Exarcheia auzoa desalojo arriskuan

Erresistentzia taupadak Atenasko bihotzean

  • Atenasko metropoliaren erdi-erdian den Exarcheia auzoak inguratzen duenaren oso bestelako logikaz funtzionatzen du duela mende erditik. Autogestioa ardatz, hogeitik gora eraikin okupatu daude auzoan, zentro sozial zein etxebizitza funtzioa betetzen dutenak; azken urteotan harrera auzo bilakatuta, etxebizitzetako asko migratzaileei aterpea emateko okupatu dituzte. Horrez gain, osasun zentro autogestionatua eta beste hainbeste egitasmo eraldatzaile ere barne biltzen ditu auzoak. Jendarte antiautoritario, autogestionatu eta inklusibo bat posible denaren erakusle eta iragarle izateagatik mundu mailan erreferente bilakatu den auzoak, espero zitekeenez, etsaiak ere baditu ordea. Abuztu amaieraz geroztik dirau erresistentzian, Greziako Gobernuak berau desegitea baitu lehentasun. Egunez egun egoera gogortzen doan arren, auzoak tinko dirau erresistentzian.

Amaia Lekunberri Ansola @amaialekunberri
2019ko abenduaren 08a

Demokrazioa Berria (ND, grezierazko laburdura) alderdi eskuindarrak uztailaren 7ko hauteskundeak irabaztearekin batera hedatu zen alarma-hotsa Atenasko bihotzetik: Exarcheia auzoa erasotua izateko arriskuan zegoen. Alexis Tsipras-en (Syriza) lekukoa hartu berri zuen Kyriakos Mitsotakis gobernuburuak hauteskunde kanpainatik ziharduen Exarcheiaren hustea eta Rouvikonas talde anarkistaren desegitea ahotan hartzen, eta gobernu berriak eratzetik egun gutxira iragarri zuen auzoari eraso egiteko plana prestu zuela.  Esan eta egin: abuztuaren 26an Greziako Polizia indarrez sartu zen Exarcheian. Okupatutako lau eraikin hustu zituzten lehen oldarraldi horretan –Spirou Trikoupi 17, Tránsito, Rosa de Foc eta Gare–, ehundik gora bizilagun kaleratuz.

Ordutik poliziaren etengabeko oldarraldiak pairatzen ari dira auzoan, eta errepresioa tentsioa areagotzen joan da ezinbestean. Gaur artean, erasoaldi ezberdinetan, hainbat eraikin hustu, bizilagunen kontra indarkeria erabili, etxeak eta lokalak miatu, bilaketak eta operazio antiterroristak burutu, hainbat pertsona atxilotu eta militante bat gogorki jipoitu dute, besteak beste. Gobernuak Exarcheiako eraikin autogestionatu oro hustu  eta mugimendu soziala desegin nahi du auzunearen gaineko kontrola bereganatzeko, baina halakorik gerta dadin eragozteko prest dagoen auzo oso bat du aurrez aurre, borrokan aski zaildua. Udaz geroztik, dela pintaketa, pankarta zein karteletan, No Pasarán! [gaztelerazko leloa, Ez dira pasako euskaraz] aldarria irakur daiteke auzoko izkina guztietan, auzokideek mobilizazioetan airatutako leloaren durundia betierekotuz.

Exarcheia, ez-utopia eredugarria

Exarcheiaren ezaugarriak dituen auzo bat imajinatzean, nekez kokatuko du batek hirigunearen erdian, are gutxiago klase ertain-altuko auzo baten ondoan. Kasu honetan ordea, hala da: Atenasko bihotzean, zonalde aberatsenetarikoa den Colonaki auzotik metro eskasera, hortxe dago Exarcheia. 1970eko hamarkada arte auzo dirudunaren luzapen gisakoa zena, Koronelen Juntaren diktadura militarraren aurkako ikasleen erresistentzia tarteko, anarkismoarekin eta ezker erradikalarekin lerraturik joan da eraldatzen. Ikasleen borroka haren agertoki nagusia auzoan bertan dagoen Atenasko Unibertsitate Politeknikoa izanik, bai 1973ko Politeknikoko altxamenduak zein militarrek beronen kontra burututako sarraskiak ezinbestean eragin zuen auzoak egun duen identitatearen eraikuntzan. Identitate bat, esan beharrik ez da, aginteari kontrajartzen zaiona. 70eko hamarkadatik hona jazo diren hainbat gertakarik –auzoari eraso jarraituak, poliziak hildako kideak–, izaera erradikal horretan berretsi dute.

