"Galizierari hezkuntza eta kalea hartzea falta zaizkio"

  • 2005ean NAO rock talde galiziarra (A Estrada, Pontevedra) sortu zutenetik bertan ari da abesten Pablo Carracedo Jasper. Urte askotako musika ibilbidea du, betiere konpromiso politiko eta sozialari lotuta, eta galiziera ardatz hartuta. Irakaslea ere bada. Musikan eta hezkuntzan, galizieraren osasunaren termometroa jarri du. Abenduan NAO taldeak ia hamabost urteko ibilbideari agur esango dio.

Ezkerretik eskuinera: Gustavo Brea 'Gus' (gitarra), Antón Fernández 'Torroncho' (baxu-jotzailea), Pablo Carracedo 'Jasper' (gitarra eta ahotsa), X. Ramón Iglesias Amós (bateria).Ezkerretik eskuinera: Gustavo Brea 'Gus' (gitarra), Antón Fernández 'Torroncho' (baxu-jotzailea), Pablo Carracedo 'Jasper' (gitarra eta ahotsa), X. Ramón Iglesias Amós (bateria).

2005. urtean Manuel Fraga Galiziako Xuntako presidentea zen. Zuek abesti konprometituak kantatzen zenituzten, eta galizieraz.

Orduan galiziera sustatzen zuen edozein adierazpidek bezala, guk ere nabarmen sufritu genuen alderdi popularrak instituzioetatik praktikatutako kazikismoa. Guretzako apenas zegoen espaziorik. Urte berean etorri zen Fragaren porrot elektorala. Galiziako mugimendu abertzalea lehen aldiz iritsi zen gobernura, PSGrekin [Galiziako Alderdi Sozialista] lortutako hitzarmenaren ostean. Aldaketa hark asko lagundu zuen galiziera ikusgarri egiten, izan musikan, literaturan edo komunikabideek hizkuntzarekiko zuten jarreran. PPk urtetan inposatutako eredua pitzatzen hasi zen.

Komunikabideen jarrera aldaketa aipatu duzu.

Galizieraz sortzen zutenentzat bizigarria izan zen komunikabideen aldaketa. Hein batean, eszenatoki politiko berriak hauspotuta hasi ziren gu bezalako taldeak irratietan jartzen. Galizieraz egiten zen produkzio kulturala normaltasunez kontsumitzeko baldintzak sortzen hasi ziren. Guretzat armairutik ateratzea izan zen. Hurrengo hauteskundeetan Feijóoren [PPko Alberto Núñez Feijóo, Xuntako presidentea 2009tik] etorrerak prozesua nabarmen geldotu bazuen ere, 2005eko aldaketa politiko hark sorturiko arrakala balorean jarri beharra dago. Ezinbestekoa izan da galizieraz sortzen dugunontzat.

Martín Códax da Música saria irabazi zenuten 2014. urtean. Aukera probestu zenuten galiziar kulturak bizi duen egoera prekarioa salatzeko.

Saria gure ibilbideari aitortza izan zen. Eszenatokira saria jasotzera igotzea beti da polita. Guk unea probestu genuen sarietara etorri ziren gobernuko ordezkariei gauzak argi esateko. Ezin da onartu Martín Códax saria erakunde galiziarren aurpegi garbiketarako tresna bihurtzerik. Gure kulturak bizi duen egoera hobetzeko ausardia behar da eta Galiziako Gobernua ez dago parametro horietan, alderantziz, galiziera, erakundeek bultzatzen duten homogeneizazioaren aurrean lubaki bihurtu da. Aldarriek hor egon behar dute, ezin gara laguntasun merkeetan erori.

Rockaz haratago, azken urteetan Galizian hip-hopak indar handia hartu du.

Benetan pozgarria da Galizian gertatzen ari dena bizitzea. Garai oso aberatsean gaude, horren adibide dira Rebeliom do Inframundo, Ezetaerre, SonDaRúa eta Dios Ke Te Crew taldeak. Askok, galizieraz kantatuz, herrialdetik kanpo oihartzun handia lortu dute. Talde horiek hizkuntzaren gatazka lehen planora ekarri dute. Errimarik ez zaigu falta.

Bestalde, garaiak eta garaiak izaten dira. Gaur egun gazteak gertuago daude doinu elektronikoagoetatik. Rockari begiratzen badiogu, oraindik erreferenteak hor daude, jaialdi askotan kartel buru izaten jarraitzen dugu. Atxikimendua beraz badago, agian hori falta zaio rapari  benetako erreferentzialtasuna lortzeko, kartel buru izatera igarotzea.

"Gaur egun, Feijóoren gobernuaren aginduz, ezinezkoa da matematika edo fisika galizieraz ematea Bigarren Hezkuntzan"

Euskal Herrira itzulita, Usurbilen jo zenuten azken kontzertua. Berezia omen da zuentzat Euskal Herrian jotzea.

