"Lesbianon ikusgaitasuna, oraindik ere, konpondu gabeko auzia da"

  • Hasieran, elkarrizketa egiteko proposatu nionean, Pilar Mendibilek zalantzak agertu zizkidan. Geratu ginen kafe bat hartzeko, hitz egin genuen, eta azkenean, onartu zuen gonbita, garrantzitsua iruditzen zaiolako berea bezalako bidea egin duen jendearen ahotsa biltzea. Ñabardura, hauxe: “Baina kolektiboaren parte naizen aldetik egin nahi dut, bai mugimendu feministaren parte eta batez ere lesbiana feministen kolektibotan aritu ginen kideetako bat naizelako”.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Pilar Mendibil, 'Pilon' (Donostia, 1965)

Gazterik hasi zen mugimendu feministan militatzen, Donostiako Emakumeen Asanbladan lehenik eta Gipuzkoako Lesbiana Feministen Kolektiboan ondoren. Madrilen bizi zela, bertako feminista lesbianen taldean aritu zen. Lesbiana feministatzat du oraindik bere burua, “izaera politikoa” ematen baitio lesbiana izateari. 2015ean, Donostiako udal hauteskundeetan, Plaz! hautagaitza feministan parte hartu zuen, eta azken urteetan feministak arloka batzeko saiakeran aritu da (Eragingune Feminista). Arlo profesionalean, Euskaldunon Egunkaria, Egunero eta Berria komunikabideetan lan egin du, produkzioan eta kudeaketa-buru.

Gazterik hasi zinen mugimendu feministan militatzen, besteak beste, Donostiako Emakumeen Asanbladan. Ondoren, Gipuzkoako Lesbiana Feministen kolektiboa sortu zenuten. Zer dela-eta?

Mugimendu feministan genbiltzan lesbiana batzuek kezka genuen lesbianismoaren inguruan lan gehiago egin nahi genuelako, eta garaiko mugimendu feminista buru-belarri zebilen abortu libre eta doakoaren aldeko borrokan. Borroka horren helburua ez zen abortatzeko eskubidea lortzea bakarrik, izan ere, mugimendu feministaren bidez lortzen zuen jende askok era klandestinoan abortatzea; energia pila bat eramaten zuen horrek. Lesbianok toki gutxi genuen hor, eta halako batean erabaki genuen zerbait egin behar genuela. Asanbladan baginen batzuk, eta EHGAMen inguruan ere bazeuden –Euskal Herriko lehenengo lesbiana taldea, adibidez, ESAM izan zen, 1979an sortua, eta EHGAMen ingurukoa zen–. Hor bagenuen eztabaida, non eragin genezakeen gehiago, eta bietan zeuden kontraesanak. EHGAM guretzat oso mugimendu maskulinoa zen, eta garai hartan feminismoak oso jardun heteronormatiboa zuen, ziurrenik egoerak berak behartuta.

Feminismoaren barruan eragitea erabaki zenuten, azkenean.

Bai, 1983an, Euskal Herriko Lesbianen I. Topaketak antolatu genituen Zamalbiden, Errenterian. Topaketa horietan eztabaidatu genuen non sortuko genituen taldeak, gay mugimenduan ala mugimendu feministan, eta erabaki genuen mugimendu feministan egitea. Zamalbideko hori eginda, orduan hasi ziren lehenengo kolektiboak sortzen.

Zeintzuk ziren garai hartako aldarrikapenak eta borrokak? Zer aldarrikatzen zuten feministek eta zer lesbianek?

Guk feminista bezala, eta nik hor kokatzen dut nire burua, asanbladan egiten genuen lanaren %80 abortuarekin zegoen lotuta. Lesbianen kolektiboaren kasuan, bi xede genituen: bata, mugimendu feministan eragitea, sartzea beste ikuspuntu hori, norma heterosexual horren kontra egingo zuen diskurtso bat lortzea; eta bestea, lesbianon klasikoa, ikusgaitasuna lortzea. Lesbianon ikusgaitasuna konpondu gabeko auzia da, orduan eta orain. Eta bada beste elementu bat, orain ez dudana hainbeste ikusten: sistema patriarkala iraultzea, guk diskurtso bat egin nahi genuen horren kontra. Kolektiboetan arazo handia izan genuen ezkontza homosexualaren aldeko borroka sortu zenean.

Zergatik?

