"Trap-a showrako aitzakia hutsa da"

  • Mirri triste dagoela esanez agertu zen plazan, ileorde gorri bat buruan. Bat-batean, entzulea erotzeko asmoa zeukan meditazio disko bat argitaratu zuen. Orain, ezustean, Mirri hil du, eta sushi izenez birbataiatu du bere burua. Ikusitakoak ikusita, biharko ze asmo duen galdetu diogu, baina futbolariaren erantzun anbiguoa eman digu: burua hurrengo partiduan daukala.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Triste jarraitzen duzu?
Goizeko 09:59tan soilik. Bestela ongi nago, salbu eta une garratz batzuetan. Postrerako jogurtik gelditzen ez denean, adibidez.

Zure Instagrameko argazkietan kopetilun ikusten zaitudalako esan dizut.
Jakina, nik ere izaten ditut txakalaldiak, edozein pertsonak, animaliak edo robotek bezala. Halere, arretaz begiratuz gero, ohartuko zara argazki tristeak baino gehiago direla alaiak. Mirri, aldiz, ez. Hura tristurara bideratua dago.

Nola hura? Ez al zara zeu Sad Mirri ba?
Jada ez. Hemendik aurrera Sad Nigiri nauzu, baratxuriak tomatearekin ondo ezkontzen baitira.

Noiztik hori?

Ez dezagun tipula ere ahaztu. Ai, tipularen negarra…

Jakitearren soilik: zergatik dago Mirri tristurara bideratuta?

“Post-umorea edota pre-drama deitzen diot nik: inolako mezurik ez bidaltzea da nire proposamena”

Bizitza gogorregia izan da berarekin –eta ez naiz ari droga edo familia arazoez, horretaz ez dakit ezer–. Dakidana da askotan merezi gabe sufritu izan duela. TMT –Txirri, Mirri eta Txiribiton– hirukotearen etsai gehienei modu eraginkorrenean aurre egin dien pailazoa dela uste dut, eta, hala ere, tratu bidegabeak jasan behar izan ditu. Etsai maltzurrenek bera egurtzen zuten gehien, Xaguxarroskik eta Patxistein Doktoreak, batez ere. Bera beti saiatu izan da jendea alaitzen eta ondo pasarazten, eta urteak igaro ahala horrek ondorioak ekartzen ditu: psikoterapia, marihuana sendagarria, padelean jokatzea, eta beste.

Halakorik. TMT hirukotearen azterketa psikoanalitikoa egina daukazu?

Bai, umetatik jarraitu ditut. TMTren VHSak ikusi ahala beren jokaerak aztertzen nituen, sei edo zazpi zatitan banatutako udarea jaten nuen bitartean. Pailazoz mozorrotzen nintzen, eta aitak grabatzen ninduen. Gero, hamalau bat urterekin, Txirri Manson izeneko musika talde bat osatu genuen lagun batzuen artean –zarata egiten genuen–.

Adinagatik –24 urte– ez al zitzaizkizun tokatzen gehiago Takolo, Pirritx eta Porrotx (TPP)?

Jarraitzen nituen, baina gehiago konektatzen nuen TMTrekin. Bazeukaten zerbait, ukitu bitxi bat, gustuko nuena. Gogoratzen naiz nola behin, hamar bat urte nituela, aitarekin kalean nindoala, hark esan zidan: “Begira, hori Txirri da”. Makillaje gabe zihoan. Zirrara sentitu nuen.

Pentsatzen dut izango duzula iritzi bat Txirri, Mirri eta Txiribiton Juniorri buruz.

Behin ikusi nituen zuzenean. Ez dago ezer esan beharrik. Herriko festetan jotzen duen tributu-talde bat ikustea bezalakoa da, negar malkoak eta nostalgia gehituta. Agian Sad Junior jarri behar nioke izena proiektuari lel.

Argazkia: Dani Blanco.

Bat-bateko izen aldaketa gehiago ez, mesedez.

“Hainbeste buelta eman zaizkionez, rapetik aldentzen den edozer da trap-a hemen. Eta askok ez dute ezertarako balio musikari bezala”

Ez, lasai, gaur ez dut gosaldu. Dena dela, udarearen irudiarekin jarraitzearren, argitu nahi nuke TMT hirukoa ez dela proiektu honek duen tematikaren %100a. Lehen aipatutako udarea adibidetzat jarriz: sei zati horietako bat –handiena, ziur asko– TMT da, baina beste zatiek ez dute horrekin zerikusirik: zati bat izan daiteke pizza bat, beste bat Jim Carrey, kolore morea, edo kalean ikusi dudan zakur baten isatsa… gehienetan bizitako uneetan oinarritzen naiz. Post-umorea edota pre-drama deitzen diot nik. Inolako mezurik ez bidaltzea da nire proposamena –no message lol–. Ideia konkreturik gabe, irudimena paseatzera ateratzean datza kontua, gero sormenarekin elkartu eta txokolatezko donut bat jaten duten arte. Nola ez, jendea “WTF?” moduan gelditzen da. Ustelkeriaz, bortxaketez, arrazismoaz edo gerrateez ere eman nezake iritzia, baina ez dut uste hori Sad Nigiri proiektuaren parte denik.

