ARGIA.eus

2020ko uztailaren 09a
Harri Arrijuria. Tirriki-tarraka, aurrera

"Nahiago dut oinetako parea erosi 170 eurokoa, eta hamar urtez ikusiko nauzu horrekin"

  • Esaerak dio begiak direla arimaren ispilu, baina Harri Arrijuria zapatariaren arabera, oinetakoek ere informazio baliagarria ematen dute pertsonaren izaeraz. “Zapatetan ikusten da pertsonak zeri ematen dion garrantzia: sosari, kalitateari, estiloari…”. Ostegun arratsalde argitsu batez joan gara Dani Blanco eta biok Elizondora eta azkar asko jabetu gara Arrijuriak ez dituela soilik zapatak konpontzen. Hark egindako larruzko gerriko bana ekarri dugu etxera.

Danele Sarriugarte Mochales
2020ko urtarrilaren 19a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Harri Arrijuria Jaimerena (Elizondo, 1984)

Diseinu grafikoa eta argazkilaritza ikasi zuen, eta eremu horretan lan egin zuen bolada batez, baina utzi egin zuen gero, esperientzia txar bat tarteko. Baztanen zapataririk ez zela-eta, Iruñean Mañuetako zapatariarekin ofizioa ikasi eta Kixki-Kaxka zapata-denda ireki zuen 2012an Elizondon. Aste barruan hantxe topatuko duzue, Maurizio Berekoetxea kaleko 12. zenbakian.

Euskal Herriko Jardunaldi Feministetan, kulturari eta feminismoari buruzko tailerrean, sortzaileen taldean suertatu ginen biok. Nork bere burua aurkezteko erronda egin eta zur eta lur geratu nintzen esan zenuenean zapataria zinela.

Egia errateko, tailer horretara joan nintzen ez nuelako kanpoan gelditu nahi, eta euskaraz izatea nahi nuelako, baina ez nekien zehazki zer zen. Hasi zirelarik erraten hiru talde egingo genituela, horietatik nirera gehien hurbiltzen zena sorkuntza zen, eta hantxe gelditu nintzen. Nire burua aurkezterakoan izan nituen nire dilemak.

Bai?

Nik, berez, diseinu grafikoa ikasi nuen, eta gero argazkilaritza ikasi nuen, eta ohartzen nintzen izan naizen horretatik aurkeztu izan banintz, ez nuela hainbertzeko atentzioa deituko, baina ni jada ez naiz hori, bertze bide bat hartua dut. Edonola ere, nik uste atentzioa deitzen dudala zapataria naizela erraten dudan aldiro, hori beti. Eskemak hausten ditut, zentzu guztietan, gazte bezala, neska bezala… Galtzen ari den zerbait da eta jendeak ez du ulertzen.   

Talde horretan, ikusi zenuen antzekotasunik beste sortzaileekin?

Harritu nintzen zer punturaino baden nolabaiteko lotura, zuek errandako guztia eta nik bizitzen dudana arras antzekoak dira. Kanpotik nola epaitzen den lana, hor dago desberdintasuna. Ni epaitzen banau norbaitek, bera aterako da kaltetuta. Aldiz, zuen kasuan ez da gauza bera, zuen kasuan epaituak baldin bazarate bezero gutiago izango dituzue, bezero-edo, nire kasuan bezeroak dira, zuen kasuan erosleak edo irakurleak. Ezin da konparatu, baina gauza batzuetan identifikatuta sentitzen nintzen.

Epai txarrak ez dira kalte zuretzat?

Kalte, niretako ere kalte da, baina kontua da lanketa bat egin dudala, ausartzeko eta nire burua onartzeko, eta ohartzen naiz norbaitek ez baldin badu onartzen nire lana edo ni gai naizela lan hori egiteko, bera da kaltetua den bakarra: berak ez baldin badu nahi nik zerbait konpontzea, sortu naizelako hanka tartean potota dudala, bada berak du problema. Erran nahi du, teorian, niregana heldu bada konponketa egin nahi duelako, izango da zera hori maite duela edo bizia luzatu nahi diola, eta ez badu konpontzen, bera da izorratuko dena, niri bost axola, egia errateko, holako bezero bat ez edukitzea nahiago dut edukitzea baino, eta nire ahalduntze prozesu horretan ailegatu naiz nire buruari erratera nahiago dudala 30 bezerotik hamar bezerorekin gelditu eta hamar fundamentuzkoak izan daitezela.