Argazkia: Nicolas Vigier

Egun, hogeitik gora eraikin okupatu daude auzoan, eta beste horrenbeste honen bueltan; gotorleku moduko bat autonomia laborategiarentzat. Okupatutako etxebizitzek, zentro sozial autogestionatuek, liburutegi eta kafetegi andanak, ADYE autogestionatutako osasun zentroak edota orain gutxi poliziak erretiratutako kiosko politikoa –elikagaiak, botikak zein irakurgaiak banatzen dituen kontainerrari hala deitzen zioten– bezalako egitasmoek kapitalaren bestelako logikez ehuntzen dute auzoa egunez egun. Ehun aski sendoa, Europar Batasunak eta kasu honetan Greziako Gobernuak bazter utzi duen errefuxiatuen kolektiboa bere baitan hartzeko. Exarcheiak, harrera auzo bilakatuta, mediterraneoaz bestaldetik etorritako milaka pertsonari ere zabaldu baitizkio ateak azken urteetan.

Beren zeharkaldian Grezian ez atzera ez aurrera geratutako hainbat migratzailek autogestioan aurkitu dute biziraupenerako giltza. Horiei bizitokia eskaintzeko, hainbat eraikin okupatu dituzte auzoan; eraikin horietako bakoitza autogestionatutako komunitate bilakatu da, eta komunitate bakoitza auzoko ehunduraren parte. Etxebizitzaz harago, bestelako zerbitzuak sozialak ere kudeatzen dituzte auzokideek, osasuna zein hezkuntza ez dakizkion falta inori. Hala, elkartasuna eta autogestioa ardatz, baldintza geroz eta jasangaitzagoak dituzten errefuxiatuentzako kanpalekuen alternatiba duin ere bilakatu da Exarcheia. Husteak hasi aurretik auzoan zeuden okupatutako 23 eraikinetatik 12 migratzaileen etxebizitzak ziren.

Bizia bertan egiten dutenek, ordea, auzoa utopia izatetik urruti dagoela azpimarratzen dute. “Exarcheia munduko beste edozein toki bezalakoa da. Tokiok berezi egiten dituena borroka burkideak dira”, dio ARGIArekin mintzatu den No Pasarán asanbladako kide Andreas-ek [bere anonimotasuna gordetzeko izen faltsua]. Alabaina, bizitza erdigunean jartzen duen bestelako jendarte bat posible dela iradokitzera emate hutsak, gobernuaren miran jarri ditu.

Manifestari bat "No Pasarán!" lelodun eskuorriak botatzen (Argazkia: Angel Ballesteros / Muzungu)
Gobernua, "garbiketa" lanetan

Auzokide anarkista batek [anonimoa] CrimethInc sareari eskainitako elkarrizketa batean adierazi zuenez, “NDk argi utzi du epe luzera begirako plana daukala, desagerrarazteko ez bakarrik Exarcheiako eraikin okupatuak, baita errefuxiatuak, migratzaileak, anarkistak, gazteak eta beste hainbat pertsona ere, auzoari mundu mailan ezagun egin duen izaera ematen diotenak. Helburua da Exarcheia definitu duen kultura suntsitzea”. Bere hitzetan, planak luze joko du, eta ziurrenik Exarcheia Squareko metro geltokiaren eraikuntzarekin amaituko da. Guda ideologikoaz harago, Mitsotakisen gobernuak Exarcheian interesen ekonomikoak ere badituela ondoriozta daiteke. Andreasek argi du: “Mugimenduari eraso egiteak auzoaren gentrifikazioari ere egiten dio tokia”.

