“Broma moduan hasi ginen, eta nahiz eta orain serio joan, graziak hor jarraitzen du”

  • Martin, Luis eta Toni gazte bilbotarrek osatzen dute Kalipotxo hirukotea. Euskal Herriko elektronika eta trap musika eszenan indar handiz sartu dira. 2021ean hasi ziren musika egiten, eta 2023an atera zuten beraien lehenengo diskoa, Error Bakui, ironiaz eta kezkaz betetako lana, beraien errealitateen inguruan hitz egiten duena.

Martin, Luis eta Toni Zornotzako kontzertuan. (Argazkia: Unai Larrañaga. Instagram: gorrrroto)

2024ko otsailaren 08an - 10:08

Zuen aurreneko kanta, Kancion_d_trap, duela bi urte atera zenuten.

Luis: 2021eko irailaren 11ean. Historian, egun horretan izan den bigarren atentaturik garrantzitsuena izan zen geurea.

Nolatan sortu zen taldea?

Martin: Berrogeialdian, nahiko kasualitatez. Bideo dei bat egiten ari ginen Toni eta biok, trap kanta entzuten ari ginen elkarrekin, ez zitzaigun batere gustatzen ari, eta esan genuen "gu ziur trap kanta kutre hobeagoa egiteko gai" ginela. Taldearen ideia hortxe sortu zen, baina ez zen segidan gauzatu.

Toni: Agian hirurok Martinen etxean gelditu ginen egunetako batean sortu zen. Gauza batzuk grabatzeko ideia izan genuen eta soinuarekin esperimentatzen hasi ginen. 2020ean taldearen Instagram-a egin genuen oraindik musikarik atera gabe, eta Luisek gauza asko igotzen zituen. Jendeari grazia egiten zion musikarik egiten ez duen musika taldea izatearen ideia.

Nola definituko zenukete Kalipotxo?

T: Taldearentzat idatzi nuen lehenengo biografia “3 gazte kakao mental 1” izan zen. Adarjole batzuk gara. Talde hau broma gisa hasi zen, eta nahiz eta orain serio joan, graziak hor jarraitzen du.

M: Kezkatzen gaituen gaien inguruan hitz egiten dugu, baina denetarako tokia dago.

Kontatu zuen influentzien inguruan, inspirazioa-edo.

T: Influentziak baditugu, baina ez ditugula aplikatzen esango nuke. Agian Martinek bai, ekoiztean duenean.

M: Kantak idaztean gehiago. Gure eszenatik ateratzen den musika berria entzuten dut, eta berrelikatzen nauela esango nuke. Andaluziako elektronika eszenak ere eragin handia du nigan; adibidez, Califato&frac34, Kievra edo Robzzz bezalako artistak.

T: Nire kasuan, entzuten dudan musikaK ez du zerikusirik Kalipotxorekin, baina 2019tik aurrera Euskal Herrian sortu den trap-aren eta “moderneoaren" eszenak eragin handia du guregan.

L: Genero finkorik ez daukagu, baina gure estiloa daukagula esango nuke. Chill Mafia da agian eszena modernoan guri gehien eragin gaituena, baina ez dugu beraiek egiten dutena egite: Chill Mafia kanta ironikoak idazten hasi zen, baina Kalipotxo pixka bat gehiago "damutzen" dela esango nuke. Postironikoak eta barregarriak izaten jarraitzen dugu, baina errealitate oso gordin dagoela ere ikusten da gure kantetan.

Nola izaten da zuen sormen prozesua? Konposatzea, idaztea…

M: Ez da batere lineala. Agian base bat dut nik, agian Luisen ideia batetik hasten gara, edo Tonik zerbait idatzita du hortik…

T: Mugikorreko oharretan bururatzen zaigun guztia jartzen dugu, baina prozesua kantatik kantara aldatzen da.

L: Asko gustatzen zaigu gai edo genero baten inguruan lan egitea. Gaia planteatzen dugu kantaren erro orokor gisa, edo genero berri batekin esperimentatu nahi izaten dugu. Ez dugu prozesu guztiz finkorik, oraingoz ez dugulako gehiegi egin ere ez. Ez gara hain langileak. Momentu honetan, “garbiketaren metodoa” erabiltzen dugu gehien: 5.000 gauza idatzi eta bertatik hoberena hartu.

Error Bakui etxean ekoiztu zenuten, baina NKO eta Krivexekin egindako EP berria, berriz, estudioan. Desberdintasun handia nabaritzen da?

M: Nik nire etxean nahasten nuen musika guztia, kasko on batzuekin, baina orain albumaren nahasketa entzuten dut eta gauzak falta direla iruditzen zait. Alde handia nabaritzen da: lehen entzuten ez ziren gauzak entzuten dira, mikrofono hobeak eta gehienbat zarata egiteko toki bat edukitzea… Asko nabaritzen da aldaketa. Error Bakui lagun baten armairuan grabatu genuen. Estudioan ekoiztutako lanak hasieratik hobeto nahasiak daude eta hobeto entzuten dira.

T: La vuelta al cole con la ungingang osoa estudioan grabatuta dago eta asko nabaritzen da kalitate jauzia.

