Lilura askatzailea amesgaizto bihurtu da

  • 1994 da, ba ei datorren internet delako horri buruz erreportajea idatzi dut. Julio Verneren hamaikagarren tramankuluaz ariko banintz moduan-edo. Sareen sarea jadanik abiatu da gizarte zabalera, apal oraindik. Gutxik irudika dezake ekarriko duen iraultza. Ezagutzen dugun modem-a eta gero eta gehiago barreiatzen ari den CD-ROMaren hurrengo harmaila ote da? Nekez imajina dezakegu gainera datorkiguna, baina interneteko leihoa ireki ahala, mundua gero eta ageriago dago, inoiz ez moduan, handik nahi duguna jaso edo hara nahi duguna barreiatzeko. Inoiz ez dugu izan hainbeste informazio eskura.

     

Ezkerretik eskuinera, Gorka Julio, Ramón Zallo eta Iratxe Esnaola. (Arg.: Dani Blanco)
Ezkerretik eskuinera, Gorka Julio, Ramón Zallo eta Iratxe Esnaola. (Arg.: Dani Blanco)

Urliarentzat aukera bikaina zen, Sandiarentzat mehatxu arriskugarria.  Urteak baino hilabeteak nahikoa izan ziren e-postak eta webguneak lehen urratsetan enpresetan eta erredakzioetan sar zitezen, eta berehalakoan etxeetan saldoka.    Hamarkada batzuk nahiko izan dira iraultza digitala gure bizitzen azken zirrikituraino sar dadin, hastapeneko lilura askatzaile hura, sarri amesgaizto bilakatzeraino ere bai. Ibilbide hori hainbat modutan bizi izan duten hiru pertsonarekin aztertu ditugu 30 urte hauetako argi-ilunak: Iratxe Esnaola, Ramón Zallo eta Gorka Julio.

Hastapen hartan dena zen lilura, aukera eta ilusio, eta internet berehala lotu zen askatasun gehiagorekin, demokrazian sakontzearekin, ezagutza partekatzearekin… Urteek aurrera egin ahala agertu dira mehatxuak. Zein neurritan izan da horrela?

GORKA JULIO. Bai, askori gertatu zaigu hori, hasierako lilura hori orain mehatxua da. Hasieratik egitura deszentralizatuarekin jaio zen eta hastapeneko bere eremu militarrean argi ikusi zen komunikazioan edo eraso batean hobeto eusteko zuen gaitasuna. Horren harira hasi zen hitz egiten Herri Globalari buruz eta, gainera, AEBetan mugimendu sozial alternatiboek ere haizea eman zioten izpiritu horri. Horrekin batera, nahiko azkar garatu zen puntu.com-en jarioa ere, kapitalismoak fenomeno berriari etekina ateratzeko ahalegina, baina honek porrot egin zuen.

Porrot horren ondoren, berpiztu egin zen internetek komunikaziorako zuen ahalmena, Indymedia, blogen mundua, Web 2.0 kontzeptua sortu zen gero... eta ondoren, berriz ere heldu zen birzentralizazio prozesu bat. Horretan gaude orain. Google, Facebook, Amazon (eta beren bikiak Errusian eta Txinan) eta hauek zerbitzu zentralizatuak eskaintzen dituzte berriz ere, eta horren ondorioz, hasieran ustez askatasunerako eta eskubideen bermerako izan zitekeen espazio hura galtzen ari da.

RAMON ZALLO. Ados nago perspektiba orokor horrekin. Internetek ekarri zuen ordura arteko kultura eta komunikazioaren industria tradizionalarekiko apurketa handia. Interneten erabiltzaileak parte hartzen du, zeresana du, beste erabiltzaile batzuekin konektatzen da hedabideen beharrik gabe, komunikazioak seinale bakarrean digitaliza dezake, etxetik bertatik zuzenean kudea daitezke milaka orri beste hedabideen bitartekaritzarik gabe… Horren guztiaren ondorioz, teknologia zuzenean dago erabiltzailearen esku, kapitalaren jabegopean bakarrik egon beharrean. Ziber-esfera horretan, gainera, teknologia merkea da eta ezagutza doan da edonorentzat.

Non hasten dira arazoak? Kapitalak ez duenean bilatzen nola atera etekina interneti. Lehenbizi hasi ziren haserretzen asko jabego intelektualaren jabeak, eta ekin zioten erregulazio sistemak presionatzeari, jabego intelektuala aro digitalaren aurreko arauetara makurtzeko. Gero komunikabide handiak haserretu ziren, internet beren edukiaz jabetzen zela salatuz. Eta horien ondorioz, merkatua gero eta indar handiagoz hasi zen arautzen internet mundua. Hor gaude gaur egun eta hori gertatzen den bitartean, sarearen komunikazio horizontalak dagoeneko ez dira nagusi. Joera nagusia orain kapitalismo kognitiboarena da, sareen bidez herritarrengandik jasotzen dituen datuak gizartearen kontrolerako erabiliko dituena; bestela, teknologiaren jabetza duen gizarte horrek eskuetatik ihes egin diezaiokeelako.

IRATXE ESNAOLA. Ados nago esandako guztiarekin. Niretzat internet bete ez den amets hori da. Internetek ekar zezakeen horretan guztian demokratizazio prozesu batean sakondu zitekeen, baina merkatuaren logika gailendu zaio demokraziaren logikari. 2007-2008tik aurrera oso garbi ikusi zen hori eta erabiltzaileen arteko elkarlana txikitzen hasi zen, energia hura sare sozialetara edo beste esparru batzuetara bideratuz. Horregatik, internet ez da izan zitekeena, eta dagoeneko ez da izango.

Sar gaitezen sakonago interneteko alde ilunean.

I. ESNAOLA. Internet gero eta inteligenteago eta zelatariagoa da. Horiek dira bere alde ilunenak. Teknikoki deszentralizatua izan arren, ekonomia gero eta zentralizatuagoa bultzatzen du; gero eta monopolistikoagoa eta kontrolatuagoa da. Aldi berean, norbanakoaren ikuspegia indartu du gizartean eta, beraz, interneten ekarpen sozial eta ekonomikoa nahiko negatiboa da.

G. JULIO. Ni ez naiz horren negatiboa izango. Asko gustatu zait Iratxek esan duen “bete gabeko amets” hori, eta gainera, amesgaizto bilakatu da, baina hasierako potentzialitatea hor dago eta, errealista izanda ere, ez dut guztiz galdutzat eman nahi. Oraingoz behintzat, jarraitzen du sare banatua izaten, baina egia da, erabiltzaile gehienak puntu zehatz batzuetatik pasarazten dira, funtsean haiek kontrolatzeko. Merkeagoa da puntu horietatik pasatzea, eta hori ez da kasualitatea, hori bilatzen dute.
Gaur egun bi ikuspegi daude etorkizuneko internet hori irudikatzeko, baina biak distopikoak dira. Tekno-irtenbidearena da bat, zeinaren arabera, teknologiaren bidez dena konpon daitekeen; gainera, desarrollismoan sakontzea proposatzen du. Bestea tekno-autoritarismoa da, tekno-faxismoa, historian lehen aldiz posible dena. Hau da, milaka pertsonen bizitza bulego batetik bideratzea ia-ia posible da.

Oso interesgarria iruditzen zait plataforma kapitalismoa deitu den honi aurre egiteko Nick Srnicek idatzitako Asmatu Etorkizuna liburua. Gakoa hor dagoela uste dut, amets hori gauzatzean jarri behar da indarra, teknologiaren erabilera batzuk, sistemaren eskasia artifizialaren aurrean, oparotasun logikatik jar daitezke martxan; ez dut dena galdutzat eman nahi.

R. ZALLO. Interneteko aro ilunaren garaian gaude bete-betean, baina ez dut uste plataformei aurre egiteko teknologien ahalduntzearen potentzialitatea ezabatuta dagoenik. Hemen agindu zizkiguten balio batzuk, eta argi-ilun bilakatu dira. Esan ziguten erabiltzailea izango zela erdigunean eta ez da egia, baina aro analogikoan baino hobeto gaude, guk ere kudeatu dezakegulako informazioa eta kultura, besteak beste, munduko edozeinekin komunikatuz. Potentzialitatea hor dago. Esan ziguten erabiltzaileen arteko interakziotik gizarteratze modu berri eta aberasgarriagoa eratuko zela, ezagutzaren gizartean sakonduz, baina ez da hori gertatu, post-egiaren aroan gaude, diskurtso samurren garaian. 2000ko hamarkadako lehen urteetan plataforma batzuk eta erabiltzaileen arteko aliantzak eman ziren, araudi murriztailean eta komunikabide handien aurrean batu ziren. Baina hori aldatu da, enpresa teknologiko handiak dagoeneko iritsi dira akordio batera komunikabide handiekin? Zein da? Teknologia emaileek onartzen dute eduki hornitzaileak hedabideak direla eta hauek ordaintzen dute teknologikoek egiten duten bitartekaritza lana. Teknologia enpresa hauek lotuta dituzte erabiltzaileak; Facebook-en dagoen norbaitek ezin du bere eduki guztiarekin alde egin, han du lotuta dena, astoa katera nola.

Horrez gain, kapitalaren munduak ondo ikusten du pilatutako datu-base horiek etorkizuneko balio iturriak izatea. Datu horien bidez gu gardenak gara, baina haiek ilunak dira horien erabilerarekiko, eta gaur egun ez dago hori arautuko duen sistemarik; besteak beste, erabiltzen dira gu publizitatez bonbardatzeko edo aitatxo-estatuak guri buruzko datuak bil ditzan. Horren ondorioz, autoritarismo digitaletik gero eta gertuago gaude.

 

 

Ezagutzaren pilaketa izan daiteke txanponaren beste aldea. Sareak inoizko ezagutza mailarik handiena jarri du herritarren eskuetan. Hori, potentzialki, oso subertsiboa ere bada. Paul Mason kazetari eta idazlearentzat, adibidez, kapitalismoa bera gainditzeko bidea ere izan daiteke. Bere esanetan, sarean elkarlanean erabiltzen den teknologiatik dagoeneko sortzen dira ondasunak eta zerbitzuak, baina hauek bakarrik dira baliagarriak baldin eta elkar banatzen badira “eta horrek definitzen du merkatu sistematik ateratzeko ibilbidea”.

G. JULIO. Hori posible da, baina gutxienez baldintza bat behar du, molde horretatik sortutakoak ezin duela jabetza pribatu bilakatu. Molde horretan ekoiztutakoa komunen eremuan geratzen bada –publikoaren kontzeptutik harago joanez– eta eremu pribatua gainditu, hori gerta liteke. Autore batzuk aurreikusten ari dira eredu honetan oinarritutako produkzio molde berriak. Ezagutza eta produktuez gainezka leudekeen biltegi libreak egongo lirateke, eta horietatik abiatuta nahi dena sortzeko aukerak. Hor da, adibidez, Open Source Ecology, non herri batek edo zibilizazio batek behar dituen tresna guztiak dituen, edonoren eskura: planoak etxeak egiteko, makinak, traktoreak… edozer. Interneten badira orain software librea edo Wikipedia gisako guneak, sistema gainditzeko tresnak izan daitezkeenak, baina elkarlanak bakarrik ez du hori ekartzen, horretarako ezinbestean jabego pribatutik haragoko jabegoetara jo behar da.

R. ZALLO. Ni zakur zaharra naiz dagoeneko eta maila horretan ezkorragoa naiz. Kapitalismoa etengabe eraldatzen da eta bere espazioak zabalduz doaz. Orain kapitalismo kognitiboaren garaian gaude. Adibidez, orain arte oso gaitza zen aktibo ukiezinak jabegoaren legera ekartzea, baina kapitalismoak lortu du hori ere: patenteen bidez, “I+G”-ekin edo erabiltzaileek lehen pirateatzen zituzten edukiak orain Netflixi ordainduz. Hau da, edukien jabegoa gero eta gehiago alokatu egiten da, ez duzu erosten baina erabili bai, merke ateratzen zaizulako. Edukien jabegoa kontrolatzen ari dira, eta hainbat modutan, irauteko ezinbestekoa zaien errentagarritasuna ere topatu dute.

Horrek ez du esan nahi erabiltzaileak ez direla elkartu behar irtenbide kolaboratiboen bila. Ate hori irekita dago eta gainera aro analogikoan baino gehiago. Baina kapitalismoak pilak jarri ditu mundu inmateriala kudeatu ahal izateko, gainera etekinak sortuta. Orain arte ez zuen hori lortzen eta orain monopolioen bidez lortzen du, eta gainera hauek ez dute uzten beren eremuetan lehiakiderik sortzen, erosten dituzte eta kito. Esparru honetan, beraz, ezinbestean sartu behar da araugilea, hau da, erakundeak, bai enpresak zatituz edo isunak jarriz. Pertsonek egin dezaketenaz gain, legeak egin beharreko lana ere oso garrantzitsua da.

I. ESNAOLA. Nire hausnarketa gehiago da kohesio sozialari eta ezagutzaren zabalkundean ematen diren desberdintasunei buruzkoa, planetaren erdia internetera konektatu gabe dagoenez, ezagutza horretatik kanpo dagoelako. Internetek izango du oraindik aldaketarako potentzialitatea, baina gaur gaurkoz, informazioaren eta ezagutzaren gizartearen helbururik garrantzitsuena ezagutzaren demokratizazioa da.

Euskal Herri bezala, erronka handiak ditugu norabide horretan eta uste dut alfabetizazio digitala oso lotua dagoela interneten penetrazioari eta egiazko ezagutzaren gizarteari.

R. ZALLO. Hau guzti hau, gainera, asko korapilatuko da inteligentzia artifizialarekin eta egoerak, konpontzera beharrean okertzera egingo du, teknologiaren alor hori ez baita samur sozializatuko. Erabiltzaileak salduta geratuko gara horren aurrean.
  Informazioaren mundura zehatzago jaitsiz, hastapenetan hedabide txikiok ere handien mailara hurbiltzeko aukera izan genuen internetekin. Orduan irabazitako horizontalitate maila galduta dago gaur egun edo geratzen da arrastorik oraindik?

R. ZALLO. Hedabide handiek krisia bizi izan dute, internetekin informazioa sarean doan zegoelako eta erabiltzailea ez zegoelako prest berau ordaintzeko. Eta krisi zirrikitu horretatik sartu ziren komunikabide txikiak, horietako batzuk handiek egindako kaleratzeetatik sortuak eta oso kazetaritza ona eginez. Handien erreakzioa zera izan da, kapital finantzariari sarrera ematea beren administrazio kontseiluetan, eta horrela honek zuzenean kontrolatzen du informazioa. Bestetik, medio handiak eta enpresa teknologiko handien aliantza ere norabide horretan doa. Bitartean, medio txikiek bizirik diraute eta erabiltzaile askok badute non aurkitu nahi duten informazioa; baina medio hauek hainbat esparrutatik kanpo daude oraindik, telebistatik kanpo edo amateurismotik harago geratzen diren edizio sistemetatik kanpo, serieak eta gisako produkzioen ekoizpenetik at.

G. JULIO. Hedabideen krisiaren hasieran blogen eztanda izan zen, batzuk kazetaritzarekin lotuak eta gehienak ez. Prentsa mehatxatua sentitu zen eduki sorrera horrekin, eta blogak zokoratuak gelditu ziren. Hortik sare sozialetara iragan gara, baina hauetan hedabide berriek eta lehengo zaharrek berriz ere egiten dute bitartekari lana, euren agenda informatiboa indartuz. Euskal Herrian modu berezian erantzun zaio krisiari, eta herritarren ekarpena oso garrantzitsua izan da egoera berriari eusteko, Berria-ren kasuan bezala, edo komunitate sortzaile den ARGIArenean bezala. Gabeziak ere baditugu, horien artean da euskal agenda informatiboa, edo gure oihartzuna gehiago zabaltzeko elkarlanerako diren zailtasunak… Lander Arbelaitzek informazio burujabetzaz hitz egin du ARGIAn eta uste dut komeni dela kontzeptu horretan sakontzea guk geure informazioa hemendik kontrolatzeko.

R. ZALLO. Agenda informatiboari dagokionez, estatutik eta beste ubide handietatik datozkigun horien oso menpe gaude. Badugu baita ere gurea sortzeko ahalmen maila bat, baina ez gara horrekin bakarrik geratzen eta estatutik datorren horretan ere parte hartzen dugu. Telebista eta irratiaren munduan aspaldi geratu gara oso txiki, kanpotik datorkigun uholde horren aurrean eta prentsan eusten diogu apur bat, baina kanpoko agentziak samur sartzen dira beren ohiko kanaletatik.

Iratxe, Puntu.Eus dela eta zu asko ibili zara euskal komunitatean. Nola ikusten duzu berau interneten?

I. ESNAOLA. Uste dut erronka itzelak ditugula, baina gure ahalmena kontuan hartuta nahiko ongi erantzuten ari gara. Adibidez, bilaketak egiten baditugu euskaraz, ez da erraza bilatzen dugun hori topatzea, eta horregatik, oro har, gutxi bilatzen dugu euskaraz. Beraz, horra hor erronka handi bat: euskara interneten erabilgarri izatea. Baina orain arte ongi erantzun dugu eta aurrera begira ere alor horretan baikorra naiz.

G. JULIO. Wikipedian adibidez, oso ongi posizionatuak gaude, gure tamaina zein den kontuan hartuta. Hizkuntza lantzen duten zenbait tresnari begira ere bai: aztertzaile morfologikoak, itzultzaileak… horietan ere nahiko ongi gaude. Baina euskarazko eduki kopuruei begiratzen badiegu, hor arrisku taldean gaude. Uste dut egun egiten duguna bider hamar biderkatu behar dugula eduki mailan. Orain humanismo digitala deitzen den hori ongi aztertu behar dugu, guk geuk behar ditugun neurriak har ditzagun; guk egiten ez badugu beste norbaitek egingo du gure ordez.

R. ZALLO. Nik ere uste dut euskal komunitateak hasieran indarrez heldu ziola interneteko erronkari eta horrek posizio on batera eraman gaituela. Euskaraz eta gaztelaniaz ongi moldatzen den jendea aritu da hor, jende kultua, harreman sozial bat sortzeko, komunitate bat eratzeko eta belaunaldi oso batean kontzientzia eragiteko gai izan dena. Jakina, mundua orain bultzaka dator, baina gutxienez guk orain arteko espazio hori antolatua dugu.

Internet aroa telebistarena ere bada, irratia, datu-baseak, 5G… horri guztiari begiratuta, atzean geratzen ari gara, batez ere estatua duten beste gizarte batzuekin konparatzen bagara. Ez dakit noizbait izango dugun estaturik, baina faltan botatzen dut dugunarekin estatu gisa gehiago ez aritzea. Begiratu zer gertatu den Euskaltelekin, pribatizatu zen eta, beraz, geratu gara esperimentazio teknologikorako lehen mailakoa den tresna teknologiko hori gabe. Jaurlaritzak honekin egin zuena barkaezina da, salbu eta orain erreskatatzen ez badu, baina ez dut uste egingo duenik.

G. JULIO. Orain Euskaltel eskuratu duten funtsei gure komunitatea bost axola zaie. Galera itzela izan da, eta era batera edo bestera, hori konpondu beharko litzateke. Ez dut ikusten jende asko gauza hauekin kezkatuta. Katalanek duten puntu neutro moduko bat edukitzeko ideia ere egon zen, baina ez zen mantentzea lortu, eta orain edo katalanen nodotik ateratzen gara sarera edo Microsoftek eta hauek Atlantikoa zeharkatzeko jarri dituzten kableetatik.

R. ZALLO. Eusko Jaurlaritzaren politika komunikatiboaren utzikeria aspaldikoa da. Ez dugu ikus-entzuneko komunikazioaren legerik, 1983tik EITBren erreformarik gabe gaude, ez ditugu tokiko telebistak kudeatu, ez ditugu multiplex berriak eskatu Nafarroarekin partekatzeko… Eta utzi dugu eraman dezaten gure bitxirik handiena, Euskaltel. Politika neoliberal hutsa egin da. Ez dago estrategia kultural orokorrik, ezta planik ere, eta egoera horretan, merkatuak arautzen du eta Jaurlaritzak lagundu egiten du. Katalunian aspaldi eutsi diote debate honi. Julio, lehen informazio burujabetza aipatu duzu, baina horretarako ezinbestekoa da teknologia burujabetza eta hemengo erakundeetan eztabaida hori ez dago.

I. ESNAOLA. Estrategia digitala ezinbestean egon behar da herri baten lehentasunetan. Gaur egun akats handia da ez izatea bakarrik horretan pentsatzen ari diren agintariak. Bai, Hezkuntza Sailean hitz egiten da horretaz, edo besteetan ere bai, baina era globalean pentsatuta ez. Gizarte gisa digitalki non egon nahi dugun eztabaidatu behar dugu, baina erakundeetan halakorik ez egitea oso larria iruditzen zait. Horretan ez gara banguardistak izan. Teknologiak egon beharko luke herri baten garapen ekonomiko eta sozialaren alde, baina gure kasuan ez dago.

G. JULIO. Ez dago estrategia digitalarekiko lerro argi bat, baina txarrena da ez dugula espero. Gauza asko eskatuko nituzke: dagoeneko lanean ari direnei baliabideak eta aitortza eskaintzea, konektibitate maila bera lurralde guztietan, guzti hau bideratzeko marko juridiko egoki bat, korporazio handien aurrean defentsa lerroa eraikitzea… Microsoft eta Google modu basatian hasi dira sartzen gure hezkuntza sisteman, eta inork ez dio galgarik jartzen horri, guztiz kontrakoa.

I. ESNAOLA. Danimarkak badu enbaxada digitala korporazio handi hauekiko harremanak bideratzeko.

R. ZALLO. Hemen bada arazo handi bat gauzak ondo egiteko: ez dugu eskumenik telekomunikazio politikan, estatuarenak dira. Telefono operadoreak izaten utzi zizkiguten eta hortik sortu zen Euskaltel. Estatus berriaren eskumenetan izango da telekomunikazioarena? Ez al da izango estatuak ezabatuko duen lehena? Estatuak ez du halako baliabide estrategikorik utzi nahi eta hori klabea da edozelako burujabetza teknologiko aurrera eramateko. Gauza asko egin daitezke, baina lehenbizi orain egiten ari garena moduko eztabaida sozial handia beharko genuke, euskal kultura edo gure herrian atzera-aurrera ibiliko diren edukiak jokoan ditugulako.

Gaur egun hain garrantzi handia duten sare sozialez ere jardun nahiko nuke apur bat. Ramón, Donald Trump AEBetako lehendakariak sare sozialekin egin duen erabilera ikusita zera diozu zure lan batean: “Erabilera hori postdemokrazia eta basakeria digitalaren aroaren iragarpena da”. Zergatik?

R. ZALLO. Trumpek gobernatzeko erabiltzen ditu sare sozialak, egin behar duena sareetan iragartzen du, bere gobernuaren jarduna konprometituz, demokraziaren arauei muzin eginez eta mundu mailako agenda markatuz. Globalizazioaz baliatzen da sare sozialen bidez bere mezuak munduratzeko, baina munduaren onerako baino, bere herrialdea klabe nazionalistan babesteko. Trumpek erakusten du nola kontrola daitekeen pentsamendua botereak ematen duen karismatik; hau da, aro digitalean sor daitezkeen lidergo suntsitzaileen ereduetako bat da Trump.

I. ESNAOLA. Kontuan hartu beharko liratekeen ezaugarri positibo asko dituzte sare sozialek, baina ez dira horiek azaleratzen ari direnak. Egiten ari diren ikerketen arabera, ez dituzte pertsonen arteko harremanak hobetzen, enpatiarako ahalmena gutxitzen dute, nerabeen arteko aurrez aurreko harremanak oztopatzen dituzte… Izugarri azkarra izan da dena, eta ez dugu astirik ere izan haien erabileraz lasai hausnartzeko, eta nerabeak asko ari dira sufritzen hausnarketa eza horrekin. Ez dut esaten ez direnik erabili behar, baina ez dira ari laguntzen pertsonen arteko harremanak hobetzen.

G. JULIO. Sare sozial zentralizatuekin lortzen dute biztanlego esparru zabalen kontrol handia, baina gainera modu segmentatuan, publiko zehatzen gustuak ezagutuz eta abar. Hori oso zaila da eta inoiz ez da halakorik gertatu. Hau maltzurra da. Horrez gain, ingeniaritzaren bidez aplikazio hauekiko menpekotasuna bultzatzen ari dira. Adibidez, eta hau oso neurtua dago, loaren denbora kentzen digute; edo sarearen barruan ari garenean badugu halako zoriontasun sentipena, baina denborarekin badoa desagertuz eta gaizki sentitzen gara, drogazalearen antzera, droga sartu bai baina badaki gaizki egiten ari dela eta ez duela gozatzen. Sare sozialetan lotura ahulak sortzen dira, baina hainbat esparrutan horrela hasten zara eta gero horrek eramaten zaitu harreman sendoago batera beste eremu batean, eta batzuetan aurrez aurre. Alde hori bai interesatzen zait.

R. ZALLO. Sare sozialekin pentsamendu abstraktua diluitzen ari da eta pentsamendua sentsorialagoa da. Bai, elkarrizketa areagotzen du, baina azkenean antzeko pentsamendua duten tribuak sortzen dira, beraz, berdintsuekin ari gara. Niri gehien kezkatzen nauena, hala ere, pentsamendu kritikoaren eta testuinguruaren galera da. Pentsamendu zakarrena nagusitzen da sareetan, eztabaida eta ñabardura galtzen dira, eta “atsegin dut edo ez” kultura nagusitzen da.

GAFAM delakoa (Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft) hor dago. Eta haiekin batera Netflix, Uber, Airbnb, Glovo… Plataforma kapitalismoa deitzen zaie eta kontrola eta zapalketa izugarri handitzen ari dira. Nola ikusten dituzue?

I. ESNAOLA. Esan dugu internet deszentralizatua zela, ez zuela nukleorik… baina bere inguruan egituratu den ekonomia guztiz zentralizatua da, kontrolatua eta monopolistikoa. Irabazle bakarraren ekonomia da, txikiek ez dute lekurik. Silicon Valley da kapitalismo honen palanka eta, bertan gizon aberats eta zuriek, arrisku kapitalaren laguntzarekin, irabazle bakar horren ideian sakontzen dute. Suntsiketa sorkuntza ere deitu izan zaio jarduera honi: araututako sektore batean ekin, legez kanpoko edo arautu gabeko eremuan aritu eta bertan nagusitu.

Kapitalismoa berregiteko eta indartzeko modu bat da hau eta nire galdera zera da: zein baldintzatan? Amazonek oso enplegu gutxi sortzen du eta, adibidez, 2012an AEBetan 27.000 lanpostu suntsitu zituen. Enplegu gutxi sortzen dute eta, gainera, interneten egituratuta, lan-harremanei dagokienez egituratu gabeko eremu bat eratzen dute. Horrez gain, enpleguak oso prekarioak dira eta prekarietate horrek betirako joera du. Airbnb, Uber eta gisakoak kontrolatzeko araudi zorrotza sortu beharko da.

G. JULIO. Bi alor bereizten ditut. Batetik, Airbnb, Glovo eta hauek daude. Nire ustez eremu honetan oso serio jarri behar dugu eta diharduten esparruak arautu ahala desagertuz joango dira. Beste gauza bat dira Google, Amazon, Netflix eta horiek, hauen paradigmak gehiago iraungo du; eta noski, bi paradigmen aurkakoa da borroka. Neoliberalismoaren beste estutze bat da eta oinarri bera dute: bat, arautuak dauden esparruak kontsentsu sozialak eta eskubideak apurtuz berrarautzeko ahalegina; bi, diru publikoak ezagutzaren alorrean urteetan egindako inbertsio erraldoiez baliatzen dira; eta hiru, zerga iruzurrean oinarritzen dira.

R. ZALLO. Plataforma kapitalismoa, kapitalismo kognitiboaren barruan kokatzen dut nik, informazioan, ezagutzan eta ukiezinen kudeaketan oinarritzen dena. Eta kapitalismoak bizi dituen aldaketa hauen guztien atzean, kapitalismo finantzarioa dago, hari guztiak mugitzen. Frankenstein moduko batzuk sortzen ari dira neoliberalismo honetan, esparru estrategiko guztiak bakarka kontrolatzen dituztenak, beti ere informazioan oinarrituta eta informazioa baliabide hiper-estragetikoa eginez. Baina hori guztia, aldi berean, merkatuaren suntsitzea da.

Horregatik, ezinbestekoa da estatuak, arau jartzaileak, esku hartzea eta egoera bideratzea. Eragile bakarrak lehiakideak suntsitzen baditu eta berrikuntza kontrolatzen badu, berrikuntzaren ahalmena suntsituko du. Europar Batasuna orain arte isun batzuk jartzera mugatu da ia, bitartean enpresa erraldoi horiek merkatu esparru bat berenganatu dute eta ea orain nork kentzen dizkien eurenganatu dituzten patenteak.

Bada ordua, beraz, instituzioak serio mugi daitezen. Udalek, adibidez, egin dezakete lana hainbat eremutan. Ez nago ziur zein den legezko egoera, baina udalek izan ditzakete sareak –batzuk izan dituzte– eta zerbitzuak eskaini. Elektrizitatearen eremuan bezala, baina interneten, horrela hainbat zerbitzu asko merkatuko lirateke. Gobernuek lagundu beharko lituzkete prozesu hauek, eta horretan teknologikoki jantziak diren hainbat triburen laguntza ere izango lukete.

Munduko sektore askok eman nahi diote zentzu komunitarioa interneti. Kooperatibismo plataforma kontrajartzen zaio kapitalismo plataformari. Elkarlanerako errealitate hauek behar adinako indarrarekin ari dira garatzen? Julio zuk, adibidez, Guifi.net-i buruz hitz egin izan duzu.

G. JULIO. Badira hainbat ideia eta molde “monstruoari” aurre egiteko. Nik faltan botatzen ditut liberalismotik haragoko analisiak, alternatibaren ikuspegitik egindakoak. Guifi.net hor dago. Hau ez da perfektua, baina erakusten du denok parte har dezakegula askeak eta neutralak diren lizentzia eta sare komunen sorreran. Modu askotan egin daitezke sare hauek, esate batera, udal ordenantzen bidez. Azkenean, plataforma kooperatibismoaren bidez edota beste eredu kooperatiboen bidez, jaso ditzakegu gaur egungo zerbitzuak, baina beste ikusmolde batetik eskainiak. Airbnb-ren antzekoa ere badago: Fairbnb. Glovoren esparruan Mensacas dago Katalunian eta La Pájara Madrilen, azken hauek, Coopcycle frantziarrak sortutako teknologia librea erabiltzen ari direna. Beste eremu askotan ere berdintsu egin liteke, baina alor hau bultzatzeko ezinbestekoa da esparru publikoen, kooperatiboen eta komunitarioen elkarlana. Uste dut apurtu behar dela publiko-pribatu ikuspegia eta indartu publiko-kooperatibo-komunitarioa. Horrek publikoaren indartzea, kooperatiboaren sustatzea eta komunitarioaren egituratzea eskatzen du; eremu pribatu hertsiaren botere galera edo zokoratze batekin batera.

R. ZALLO. Ados nago horretan Juliorekin. Burujabetzaren ikuspegitik hainbat alor bultza daitezke gizarte zibil autoeratua indartzeko, besteak beste burujabetza teknologikoa. Esparru publikotik hainbatetan entzuten dugu ez dela “esparru publikoa gehiago gizendu behar”, baina orduan bultza dezatela zentzu hertsian pribatua ez den mundu hori guztia, auzolana bultzatzen duen gizarte hori.

Horrez gain, gobernuen estrategietan RIS3en [Ikerketa eta Berrikuntza + Estrategia, inteligentzia eta espezializazioa, ingelesetik euskaratua] estrategia bultzatzen ari dira, baina horietan komunikazioa eta digitala den guztia aparteko atal batean agertzen da, ez dago RIS3-en zentroan, eta gaur egun denok dakigu horrek duen garrantzi estrategikoaz. Ohiko enpresa eremura ari da bideratzen hau guztia, eta bada ordua, ezagutza hori guztia gizarte osora sozializatzeko; areago gaur egungo gizarteak esparru hori inoiz baino gehiago ulertzen duenean.

G. JULIO. Euskal Herriari begira RIS3en drama da Euskal Herria zatitua dugula: EAE, Nafarroa eta Iparraldea. Ni nahiko kritikoa naiz RIS3ekin: ez naiz orain gai horretan sartuko, baina kontua da Euskal Herri osorako RIS3rik ez izateaz gain, lurraldeen arteko lehian sakontzen duen eredua dela, tokiko garapen ahalduntzaile batean sakondu baino.

R. ZALLO. Bai, jakina, estaturik ere ez dugu, baina hori da errealitatea eta hortik abiatu behar dugu egoera aldatzeko. RIS3en kasuan bultza daiteke Euskal Herriko komunitatea, baina erakundeen borondatea behar da horretarako, gaur egun duguna baino askoz handiagoa, adibidez, hiru erkidegoen elkarlanerako organo bateratu bat. Bada eremu bat hiru erkidegoen artean aurrera egiteko, baina sinetsi behar dugu.

Elkarlana, komunitatea, auzolana… Edukiei dagokionez, hori da eduki libreen filosofia, Creative Commons lizentziak eta abar. Uste duzue behar bezala ari garela baliatzen tresna hauek Euskal Herria eta euskaldunon komunitatea indartzeko?  

I. ESNAOLA. Publikoak diren eduki asko, telebistarenak adibidez, edo diru-laguntzekin ateratzen diren eduki asko ez dira publikoak oraindik. Eta instituzio publikoek ere ez dituzte erabiltzen copyleft edo eduki libreko bestelako lizentziak. Urruti geratzen den eztabaida da, baina estrategia digitalaren barruan ezinbestez egin beharrekoa.

G. JULIO. Erakunde publikoetatik –edo berdin esparru militantetatik– bultzatutako politiken ondorioz sortzen diren edukiek guztion onurarako beharko lukete. Adibidez, akats handia da bost urte pasatu ondoren, diru-laguntza publikoekin sortutako liburua ez egotea interneten edonoren erabilerarako. Wikipedia oso ona da, besteak beste lizentzia libreak erabiltzen dituzten iturrietatik edaten duelako, besteak beste hedabideetatik. Ongi da lizentzia libreak izatea, baina gainera, sinetsi behar dugu hauetan eta erabili, edukiak zenbat eta gehiago zabaldu are eta hobeto. Jakina, horrekin batera dago sortzaileak finantzatu beharra, bai informazio sorkuntzan bai kultur sorkuntzan. Eztabaida hau emateko dago, baina ezinbestekoa da kultur langileen eta sortzaileen bizigarritasuna posible egiten duten ereduetan sakontzea.

R. ZALLO. Autore eskubideez idatzi izan dut apur bat eta formula bat ere proposatu dut, baina panorama ikusita nik neuk ere ez dut sinesten posible denik [dio ironiaz Zallok]. Berez, hiru zatiko formula da. Lehen zatian, autoreak merkatutik jasoko lituzke etekinak denbora zentzuzko batean –ez egungo 40 urteak eta halakoak erabilita, horrela eduki horiek praktikan ondasun ia eskuraezinak bihurtzen baitira–. Beste zati bat diru-laguntzen eremukoa da, eta honek behartu beharko luke edukiak libre jartzera. Azkenik, beste herena, zergen eremukoa litzateke, eta hortik lortutakoa bideratu beharko litzateke kultur funts handi bat sendotzera. Beste eredu bat ere posible litzateke, baina nahiko gaitza gaur egun, kontuan hartuta estatuek jabego intelektualaz duten kontzeptua. Europar Batasuna, adibidez, bere eredua inposatzen ari da.

Eta hemen zer? Hainbat ekimen bultza daitezke. Adibidez, Euskal Liburutegi Nazionala egin behar da: 2003an hasi ginen lanean Eusko Jaurlaritzan, gero geldi egon da urte luzez eta orain berriz ari da abian proiektua… hamasei urte geroago! Beste bat: Euskal Herriarekin zerikusi duen guztiaren datu baseen funts bat; eduki horiek oso sakabanatuak daude, eta akordioak lortu beharko lirateke, dena izan zedin Euskal Herriarekin zerikusi duen ezagutza plataforma. Diru-laguntzen bidez sortutako guztiaren erabilera publikoa bultzatu behar da.  Herri txiki bat gara eta ezagutza digitalaren burujabetzaren bidean egin dezakegun guztia ongi etorria da, areago, ezinbestekoa da gure ezagutzaren kudeaketa guk geuk egitea, bestela beste batzuek egingo dute. Denon artean bideratu behar dugu hori, eta erakundeak horren buruan, baina zoritxarrez, lehentasunak ez daude ezagutzaren esparru horretan.

Zer egin dezakegu gutariko bakoitzak, zer eskatu behar diogu gobernantzari interneteko alde positiboa bultzatzeko eta iluna bazterreratzeko?

R. ZALLO. Gai batzuk funtsezkoak dira apurka egoerari buelta ematen has gaitezen. Bat, oraindik ez dugu albiste agentzia nazionalik. Publikoa izateko EITBtik zintzilik beharko luke, baina erabateko autonomiarekin eta kalitatezko kazetaritza landu beharko luke. Bi, oraindik ez dugu komunikazio legerik, eta, aro digitalean, hori funtsezkoa da etorkizuneko esparru komunikatiboak definitzeko. Hiru, EBko zerbitzu digitalen –bereziki ikus-entzunezkoak– zuzentaraua ere ez dugu definitua; horri helduta gure babes esparru bat eraiki ahal izango genuke, estatuko eskumenen gainetik legokeena, EBk zuzenean ematen dizkigulako eskumen horiek. Eta lau, ez dugu ikus-entzunezkoen eta digitalen kontseilu bat, mundu horiek behatzeko, Europako estatu gehienek dute eurena baina Espainiak ez. Aipatu lau osagai hauek indarrean jarriz gero, inflexio puntu batera iritsi gaitezke.

I. ESNAOLA. Niretzat oso garrantzitsua da pertsonen datuen kudeaketa. Bada esperientzia interesgarri bat: Barcelona Data Commons. Honen bidez, hiriko herritarren datu digital guztiak kudeatuko lirateke, haien pribatutasuna kontuan hartuta. Oraindik orain, ezagutza eta modernizazioaren ikuspegitik, oso garrantzitsua da gure herrialdean herritar guztiek izan dezaten interneteko konexioa izateko aukera. Herri gisa hori giltzarri da, eta gure kohesio sozialaren abiapuntua. Zibersegurtasunaz aritzeko guneren bat ere izan beharko genuke. Mahai-inguruan ados gaude herri gisa dugun estrategia digitalaren beharraz eta horrek asko  pozten nau. Badugu nahiko ezagutza herrialde digital etiko eta arduratsua eraikitzeko, eta ireki beharko genituzke hortaz hitz egiteko espazioak.

G. JULIO. Behar dugu humanismo digitalaz hitz egiteko guneren bat, erakunderen bat, zerbait; eta bere baitan, hezkuntzak garrantzi berezia izan behar du. Horrez gain, ezin gara beti esparru publikoa eta instituzioen zain egon, eta uste dut hasi behar dugula antolatzen gure lurraldeko ekosistema kooperatibo eta digitala. Mundu digitala globala da, bai, baina hori modu zehatz batean antolatzen da lurralde bakoitzean, eta bada ordua hemen ere, eremu sozio-ekonomikoan eta beste hainbat esparrutan, antola gaitezen eta estrategiak gara ditzagun.

Azkenik, pribatutasuna eta segurtasunaren eremuan, bada gustatzen zaidan kontzeptu bat: osasun publikoa. Hau da, pertsona batek erabaki txarrak har ditzake: asko edan, zubitik salto egin… baina osasun publikoaren arazoa ez da norbanakoena. Txertoekin lortu da gaixotasun askoren eragina asko murriztea, bada, antzera egin beharko litzateke esparru digitalean. Hau da, politika publiko zehatzak bideratu behar dira eremu honetan diren osagai kaltegarriei aurre egiteko, gehiagora joan ez daitezen, desagerraraz daitezen edo, gutxienez, gutxitu.

MAHAIKIDEAK

Iratxe Esnaola Arribillaga (Zarautz, 1981)

Ingeniaria informatikan eta doktorea hezkuntzan. Deustuko Unibertsitateko irakaslea da. Hainbat hedabidetan kolaborazio lanak egiten ditu, besteak beste, Gara-n. .EUS proiektuko zuzendaria izan zen domeinuaren abiatze aldira arte. 2018an Olaso Dorrea Fundazioko lehendakaria izendatu zuten eta fundazioaren ekimena den TM eLab Euskal Herrigintza laborategia koordinatzen du.

Gorka Julio Hurtado (Andoain, 1982)

Informatika garatzailea, irakaslea, hacktibista, iritzi emailea... Hamaika enborretan aritzen da komunitatea osatzen, eta bereziki teknologia eta jendartea lotzen dituenetan. Talaios kooperatibako kooperatibista, MUko LEINN graduan irakasle eta hedabide askotako kolaboratzailea ere bada. Askok ezagutuko dute Teketen moduan, hori baita interneteko hainbat esparrutan darabilen goitizena.

Ramón Zallo Elgezabal (Gernika, 1948)

EHUko katedraduna ikus-entzuneko komunikazioan. Gaur egun erretiratua dago. Hedabide askotan argitaratu ditu bere artikulu ugariak eta hainbat liburu ere idatzi ditu, azkena Tendencias en comunicación. Cultura digital y poder (Komunikazioaren joerak. Kultura digitala eta boterea) (2016). Ibarretxe lehendakariaren garaian, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko aholkulari aritu zen komunikazio gaietan 2002-2009an.

 


LARRUN
2019ko abenduaren 22a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Internet
Google Analytics-en alternatiba librea den Matomo euskaraz erabil daiteke

Webguneen arduradunek beren bisitarien trafikoa aztertu nahi izaten dute, baina horretarako gehien erabiltzen den Google Analytics tresnak pribatutasun eta lege arazoak ditu. Alternatiba etikoago bezala gehien erabiltzen den Matomo software librea euskaratu du Iametzak.


Nola erabiltzen dituzte gazteek bideo-jokoak, sare sozialak eta joko plataformak?

11-16 urte bitarteko gazteen %23ak dio etxean ez dietela inongo kontrolik ez araurik ezartzen, mugikorraren, bideo-jokoen edo bestelako teknologiaren erabilerari lotuta. Nafarroako Ikastolen Elkarteak egindako ikerketaren emaitzetako bat da: “Gazteak digitalki hezten ari... [+]


Kristinn Hrafnsson Assangeren emaztea: "Estraditatzen badute, hil egingo da"

Otsailaren 20an eta 21ean Erresuma Batuko Justizia Auzitegi Gorenak erabakiko du Julian Assangeren estradizioak bide librea duen ala ez. Teorian bederen, hori izango da azken aukera juridikoa kazetari australiarra AEBetara estraditatuko duten ala ez erabakitzeko.


Danimarkak legez kanpokotzat jo du Googlek ikasleen datuak biltzea

Euskal Herriko eskola askotan bezala, Danimarkan ere Chromebook-ak eta Google Workspace (lehen G Suite for Education deitua) erabiltzen dira. Hala ere, datorren ikasturtetik aurrera gauzak aldatzera doazela dirudi, datuen babeserako agentzia daniarrak legez kanpokotzat jo baitu... [+]


2024-02-08 | ARGIA
'Internet familian' gurasoei zuzendutako gida-sorta plazaratu du Jaurlaritzak

Sei liburukik osatzen dute bilduma, haur eta nerabeen garapen-etapen arabera antolatuak. Interneten segurtasunez nabigatzeko eta gailu digitalak egoki erabiltzeko eta arriskuak murrizten saiatzeko jarraibideak jasotzen dituzte.


Eguneraketa berriak daude