Ez duzu denbora askorik behar kantak egiteko. Berehala kaleratu zenuen Port Aventura lehen diskoa.

Youtubeko kontu bat neukan eta maiz igotzen nituen bideoak. Horietako batean, asmo handirik gabe, Kurt Kobainilla kanta igo nuen, Mirriren ileorde bat jantzita, hura triste dagoela kantatuz. Biharamunean Gaztea irratian bota zuten, eta agian bideo bat baino gehiago izan zitekeela pentsatu nuen, aspaldi bainenbilen bakarka zerbait egiteko gogoz. Nire lagun Kearekin hitz egin eta bere estudioan grabatzen hasi ginen. Hilabete baino gutxiagoan atera zen Port Aventura, hamar kantarekin. Ez zitzaidan kontzerturik atera. Handik hilabetera Meditation whatsapp grabatu nuen, etxean aspertuta nengoela.

Meditazio disko bat, horrela, bat-batean.

Aspertzea oso garrantzitsua da. Meditaziora zaletu nintzen garaitsu hartan. Entsegu lokalaren ondoan yogako ikastaroak ematen zituztenez, klase orduetan ezin izaten genuen entseatu. Hortaz, yogan izena eman nuen eta meditazioaren munduan kuxkuxeatzen hasi nintzen. Meditatzeak antsietatea baretzeko eta lasaiago bizitzeko balio dit. Garai hartan, gidatutako meditazioak entzuten nituen etxean –orain nahiago dut ezer gabe jardun– eta honakoa otu zitzaidan: zergatik ez sortu meditazio gidatu bat, baina entzulea erotzeko asmoarekin? Eta horri ekin nion. Ohiko meditazio diskoa dirudi hasieran, baina bat-batean garrasiak hasten dira, beldurrezko sampleak… oso harrera hotza izan zuen. Lagun batek aipatu zidan tortura metodo ona izan zitekeela.  Beste batek, aldiz, kontrakoa: 39ko sukarra kolpetik jaitsi zitzaiola diskoa entzun ostean.

Eta hirugarren diskoaren izenak –White Bernie– zeri egiten dio erreferentzia?

Orain arteko diskorik landuena da, eta jendeari gehien gustatu zaiona. Loop-ak eta free use sampleak erabili nituen, trap eta lo-fi kutsuko lana osatzeko. Izenburuak Deftonesen White Pony-ri egiten dio keinu. Bernie nire untxia da, hiltzeko zorian egon zen. Merezi zuen disko on bat. Zorionez, ondo atera zen dena. Gero, lehen kontzertua jo nuen Urnietako Saroben. Hirugarren diskoa kaleratu ostean. Trap life.

Zu ere traparen zakura, beraz.

Eztanda bat ari da gertatzen, harri azpitik agertzen dira musikari berriak. Eszena urbano hori gero eta zabalgoa da inguruotan. Ezagunenak Gorpuzkingz izango dira –Euskal Traparen Aitzindariak– baina badira gehiago: Arrano Pertxa, Kea, Weird Joa...

Gorpuzkingz-ekoekin, gainera, egin zenuen kolaborazio bat.

Oso modu naturalean sortu zen. Karibear Uharteetan topatu ginen, eta 845 zigarro –elektroniko– erre ostean, Zakil O’Neal eta bioi elkarrekin abesti bat egitea bururatu zitzaigun. Izugarria izan zen 845 zigarro batera erretzea.

Kea-rekin ere aritu zara kantu batean baino gehiagotan.

Kea eta biok betidanik izan gara lagun onak. Beraz, istorio hau ez da Gorpuzkingz-ekoena bezain harrigarria. Ukrainan dagoen amodiozko tunelean ura edaten ari ginela, nire lehen diskoa grabatzen lagunduko ote zidan galdetu nion. Baietz, hark, eta ate magikoaren bitartez bere etxera joanda, Port Aventura grabatzeari ekin genion. Disko horretako abesti bat berak ekoiztua da, eta oso zoriontsuak izan ginen hura grabatzen. Kearekin musika kontuetan aritzea beti da aberasgarria eta dibertigarria.

Nola ulertzen duzu trapa?

