Artea Sarea harrera-etxeen eta enpresa sozialen sare solidarioa da, bizitzeko modu berriak entseatzen dituena desobedientzia zibilaren filosofian oinarrituta. Desobedientzia zibila, ez bakarrik ukapen gisa –lege bat desobeditzea–, baizik eta proposamen moduan: konfrontazioa esperimentu sozialetik.
Arteara iritsi aurretik, komunitate k’iche’-etan ziharduen, batetik bestera, huipil-ak bordatzen eta emakumeak ahalduntzen. Buruzagi honek kontatu digu, egun batean, trocha-n zebilelarik, ohartu zela emakumeei irakasten ziena ez zetorrela bat berak etxean egiten zuenarekin.
Gogoeta. Erraza da diskurtso biribila eraikitzea, baina horrek ez du baliorik izango ekintzen eskutik ez badoa. Aktibismo berriak EGIN egin behar du, erretorika praxiarekin txirikordatu. Kontuan harturik, beti ere, konplexuagoa eta ausartagoa dela egitea desegitea baino.
* * *
Muga igaro dugu emakume ginear batekin eta haren seme autistarekin. Haiekin batera doaz beste migratzaile batzuk. Itsasartea pateran zeharkatu berri dute: bortxaketaren bidesaria duen bidaia. Mugak legez kanpo gurutzatzen laguntzen dugu, elkartasunez, dakigun modurik hoberenean. Bidaia Agentzia deitzen diogu, ironiaz.
Gogoetak. Baga: zer nagusitasunen ondorioz bidaia dezakegu europar zuriok Afrikara normaltasunez, eta afrikarrek Europara, aldiz, pateraz? Biga: sistemari desobeditzen diogu, giza eskubideei obeditzen diegu. Higa: munduko desparekotasun izugarria zuzendu ezin dugun bitartean, epe luzeko elkartasunerako prestatu behar dugu herri gisa.
* * *
Bere izateak Pakistango legea urratu du: transexuala da. Zizelkatu, jo, bortxatu egin dute. Daukagun bakarra eskaintzen diogu: maitasuna, janaria eta koltxoia. Irribarre egiten du, artean haurra zen garaian bezala. Besarkatu egiten gaitu. Elkar besarkatzen dugu.
" Maitasunen katea politika da. Konfiantza politika da. Samurtasunerako eta zaintzarako espazio askeak sortzea sistema emozional berri bat eratzea da"
Gogoeta: une errepikaezin horri politika deitzen zaio Artean. Maitasunen katea politika da. Konfiantza politika da. Samurtasunerako eta zaintzarako espazio askeak sortzea sistema emozional berri bat eratzea da. Komunitate afektiboa da; ongi bizitzea deitzen diogu.
* * *
Aljeriar bikote gaztea dira, Oranen zutenaz bestelako bizitza bat nahi dute. Emakumezkoa haurdun dago. Artean ez dugu ohe librerik. Hurbileko herri batean, Zornotzan, gazte-asanbladak banketxe baten pisu okupatu bat eskaintzen digu.
Gogoeta: legezkoaren eta legez kanpokoaren arteko muga naturaltasunez gurutzatzen dugu. Garrantzirik eman gabe. Beldurrez, baina ekintza soziala geldiarazten duen izurik gabe. Ekintzaileok arriskuaren funanbulista izan behar dugu, ez dago eraldaketarik bestela.
* * *
Koltanaren meatzaritzak bere lurra lapurtu zion Kongoko jaioterrian. Egoera berdina bizi dute, egunero, multinazionalen eraginez beren bizitokietatik kanporatutako milaka pertsonek: enpresek lehengaiak, lur emankorrak eta baliabide naturalak arpilatzen dituzte.
Gogoeta: Kontraesana dago desiratzen dugun munduaren eta egiten dugun bizitzaren artean. Sistema neokolonialari probetxua ateratzen badiogu, inplikatuta gaude, eta geure buruaren aurka borrokatzera behartuta. Gure barnetik zomorroa erauzteko (bitxoa erauzteko???) profilaktikoa: ohiturei desobedientzia egitea edo sistemarekin ez kolaboratzea eguneroko bizitzan.
* * *
Teknikariak iritsi dira sei hektareako gure baratze-proiektuaren lurretara. “Negozio, finantzaketa eta diru-laguntza plana behar duzue, marketina, bezeroen zerrenda, merkatua eta konpetentzia aztertu... misioa, ikuspegia, helburuak … Aztertu al duzue zenbat tomate, letxuga, piper, ziazerba, leka, perrexil saldu behar dituzuen? Zer preziotan eta zein bezerori?” Ideiarik ez. Noraeza. Bada, jauzi uretara.