Hala ere, Error Bakui-k harrera oso ona eduki zuen, ezta?

T: Izugarria izan da. 4.000 entzule baina gehiago, diskoaren inguruan jendeak hitz egin du, oso ona dela esaten digute… Nire ustez entzuleek ez zuten espero guk horrelako zerbait egitea.

M: Gertatzen da, batzuetan, albuma atera eta bertan "hiltzea" ze; “hype”-a bukatzea. Baina ez zen hori gertatu.

L: Harriduraz hartu dut nik. Urte asko daramatzat artea egiten eta ez zait inoiz gertatu zerbait egin eta jendea hunkitzea. Ederra da; ez da zenbakien kontua soilik.

Hitz egin dezagun letrei buruz. Hainbat gai errepikatzen dituzue, eta oso indartsu.

L: Error Bakui ez zen sortu hasierako kontzeptualizazio batetik, ez genuen ideia finkorik, kanta solte asko soilik, eta kanta guztiak disko batean elkartzeko ideia izan genuen. Obsesio artistikoa atera zitzaidan orduan, kanta solteen gaiak haien artean berdintsuak zirela ikusi nuen, eta guztia lotzen saiatu nintzen. Ordenatu, letra batzuk aldatu, berriren bat sartu… Adibidez, zerua hainbat tokitan ikusten den elementua da, eta kanten inguruko giro orokorra lotura horretara eraman zidan. Hurrengo proiektua hasieratik gai zentral batetik egiten ari gara.

T: Azkenean, errealitate berdintsuak bizi ditugu eta kezkatzen gaituenaren inguruan kantatzen dugu.

Trap-aren bueltako eszena musikala sortzen ari dela dirudi; Bilbon mugimendua dago, Euskal Herri osoan…

L: Bilbon ez dago gehiegi. Lauve Sounds dago, NKO, Krivex eta horrelakoekin, raperoak, baina ez askoz gehiago. Eszena marjinala izaten jarraitzen duela esango nuke.

T: Iruñean gure eszena gehiago mugitzen da; Bilbon, gehienbat, punkiak daude. Chill Mafiak eragin handia izan zuen eta oraindik beste inork ez du lortu beraiek eduki zuten tirada, baina jendea musika horretara ohitzen doan heinean hobetuko dira sentsazioak.

M: Euskal Rock Erradikalaren erreakzio eszena batean gaude, jende gazte asko dago gauza desberdinen bila, eta musika eszena berriak hori ere ematen du. Beti egon diren puristak bertan jarraituko dute, noski, baina geroz eta jende gehiago dago gauza berrien bila.

Norabide artistiko berri batera eramaten duten irudiak igo dituzue sare sozialetara; analogikoan, digitala alboratuta, zerbait “organikoagoa” bilatzen-edo. Nolakoa izango da zuen hurrengo proiektua?

T: Arlo berriak garatu nahi ditugu, eta gai berriak beste modu batera landu. Gehiago kezkatzen gaituzten gaien inguruan arituko gara, lehen baino era “basatiagoan”.

M: Gehiago esperimentatu nahi dugu gaien eta soinuaren inguruan, Error Bakui-n ez baikenuen gehiegi egin. Oraindik proiektuaren hasieran gaude, garatzeko asko dago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Trap
Rap eta trap musikarien ezkutuko loraldia ari da gertatzen Debagoienean

Bailaran hogeitik gora sortzaile ari dira rap, trap, drill eta reggaeton musika egiten. Nahiz eta kontzertu gutxi egin, nerabe eta gazteen artean gehien entzuten diren musika estiloak dira, eta sare sozialak dira euren agertoki eta erakusleiho berriak.


2020-06-28 | Kepa Matxain
GAZ Limbo
"Entretenimenduaren agenda zabalean produktu bat gehiago da musika"

Metal talde baten porrotetik trap talde bat jaio da Lekeition: GAZ Limbo. Taldekideen abizenen hizkiak dira “GAZ”, eta “Limbo”-k, berriz, bizi izan duten noraezari egiten omen dio keinu: bost bat urte igaro dituzte gustuko soinuaren bila, eta orain,... [+]


C. Tanganak "zentsura instituzionala" salatzeko kontzertua iragarri du Bilbon

Bilboko Aste Nagusian eman behar zuen kontzertua bertan behera geratu ondoren, Bizkaiko hiriburuko Santana 27 aretoan joko duela iragarri du musikari madrildarrak. Larunbat honetan izango da, abuztuak 24, eta kontzertua doan izango dela iragarri du.


2018-10-21 | Kepa Matxain
Sad Nigiri (aurretik Sad Mirri gisa ezaguna), musikaria
"Trap-a showrako aitzakia hutsa da"

Mirri triste dagoela esanez agertu zen plazan, ileorde gorri bat buruan. Bat-batean, entzulea erotzeko asmoa zeukan meditazio disko bat argitaratu zuen. Orain, ezustean, Mirri hil du, eta sushi izenez birbataiatu du bere burua. Ikusitakoak ikusita, biharko ze asmo duen galdetu... [+]


Eguneraketa berriak daude