Gu beti jardun ginen eskubide indibidualen alde, hau da, gizarte honetan eskubide asko aitortzen dira bikotearen edo familiaren barruan, eta gu konbentzituak ginen eskubide indibidualak borrokatu behar genituela. Egia da ezkontzarena diskriminazioa dela: zergatik ezin zara zu ezkondu, eta bestea bai? Baina horrek zer kanpaina egitera eramaten zaitu? Diskurtsoa asko findu behar izan genuen.

Gaur egun, euskal herritarrok badugu sexu bereko pertsona batekin ezkontzeko eskubidea. 2005ean onartu zen Espainian eta 2013an, berriz, Frantzian.

Bai, eta ondo iruditzen zait, beste mundu bat lortzen dugun bitartean, guk ere izan beharko ditugu bada besteek dauzkaten eskubide berak, bizitzeko-eta. Baina tira. Ikusgaitasuna aipatu dugu lehen. Euskal Herrian bizi garen lesbianak ezkondu gaitezke eta Hego Euskal Herrikoek umeak izan ditzakegu, baina ez gara inon existitzen. Gehiago agertzen gara, horrelako egoerek behartuta, ikastolan: ama lesbianak umeak jasotzera joaten dira, eta errealitate horrek ateratzen ditu armairutik, baina hori errealitate pertsonala da. Gayak, mutilak badaude kultur arloan, politikagintzan… baina non daude lesbianak? Zergatik ez dute esaten? Izan ere, egon badaude, eta badakigu, baina… Badirudi normalizatu dela, baina zein eredu ditu gaurko lesbiana gazte batek esateko “hara, guaia da!”, eta, ez hori bakarrik, pentsatzeko bizibide ona izan dezakeela?

Argazkia: Dani Blanco.

Ikusgaitasuna hauspotzeko, nolako ekintzak antolatzen zenituzten?

Bada aurpegia ematea, laztana! Sekulakoa zen hori. Sekulako arazoak genituen. Bere garaian argazki asko egiten ziren bizkarra emanda. Asun Urbieta eta biok izan ginen ETBn atera ginen lehenengo lesbianak. Telebistan agertzea bera izugarria zen. Programa horietan sekulakoak esaten zizkiguten, adibidez, “nik zulo bat egingo nuke lurrean, zuek guztiak sartu eta zuloa estali”.

Kolektibo bezala, 1989an, kartel bat atera genuen, “zergatik zara heterosexuala?” zioena. Martxoaren 8an atera genuen, ez ekainaren 28an. Oso kartel deserosoa izan zen (asanbladako batzuentzat ere bai), heterosexualei zuzendu genielako galdera. Urtetan jasandako “zergatik zara lesbiana?” galderari buelta emateko saio mundiala izan zen. Gerora, Espainiako Estatuko kolektiboek ere egin zuten.

Zer eman dizu militantziak?

Militantzia feministari esker ikasi dut borroka dela bide bakarra [barreak], eta serio diot. Eta kolektiboa. Guk, orduan, kolektibo bezala sinatzen genuen beti, kolektibo bateko kide sentitzen ginen, tribu ginen, agian endogamiko samarrak… Nire garaiko lesbianok, gure bizi-prozesuan, haurtzaroko kuadrilla galdu dugu, eta beste inguru bat sortu behar izan dugu. Beraz, kolektiboko kideok lagunak ginen, elkarrekin bizi ginen, elkarrekin militatzen genuen, eta guretzat militantzia egunerokoa zen, astebururo genuen koordinazio-bilera… ehuneko ehun genbiltzan. Feminismoak, berriz, eman dit autoestimu eta boteretze handia. Ideologiagatik, batetik, eta bestetik, bere garaian lesbiana publikoa izateak eskatzen zizulako boteretuta egotea, bestela…

Arlo profesionalera pasata, hogei urte pasa egin zenuen Euskaldunon Egunkaria-n eta Berria-n lanean.

Euskal Herrian lau egunkari nazional egon dira euskaraz: Eguna bere garaian, gero Euskaldunon Egunkaria, Egunero –inor ez da gogoratzen baina Egunkaria-tik Berria-ra Egunero egon zen lau hilabetez–, eta Berria. Lau periodiko horietatik hirutan egon naiz.

"Mugimendu feministan sekulako garapena izan da euskarari dagokionez, eta kanpotik etorritakoen hizkuntzei dagokionez”

Zer lan egiten zenuen?

Kazetariek idatzi eta pentsatu egiten dute, produktuak nondik nora joan behar duen, baina gero jende asko dago hori gauzatzen duena, kazetarien lanarekin bakarrik ezingo litzateke periodiko bat aurrera atera, ezta irratia edo telebista ere. Hor badago guk edizio-sistema deitzen dioguna. Berria-ren kasuan, kazetariek idazten dute, baina haiek idatzi ahal izateko, diseinatzaileak maketak egin ditu, teknikariek haien ordenagailuak-eta bermatu dituzte, administrariak daude, lokalaz eta soldatez arduratzen direnak… Erredakzioan zehazki, idatzi ondoren, badago euskara talde bat, kazetariek idazten dituztenak hobetzen eta zuzentzen saiatzen dena, eta badago argazkiak lantzen dituena… Badago prozesu handi bat, kazetariek egiten duten lana hobetzeko. Kalitate plusa ematen diote. Ni prozesu horretaz arduratu nintzen urte askoan.

Eta nolako oroitzapena daukazu?

Oso ona. Niri asko gustatzen zitzaidan lana. Bi ardatzek asko eragin didate gaur egun naizen honetan: feminismoak eta Egunkaria-n, Berria-n eta euskalgintzan lan egiteak, horri eskainitako dedikazioak eta energiak.

Mugimendu feministan lesbianen alde borrokatu bezala, euskararen eremuan feminismoaren alde borrokatu zara. Bidegurutzean beti?

Mugimendu feministan, militantzia hutsa egin dut, hor egon nahi nuen eta nire denbora dedikatzen nion. Egunkaria-n eta Berria-n, berriz, lana zen, nahiz eta hor lan egitea militantzia ere baden, eta Egunkaria-ren hasieran are gehiago. Ordu pila bat sartzen genituen. Jaiegunetan, larunbatetan… Azkenean, Egunkaria-ko jardunak ekarri zuen, nolabait, mugimendu feminista utzi behar izatea, ez zelako bateragarria. Mugimendu feministan beti saiatu ginen egiten genuena euskarara ere ekartzen, batzuk euskaldunak ginelako eta iruditzen zitzaigulako horretan ere bagenuela laguntzea. Bestalde, Egunkaria-n eta Berria-n, ardura-postuetan pasatu ditut kasik urte guztiak, zuzendaritzan, eta horrek bidea eman zidan eragiteko: batetik, produktu justuagoa egiteko –zeren, produktu feministagoa izatea, azkenean, produktu justuagoa izatea da–, eta egitura aldetik emakumeen presentzia handiagoa izan zedin. Baina beste gauza batzuetan ere bai.

Adibidez?

Adibidez, lehen esan dizudan bide horretatik, mundua iraultzeko bide horretatik, Berria-ren lan itunean badaude berezitasun batzuk. Pentsa, jendeak, ezkontzen denean, hamabost eguneko baimena du, eta gainera ezkontzen den jendeak hartu nahi ditu hamabost egun horiek. Beraz, horren kontra ezin duzu egin, langileen estatutuak agintzen duelako. Baina zer gertatzen da, bikotean bizi ez den jendeak ez du inoiz izango aukerarik hamabost egun hartzeko? Gure gizarte honetan posible da ezkondu, dibortziatu, berriro ezkondu… infinitura arte, eta beti izango ditut hamabost egun; besteek, ordea, ez. Berria-ko lan itunean biltzen da, ordea, Berria-ko langilea izanez gero eta hiru urteko antzinatasuna izanez gero, hamabost eguneko baimena eskatzeko eskubidea daukazula. Edo beste bat: Berria-ko lan itunean azaltzen da amaren bizilagunak hiru egun izango dituela libre; orokorrean, ume horren ama edo aita izango da, baina ni bizi baldin banaiz nire ahizparekin eta hura haurdun badago, nik, Berria-n, hiru egun izango ditut. Horrelako gauzak landu izanak, eztabaida horien haziak bota izanak, oso harro sentiarazten nau.

Euskararen eta feminismoaren arteko lotura argiago ikusten da egun? Nola izan da bide hori?

Nire sentsazioei buruz hitz egingo dizut. Mugimendu feministan sekulako garapena izan da hizkuntzen gaiarekin, ez bakarrik euskararekin, jende pila bat kanpotik etorri izanak eta hainbat hizkuntza edukitzeak hausnarketa abiatu du mugimendu feministan. Mugimenduak hartu duen hautu politikoa da euskaraz aritzea, baina besteen hizkuntzak errespetatuz. Xuxurlatzaileen zerbitzua, adibide ederra da. Espazioak ere eragiten du, jakina, ez da gauza bera Gasteizen, Azpeitian edo Donostian aritzea, orain eta lehen. Mugimendu feministaren xedea beti izan da euskararen sentsibilitatea eta gure egoera agendan kokatzea, eta hau esaten dut zeren badirudi orain dela 30 urteko mugimendu feminista espainola zela, eta ni han egon nintzenez esan nahi dut ez zela horrela. Mugimendu feminista bere garaiko errealitatearen parte zen, eta oso ezberdina zen Azpeitian, Donostian eta Gasteizen aritzea.

Eta feminismoa euskararen munduan?

Euskalgintzan ere ikusten dut, gizarte osoan bezala, feminismoak hartu omen duen presentziarekin eta indarrarekin, ariketa batzuk egiten ari direla. Ikusita nola, abortuaren gaiarekin, mugimendu feministak lortu zuen Espainiako legeari atzera eginaraztea, edo zer mobilizazio antolatu diren Iruñeko bortxaketa basati horren aurrean, uste dut euskalgintza horregatik ere jarri dela feminismoari begira. Adibidez, egunotan, Nafarroako euskararen legearen kontura batek baino gehiagok aipatu du ea lortuko den bere garaian abortuaren edo Iruñeko bortxaketaren kontura izan ziren mobilizazio erraldoiak egitea. Beraz, interesa ez da bakarrik feminismoaren ideologiarekikoa, hau da, konturatu direlako haiek ere maskulinoak direla; feminismoaren estrategiaz ere badute interesa, “badugu nondik ikasi”, ari dira esaten.

Euskalgintzan eta gizartean ariketa batzuk egiten ari direla esan duzu. Nolako fruituak eman ditu horrek?

Gure munduan, ezkerreko munduan, eta ondorioz euskalgintzan ere bai, orain arte egin duten prozesu horretan, konturatu dira emakumerik ez dela ikusten argazkitan, zuzendaritza motei buruz hausnartu dute, eta ahalegin batzuk egin dira, zintzoak. Baina errezeloa daukat, hor dauden emakumeak hasi direnean gauzak zalantzan jartzen edo beste modu batean egin nahian, sekulako krisia sortu dela. Iruditzen zait momentu horretan gaudela, bai ezkerrean, baita euskalgintzan ere.

Are gehiago, iruditzen zait ez dela kasualitatea Uxue Alberdik eta emakume bertsolariek idatzi duten liburuaren kontura, isiltasuna nagusitu dela esatea. Nire ustez, Kontrako eztarritik liburuak, bertso munduaz hitz egin arren, gauza batzuk aldatuta, ederki balioko luke gure munduaz hitz egiteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGBTI
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Elena Guinea. Guztiontzako guneak sortzen
“Taberna bat edukitzea ardoak ateratzeko bakarrik, paso”

Etxe honetan askok ezagutzen dute Elena Guinea: 2021eko abenduan aldizkariaren azalean agertu zen, titi bakarrarekin eta irribarretsu, alboan zituela Sandra Barkaiztegi eta Olatz Mercader. Iñurri elkartearen (Min)bizi podcastean entzungo zuten beste hainbatek —Argia... [+]


Bilboko eraso homofoboa Legebiltzarrera iritsi da

Santomasetan bi homofobok sudurra apurtu zioten 23 urteko gazte bati eta kasu horren harira hainbat galdera egin dizkio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari, LGBTfobiari aurre egiteko neurrien inguruan. Bilboko EHGAMek ere badu zer esana: "Zisheteronorma babesten... [+]


2024-01-08 | ARGIA
LGBT+ eragileek Baionako apezpikua salatu dute Aita Santuak bikote homosexualez esandakoa desitxuratzeagatik

Eliza katolikoak abenduaren 18an argitaratu zuen Fiducia supplicans agirian bikote homosexualak bedeinkatzeko aukera eman zuen. Abenduaren 29an, beste agiri baten bidez, Marc Aillet Baionako apezpikuak Aita Santuaren hitzak bere modura interpretatu zituen. Bere elizbarrutiko... [+]


Eguneraketa berriak daude