" Igerilekuaren metodologia; alegia, ura dagoen ala ez jakin gabe botatzea edo erori ahala betetzea. Egia da hamar arte zenbatzen dugula, baina ez askoz gehiago. Muturrekoa hartuz gero, gora zutik berriz"
Gogoetak. Baga: igerilekuaren metodologia; alegia, ura dagoen ala ez jakin gabe botatzea edo erori ahala betetzea. Egia da hamar arte zenbatzen dugula, baina ez askoz gehiago. Muturrekoa hartuz gero, gora zutik berriz. Biga: jateko, bere onera ekarri behar dugu lurra. Permakultura ardatz, ekonomia zirkularra, ekonomia sozial eraldatzailea, nekazaritza politikoa. Higa: nekazaritza sozialean ezagutza partekatu egiten da. Zer arrazoi dago beste borroka batzuetan ez egiteko?
* * *
“Kolapso ekologikoak bilera batean harrapatuko gaitu, kolapsoaz hizketan”, zirikatzen genituen geure buruak jardunaldi eko-sozialista batzuetan.
Hausnarketak: ‘bileritisak’ aktibismoa kolapsatzen du. Bilerak eta asanbladak, ezinbestekoak baino ez; ez gehiago. Burokrazia gutxi eta malgutasun handia. Konfiantza handia. Bizitza laburregia da, eta militantzian denbora asko joaten da –batzuetan alferrik–. Horizontaltasunaren eta eraginkortasunaren arteko dialektikan dago erronka.
* * *
Tente, beisboleko txanoarekin, futbol izarra bailitzan doa aireportuan zehar, trolley fuksia arrastaka. Aljeriako jaioterrira itzuliko da, aitari erakutsi behar dio aurrera egin duela. Gure mantretako bat errepikatzen diogu: “Aberatsak imitatzeak ez dakar zoriontasun handiagorik”. Barrez erantzuten digu: “Bekatu pixka bat zilegi izango da, ezta?”
Gogoeta. Ironia kide komunitario ona da. Ez ditugu zertan geure buruak flagelatu dogmari bekatu egiteagatik. Dramarik ez. Koherentea izatea da garrantzitsuena; konturatzea eta zuzentzea. Malaletxea, erresistentziarako; umore ona, erlatibizatzeko.
* * *
Galdetzen badugu “nor da paternalista?”, gizon gehienek eta emakume zenbaitek eskua altxatuko dute. Harreran areagotu egiten da gaitz hori, eta infantilizazioa eta bertikaltasuna hauspotzen ditu. Babesak eta autoritate onberak bat egiten dute, eta besteen ordez erabakitzen dute zer den ona, zer txarra. Gainerako aktibismoetan ere errepikatzen da hori, modu batean edo bestean.
" Paternalismoak eta asistentzialismoak, pobrezia borrokatu ordez, betikotu egiten dute. Pertsona kritikoak eta independenteak izan behar dugu"
Gogoetak. Baga: antolakunde sozial bati lekzio-emaile usaina darionean, kontuz. Paternalismoak eta asistentzialismoak, pobrezia borrokatu ordez, betikotu egiten dute. Pertsona kritikoak eta independenteak izan behar dugu. Biga: elkartasuna, adiskidetasuna bezala, elkarrekikoa da edo ez da izango. Bi ekintza uztartu behar dira; bata, humanitarioa –sufritzen duen gizakiarekiko enpatia–; eta, bestea, politikoa –zergatien salaketa–. Higa: botere eza. Autoritatea ez erabili, horretarako aukera izanik ere; akaso besteak baino gehiago jakinik, entzun; irakasteko parada edukita, ikasi; erdigunean kokatu ordez, ertzean geratu; ziurtasuna eskura izanik, zalantza egin.
* * *
Artea Sarean 130 bat lagun bizi gara, erlijio eta pentsamendu hibridoetakoak. Batzuk igarobidean daude, edo asilo-programetan. Beste batzuek, berriz, gurekin bizitzen geratu nahi dute. Batzuk hemengoak dira; beste batzuk, hangoak. Denok berdinak gara. Denok, komunitate berekoak.
Gogoetak. Baga:”Utopikoak gara, baina inperfektuak”, diogu. Perfekzioa blokeatzailea da, ez zara inoiz iristen. Biga: herria gara, askotarikoa, bikaintasunetik salbuetsita. Edertasun soziala entseatzen dugu, lortu gabe bada ere: 0 matxismo, 0 arrazismo, 0 hondakin … eta gure kodiziak mugatu. Higa: arazo komunitario handiak eguneroko arazo txikien ondorio dira. Ez dira normalean gai ideologikoak; ozpindu egiten zara, besterik gabe. Konfiantza pozoitzen denean, erruduntasunak loratzen dira.
* * *
Ez dago bukolismorik; esperientzia sozialak horietatik salbuetsita daude. Kontraesanak normaltasunez bizi ditugu. Mugetan bizi gara, eta badakigu edozein akats txiki porrot gisa interpretatuko dutela. Dena den, ba al da saiakuntza sozialik gabeko eboluziorik?
