Migratzaileen bizikleta tailerra, duin bizitzeko alternatiba

  • Arrigorriagara iritsi diren migratzaileek bizikletak konpontzeko, alokatzeko eta bizikletan ibiltzen irakasteko proiektua abiatu berri dute. Gutxienez hiru urtez paperik gabeko herritar ilegal izatera kondenatuta daudelarik, autoenpleguaren bidez egoera administratiboa erregularizatzen joatea eta migratzaileentzako kooperatiba sortzea dute helburu.

Ezker-eskuin: Charles, Ousmane eta Mussa. Etorkizunean, kooperatiba bihurtu eta paperik ez duten iritsi berrientzako heldulekua sortu nahi dute.
Ezker-eskuin: Charles, Ousmane eta Mussa. Etorkizunean, kooperatiba bihurtu eta paperik ez duten iritsi berrientzako heldulekua sortu nahi dute.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Bi solairuko lokala inauguratu dute: behean jendeari harrera egiteko gunea, goian bizikletak konpontzeko mekanika tailerra. Ousmane, Mussa eta Charles aurkitu ditugu bertan. Boli Kostakoak dira hirurak, Arrigorriagan ezagutu dute elkar eta Afrikatik etorritako beste bi lagunekin batera buru-belarri ari dira Bizi Eskola ekimenean. Charlesek 31 urte ditu, Mussak eta Ousmanek 20, eta duela urte eta erdi inguru lortu zuten Afrikatik Europarako jauzia egitea, Marokoko kanpalekuetan patera noiz hartu zain egon ostean. Ez dute bidaiaz hitz egiteko gogo handirik, esperientzia gogorra izan zen, zertarako kontatu gehiago? Europan dirua irabazi zezaketela pentsatuta abiatu ziren, bizimodu hobeago baten bila, baina laster egin zuten talka errealitatearekin.

Lanera etorri ziren, baina lan egiteko aukera ukatzen zaiela ikusi zuten berehala: paperik gabe, ez zaituzte enplegatuko, eta enplegu gabe, zaila duzu paperak lortzea. Betiko gurpil zoroa, horma garaiezin bihurtzen den administrazioaren amarrua. Ousmane, Mussa eta Charlesek Bilbon hartu zuten aterpe, eta boluntarioek Arrigorriagara bideratu zituzten. Arrigorriagako gazteek lekua egin zieten gaztetxean, eta hamar bat lagun bertan bizi dira uneotan, Kamerun, Senegal, Ginea Konakry eta Boli Kostatik etorriak.

Aurrerago, bazkidetza bidez funtzionatzea da asmoa: kuota ordaintzearen truke, bazkideek aukera izango dute bizikleta bertako erremintak erabiliz tailerrean konpontzeko, elkarri lagunduz

Ordutik herrian sortu den elkartasun sareak egin du posible Bizi Eskola proiektua. “Ezin hobeto gaude Arrigorriagan, familia bat aurkitu dugu hemen, lagundu nahi gaituen familia bat, eta hori da inportanteena”, dio Ousmanek. Migratzaileek kudeaturiko proiektua aurrera ateratzeko funtsezkoa izan da herriko gazte asanblada, harrera sarea, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Biziz Bizi elkarteen babesa.

Herriak behar zuen zerbitzua
Eskaintza zabala dute buruan Bizi Eskolako dinamizatzaile afrikarrek. Batetik, bizikletan ibiltzen ikasteko eskolak emango dituzte. Gainera, dagoeneko badira interesa agertu duten 50 urtetik gorako emakumeak. Arrigorriagan bakarrik ez, Basaurin ere egingo dituzte ikastaroak. Bizikleta zaharrak ere badituzte, atondu, konpondu eta salgai eta alokairuan jartzeko prest. Umeen bizikletak adibidez, haurrari denboraldi baterako baino balio ez diotenak, eskuragarri izango dituzte, prezio sinbolikoan. Tailerra ere badaukate –mekanika eskolak jasotakoak dira– eta asmoa ez da hainbeste jendeari bizikleta konpontzea, datorrenari bizikleta nola konpondu irakastea baizik. Norberak ikastea da xedea, eta horregatik bizikletak konpontzen ikasteko tailerrak ere emango dituzte, Juan XXIII plazan duten lokalean.

Aurrera begira, bazkidetza bidez funtzionatzea da helburua: kuota bat ordaintzearen truke bazkideek aukera izango dute bizikleta bertara eraman eta konpontzeko, lokalean dauden erremintak nahieran erabiltzeko, elkarri lagunduz. Mendiko bizikletarekin ibilbideak antolatzea eta txikientzako eskola eratzea ere aurreikusten dute.

Bizilagunek interesa agertu dutela diote. Txirrindularitzarekiko zaletasun handia dago eskualdean, baina ez dago bizikletari lotutako denda edo tailerrik, ez dago antzeko zerbitzurik. “Pixkanaka egingo dugu bidea, hasi baino ez gara egin, baina ilusio handiz gaude, honek etorkizunean ateak irekiko dizkigun esperantza daukagu eta dena ongi ateratzea da orain gure helburua”, azaldu digute. Paperak lortu bitartean, errotuta daudela eta lanean ari direla frogatzeko balioko du proiektuak, eta egitasmoak ibilbide oparoa eginez gero, migratzaileentzako kooperatiba dute amets, ez paperarik ez aukerarik ez duten beste migratzaile iritsi berrientzako heldulekua izango den kooperatiba.

“Jendeak ezagutu gaitzan balioko du”
Herriko bizilagunekin harremanak sendotzeko ere proiektu hau aukera aproposa dela azpimarratu du Ousmanek, jendea ezagutzeko eta jendeak haiek hobeto ezagutzeko. Gainera, birziklapena eta mugikortasun jasangarria gisako baloreek sostengatzen dute ekimena, eta harro sentiarazten ditu horrek.

Kritiko mintzatu da Pedro Vallejo harrera sareko eta Biziz Biziko kidea: “Sistemak ez du nahikoa gazteak prekario lan egiten jartzearekin, mugak itxi eta kanpotik datozenak deshumanizatzen ditu, gaizkien ordainduta dauden lanpostuak hartzera kondenatuz. Administrazioak trabak jartzen dizkie migratzaileei duin lan egin ahal izateko, eta bestelako alternatibak bilatu behar dituzte”. Arrigorriagan eraikitzen ari diren alternatiba izan dadila etorkizun duinerako giltza.

BIZI ESKOLA

Etxean, garajean duzun bizikleta, erabiltzen ez duzuna, eman Bizi Eskolari eta haiek konponduko dute, beharra duenari oparitzeko edo nahi duenari alokatu edo saltzeko:

arrigobizieskola@gmail.com
602 170 024
632 944 087

 


Ekonomia eraldatzailea kanaletik interesatuko zaizu...
Udalgintza eta herrigintza eraldatzailea: Euskal Herriko ekimen burujabeak saretzeko jardunaldiak Hernanin

Hernani Burujabe herri proiektuak, Hernaniko Udalak eta Udalbiltzak hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19tik 21era, burujabetzen gaia ardatz hartuta, herrigintza eta udalgintza ikuspegi eraldatzaile batetik jorratzeko. Hainbat esperientziren inguruko hitzaldiak... [+]


‘Laia’ aldizkaria, ARGIArekin batera

Bidasoaldeko irakurlea bazara, honezkero izango dira hiru urte Laia aldizkariaren lehen alea jaso zenuela etxean. BDSKOOP eraldaketa fabrikak –eskualdean Ekonomia Sozial Eraldatzailean dabiltzan kooperatiba eta proiektuak biltzen dituen elkartea– Behe Bidasoan eta... [+]


Olatukoopek Saretze Eguna egingo du Gasteizen, ekonomia eraldatzaileko eragileen artean harremanak josteko

Olatukoopeko kideak Montehermoso kulturunean bilduko dira larunbatean, Saretze Egunean. Gasteizen eta Araban ekonomia eraldatzailera hurbildu nahi duten eragileekin "harremanak jostea" izango da helburua.


Aiala Zubieta Bertiz
"Ingurumenean ere enpresa txikiok gure norabidea jarri behar dugu"

Ingurumenaren eta jasangarritasunaren inguruan aholkularitza eskaintzen duen Isladak kooperatibako kidea da Aiala Zubieta Bertiz. Berriki, formazioa eskaini die ekonomia eraldatzaileko kooperatiba eta proiektuei, Beterri Saretuz ekimenak Usurbilgo Lanbide Eskolan antolatuta,... [+]


2023-03-16 | ARGIA
Proiektu eraldatzaileetan dabiltzan emakumeen foroa egingo dute Andoainen

Beterri-Buruntza eskualdeko ekonomia eraldatzailearen sareak antolatuta, hainbat kooperatiba, proiektu eta enpresa komunitariotan dabiltzan emakumeak bilduko dira Leitzarango Bisitarien Etxean, aitortza, konfidantza eta ahalduntzea lantzeko.


Eguneraketa berriak daude