“Hainbeste musikari dagoen honetan, irudiak hartu du inoiz baino garrantzi handiagoa”

Zaila da definitzen, egun edozeri deitzen baitzaio trap. Nik, adibidez, Kinder Malo, Pimp Flaco eta horiekin entzun nuen aurrenekoz hitz hori. Arreta piztu zidaten, eta pixkanaka Yung Leanen tankerako apustu saddie-agoetara igaro nintzen. Gainera, betidanik gustatu zaizkit letra surrealistak, nahiz eta hori ez dagoen derrigorrez traparekin lotuta, jatorriz ghettoetako musika baita. Halere, hainbeste buelta eman zaizkionez, rapetik aldentzen den edozer da trap-a hemen. Ausartzen naiz esatera askok ez dutela ezertarako balio musikari bezala. Hainbeste musikari dagoen honetan, irudiak hartu du inoiz baino garrantzia handiagoa. Cecilio G, adibidez. Bere musika gustatzen zaidan arren, askok bere kopetako gurutzeagatik ezagutzen du soilik. Edo C. Tanganaren irudi harroxko hori, edo Yung Beef bera... dena da irudia. Showrako aitzakia hutsa da trap-a. Egun, musikaz deus jakin gabe egin dezakezu musika. Loop bat deskargatu, bateria bat gehitu eta kantak egin daitezke bost minutuan. Horri irudi indartsu bat gehitzen badiozu, aurrera egiten du.

Ze asmo aurrerantzean?

Aurrera begiratzea ez zait gehiegi gustatzen. Oraingoz, egunotan jo behar ditudan hiru kontzertuetan pentsatzen ari naiz.

Burua hurrengo partiduan daukazu.

Hori da. Entrenatu gabe, baina hurrengo partiduan. Grinchiek eta biok ondo pasatu nahi dugu. Gainontzean, sortzen jarraituko dut Sad Mirrirekin, Sad Nigirirekin edo Happy Porrotxekin.

Grinchie? Nor da hori?

Nire ordenagailua. Segurtasun falta disimulatzeko aitzakia bat, agian. Betidanik jendez inguratuta jo dut taldeetan, baina orain bera da nire ezagun bakarra. Musika ere bere bidez egiten dut, FL Studio eta Cubase bidez. FL Studio demo moduan daukat, gainera, eta horrek gauzak zailtzen ditu, ordenagailua derrigor piztuta eduki behar izaten baitut. Abesti bat bukatutzat eman eta ordenagailua itzaltzen badut, edota programa ixten badut, ezin izaten dut hura errekuperatu biharamunean aldaketaren bat otutzen bazait. Grinchie deitzen diot, lehen diskoaren azalean Grinch agertzen delako, eta une batean nire kideak seinale arraro bat bidali zidanez, pentsatu nuelako Grinch izan nahi zuela. Grinch bezain altua ez denez, Grinchie deitu nion. Jim Carrey gure idoloa da gainera.

Azken mezurik?

Gazteei, batez ere: jan purea, ona da eta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Trap
2024-02-08 | Ilargi Manzanares
Kalipotxo taldea
“Broma moduan hasi ginen, eta nahiz eta orain serio joan, graziak hor jarraitzen du”

Martin, Luis eta Toni gazte bilbotarrek osatzen dute Kalipotxo hirukotea. Euskal Herriko elektronika eta trap musika eszenan indar handiz sartu dira. 2021ean hasi ziren musika egiten, eta 2023an atera zuten beraien lehenengo diskoa, Error Bakui, ironiaz eta kezkaz betetako lana,... [+]


Rap eta trap musikarien ezkutuko loraldia ari da gertatzen Debagoienean

Bailaran hogeitik gora sortzaile ari dira rap, trap, drill eta reggaeton musika egiten. Nahiz eta kontzertu gutxi egin, nerabe eta gazteen artean gehien entzuten diren musika estiloak dira, eta sare sozialak dira euren agertoki eta erakusleiho berriak.


2020-06-28 | Kepa Matxain
GAZ Limbo
"Entretenimenduaren agenda zabalean produktu bat gehiago da musika"

Metal talde baten porrotetik trap talde bat jaio da Lekeition: GAZ Limbo. Taldekideen abizenen hizkiak dira “GAZ”, eta “Limbo”-k, berriz, bizi izan duten noraezari egiten omen dio keinu: bost bat urte igaro dituzte gustuko soinuaren bila, eta orain,... [+]


C. Tanganak "zentsura instituzionala" salatzeko kontzertua iragarri du Bilbon

Bilboko Aste Nagusian eman behar zuen kontzertua bertan behera geratu ondoren, Bizkaiko hiriburuko Santana 27 aretoan joko duela iragarri du musikari madrildarrak. Larunbat honetan izango da, abuztuak 24, eta kontzertua doan izango dela iragarri du.


Eguneraketa berriak daude