena izan dadin. Gereduzerentzat ezinbestekoa da publikoarekin konexioa bilatzea. “Arretarik jartzen ez badute, neu ere amildu egiten naiz”. Ez zaie beti erraza suertatzen entzuleekin bat egitea, baina gogotik saiatzen dira. “Kanta eta kanta arteko une horiek zainduz, abesti sortak jarraian joz, hutsarteetan zerbait esanez…”. Oraindik lau zuzeneko bakarrik eman dituzte, eta ikasten ari direla azpimarratu dute. Eta bitartean, disko berriko kantak prestatzen ari dira, alez ale, eta honaino ekarri dituen noraeza bideratzen jarraitzeko asmoa daukate, auskalo nora iristeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Trap
2024-02-08 | Ilargi Manzanares
Kalipotxo taldea
“Broma moduan hasi ginen, eta nahiz eta orain serio joan, graziak hor jarraitzen du”

Martin, Luis eta Toni gazte bilbotarrek osatzen dute Kalipotxo hirukotea. Euskal Herriko elektronika eta trap musika eszenan indar handiz sartu dira. 2021ean hasi ziren musika egiten, eta 2023an atera zuten beraien lehenengo diskoa, Error Bakui, ironiaz eta kezkaz betetako lana,... [+]


Rap eta trap musikarien ezkutuko loraldia ari da gertatzen Debagoienean

Bailaran hogeitik gora sortzaile ari dira rap, trap, drill eta reggaeton musika egiten. Nahiz eta kontzertu gutxi egin, nerabe eta gazteen artean gehien entzuten diren musika estiloak dira, eta sare sozialak dira euren agertoki eta erakusleiho berriak.


C. Tanganak "zentsura instituzionala" salatzeko kontzertua iragarri du Bilbon

Bilboko Aste Nagusian eman behar zuen kontzertua bertan behera geratu ondoren, Bizkaiko hiriburuko Santana 27 aretoan joko duela iragarri du musikari madrildarrak. Larunbat honetan izango da, abuztuak 24, eta kontzertua doan izango dela iragarri du.


2018-10-21 | Kepa Matxain
Sad Nigiri (aurretik Sad Mirri gisa ezaguna), musikaria
"Trap-a showrako aitzakia hutsa da"

Mirri triste dagoela esanez agertu zen plazan, ileorde gorri bat buruan. Bat-batean, entzulea erotzeko asmoa zeukan meditazio disko bat argitaratu zuen. Orain, ezustean, Mirri hil du, eta sushi izenez birbataiatu du bere burua. Ikusitakoak ikusita, biharko ze asmo duen galdetu... [+]


Eguneraketa berriak daude