John Malamatinas kazetariak ROAR aldizkarian argitaratutako erreportaje batean azaldu duenez, orain hamarkada bat antzeman zitekeen auzoa gentrifikazio prozesuan murgildurik zela. Alabaina, gobernuak pilatutako zor finantzarioaren ondorioz 2009an eztandarazitako krisialdi ekonomikoak blokatu egin zuen prozesu hori. Higiezinen sektorea zenbaki gorritan egotera pasatzearekin batera, okupazioek gora egin zuten auzoan; antolakuntza beharrei jarraiki lehenbizi, eta migratzaile olatuari tokia egiteko gerora. Gaur gaurkoz, badirudi gentrifikazio prozesua berriz martxan jarri dela. Malamatinasen hitzetan, kokapen geografiko zentralak auzoa erakargarri egiten du “herritar matxinoak mugiarazi” eta horien lekua “diru-sarrera altudun yuppiak” betetzea bilatzen dutenen begietara. Ildo horretan, CrimethInc -i mintzatu zaion kideak ohartarazten duenez, etsai ikusezina sartu zaie auzoan: Airbnb.

Hiri neoliberalarekin bat datorren moldeko auzoa eraikitzera bidean, egungo bizilagunak pentsamolde moderatuagoa eta diru sarrera altuagoak dituzten beste batzuengatik ordezkatzeko orduan, gobernuak argi izan du nondik hasi; zer “garbitu”, bere hitzetan.

Abuztuaren 26an, jendea Notara26 eraikin okupatuaren ateetan
ND, diktaduraren nostalgiak jota

Azken hauteskundeetako porrota eta urteetako borroka antifaxista medio, Egunsenti Urrekara alderdi neonazia desegite prozesuan da, eta 2015ean hasitako beronen aurkako makroepaiketa amaitzear; baliteke tarte gutxiren bueltan alderdia antolakunde kriminaltzat jotzea. Faxismoa garaitzera bidean egindako aurrerapauso hori tarteko izanik ere, NDk eta poliziak egindako “garbiketa” hitzaren erabilerari darion kutsu faxista da gaitzak hor dirauela adieraztera datorren detaileetako bat. Hala ere, ñabardura bat egin beharra dago Atenasen bizi den Hibai Arbide kazetariaren arabera: “Egunsenti Urrekara ez zen eskuin muturreko alderdi bat soilik, antolakunde paramilitar neonazia baizik. Zentzu horretan oso garaipen garrantzitsua izan da haiekin amaitzea”.

Hala ere, ohartarazi du: “NDk PP espainiarraren antzeko alderdi bat eman dezake, baina bere baitan eskuin muturreko elementu argiak ditu; eta horiek ez dira inoiz damutu, ez dute beren iragana ezkutatu, eta hor daude, presidenteorde dira [Adonis Georgiades-i erreferentzia eginez]”. Eskuin muturreko LAOS alderditik NDra salto egin duen sektoreaz mintzo da, “diktaduraren nostalgikoek 80ko hamarkadan sortutako alderdia”, bere hitzetan. Egungo gobernuak faxismoarekin duen lotura zein estua den ulertzera emanez, datu bat luzatu du: NDko diputatu Thanos Plevris eta Egunsenti Urrekarako buruzagi Nikos Michaloliakos elkarren ondoan aritutakoak dira diktadura ostean eratutako EPEN alderdi faxistan.

Datuok mahai gainean, ez da zaila ondorioztatzea Mitsotakisek zergatik jarri duen lehentasunen artean mugimendu anarkista eta ezkertiarra suntsitzea, eta ez makroepaiketan murgilduta dagoen Egunsenti Urrekara desegitea. Gobernuburuak etsai bat eta bakarra hartu izan du ahotan: “Bazterrak nahastu eta demokraziarentzat hain arriskutsua den desira iraultzailea hedatzen duten taldexkak”. Mugimendu anarkista eta bereziki aski ezaguna den Rouvikonas taldea, alegia.

