Bestelako Euskal Herria eraikitze bidean

  • Bestelako bizi-eredu baten aldeko apustua egitea beharrezko jotzen du hainbat norbanako eta kolektibok. Egungoa birpentsatuz, etorkizunera egokitu eta Euskal Herria pertsonentzat manifestuan diseinatu dute. Ikuspegi sozialarekin, euskal herritarren bizitzak erdigunera ekarri eta oinarrizko zerbitzuen merkantilizazioa etetea lortu nahi lukete.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

Etorkizuneko pandemiei aurre egiteko, justizia sozialean aurrerapausoak emateko eta planetari eragiten dion krisi klimatikoa indargabetzeko, gure planetaren merkantilizazioarekin amaitu behar da berandu baino lehen, eta horren ordez, bizitza, forma guztietan, erdigunean jarri behar da”. Horiek dira Euskal Herria pertsonentzat manifestuaren lehen lerroak. Artikulu honen amaieran dago manifestu osoa irakurgai.

Apirilean Kataluniatik jasotako ideia izan da abiapuntua: Massimo Paolini hiri antolamenduan adituak Manifiesto por la reorganización de la ciudad tras el COVID19 artikulua argitaratu zuen, fokua Bartzelonan jarriz. Hiri eredua aldatu eta beste balore batzuk aldarrikatu zituen, nerurri zehatzak proposatuz. Manifestuak arrakasta izan zuen eta beste hiri eta lurraldeetan ere, bakoitzak bere errealitatea kontutan hartuta, antzeko aldarrikapenak antolatzeko deia zabaldu zuten. Eta horixe egin dute Euskal Herrian Hiritik At kooperatibako kideek: “Bartzelonakoa ikusi genuenean eztabaida piztu zen gure taldean, eta hona ekartzea pentsatu genuen. Azkenean, hiri edo leku zehatz batera mugatu ordez, lurralde osoko ikuspuntua ematea erabaki dugu”. Artikulua abiapuntutzat hartu eta bereziki Euskal Herrian ematen diren elementu ezberdinak txertatu dizkiote.

Beren hitzetan, ez diote inori ezer eskatu nahi, etorkizunarekiko antolatu eta arduratsuak izateko deia luzatu nahi dute. 260 sinadura bildu dituzte dagoeneko, tartean jarduera profesionalean arkitektoak eta hiri eta lurralde antolaketaz arduratzen diren asko.

Hiritik At kooperatibako kide eta ekimenaren bultzatzailetako bat den Carlos Renedo pozik da jendearen erantzunarekin, nahiz eta bizi dugun egoerak ziurgabea bihurtzen duen parte-hartzaileen elkartzea proiektua aurrerabidean jartzeko; ikasturte berriarekin batera hastea aurreikusten dute.

Metropoli-hirien inbasioa

Azken 30 urtean Euskal Herriaren aurreko historia guztian bezainbeste urbanizatu da gure herria, landa-eremua asko hustuz eta hiri-metropoliak betez. Populazioa geroz eta hiri handiago eta dentsoagoetan bizi da; Gaindegiak emandako datuen arabera populazioaren %80 inguru. Mundu mailako fenomenoa da. Kostaldeko herrietan ez hainbeste, baina Araba eta Nafarroa ari dira pairatzen gehienbat despopulazio prozesua: Jurramendin, Pirinioetan eta Zangotzan, adibidez, eta baita Nafarroa Beherean zein Zuberoan ere beraien osotasunean.

Nafarroako Gobernuak urte hasieran emandako datuen arabera, 2008 eta 2018 urteen artean %0,4 handitu zen Nafarroako biztanleria. Bernardo Ziriza lurralde kohesioko kontseilariak azpimarratu zuen lurraldea ez dagoela despopulatzeko “egoera larrian”. Balorazioa egiterakoan, baina, ez zuen benetako errealitatea aintzat hartu: biztanleria nabarmen gutxitzen ari da zenbait eskualdetan. Europar Batasunak kilometro koadroko 12,5 biztanle baino gutxiagoko eremua hartzen du despopulatze arriskuko gunetzat, eta Pirinioetan eta Pirinioaurrean dute arazo handiena: hurrenez hurren, 4,1 eta 7,7 biztanle daude kilometro koadroko. Zangozaldeak (14,3), Ega-Montejurra eskualdeak (16,1) eta Larraunek (18,8) ere biztanle dentsitate txikia dute. Horri erantsi behar zaio bertan bizi direnen adinaren faktorea; aipaturiko eremuetan dute biztanleriarik zaharrena. Eta zerrendaren beste ertzean kokatzen da, noski, Iruñerria: kilometro koadroko 1.050,3 pertsona bizi dira.

