Beste klase sozial batean jaio izan banintz, nire animaliarik maiteena izango zen zaldia. Beste klase sozial batean diot, afizio garestiegia baita gu bezalako pobreentzat –nahiz jaio izan mendebaldeko herrialde aberatsenetako baten lurralde aberatsenetako baten herri aberatsenetako batean, ze zortea–; baina batez ere diruaz gain beste zer edo zer behar delako hipikarako, nolabaiteko distintzio bat, pentsatzen dut odolaren bitartez bakarrik eskura daitekeena. Ezin diot iskin egin ordea zaldienganako erakarmena sentitzeari. Izango da agian nire oheburuko pentsalariak, Montaignek, bere entsegu ezagunetan, baduelako pasarte hunkigarri bat, bitxia, ez baita ohikoa halako gordintasunez azaltzea bere bizitza pertsonala. Egun batez, zaldiz zeharkatzen ari zela Dordoinako lurrak, erorketa bat izan zuen, kolpe handi samarra hartu eta konortea galtzeraino. Heriotzagandik gertuen egon zen unea izan zen, eta esperientzia gozo gisa deskribatu zuen gero, sorgorra. Bertatik atera litekeen ikasketa morala izan daiteke: ez zaiola gehiegizko beldurrik izan behar beraz heriotzari.
Marina Garcesen aitaren biografia ari naiz irakurtzen egunotan –bai, maila horretaraino iristen da Garcesekiko lilura–, zeina autobiografia gisa aurkeztu den hirugarren pertsona batek idatzia izan arren –bai, gauza arraroa–. Eta bertan aipatzen da Bartzelonako kanodromora eramaten zituela alabak, gauez, dena ilun: bonbilla horiak, apustuak… eta lau katu, traje eta korbata grisak jantzita. Kontxo, biografia pertsonalean arakatuta, zakurrik ez, zorionez, baina gogoan dut aitak behin Lasarteko hipodromora eraman ninduela. Eta Lasarte ez da zehazki Ascot, baina segur aski izango da, zaldiengatik noski, nire bizitzan klase altuko sentitzetik gertuen egon naizen momentua. Nahikoa jakiteko ez naizela sekula klase horretakoa izango, eta, batez ere, ez dudala izan nahi.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.