"Artisautza soziala. Mugimendu soziala, mugimendu izango bada, mugitzen garelako izango da. Gasolina eta haize freskoa. Barra librea, ametsei irekia"
Eraldaketa, diskurtsoaz haratago, esperientzia bihurtu behar da: artisautza soziala, saihesten duena sare sozialen kontsumo intentsiboa, hedabide handiena, pertsona famatuena; ekiditen duena emari magistralaren eta instituzionalaren kontsumo etengabea. Mugimendu soziala, mugimendu izango bada, mugitzen garelako izango da. Gasolina eta haize freskoa. Barra librea, ametsei irekia.
** Poema hau Militantzia eredu zahar-berriak agertoki ezezagunetan Larrun monografikoan 251. alearen parte da.
Irudimentsua eta umoretsua da, eta marraztea bere pasioa da. Oihan Iriarte Eletxigerrak (Bilbo, 2001) Autismoa eta biok (Txalaparta, 2025) liburu ilustratua sortu du autismoa ikusarazteko. Bere bizipenetatik abiatutako liburua da. Arte figuratiboaz baliatu da batez ere:... [+]
Errepikatu nirekin: Sara Millerey. Ez dezagun ahaztu bere izena. Transfeminizidioaren biktima da Millerey: gorrototzaile transmisogino batek torturatu zuen, besoak moztu zizkion eta bizirik bota zuen ibaiertz batera. Bi orduko agoniaren ondoren hil zen.
Errazagoa da J.K... [+]
Beste bizi eredu baten alde eginez, hainbat belaunaldik ikasteko, antolatzeko, esperimentatzeko eta trebatzeko aukera izan dute Lakaxitan bi hamarkada hauetan zehar. Gazte belaunaldi anitz ikusi ditu gaztetxeak, eta Jaion bestan, oraingo gazte mugimenduko kideak ez... [+]
Maiatzaren 22tik 23ra bitartean deklaratu beharko dute auzipetuek. Gazteek salatu dute instituzioak "geroz eta gehiago" ari direla mugatzen protestarako eta mobilizaziorako eskubide politikoa, eta 'Bajadikako 27ak' izenarekin sortu dute plataforma bat. Maiatzaren... [+]
Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. Girotzeko eta azokaren eragina inguruko herrietara zabaltzeko, aurreko asteetan zehar sei ekintza kultural antolatu dituzte Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean. Lehena martxoaren 30ean izango da,... [+]
Kabia gune okupatuaren 19. urteurrena ospatzeko jarduerak egingo dituzte gaurtik domekara bitartean, apirilaren 24tik 26ra. Bi hamarkada betetzear dagoen gune autogestionatu honek hainbat gorabehera izan ditu bere ibilbidean, eta, Udala bultzatzen ari den Hiria Antolatzeko Plan... [+]
Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]
Militante eta ikerlari antiarrazistak abiapuntu argia adierazten du: arrazakeriaren aurka borrokatzea ez da zeregin psikologiko edo diskurtsibo bat, baizik eta egiturak desegiteko premia.
Ostegunetik igandera bitarte egindako topagunean 3.000 lagunetik gora bildu dituela esan du Ernaik. Larunbat iluntzean egin dute jardunaldietako ekitaldi politiko nagusia, gazte antolakundeko bozeramaile Amaiur Egurrolak hitza hartuta. Aberri Egunaren harira EH Bilduk... [+]
Eragile nahiz alderdi politiko ugarik plazaratu dituzte euren aldarriak aurtengo Aberri Egunean. Azken urteetan egin bezala, Bilboko eta Iruñeko kaleak hartu dituzte EAJk eta EH Bilduk, hurrenez hurren. Bagira-k, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak, abertzaleen... [+]
Desengainu handia hartu dute euskal feminista askok jakin dutenean Chimamanda Ngozi Adichie idazleak haurdunaldia esternalizatu duela, alegia, surrogate batek ernaldu duela bere haurra, diru truke. Guztiok izan beharko genuke feminista saiakeraren egilea da Adichie, besteak... [+]
Azken bi hamarkadetan indarkeria matxistaren gaia lehen lerrora ekarri du mugimendu feministaren borrokak, besteak beste, eta bikote arteko indarkeria edo “familia arazo” gisa deskribatzen zenak, eremu publikora eta kalera egin du salto. Indarkeria matxistaren... [+]
Izenburua aski argia da: Zuzi iraxegia. Euskal emakume idazleak eta literatura klasikoa (TZ, 2025). Eta 300 orrialdeko liburu mardulean, XIV. mendeaz gero gurean izan diren emakume idazleen gainean jardun du, irakasleari dagozkion azalpenak emanez bezainbat, testu klasikorik... [+]
Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.
Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]