C. Tanganak "zentsura instituzionala" salatzeko kontzertua iragarri du Bilbon

  • Bilboko Aste Nagusian eman behar zuen kontzertua bertan behera geratu ondoren, Bizkaiko hiriburuko Santana 27 aretoan joko duela iragarri du musikari madrildarrak. Larunbat honetan izango da, abuztuak 24, eta kontzertua doan izango dela iragarri du.


2019ko abuztuaren 23an - 09:15
C. Tanganaren kontzertua iragartzen duen afixa.

Polemikak bizirik jarraitzen du: C. Tangana trap musikari madrildarraren zenbait kantaren hitzak matxistak zirela iritzita, Bilboko Udalak bertan behera utzi zuen Aste Nagusian ematekoa zen kontzertua, zurrunbilo mediatiko baten erdian. Change.org plataforman 15.000 sinadura baino gehiago jaso ziren kontzertu hori bertan behera uzteko eskatuz, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere bat egin zuten eskariarekin eta abuztuaren 9an iragarri zen kontzertu horren ordez Pedro Capóren bat sartuko zutela egitarauan.

Bazirudien gaia amaituta zegoela. C. Tangana isilik egon da geroztik, baina aste honetan berragertu da sare sozialetan. Bi mezu argitaratu ditu: lehenbizikoan, “eskerrik asko egun hauetan nire alde agertu zareten guztioi”, esan du; bigarrenean berriz, “zentsuratzea eta debekatzea ez da inor hezteko modua”. Bigarren mezu hori polemika eragin duen kantetako baten bideoarekin batera argitaratu du, Pop up your pussy.

Eta ondoren, “zentsura instituzionala” salatzeko kontzertua iragarri du: larunbat honetan izango da Santana 27 aretoan. Sarrerak doan eskuratzeko aukera jarri du Notikumi.com webgunearen bitartez eta denbora gutxian agortu dira –musikariak azaldu duenez, egunean bertan txarteldegian sarreraren bat eskuratzeko aukera izango da–.

“Nire musikan emakume asko dago, bai nire hitzetan, baita bideoetan ere. Ez dut emakumearen irudi bat proiektatzen, irudi asko baizik”, idatzi du musikariak kontzertua iragartzeko Instagramen argitaratu duen mezuan. Berak egindako musika entzuten duten emakumeak ere feministak direla gaineratu du eta musikan “kaka asko” dagoela. “Ez dut musika egiten inor hezteko. Pentsatu zure kabuz”, irakur daiteke mezu berean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Trap
2024-02-08 | Ilargi Manzanares
Kalipotxo taldea
“Broma moduan hasi ginen, eta nahiz eta orain serio joan, graziak hor jarraitzen du”

Martin, Luis eta Toni gazte bilbotarrek osatzen dute Kalipotxo hirukotea. Euskal Herriko elektronika eta trap musika eszenan indar handiz sartu dira. 2021ean hasi ziren musika egiten, eta 2023an atera zuten beraien lehenengo diskoa, Error Bakui, ironiaz eta kezkaz betetako lana,... [+]


Rap eta trap musikarien ezkutuko loraldia ari da gertatzen Debagoienean

Bailaran hogeitik gora sortzaile ari dira rap, trap, drill eta reggaeton musika egiten. Nahiz eta kontzertu gutxi egin, nerabe eta gazteen artean gehien entzuten diren musika estiloak dira, eta sare sozialak dira euren agertoki eta erakusleiho berriak.


2020-06-28 | Kepa Matxain
GAZ Limbo
"Entretenimenduaren agenda zabalean produktu bat gehiago da musika"

Metal talde baten porrotetik trap talde bat jaio da Lekeition: GAZ Limbo. Taldekideen abizenen hizkiak dira “GAZ”, eta “Limbo”-k, berriz, bizi izan duten noraezari egiten omen dio keinu: bost bat urte igaro dituzte gustuko soinuaren bila, eta orain,... [+]


2018-10-21 | Kepa Matxain
Sad Nigiri (aurretik Sad Mirri gisa ezaguna), musikaria
"Trap-a showrako aitzakia hutsa da"

Mirri triste dagoela esanez agertu zen plazan, ileorde gorri bat buruan. Bat-batean, entzulea erotzeko asmoa zeukan meditazio disko bat argitaratu zuen. Orain, ezustean, Mirri hil du, eta sushi izenez birbataiatu du bere burua. Ikusitakoak ikusita, biharko ze asmo duen galdetu... [+]


Eguneraketa berriak daude