"Atentzioa deitzen dut zapataria naizela esaten dudan aldiro"

Esperientzia txarrik baduzu gogoan?

Berez badut tendentzia holako epaiez paso egiteko, erranen zituzten, baina belarri batetik sartu zaizkit eta bertzetik atera. Gehienbat dendan edo tailerrean berean gertatu zaizkit. Hasmentan izan zen nahikoa egur eman zidan zenbait. Oroitzen naiz, arras esajeratua izan zen, nire aitaren generazioko gizon bat. Nire aita ezaguna da bere belaunaldiko gizonen artean, kamioilaria da eta aste tartez bidaian da. Sartu zen dendara bertze gizon hau eta galde egin zidan aitaz, eta nik, nire inozentzia guztiarekin, erran nion nire aita bidaian zela, ezagutzen bazuen jakingo zuela. “Eta zure senarra?”. Hor ohartu nintzen. Gehiagotan pasatu zait. Gizon horri zehazki, erantzun niolarik ni nintzela negozioa aitzinera zeramana, ez zela inor gehiago, abiatu zen etxera bueltan zapatekin. Pentsatu nuen: Zer gauza erridikulua!

Baten bat itzuli al da?

Bat uste dut baietz, baina memoria txarra dut aurpegiendako eta ez zait anitzetan gertatu hau, hala ere. Gehiago pasatu izan zait bezeroak niri onartzea ez duela nahi emakume batek egitea konponketa, baina, aldi berean, ez denez bertze aukerarik: “Bada egin beharko duzu”, “Noizko eginen duzu? Baina egin ezazu ongi, e? Egin ezazu ongi, ze zuk…”. Holakoak erraten dizkidate, eta ematen du gogoa erantzuteko: “Bada, ez daukat zertan egin”, baina azkenean beraien jokoan erortzea da hori. Beraien problema da, ez da nirea.

Argazkia: Dani Blanco.

Zapata-denda ahalduntzeko bide bat izan da, orduan?

Bai, zapata-denda kristoren ikasketa izan da niretako, kristorena. Zazpi urte eta erdi daramatzat, eta gaur beste ikuspegi batetik solastatu dezaket, aurrez ez nuen ikuspegitik. Iazko negura arte izan ditut nire goitibeherak: oztopo bat, ikasi horri aurre egiten, beste oztopo bat, ikasi aurre egiten… Bizia hola da, baina iazko negua izan zen oztoporik handiena, eta sentitu nuen, hori gainditzen banuen, aski izango zela. Eta sentsazio horrekin nago. Iazko udaberritik honetara sentitzen naiz armonia batean, arras ongi, eta ez da kasualitatea ausartu nintzela Durangon hitza hartzera, orain ausartzen naiz erratera zapataria naizela. Lehen erraten nuen ikasi nuela hau eta bertze, eta azkenean akitu dudala zapatari. Baina orain jada nire burua aurkeztu dezaket horrela.

Egin dezagun atzera. Esan duzu bestelako ikasketak egin zenituela. Nola iritsi zara honaino?

Diseinu grafikoa ikasteko joan nintzen Donostiara, eta hori ikasi eta ondoan hasi nintzen lanean argazki-denda batean, gehienbat muntaketak egiten, photoshop programa erabiltzen… Garbi nuen, aspalditik, argazkilari izan nahi nuela, hori zen nire ametsa, eta hiru urtez dendan lan egin eta ondoan, ikasketak egin nituen Andoainen eta praktikak egin nituen Juantxo Egañarekin. Praktikak egin eta ondoan erran zidaten nahi nindutela hartu, baina ez zutela lan anitzik. Hortik hilabetera atera zitzaien lan bat, eta eman egin zidaten. Bricomanía telebista programan argazkilari. Argazki-kamera sartu zuten lehendabiziko urtea zen, ordura arte bideoa bakarrik egiten zuten.