Hiriaren eta landa-eremuaren arteko harremana orekatzeko beharrezko inbertsioak egitea eskatzen dute manifestuan. Despopulazioaren jarioa gelditu ezean nekazaritza eta abeltzaintzaren sektorea kolokan geratzen da Renedoren ustez, eta modu honetan etorkizunean ez da bermatuko ezinbestekoa den elikadura: “Lehen sektorea indartzeko apustua egin behar da, baina ez edonola: baldintza duinak eman behar dira jendea bertan bizi dadin, eta horrela elikadura burujabetza lor genezake”.

Kaleen berjabetza

Hirien populaketa masiboak horien artean mila moduz komunikatzeko bide eman du. Aurreikustekoa da datorren gainbehera ekonomikoa, eta horregatik azpiegitura handien inbertsio publikoa geldiaraztea eskatzen dute, lurraldeen arteko loturak gizartearen ikuspegitik birpentsatu behar direla azpimarratuz. Eusko Jaurlaritzak AHTra diru publikoa bideratzen jarraitzen du, eta ez dela bidezkoa dio Renedok: “Herritarrok ongizate indibidual eta kolektibora begira ari gara orain, baina badirudi instituzioak ezetz: hor ikusten da zer nolako herri egituretan bizi garen azpiegiturei dagokienean”. Maiatzaren erdialdean, egun gutxiren tartean eta herri ezberdinetan, 400 eta 500 urteko baserri bana eraitsi zuten eremu handiko supermerkatua eraikitzeko eta AHTrekin jarraitzeko.

Hiri eta herrien antolamenduaz hausnartzeko eta birpentsatzeko eskatu dute, beharrezkotzat jotzen baitute pertsonek kaleak berreskuratzea; logika honetan: lehenengo pertsonak, ondoren bizikletak, garraio publikoa eta garraio pribatua. Kaleak “bizigarriago bihurtu” behar direla dio Renedok, eta bizitzaren funtzio gehienak gertu, oinez joateko moduan, gauzatu beharko liratekeela. Alegia, lana, aisialdia eta beharrizanak asetzeko zein eskuratzeko lekuek edonorentzat irisgarri egon behar dutela. “Multifuntzionala behar du izan”, gaineratu du.

Kutsadurak eta bizi-kalitateak lotura zuzena du kontu guzti honekin. Konfinamenduak %17 murriztu du CO2 gasaren isurketa munduan, baina pandemia pasatzean ohiko mailara itzuli edo areagotuko da. Euskal hiriburuetan bereziki, nabarmen gutxitu da trafikoa; Donostiako mugikortasun zinegotziak udako oporraldiari begira auto-pilaketak desiratu egiten dituela adierazi zuen elkarrizketa batean, seinale ona delakoan.

Argazkia: Dani Blanco.

Aldi baterako bi metroko distantzia fisikoaren neurria ezartzea une askotan ez dela “erreala” salatzen dute, hiriguneak ez baitaude horretara diseinatuak; galtzadak pertsonei eskaintzea eta bidegorri sareak handitzea proposatzen dute. Urbanizazio planetan naturaren presentzia areagotu behar dela ere badio Renedok: “Porlanez bete dugu dena. Ibaiak berreskuratu behar dira, ibai-ertzak, natura oro har. Gure bizitzetatik ezabatzen ari gara pixkanaka”. Plazen eta parkeen berdiseinatzea ere ekarri beharko luke horrek, haurren garapenean mugarri izateko.

