Bizi nahi duen herria

  • Mendea bete duen hedabideak, denbora tarte honetan horrenbeste lagunek egin eta bizitakoa errepasatzeaz bat, etorkizunari begiratu eta keinu txikia egin nahi die 100 urte barruko Argia Jendeei. Bigarren mendeurrena ospatzera iritsiko direla opa die, seinale litzateke Euskal Herria bizi dela. Batzuetan existitze hutsa erresistentzia ekintza bilakatzen baita, palestinarrek frogatu dutenez.

Ehun urte barru, atzera begiratu eta testu honekin topo egiten badu norbaitek, jakin beza kontziente garela garai konplexuak bizitzea egokitu zaigula. Merkatua-ren izenean, munduaren erdia osatzen duten 3.800 milioik adina ondasun dute izugarri aberatsak diren 26 lotsagabek; ingurumena-ren izenean, klimaren larrialdia areagotzen duten azpiegitura kutsatzaileak eraikitzen jarraitzen dute gure agintariek; bakea-ren izenean, bizitza duinaren alde protestatzen duten herritarren aurka oldartzen dira; berdintasuna-ren izenean ekonomia emakumeen gainkargan oinarritzen da eta menpekotasun hau indarkeriaz iraunarazten; askatasuna-ren izenean, hizkuntza gutxiagotutako herritarren aurkako politika lotsagabeak inposatzen dituzte; ongizatea-ren izenean, estatuek migratzaileak giza eskubiderik gabeko esklabo bihurtzen dituzte, bitartean eskuin muturra hauspotzen dute eta zerbitzu publikoak pribatizatzen dituzte. Segurtasuna-ren izenean, etengabe zelatatzen gaituzte. George Orwellen mundua eta neo-hizkera indar betean.

Herritarren informatzeko ohiturak aldatzen ari direla eta, ondorengoak irakurri ditugu azkenaldian: sare sozialen garaiotan hedabideen bidez informatzeari utzi dio gero eta jende gehiagok. Irakurleen gehiengoa ez da titularretatik harago joaten. Fake news-ak barra-barra zabaltzen dira. Gehiengoa ez dago prest interneteko edukien truk dirurik ordaintzeko. Jendeak azken orduko informazioa estimatzen du gehien. Entretenimendurako kontuak dira bisita gehien dauzkatenak, argazki, bideo eta eduki arinak azken batean.

Albiste asko eta informazio gutxiko garaiotan, ordea, mainstream hedabide gehienek sustatzen duten kazetaritza ereduaren aurrean –“badakigu batzuetan zabor kazetaritza dela, baina jendeak kontsumitu nahi duena da”–, badago zorionez bestelako kazetaritza estimatzen duen jendea ere. Gero eta gehiago gainera, nahiz eta komunikazioaren alorreko guruentzat ikusezinak garela dirudien. Bada testuingururik gabeko berrietatik harago joan eta bere burua independentziaz informatzeko denbora hartzen duen jenderik. Ez garela gehiengoa? Ez. Baina bagara nor, eta izaten jarraitzea bada zerbait. Eutsi eta geure burua indartzea da lehentasuna.

ARGIA egiten dugun lantaldeak kazetaritzaren funtzio soziala aldarrikatu nahi dugu: herritarren bizimoduan funtsezko diren gaiez informatzea eta botereari ahalik eta markaketa zorrotzena egitea dugu xede. Bitartean, hedabideen panorama itsusi jartzen ari da, geroz eta esku gutxiagoren eskuetan geratzen ari baita zer den albiste eta zer ez erabakitzeko boterea. Horri gehitu bankuen eta multinazionalen menpe dauden hedabideek edo interes alderdikoia nagusitzen den hedabide publikoek argitara dezaketen informazioaren kalitatea.

Gurea proiektua txikia da, baina oso pozik itxiko dugu Mendeurrena, berriro ere frogatuz ez dela kazetaritza krisian dagoena, nahiz eta hedabide batzuek hori esan. Izatekotan, komunikabide horiek eta beren kazetaritza eredua dira krisian daudenak, urteetan ia egia bakarraren jabe izan diren pribilegiatuak. Beren sinesgarritasuna dago krisian. Kazetaritza independentea egitea da gure funtzioa eta hala adierazten digute azken urteotan komunitatera batu diren lagunek, pausoa zergatik egin duten galdetzen diegunean. Azken urteetan ehunka eta ehunka lagun gehiago batu dira proiektu hau bultzatzeko. Milesker guztioi. Gure 100 urteko historian, teknologia berriei esker, ARGIA ez du sekula hainbeste lagunek irakurri, ikusi eta entzun.

Gure ustez, langileak proiektuaren jabe izateak ekarri du ARGIA egun den bezalakoa izatera, eta burujabetzen kontzeptua aldarrikatu nahi dugu garai nahasi hauetarako iparrorratz gisa, pluralean. Burujabetza politikoa, Euskal Herria zer izatea nahi dugun erabakitzeko. Elikadura burujabetza, jaten duguna lurretik platereraino gure esku izateko. Finantza burujabetza, gure aurrezkiekin zer bultza nahi dugun erabakitzeko eta gure diruekin armarik eta negozio ilunik ez finantzatzeko. Gorputzaren gaineko burujabetza, pertsona izateko, ez merkatuko kontsumogai. Hezkuntza burujabetza, pertsona kritikoak sortzen dituen euskal eskola publiko, laiko eta eraldatzailea izateko. Teknologia burujabetza, gure egunerokoa kontrolatu nahi dutenen eskuetatik askatzeko. Energia burujabetza, gure beharrak doitu eta hauek energia berriztagarriz asetzeko. Eta informazio burujabetza esparru hauetan guztietan sortzen ari diren esperientzien berri izateaz gain, munduari buruzko informazio fidagarria izateko.

Beraz, burujabetzak lantzen ditugun pertsona, mugimendu eta eragileen artean elkar-lanerako atea parez pare zabalik dugu. Hemen denok eusten diogu elkarri. Gainean dugun zibilizazio krisia elkarrekin ahalik ongien zeharka dezagun. Mundu zaharra hiltzen ari baita, eta berriari kostatzen ari zaio zutik jartzea. Antonio Gramscik zioen argilun horietan agertzen direla munstroak, ikusten ditugu, baina uneotan sortzen dira aukera berriak ere. Eguneroko poz txikiek eman diezagutela indarra ekinean jarraitzeko eta etorkizunerako haziak ereiteko. 


ASTEKARIA
2019ko abenduaren 22a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
"Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin"

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


2024-02-28 | ARGIA
Hedabideetako langileek elkarretaratzeak egin dituzte, Gonzalezen askatasuna eskatzeko

Euskal Herriko komunikabide eta kazetari ugarik, tartean ARGIAk, Pablo Gonzalezen egoera salatu eta haren askatasuna eskatu dute.


Eguneraketa berriak daude