Zer moduzko esperientzia izan zen?

Urte arras zaila izan zen, pila bat sufritu nuen. Ordura artio enkoadreak egiten bizi nintzen, aldiro ohartzen gauzez eta mezuak ikusten, eta azkeneko urte horretan sufritu nuen hainbertze, hasi bainintzen argazkilaritza nire bizitzatik ateratzen, eman nion baimena nire buruari denbora batez argazkilaritzatik urruntzeko. Akitu nuen programaren denboraldi hura, utzi nuen lana eta Baztanera bueltatu nintzen.  

Eta bertan geratu.

Ordura arte, lehenik aukeratu izan nuen zer lan egin nahi nuen, eta horren arabera non bizi, baina bat-batean egoera horri buelta eman nion, eta aukeratu nuen non bizi nahi nuen, eta ondoren ea zer aukera ziren nire bizia aitzinerat ateratzeko. Hor ere banituen nire dilemak zeren hemen Baztanen bada lanik, baina bertako lan aukerak ez dira gustukoak orokorrean, eta hortaz gehiengoak kanpora jotzen du, beraz bada bizi nahiko esklaboa: lanean zortzi ordu eta autoan joan-etorriak. Nik garbi nuen ez nuela hori nahi. Pentsatu nahi nuen nola lortu bizian aitzinera egitea kotxe gabe, ahal dela bertako produktuekin eta zera horretan guztian, pixka bat anti-sistema, eta ari zarelarik hori dena zure bizian sartu nahian, horrek automatikoki ekartzen du bertze hainbertze gauza ateratzea. Buruari buelta pila bat ematen nizkion, eta pentsatzen nuen ea zer behar nuen Baztanen bizi eta ongi egoteko. Azkenean lortu nuen esaldi bakar batean borobiltzea zer zen minimoa: eskuekin lan egin behar nuen.

Eskuekin.

Bai, ondorio horretara ailegatu nintzen. Irudikatzen nuen nire burua berdin baratze batean edo artisau. Ez nuen zehazki zerbait buruan, baina bai eskuekin izan behar zuela, zeren eskuekin ari naizelarik zerbait egiten, pintatzen, edo dena delakoa, gai naiz hamabi ordu segidan aritzeko, atzentzen zaizkit goseak eta denak, horrek erran nahi du konektatzen dudala nire buruarekin.

Argazkia: Dani Blanco.

2012an jarri zenuen martxan Kixki-Kaxka zapata-denda. Zeintzuk dira negozioaren zailtasunak? Gaur egun, erabili eta bota, hala egiten da gauza askorekin. Horrek nolako eragina du zuen lanean?

Gure sistema ekonomikoan ez du zentzurik holako negozio batek. Ohartzen bazara, sistemak berak nahi duena da jendeak kontsumitzea, eta nire negozioak bulkatzen duena da jendeari kontzientzia sortzea: “Zer erosten duzu?”. Saiatzen naiz erosten duzun horri luzatzen bizia ahal guztiz. Gainera, nire lanaren bertze parte bat anitz gustatzen zaidana da esplikazioak ematea. Heldu zait bezero bat erranez: “Erosi dut eta bi egunetan hondatu zait”. Bada nik esplikatuko diot zertaz hondatu zaion, eta emango dizkiot pistak, nola kontsumitu…

Negu honetan, zer hartu behar genuke kontuan oinetakoak erosteko?

Bada errana: “Pobrearen sosa bi aldiz plazarat”. Oinetakoak erosten ahal direnez 30 eurotan, jendearentzat garestia da 50 edo 70 eurotan erostea, eta 70 euroko oinetako parea txitxifu da. Izan dezake goitiko partea larruzkoa, baina zola izango da zerrikeria, edo zola dezentea badu goitiko partea izango da zerrikeria. Pista on bat da 120tik goitiko oinetakoa izan behar dela, minimo. Nire filosofia muturreraino joateko da agian, baina nik nahiago dut oinetako parea erosi 170 eurokoa eta ikusiko nauzu 10-15 urtez oinetako horiekin. Nire asmoa hori da, nik ere badudalako kontzientzia ahal bezain eta zabor gutiena sortzeko, aspalditik heldu zaidana eta ohartzen naiz orain hasi dela jendea horretaz gehiago kontzientziatzen. Denbora batez, filosofia baten arabera kontsumitzen zen eta nik uste dut berriki arte Baztanen iraun duela, baina bat-batean gainbehera egin du. Oraingo gaztetxoek ez dakite zer den kalitatea, ez dute bereizten.

Zer-nolako bezeroak dituzu?

Heldu diren gehienak amak dira, eta 60 urtetik goitikoak, baina ez du erran nahi baitezpada bere gauzekin heldu direnik, gehienetan ez. Ama etortzen zait bere seme edo alabaren, edo senarraren, edo bere seme-alaben lankideen gauza batekin. Pentsa noraino joaten diren mandatuak. Iduriz, amen denborak eta gainontzekoenak ez du balio bera. Adinaren eta gauzen aldetik, konpontzen dut edozeinen edozer gauza.

Eta nolako lanak egiten dituzu?

Zaila egiten zait esplikatzea. Jendeak irudikatzen du hautsitako oinetakoa konpontzen dudala, baina larruarekin lan egiten dudanez eta baditudanez horrenbertze erreminta, nire lanak ez du mugarik. Gaur bera, etorri da gizon bat ibiltzen duena halako bixera bat belarriak tapatzeko hegalekin. Erran dit haizeak goratzen diola eta hotza pasatzen duela, eta egin diot hori lotzeko uhal bat, bere neurrira.

Baduzu gogoan enkargu berezirik?

Anitz hunkigarriak izan dira. Zapata-dendan nagoelarik, transformatzen naiz. Oso ongi sentitzen naiz nire buruarekin, nire munduan nagoela sentitzen dut. Bezero batzuei gustatzen zaie nola tratatu ditudan, bertze batzuei, errate batera, zer lan egin dudan. Bertze batzuek oparia egin didate edo aterarazi naute mostradorearen gibeletik besarkatzeko, esker mila errateko. Orain lan arras berezia ari naiz egiten, freskoa.

Zergatik?

Adineko gizon bat da, ezindua. 20 urterekin gaixotu zen, karroxirrikan akitu zuen nahiko fite, eta gaur egun bi zangoak arrunt deformatuta ditu. Ez dira simetrikoak, ezta gutxiago ere, eta ezinezkoa du oinetako batzuk harrapatzea, eta ibiltzen da ahal duen maneran. Iaz egin nizkion hainbertze konponketa, ohartu nintzen egiaz konponketa horiek ez zutela inora eramaten, aurrez egindako oinetako bat moldatuta ez niola soluzionatuko problema, beti min hartzen zuela, eta momentu batean erran nion: “Ez zen hobe izango zure neurrira egitea oinetakoak?”. Solas egiten duenean nik ez diot ongi entenditzen, baina ireki zituen begiak manera batean eta jarri zuen espresio bat, erran nuen: ufa! Iragan uda honetan sandaliak egin nizkion eta beretako bizi honetan pasa zaion gauza hoberena izan da. Duela bi aste etorri ziren erranez orain sandaliek ez dutela balio, hotza pasatzen duelako, eta egingo al nizkion zapatak. Orain horretan ari naiz. Arras konkretua da, baina oso polita. Gizon honek idazten du, eta ipuin labur bat dela medio saritu behar dute Iruñeko Kondestablen heldu den hemeretzian [2019ko abenduan egin genuen elkarrizketa], eta bere ametsa da harat joatea zapata berriekin.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Denda txikiak  |  Feminismoa  |  Generoa  |  Elizondo

Denda txikiak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2020ko urtarrilaren 19a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude