Hau 'Dogland' da: hemen zakurrek gastatzen dute munduko gizaki gehienek baino diru gehiago

  • Planeta honetako herrialde aberatsak moral bikoitzaz ari dira, egiturazko hipokrisiaz: besteren ondasunak eta jendeak zurrupatuz antolatu dute bizimodu oparo bat, ongizate honen ezkutuko kosteak bezala eragindako kalteak zanpatuei esternalizatuz. Herritarrak ere konplize bihurtzen ditu sistema perbertso honek, beren historia faltsutzen duen imajinario kolektibo bat eraikiz. Horrela mintzo da Stephan Lessenich soziologo alemana.

Turistei saltzen Kolonbiako Cartagena de indias hirian kaleko saltzaileak eguzkia hartzen ari diren jende aberatsen artean.
Turistei saltzen Kolonbiako Cartagena de indias hirian kaleko saltzaileak eguzkia hartzen ari diren jende aberatsen artean.

Jo dezagun badela herrialde bat, Dogland, osatua AEBetako etxeetan dauzkaten txakurrez. Maskota horien mantenua kostatzen den dirutza kontabilizatuko bagenu txakurren soldatatzat, Dogland-eko biztanleak munduko biztanleen batez bestekoaren %40 gainetik leudeke diru-sarrerei dagokienez.

Ongi bizi besteren bizkarretik: Mendebaldeko oparotasunaren alde ezkutua” liburuan [“Living Well at Others’ Expense” jatorriz, aurten argitaratu dira gaztelaniazko eta frantsesezko itzulpenak] Stephan Lessenich soziologo alemanak Dogland darabil azaltzeko munduaren arazoa ez dela soilik  berdintasun eza, aitzitik, herrialde garatuetan bizi garenotako asko garela injustizia hori betikotzearen konplize. Egilea, Stephan Lessenich (Stuttgart, 1965) Municheko unibertsitatean ari da irakasle eta lau urtez Alemaniako Soziologia Elkartearen lehendakari izana da.

Stephan Lessenich (Stuttgart, 1965) Municheko unibertsitatean ari da irakasle.

David Rodríguez Goyes Osloko (Norvegia) unibertsitatean irakasle ari denak, honela nabarmendu du Lessenichen liburuaren garrantzia. Azken hamarkadotan intelektual askok erakutsi dute zein bidegabea eta desorekatua den aberastasunaren banaketa gaurko munduan.

1950eko hamarkadatik ohikoa zen ekonomistek aipatzea baliabideen madarikazioa adierazteko biodibertsitatean aberats diren herrialdeak kondenatuta daudela gerra, txirotasuna eta zapalkuntza jasatera. Eta 1980ko hamarkadatik mundu osoko gizarte mugimenduek  salatu dute injustizia. Hala ere, Iparraldeak Hegoaldeari egiten dion zanpaketa azaltzetik harago, Lessenichek landu du intelektualek askoz gutxiago eztabaidatu duten beste gai hau: nola gizarteak  ez duen ikusi nahi batzuen eta besteen mundu mailako aukeren banaketa injustua.

Delako amets amerikarra [American dream] eta honek berekin daraman meritokraziaren idea dira gaur nagusi mundu osoko kontzientzia kolektiboan, horregatik uste dugu, batetik, jende arrakastatsuak bere pribilegioak zor dizkiola lana gogotik egin izanari; eta, bigarren, pribilegio horiek edonoren eskura daudela baldin eta behar bezain gogor lan egiten badu”.

“Lessenichek erakutsi digu –idatzi du Rodriguezek The Ecologist mitikoaren adarra den Resurgence hilabetekarian– pribilegio horiek gehien bat heredatu egiten direla, bai zuzenean familia barruan edo bai, estrukturalki, nazio baten barruan eta lana latz egitea ez dela sartzen ekuazioan. Hamar urte baino gehiagoz aritu naiz lanean munduaren hegoaldeko baserritar komunitateekin eta Lessenichen argibideok ez didate ezustekorik eragin. Alabaina, injustizia hain hurbiletik ukitu arren, neuk ere joera dut ahazteko nire gozamen asko sarritan oinarritzen direla beste jendeen eta naturaren sufrimenduetan”.