Desmerkantilizazioa eta desazkundea

“Pertsonon oinarrizko zerbitzuak ez dira salgaiak; merkatuaren logika dago eta hautsi egin behar da”. Biztanle orok ezin dituela beharrizanak asetu dio Renedok, guztiek ezin dutelako prezio eskuragarri edo tasatu batean oinarrizko zerbitzua den etxebizitza bermatu. Alokairuen egungo sistemarekin amaitu behar dela uste du, zentzuz arautuz. “Oinarrizko eskubidea da eta ez da bermatzen; are gutxiago krisi egoeretan”, gaineratu du.

Bigarren irakurketa interesgarri bat ere egiten dute manifestuan. Etxebizitzari dagokionean, konfinamendu garaiotan are ageriago geratu da beste gabezia bat: etxebizitzaren diseinua. “Zenbat lagun egon ote dira kalea ikusi gabe; arnasa hartu gabe; terrazarik edo leihorik ez dutelako edo apenas dutelako; metro koadro oso gutxian pertsona asko elkarbizitzen; eta abar luze bat”. Diseinu arkitektonikoen birpentsatzea garrantzitsutzat jotzen du Renedok, baina horrez gain, etxebizitza publikoa sustatzeko planak proposatzea ezinbestekoa dela uste du, ahal den heinean jabetza pribatu indibidualaren logika hegemonikoa baztertu eta etxebizitza kolektibo eta komunitarioen aldeko apustua eginez.

Horretarako, hiriburu eta kostaldeko herrietan turismorako bideratutako etxebizitzen kopurua nabarmen murriztu behar dela diote. Bigarren etxebizitzaren fenomenoak bertako herritarren eta batez ere gazteen bizi-baldintzak prekarizatu dituela azpimarratzen da manifestuan, prezioak garestituz eta epe motzeko lanak sustatuz. Hargatik, hainbestetan idealizatzen den hazkunde ekonomikoa “desazkunde” bilakatu behar dela uste dute.

“Aipaturiko guztiaren gainetik, luzerako jo dezakeen hausnarketa mahai gaineratu behar dela uste dugu: kontsumoa murriztuta bizi gaitezke?”. Euskal gizartean kontsumoa erraietaraino barneratuta dagoela, eta hura murriztu edota egokitu ezean biztanleria osoaren bizi-kalitatea orekatzea edo bermatzea zaila izan daitekeela uste du. Aberastasuna ondo banatzea dela lehendabiziko zeregina dio Renedok, eta gutxiago kontsumituta, biztanleriaren bizimodua hobetuko litzatekeela uste du: “Lelo batetik harago, ariketa hau egin behar dugu: nola egokitzen dugu gure bizimodua gutxiagorekin bizitzeko, errekurtso minimoekin mantentzeko”.

 

*****************************************************************************
Euskal Herria pertsonentzat manifestua

 

Lurralde osorako etorkizun orekatua

  • Landa-eremu eta hirien arteko harremana orekatzeko beharrezko inbertsioak egitea.
  • Herri biziak eraiki: zerbitzuak lurralde osoko pertsonentzat eskuragarri izatea.
  • Nekazaritza ekologikoa bultzatzea, baldintza duinak izatea eta kate ekonomikoan funtsezko izaera hartzea.
  • Eremu publikotik ekimenak bultzatu: lur publikoen eta baliabideen banku bat sortu behar da monopolioari aurre egiteko.

Mugikortasunaren berrantolaketa eta kalearen berjabetza

  • Lurraldeen arteko loturak gizartearen ikuspegitik birpentsatu behar dira.
  • Azpiegitura handien inbertsioa geldiaraztea (AHT, Supersur, ...).
  • Hirietako mugikortasuna bizikletan oinarritzea horretarako laguntza publikoak eskainiz.
  • Garraio publikoko sare eraginkorra eta ez-kutsatzailea antolatzea.
  • Garraio pribatuaren erabilera nabarmen eta berehala murriztea kutsadura jaisteko.
  • Espaloi kontzeptua aldatzea: kalearen zati bakarra izan ordez, hirigune guztiak pixkanaka oinezkoentzat jartzea.
  • Plazak eta parkeak berdiseinatzea: espazio berean erabilera eta jarduera ezberdinak eman behar dira, pertsonen autonmia, sozializazioa eta haurren jolasa bultzatzeko.