Euskal musika eragin argia izan da guretzat. Negu Gorriak, Kortatu eta Berri Txarrak, adibidez, oso gertutik jarraitu izan ditugu. Garate Studiosen grabatu izanak hemen jotzeko aukera ekarri zuen. Sarri etorri gara Euskal Herrira. Zenbait gune autogestionatu ezagutu ditugu. Usurbilgo jaietan lagunez inguratuta jotzea oso berezia izan da.

Musika alde batera utzita, irakaslea zara, eta azken udal hauteskundeetan BNGko zerrendetan joan zara. Apenas ikas daitekeen galizieraz hezkuntza sisteman. Hizkuntzaren aldeko borroka zertan da?

Borroka beharretik sortzen da, oraindik galiziera gutxi dago eskoletan. Gaur egun, Feijóoren gobernuaren aginduz, ezinezkoa da matematika edo fisika galizieraz ematea Bigarren Hezkuntzan. Haur Hezkuntzan dugun sistemaren erruz, galizieraren presentzia are ahulagoa da, hirietan batez ere. Ama hizkuntza galiziera duten umeak egoera oso zailean uzten ditu. Txikitatik galiziera ukatzen badiezu, gerora oso zaila da beraiengan hizkuntzarekiko lotura sortzea.

Ikastolen antzera, herri ekimeneko Semente ikastetxeak ugaltzen ari dira, galizierazko irakaskuntza bermatzeko. Nola baloratzen duzu esperientzia?

Ulertu behar da Galizian eskola publikoaren aldeko borroka mugimendu sozialaren oinarrian dagoela. Beste hainbat lankidek bezala, eskola publikoa galiziera sustatzeko beste tresna eraginkor moduan ulertzen dut. Lehen aipatutako oztopoak badirela ahaztu gabe, irtenbideak duala izan behar du. Semente eskolak sustatzen jarraitu behar dugu, eskola publikoa hizkuntzaren berreskurapenean kapitala dela ulertuta. Borroka honetan eskola publikoa ezin da alboratu. Zailtasun guztien gainetik, galiziar abertzaletasunak bietan eragiten jarraitzeko hezkuntza estrategia duala garatu beharra dauka. Estrategia bikoitz horrek ikuspegi feminista, laikoa eta anitza izan beharko du ezinbestean.

Zein etorkizun du galizieraz sortzen duenak?

Ez gara inoiz pesimistak izan. Musikari dagokionez, galiziera errima eta eremuak berreskuratzen ari da. Kulturatik ematen ari den berreskurapena oinarri, hezkuntza eta kalea hartzea falta zaigu. Baldintza batzuk badaude, besteak borrokaren bidez sortu beharko dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Galiziera
2023-08-03 | Ilargi Manzanares
Espainiako Gobernuko negoziazioetan hizkuntzaren auzia erdigunean jartzea eskatu dute hainbat eragilek

O Festigal jaialdian elkartu dira Euskalgintzaren Kontseilua eta katalanaren eta galizieraren aldeko hainbat erakunde eta elkarte. Bertan egin dute eskaera, eta hizkuntza gutxituen normalizazioaren aurkako “oldarraldia” gertatzen ari dela salatu dute.


Galizieraren defentsan milaka pertsona atera dira kalera Galizierazko Letren Egunean

Galizieraren defentsarako eta erabilera bultzatzeko mobilizazioak arrakastatsuak izan direla adierazi du Queremos Galego plataformak, eta Galiziako Xuntari hizkuntzarekiko konpromiso gehiago izatea eskatu dio.


Mastodon.gal jaio da, galizierazko Mastodon komunitatea

Galizierazko Letren Egunean sortu da Mastodon.gal, galiziar hizkuntza eta kulturaren komunitatearentzako Mastodon instantzia. 1963ko maiatzaren 17an ospatu zuten lehen aldiz, Rosalia de Castrok Cantares gallegos liburua argitaratu zuela 100 urte betetzen zirelako. Gaurtik... [+]


2022-03-22 | ARGIA
Galizieraz hitz egiteagatik eraso egin diote emakume bati Lugon

Lagunarekin galizieraz ari zelako gizon batek besoetatik heldu eta demanda egin ziola salatu du emakume batek Lugon. Poliziak erasotzailea identifikatu du dagoeneko. “Gure herrian gure hizkuntza hitz egiteagatik beldur izatea nahi dute, baina ez gara geldituko”,... [+]


2021-10-15 | Sustatu
Bizkaiko hizkuntza aniztasuna eta euskararen balio integratzailea

Urriaren 21ean, Bilboko Euskararen Etxean antolatu da mahaingurua, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan: “Bizkaiko hizkuntza aniztasuna eta euskararen balio integratzailea”. Urriaren 21ean da hitzordua, 19:00etatik aurrera.


Eguneraketa berriak daude