Stephan Lessenichek berak joan den udan plazaratutako “Hipokrisia kolektiboaren amaiera“ artikuluan saiatu da ildo horretatik esplikatzen Europako populismo eskuindarren azken urteotako gorakada: onartuta ere gizarte barruko desberdintasunak handitu direla Europa osoan, datu sozioekonomikoek ez dute esplikatzen populismoa nola ari den goraka klase ertainetan, baita segurtasun gabeziarik nozitzen ez den maila sozialetan ere. Zerk elikatzen du uhin populista hori hasi Danimarkatik eta Poloniaraino, Austria eta Erresuma Batutik paseaz, leku hain urrun eta ezberdinetan?

“Sistema hau okerra da, egitura honek ukatzen dizu pertsona duina izan ahal izatea. Behartzen zaitu beste batzuei min egitera, baita nahi ez baduzu ere, herrialde honetako herritar izate hutsagatik". (Stephan Lessenich)

Esternalizazioa boomerang gisa bueltan

Erantzuna –dio Lessenichek– zera da:  Europa osoan jendea ohartzen hasi dela Mendebaldean ezarrita dagoen erreprodukzio sozial eredua, sekula ez bezalako ongizate ekonomikoa eta egonkortasun politikoa ekarri dituen kapitalismo demokratikoaren eredu soziala, bere mugetara ari dela iristen eta ez dela betirako luzatuko.

“Orain, munduko migrazio gero eta ugariagoa Europako ateetara iristen ari denean, milaka pertsona itota hiltzen direnean Mare Nostrum delakoan, klimaren aldaketa ez bakarrik Ozeano Bareko uharte urrun batean baizik eta gure alderdietan ere nabaritzen hasi garenean...  oraintxe konturatu gara, azkenean, bizi garela beste mundu batean bageunde bezala, planetaren beste lekuetan bizi duten miseriatik orain arte babestuta egon garen leku batean, pixkanaka galtzen ari garen kokagune pribilegiatuan”.

Desjabetze eta zanpaketa global hau bideragarri egiteko, herrialde aberatsek beren naturari eta jendeen lanari ematen dieten balioa ukatu egiten diete herrialde azpigaratuei. Eta besteen baliabideak ustiatzeak eragindako kosteak –ekonomikoak, sozialak, ekologikoak– kanporatu egiten dituzte: etekinak eta produktibitatea geratzen zaizkie herrialde lehiakorrenei, kalteak bueltan doazkie herrialde ahulenei. Hori da esternalizazioaren funtsa.

“Oraingo berrikuntza da esternalizazioa indartu egin dela, nahiz eta iraunkortasunaz, garapenerako laguntzaz eta globalizazioaren eragin perbertsoen konpondu beharraz erretolika handiak egon. Kontsumoa, energia edo baliabide naturalen erauzketa bezalako adierazleek erakusten dute okerragora goazela. Orain gainera boomerang efektu bat ari gara ikusten: esternalizazioa bueltan datorkigu Mendebaldera, migrazioekin eta klimaren aldaketarekin”.

"Orain gainera boomerang efektu bat ari gara ikusten: esternalizazioa bueltan datorkigu Mendebaldera, migrazioekin eta klimaren aldaketarekin" (Stephan Lessenich).

Europan, dio Lessenichek, ez dago ekoizpen inozorik, are gutxiago kontsumo inozorik. Herritar europarrok dauzkagun gizarteetan lan eginarazten diegu, bai modu ilegalean edo bai modu legal baina miseriazkoan, etorkin afrikarrei etxalde industrialetan edo Hegoamerikako etorkinei etxebizitza partikularretan, eta aldi berean esaten da ezin direla errefuxiatuak errezibitu, gizarteok beren ahalmenak gainezka eginda dauzkatelako.