Errefuxiatuak eta Rouvikonas, gobernuaren turko-buru

Yannis Youlountasek alasbarricadas.org atarian argitaratutako erreportaje batean dionez, antzeman daiteke “egoera matxinada eztandarazteko moduan dela munduko hainbat tokitan. Horregatik hartzen du jarrera gogorragoa botereak, horregatik behar ditu entretenituko duten turko-buruak”. Mitsotakisen gobernuak aspaldi aukeratu zituen bereak, iritzi publikoaren arreta desbideratzeko: errefuxiatuak eta Rouvikonas talde anarkista.

Atenasko droga eta arma trafikoak Exarcheia dutela jatorri, hori izan zen gobernuaren aitzakia auzoaren aurkako erasoa hasteko. Argudio horrekin, okupatutako eraikinen husteari ekin zioten, beren arabera drogak, armak eta borrokarako materiala bilatzeko. Lehenengo husteetatik azkenekoetaraino jazotakoaren balantzea eginez gero, halakorik ez da ageri inon; eta zerbait nabarmentzekorik egotekotan, kale gorrian utzitako errefuxiatu kopurua da, ehunka baitira. Abuztuaren 26ko lehen oldarraldian beren etxeetatik kanporatutako ia guztiak errefuxiatuak izan ziren, eta beren egoera legala berrikusi asmoz Atzerritarren Bulegora bideratu zituzten. Atzetik etorri dira antzerako eraso gehiago, ehunka errefuxiatu etxeetatik kaleratuz. Asko deportatuak izateko arriskuan egotera pasa dira, eta beste hainbeste kanpalekuetara bideratu dituzte.

"Ezin duzue mugimendu bat hustu! Elkartasunak irabaziko du!" dioen pankarta bat Exarcheiako eraikin batetik zintzilik (Argazkia: Alex Marner)

Gertaerokin paraleloan, gobernuak asilo eskaera egiten dutenen kopurua murriztea xede duen lege berria osatu du, azaroan onartu berri dena. Honekin batera hainbat neurri iragarri dituzte: Egeo itsasoko kanpalekuak itxiko ditu, aurrerantzean heltzen diren errefuxiatuak Atzerritarren Atxikitze Zentroetara bideratzeko; eta 2020rako 10.000 pertsona deportatuko dituela iragarri du. Guzti hau, Youlountasek azaldu duenez, polizia ministroak migratzaile artean jihadistak etor daitezkeela iradoki bitartean, beren kostaldean ate joka ari den jendea terrorista gisa aurkeztuz iritzi publikoari.

Mitsotakisen etsai nagusia, baina, Rouvikonas talde anarkista da. CrimethInc-ek elkarrizketatutako kidearen arabera, 2008ko abenduan, poliziak Alexandros Grigorópulos gazte anarkista tiroz hil ostean eztandarazitako erreboltak –krisi ekonomikoari eta  atsekabe sentipen orokortuari batuta– eraso eta bonba leherketa ugariko aro bati eman zioten bide, baina Conspiracy of Cells of Fire (Συνωμοσία των Πυρήνων της Φωτιάς ) eta Revolutionary Struggle (Επαναστατικός Αγώνας) talde anarkistetako hainbat kide atxilotu ostean eraso klandestinoek behera egin zuten. “Greziar eskuina etsai berri bat eraiki beharrean zen”, dio.

Ekintza zuzena darabil Rouvikonasek. Ekintza publikoen bidez, jendarteko arazoen erantzuleak seinalatzen ditu –instituzio, gobernu, enpresa, etab.–, kasuan kasuko erantzulearen egoitzari eraso eginez. Kalte material sinbolikoak eragitea izan ohi da darabilten taktika. Ekintzak sinbolikoak burutzeak ahalbidetu die oihartzuna izatea eta era berean, zigor potoloak ekiditea. Dirudienez, baina, gobernua hori aldatu nahirik dabil: “Zigor kodean zuzenketak burutzen ari da, erresistentzia forma oro gogorrago zigortzeko”, azaldu zuen Youlountasek. “Ustekabeko ekintza guztiak terrorismo gisa sailkatu nahi dituzte, eta hori Rouvikonasen aurkako eraso zuzena da”, dio Arbidek. Hala bada, Rouvikonas talde terroristatzat joa izateko arriskuan da.