Hiriak (bir)naturalizatu giza ongizatea bermatzeko

  • Landareen zein animalien biodibertsitatea sustatzea hiri-ekosistemak sortuz.
  • Naturaren presentziak ongizate fisiko eta emozionala bermatzen du, defentsa inmunitarioak areagotuz.
  • Haurren garapenerako hezkuntza aukera garrantzitsuak eskaintzen ditu.
  • Hiri hutsarteak asfalto gabeko berdeguneak eta hiri baratze komunitario zein norbanakoenak sortzeko erabiltzea, diru-laguntzekin babestuta.
  • Hiriguneen inguruan gerriko agroekologikoak sortzea, hiriaren hedapena mugatzeko eta hiriguneak hurbileko eta kalitatezko produktuekin hornitzeko.

Etxebizitza eta oinarrizko zerbitzuen desmerkantilizatzea

  • Pertsona bakoitzak, inor baztertu gabe, bizitzeko lekua izan dezan bermatzea.
  • Etxebizitza publikoa sustatzea merkatua arautzeko metodo gisa.
  • Etxebizitza kolketibo eta komunitarioen ereduak sustatzea, jabetza pribatu indibidualaren logika hegemonikoa hautsiz.
  • Oinarrizko zerbitzuak bermatu ahal izateko enpresa publiko-kooperatiboak berriro sortzea, zerbitzuok merkatuaren esku bakarrik ez baitira utzi behar.
  • Adinekoek beren independentziari eusteko etxeko laguntza-zerbitzua indartzea eta baldintzak duintzea.
  • Bizitza sozial eta komunitario aktiboa bermatuko duten kalitatezko egoitza publikoen alde egitea soilik.

Desazkundea

  • Ekonomiaren desazkundea bultzatzea, kontsumoa nabarmen murriztuz.
  • Eredu honetako turismoaren desazkundea sustatzea.
  • Azpiegitura handiak birpentsatzea eta zentzuz egitea lan (aireportuak, portu-azpiegitura handiak...).
  • Lankidetza-lurraldea sustatzea: hirien artean biztanleak, turistak, ekitaldiak eta abar bereganatzeko lehia logiken aurka aritzea.
  • Hirien marka-k sustatzeko inbertsioak kentzea, bertako biztanleen, naturaren eta hiriaren merkantilizazioa agerian utziz.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hirigintza
2024-02-29 | Estitxu Eizagirre
Nola elikatu hiriak?
Hiriko parkeetan zergatik ez fruta arbolak eta barazkiak landu zuzenean biztanleentzat?

Hiriak nola elikatu? Horra Egonarria saioan Eli Pagolak Audrey Hoc laborariari luzatu dion galdera. Hoc-ek, bere lagun Aimar Rodriguezekin batera, fruitu arbolak ekoizten ditu, Etxalarren baso jangarria dauka eta Biriatuko udalarekin elikadura burujabetzaren estrategia martxan... [+]


Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


Chinatown: zokoratuak eta zukutuak

Txina, 1417 urte inguruan. Zheng He almiranteak, Ming dinastiako enperadoreen soldatapeko esploratzaileak esan zuen posible zela “mundu osoa ibiltzea Txinatik irten gabe”. Ordurako Indiako Ozeanoan, Itsaso Gorrian eta Asiako hego-ekialdean zabaltzen hasia zen kolonia... [+]


2024-01-04 | ARGIA
6.486 donostiarrek ezezko botoa eman diote Basque Culinary Center Gros eta Uliako parkeetan ezartzeari

Uliako auzo elkarteak eta SOS Manteo plataformak herri galdeketa egin dute asteburuan. 6.948 lagunek hartu dute parte, eta 6.486 parkeak babestearen alde agertu dira.


2023-12-13 | Axier Lopez
Gipuzkoa konkistatu zuen Gaztelako erregearen omenezko kaleari izena aldatu dio Arrasateko Udalak herritarren eskariz

Gipuzkoa Nafarroako Erresumatik aterarazi eta Gaztelarentzat konkistatu zuen Alfonso VIII. erregearen omenezko kaleari izena aldatuko diote. Horren partez, “17 emakume" deituko da kale hori, frankismoaren lege matxisten aurka borroka egin zuten herriko emakume batzuen... [+]


Eguneraketa berriak daude