Azkenean, sistemak bere izaera lausotzeko sortuta daukan imajinarioarekin herritar guztiak hartzen ditu konplize: “Sistema hau okerra da, egitura honek ukatzen dizu pertsona duina izan ahal izatea. Behartzen zaitu beste batzuei min egitera, baita nahi ez baduzu ere, herrialde honetako herritar izate hutsagatik. (....) Baina zeure burua bakarka kulpatzeak ez du deusterako balio, soluzioa kolektiboa izango da derrigor. Kolektiboki erabaki dugu ez jabetzea gure bizimoduaren ondorio eta eraginez”.

Jende asko ohartzen da honela jarraitzerik ez dagoela, Lessenichentzako hori erakusten du Berdeek Alemanian hartu duten indarra. Baina aldi berean Berdeek ere jendeari proposatzen diotela entzun nahi dutena: klimaren aldaketari aurre egingo diotela baina bizimodua gehiegi aldatu gabe, izatekotan hegazkina gutxiago erabiliz. “Kontsumitzeko  eta ekoizteko modua aldatu beharra daukagu. Gutxiago kontsumitu behar dugu, gutxiago ekoiztu; azkenean, gutxiago edukitzea da kontua”.

"Kontsumitzeko  eta ekoizteko modua aldatu beharra daukagu. Gutxiago kontsumitu behar dugu, gutxiago ekoiztu; azkenean, gutxiago edukitzea da kontua" (Stephan Lessenich)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Globalizazio neoliberala
Maya trenaren obrek dagoeneko 10 milioi zuhaitz baino gehiago bota dituzte Mexikoko hego-ekialdean

1.500 kilometro baino gehiago izango ditu trenbideak, zeinak Mexikoko hego-ekialdeko bost estatu bilduko dituen: Campeche, Chiapas, Quintana Roo, Tabasco eta Yucatan. Maya trenaren kudeaketa Armadaren esku utzi zuen pasa den hilean Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak.


Berriz mahaigaineratu dute Mercosur-EB merkataritza askerako akordioa, klima larrialdirik ez balego bezala...

Berriz ere mahai gainean dute Europar Batasunak eta Mercosur-ek –Argentinak, Brasilek, Paraguaik eta Uruguaik– 1999az geroztik izenpetu nahi luketen akordioa. Trantsizio ekologikoaren aurkako norabidea hartzea litzateke hitzarmen hori izenpetzea, eta beste behin... [+]


Ez adiorik, Tuvalu

2022ko abenduan Tuvalu uharte-estatu ttipiak iragarri zuen Metabertsora pasatuko dela. 26 kilometro karratu baizik ez dauzkan artxipelagoa itsasoak bere igoerarekin irensteko arriskuan dago eta horregatik nahi dute ziberespazioan iraupena segurtatu. Simon Kofe Atzerri... [+]


2023-02-13 | ARGIA
“Supermerkaturik gabeko otsaila”, hurbileko jatetxe, komertzio eta baserriei kontsumitzeko

Zazpigarren urtez segidan, Suitzako En Vert et Contre Tout elkarteak antolatu du Février sans Supermarché ekimena, helburutzat daukana herritarrak animatzea hilabetez beren erosketak ez egitera banaketa konpainia handien super edo hiperretan, baina hurbileko... [+]


2022-12-16 | Sustatu
Amazonen kutxatila-biltegi baten kontrako trollgintza

Irudi hau ez dago manipulatuta. Euskarazko Mastodon instantzia batean erabiltzaile batek egindako argazkia da, Hego Euskal Herriko bazter batekoa. Amazonen locker edo kutxatila-biltegi hauek hainbat bazterretan agertu dira azken urteotan, eta testu jakin batekin egon ohi dira:... [+]


Eguneraketa berriak daude