Testuinguru horretan, azaro hasieran polizia talde baten aurka buruturiko ekintza batean parte hartzea leporatu diote Rouvikonaseko kide bati. Akusazio horren bidez, taldeari polizia agenteak hiltzeko saiakera egotzi nahi diote. Militante hau atxilo izan zuten, eta bere kontrako auzibidea abiatu dute; atxilotuak gogorki jipoitu zutela ere salatu du. Leporatzen dioten ekintza hartan talde batek istiluen aurkako poliziaren autobus bati molotov koktelekin egin zion eraso, hiru agente zaurituz. Erasoa ez du inork bere gain hartu, eta Rouvikonasek bere ekintza guztiak erreibindikatzen ditu. Hala ere, badirudi gobernuak hortxe ikusi duela taldea terroristatzat jo ahal izateko abagunea.

Azaroaren 9an Atikako penintsulan egindako operazio antiterroristan zenbait arma aurkitu izana adierazi zuten, eta horrekin, Youlountasen arabera, “Estatuak barne etsaia aurkitu du eta lege berriak argudiatu ahalko ditu”. Alabaina, oraindik zigor kodean aldaketarik ez da onartu, baina “Rouvikonas” eta “terrorismoa” hitzak elkarrekin aurkeztea iritzi publikoan eragina izaten ari dela dio Arbidek. Gobernua gehiengoaren babesa lortu nahirik ari da, hori lagungarri baitzaio askoren arabera Exarcheiaren aurka hasitako operazioaren azken kolpea izango den horretarako: Rouvikonas taldearekin aurrez aurrekoa. Horrek taldea bera ez ezik, K*Vox eraikin autogestionatua ere jartzen du miran. Beste hainbeste talderen artean, Rouvikonasen egoitza da, eta osasun zentroa bezalako proiektuak barne biltzen ditu. K*Vox-i eraso egitea, ondorioztatu daiteke, Exarcheiaren bihotzetik gertu kolpatzearen antzekoa litzateke.

Hurrengo oldarraldia arteko impassea

Auzokideak hurrengo erasoaldia edozein momentutan gerta daitekeen susmoarekin bizi dira abuztuaren 26ko lehen errepresio kolpetik. CrimethInc-ekin aritutako kidearen arabera, data hura ez zuen ausaz aukeratu gobernuak. Uztaila bukaeran unibertsitateko asilo legea indargabetzeaz batera –unibertsitateko buruzagitzaren baimenik ezean poliziari unibertsitatean sartzea eragozten diona, 73ko Politeknikoko ikasleen altxamenduan militarrek eragin zuten sarraskiaz geroztik lortua–, Alexis Grigoropoulous hil zuen polizia aske utzi zuen gobernuak, elkarrizketatuaren arabera mugimendu anarkista eta autonomoei zuzendutako probokazio larriak biak. Epe tarte laburrean Exarcheiaren aurkako operazioari bide emateak, bere hitzetan, “Exarcheiari eta honek ordezkatzen duen esperimentu sozial antifaxista eta antipolizialari gerra deklaratu diotela adieraztea du helburu”.

Abiatutako guda horrek giroa tenkatu du, eta egunak igaro ahala gora doa tentsioa; hala izan zedin arduratu da Polizia, eraso eta mehatxu bidez. Pistolak gutxienez birritan atera dituztela azpimarratu du Arbidek. Hainbat testigantzak jaso duenez, gobernu berria eratu denetik burutu dituzten hainbat abusu polizialetan, aurrerantzean gauzak horrela izango direla mehatxu egin diete auzotarrei. Tentsioa igo ahala, mehatxuekin adierazi nahi dutena esplizitatzen joan dira, agenteetako batek “Junta bueltan da!” oihukatzeraino, gobernuak diktadurarekiko duen begirune bera erakutsiz. Azaroaren 17a, Politeknikoko altxamenduaren urteurrena gainean zela bota zuen mehatxua poliziak. Data seinalatua laino beltz artean antzeman zitekeen ortzi mugan.

Koronelen Juntaren diktadura militarraren aurkako ikasle altxamendua jazo zen 1973ko azaroaren 14an, eta azaroaren 17an militarrek sarraskia eragin zuten. Ordutik, mobilizazio jendetsua egin ohi da urtero egun horretan. Argazkian, aurtengo manifestazioa.

Gobernua eta polizia diktadura nostalgiak jota, unibertsitateko asilo legea indargabetzeagatik protestan ikasleek unibertsitate asko okupatuta zituztela, iritsi zen azaroaren 17a, 73ko testuinguruaren antzekotasun askorekin. Milaka pertsona bildu zituen manifestaldia egin ostean, Exarcheia indarrez hartu zuen poliziak. Istiluak gertatu ziren kalean, hainbat zauritu eta atxilotu eraginez. Andreasek ondoko irakurketa egin du gertakarien bueltan: “Azaroaren 17ko indar erakustaldiaren ostean, esango nuke gobernuak ondokoa adierazi nahi izan zuela: berdin dio zenbat zareten, zanpatuak izango zarete. Logika bera aplikatu da husteekin; No Pasarán-ek deitu zuen manifestazio jendetsuaren osteko egunetan, eraikin gehiago hustu zituzten”.

Mehatxuek eta erasoek sortzen duten higaduraren aurrean, baina, atzera pausorik emateko asmorik ez daukate auzotarrek. “No Pasarán!”, gobernuaren erasoen aurrean antolakuntzarako eta autodefentsarako sortutako asanbladaren izena, borroka garrasi bilakatu da dagoeneko. Talde anarkista ugarik, eta errefuxiatu eta anarkisten aterpe diren okupatutako bi eraikinetako –horietako bat hustua izan da dagoeneko-  kideek osatzen dute asanblada, Andreasek azaldu duenez. Erresistentzian diraute, tinko mantentzen laguntzen dien uste sendo batekin: Eraikinak akaso, baina ideiak inolaz ere ezin daitezkela hustu.

“Ez dago ezberdintasun askorik Exarcheiari eraso egitearen edo mugimendu sozialari eraso egitearen artean, Exarcheia baita mugimenduaren zentroa zentzu orotan”, dio Arbidek. Esan daiteke, beraz, Greziako Gobernuak mugimendu sozial osoari eraso egiteko zirrikitua aurkitu duela auzo horretan; baina zirrikitu horrek erasoaldirako bidea irekitzen dion hein berean, sektore anarkista eta ezkertiar erradikal guztia altxarazi dezake bere aurka.

Lerrook idatzi bitartean, hurrengo oldarraldia noiz helduko susmoka, atzeguardian diraute auzolagunek. Gobernuak hamabost eguneko ultimatuma luzatu die eraikin okupatuetako bizilagunei, horiek boluntarioki husteko. Epea abenduaren 6an amaituko da, Alexis Grigoropoulousen hilketaren urteurrenean, istiluak egon ohi diren egunean. Panorama zein den kontuan izanik, ez dirudi kasualitate kontua; panorama zein den jakinik, Panagiotis Theodorikakos barne ministroaren adierazpenak maleziagabeak ez diruditen era berean: “Badirudi batzuk beste Grigoropoulous bat ari direla eskatzen”.

Hil-irrikak mugiarazten duen Estatu baten aurrean, Atenasko bihotza erresistentzia kolpeka ari da. Ikusteke da zer jazoko den datozen egun, aste eta hilabeteetan.

“Gure aurretik askok egin dute borroka mundu osoan, orain guri dagokigu borrokari jarraipena ematea”, dio Andreasek.

No Pasarán. Izen hori du gobernuaren erasoen aurrean antolakuntzarako eta autodefentsarako sortutako asanbladak (Argazkia: Angel Ballesteros / Muzungu)

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Anarkismoa  |  Grezia  |  Ezkerreko pentsamendua

Anarkismoa kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude