"Kolektiboki funtzionatzeak iraunarazi du ARGIA"

  • ARGIAren mendeurrenean proiektu hau azaltzen duen tajuzko zerbait egin nahi genuen. Ondorengoek ere ulertu dezaten ekonomia kapitalistak esplikatu ezin duena: nola iraun duen langileena den euskarazko proiektu batek hainbeste urtean. Gorka Bereziartuak idatzi du ARGIAren liburu gorria eta ARGIA Jendeak etxean jaso dugu astekari honekin batera. Irakurri eta gustuko dugunok erabili eta zabaldu ditzakegu bertako edukiak lagunartean, lanean zein aktibismoan.

Ez gara neutralak du izenburu ARGIAren mendeurrena baliatuz argitaratu berri dugun liburuak. Baina espero zitekeenaren aurka, ez da historia liburu bat. Zergatik?

Hasieran bai izan genuen historia liburu bat egiteko asmoa eta ARGIAko kolaboratzaile bati proposatu ere egin zitzaion, baina horretaz hitz egiteko bildu ginenean, ARGIAn ibilitako jende esanguratsuaren iritzia entzunda, ondorioa atera genuen beharbada ez zela hori une honetan egin behar genuen liburu mota. Denok dakigu 1919-2019 bitartean zenbat turbulentzia izan diren Euskal Herrian eta zenbat haustura. ARGIAren historia ere ez da lerro jarraia izan, eten puntu asko eta momentu batzuetan hausturak ere izan ditu. Horren azalpen oso eta koherente bat emateko ezinezko oreka batzuk egin behar ziren, beraz, zuzenean asmo hori alboratu egin genuen.

"Liburu hibrido bat da. Gai historikoak baditu, badu kronika puntu hori. Baina ARGIAn funtzionatzeko dugun filosofia esplikatzeko saiakera ukitu bat eman behar izan diot"

Behin proiektu hori alde batera utzita, niri iritsi zitzaidan mendeurrena baliatuz ARGIAren inguruko liburu bat egiteko enkargua, baina etxe honetan ohikoa den moduan, askatasun osoa emanaz liburu horren edukiaz. Eta zeri heldu diogu? Bada, egungo ARGIA esplikatzeko funtsezkoak diren momentuei. Beraz, badu zerbait historiatik, baina batez ere gure funtzionatzeko filosofia azaltzen du liburuak. Hasiera puntu bat jarri behar zen historian eta 1980a jarri dugu abiapuntu.

Nolakoa izan da idazketa prozesua?

Nahiko korapilatsua. Liburu hibrido bat da. Gai historikoak baditu, badu kronika puntu hori. Baina ARGIAn funtzionatzeko dugun filosofia esplikatzeko saiakera ukitu bat eman behar izan diot. Liburuan ematen diren iritzi asko nireak dira, baina nahi nuen lantaldea islatuta egon zedin eta saio batzuk egin genituen, batez ere erredakzio bileretan, ideiak kontrastatzeko. Beraz, halako Frankenstein moduko bat da.

1980ko hamarkadako ARGIA hartu duzu gogoetarako oinarritzat. Zergatik?

"80ko hamarkadan apustu arriskatua egin zuten ARGIAn jarraitzea erabaki zutenek, zeren korronte nagusiak esaten zuen euskara hutsez prentsa egiteak ez zuela etorkizunik"

1980an gertatu zelako aldaketa garrantzitsu bat, izenetik hasita: ordura arte Zeruko Argia zen eta orduan Zeruko galdu egin zuen. Une horretan pasatu zen enpresa fraide kaputxinoen eskuetatik langileen esku egotera eta kooperatiben filosofiarekin funtzionatzera. Nik uste aldaketa horrek baduela loturarik garai hartako espirituarekin: Zeruko Argia 60ko eta 70eko hamarkadetan zehar geroz eta gehiago joan zen bihurtzen euskaldungo aurrerakoi eta antifrankistaren ahotsa. Baina 70eko hamarkadaren bukaeran giza-talde hori artikulatzen zuten hainbat alderdi politikok prentsa elebidun eta argi esateko diglosikoaren aldeko apustua egin zuten. Beraz, 80ko hamarkadan apustu arriskatua egin zuten ARGIAn jarraitzea erabaki zutenek, zeren korronte nagusiak esaten zuen euskara hutsez prentsa egiteak ez zuela etorkizunik. Talde horrek 80ko hamarkada osoan izan zuen kemenari esker erakutsi da posible dela, eta gainera askok etorkizuna ere euskara hutseko medioetan ikusten dugula.

80ko hamarkadako Argiero horiek zer ekarpen egin zuten?

Talde horrek momentuan ikusi zuen prentsa elebidun-diglosikoak ez zituela asetzen euskaraz bizi nahi duen herri baten betebeharrak, bi mailatako hizkuntzak sortzen direlako: gauza inportanteak esateko gaztelania edo frantsesa, eta periodikoa osatzeko pieza batzuk euskaraz. Argieroek asmatu zuten ikusten horrela ez zela hizkuntza normalizatuko, eta beraz, behar zela euskara hutsez funtzionatuko zuen hedabide bat, eta gainera filosofia berezi batekin: langileek medio horrek hartutako erabaki guztietan azken hitza edukitzea, izatea hedabide bat independentea bai alderdi politikoekiko, bai beste enpresekiko eta beste interes taldeekiko. Eta edukitzea jarrera autonomo eta transgresorea. Alegia, ez izatea soilik unean euskaraz egiten zen horren isla; euskararenak izan daitezkeen terreno berriak bilatzea baizik.

"Argieroek 80ko hamarkada osoan aldizkaria aurrera atera zuten ezer kobratu gabe; azpiegitura ekonomiko oso bat sortu zuten inguruan eta gainera motorra izan ziren Euskaldunon Egunkaria sortzeko"

Geroztik euskarak egin duen eboluzioan rol garrantzitsu eta sarri aitortu gabeko bat izan zuten. Ez da ahaztu behar 80ko hamarkada osoan aldizkaria aurrera atera zutela ezer kobratu gabe, beste leku batzuetan lan eginez soldata ateratzeko eta astekaria lan militantearekin eginez. Ez zuten aldizkaria mantendu soilik, hobetu ere egin zuten, eta azpiegitura ekonomiko oso bat sortu zuten horren inguruan, ARGIA lagunduko zuen enpresa sare baten bidez; eta gainera izan ziren motorra ondoren Euskaldunon Egunkaria sortzeko. Hamar urtean egin zutela kontuan edukita, ez da meritu makala!

Kokapen kontuak kapituluan diozu kazetariari objektibotasuna eskatzea baldintzapen sozialez ahaztea dela. Zer pentsatzen duzu "kazetaritza objektiboa" deitzen zaion horri buruz?

Ez dela existitzen. Komunikazio zientzietan nahiko onartutako gauza da objektibotasuna ez dela existitzen. Baina hala ere, badira gizartearen aurrean bere burua oraindik horrela aurkezten duten medioak. Normalean izaten dira, ez-objektiboak izanik, izaera objektibatzailea dutenak. Hau da, lortzen dute beraiek kontatzen duten errealitatea neutraltzat hartzea. Kazetariok jarrera zintzoago bat eduki behar dugula uste dut. Esan behar dugu: ez gara neutralak, hemendik kontatzen dugu errealitatea, hau da gure ikuspuntua, eta horren barruan zintzoak izango gara. Hau da: izango dugu ikuspegi nahiko zabala, hasierako usteak zalantzan jartzen dituzten gauzak ere kontatzeko.

Gu ez gara neutralak, baina beste hedabideak ere ez...

"Ez dut uste egoera batzuen aurrean neutral izan nahia bera ona denik"

Ez, noski. Inor ez da neutrala. Zintzotasunez adierazten dugu ez garela neutralak eta gainera gizarte proiektu bati atxikita dagoen hedabidea garela. ARGIA irakurtzen duenak badaki hau medio euskaltzalea dela, Euskal Herri euskaldun baten alde hartuko diren neurri politikoak babestuko dituela, badaki medio aurrerakoi bat garela, kolektibista... balio batzuk nahiko argi ikusten dira ARGIA irakurrita. Gainera, ez dut uste egoera batzuen aurrean neutral izan nahia bera ona denik. Batzuetan debate publikoetan halako dikotomia faltsu batzuk planteatzen dira: "Ez matxismoa eta ez feminismoa"... ARGIA irakurtzen duenak ez ditu behintzat dikotomia faltsu horiek ikusiko.

Liburuan diozu 2008an, Lehman Brothersen kiebraren ostean, gauzak aldatu egin zirela ARGIAn.

ARGIArentzat ekonomikoki urte txarra izan zen. Gainera, begiratzen genuen inguruan panorama nola zegoen eta zein enpresa ari ziren ixten edo kaleratze handiak egiten... Euskarazko hedabide txiki batetik ikusita, momentu nahiko beldurgarria izan zen. Gainera 2009an 90 urte betetzen zituen ARGIAk, beraz, bazen halako une delikatua, batzuoi zalantza sortu zitzaigun: "Iritsiko gara 100 urte betetzera?". Bazirudien mundua pikutara zihoala.

"2008a oraingo lantaldearentzat halako momentu fundazional bat izan zen"

Langileok bazkideak gara eta Bazkide Batzarrak egiten ditugu nahiko maiz, enpresaren norabideaz hitz egiteko. Urte bukaera zen, zenbaki nahiko txarrekin... eta Bazkideon Batzarrean garai hartako zuzendaritzako kide batek esan zuen: "Gu konbentzituta gaude elkarrekin gai izango garela egoera honi buelta emateko". Ez ziren hitz arranditsuak izan, baina balio izan zuten ulertzeko hemen kolektiboki funtzionatzen dela eta lantalde honen lan egiteko gaitasuna, konpromisoa... horrelako balioak direla ARGIA iraunarazten dutenak. 2008a oraingo lantaldearentzat halako momentu fundazional bat izan zen, zeren bazen jendea hamarkadak zeramatzana ARGIAn, beste batzuk sartu berriak ginen, eta egoera oso estu horri elkarrekin egin genion aurre. Horrek asko trinkotu zuen taldea. Konbikzio bat eman zigun: honetatik ere atera gara elkarrekin lan eginda.
Garai hartan Pello Zubiriak jarri zuen mahai gainean zer aldizkari mota ari ginen egiten eta zer egin behar genuen.
Gogoan dut titular bilera bat: ostegunez astekariaren azala definitzen arituko ginen, eta Zubiriak esan zuen: "Badirudi katalogo bat egiten ari garela, eta bitartean mundua su hartzen ari da". Askotan eszenak gogoratzen ditugu; kezka transbertsalagoa izango zen, baina "katalogo" hitzak niri behintzat asko pentsarazi zidan. 2007-2008ko krisian oso modu argian ikusi zen gero Naomi Kleinek esplikatu zuen shock doktrina: botere jakin batzuek nola baliatzen duten egoera finantzieroa mundu mailako desjabetze prozesua martxan jartzeko. Horren aurrean gizartea ere asko aldatu da azken hamar urteotan. Guk nahiko hasieratik eduki genuen txipa gizartearen aldaketa horri erantzuteko eta desjabetuak izaten ari ziren horiek erdigunean jartzeko.

Horrek eman zion ARGIAri kazetaritza funtzio argi bat.

Bai, eta sinesgarritasuna. Mugimendu handi batzuek lortu zuten nolabait gizartean zegoen ezinegon hori erdigunean jartzea: izan Occupy Wall Street, M15, geroago Nuit Debout... Baina krisiaren hasierako uneetan hedabide nagusien mezua zen "gure aukeren gainetik bizi izan gara, gerrikoa estutu beharko dugu, ez dago dirurik hainbat eta hainbat gauza ordaintzeko"; eta ia-ia luxu gisa aurkezten zituzten osasungintza publikoa, hezkuntza, edo halako oinarrizko gauza asko. Hori gertatzen hasi zenean eta diskurtso mota horiek oraindik nagusi zirenean, ARGIA dagoeneko beste ikuspegi batzuk ematen ari zen.

Urriaren 22an ARGIA eta Ametzagaiña Taldeko kideak "Ez gara neutrala" liburua aurkezten, Donostiako Udal Liburutegian.

Nola ikusten duzu ARGIA egun?

"Zeruko Argiaren garaia ere ez da ulertzen bizitzen jarraitu nahi duen Euskal Herri honekin lotuta ez bada"

Bere komunitatean ongi txertatutako hedabidea da eta sustrai sakonak ditu euskal gizartean, baita gehiengoaren mesedetan lan egiten duten kolektibo eta mugimenduetan ere. Komunitate hori da ARGIA biziarazten duena eta beti izan da horrela. Zeruko Argiaren garaia ere ez da ulertzen bizitzen jarraitu nahi duen Euskal Herri honekin lotuta ez bada. Alde horretatik sendo ikusten dut. Testuinguru zail batean baina konbikzioarekin eta sustrai sendoekin lan egiten duen proiektua gara.

Gerora politika instituzionalean amaitu duen batek, 2008ko ildo aldaketaren ostean, aurpegiratu izan zigun "lerratuegiak" geundela. Zerekin gaude lerratuak?

Gizarte hau gehiengoaren onerako eraldatu nahi duten ideiekin. Gure oinarria hori da, gehiengoaren onerako diren balio batzuen arabera informatzea. Adibidez, Klima Larrialdiaz mundu guztiak hitz egiten du orain baina ARGIA hortik harago doa, ez du zerikusirik noizean behin marketing ekintzak egitearekin, jarraipena egiten diegu Klima Larrialdia hemen eta orain eragiten duten neurri zehatzei eta planteatzen dugu, baita ere, zer egin dezakegun Euskal Herrian guk sortzen dugun kutsadurari aurre egiteko. Politikoki, Euskal Herria zazpi lurralde dituen herria dela erakusten dugu. Genero aldetik, feminismoek egin dituzten ekarpenak gure ildoan islatzen ditugu. Kulturan saiatzen gara entretenimenduaren zaratatik apartekoa dena ekartzen...

Balio horien arabera informatzeaz gain, koherentziak eskatzen du gure eguneroko lanean balio horiek aplikatzea. Adibideren bat azalduko?

Berrantolaketa prozesu bat egin genuen, abiatu zena soldata sistema horizontaltzetik, eta ondoren ardurak banatu genituen. Hori aldaketa oso indartsua izan da: lehen ere ez zen sistema oso bertikala, baina soldatak berdinduta, eta ondoren oinarri materialetik abiatuta ardurak ere berdintzean, jendea hasten da bere baitatik ateratzen funtzionamendu bertikalago batean atera ezingo zituenak. Funtzionamendu horizontalagoek aukera ematen dute pertsona bakoitzak bere irudimena eta ardura maila garatzeko. Berrantolaketa hori ez da inoiz bukatzen, pertsonen egoerak ere aldatzen dira, beti ari gara aldaketak egiten.

"Mundua ez zetorren programatuta ARGIA bezalako proiektu komunikatibo bat 100. urteurrenera iristeko" irakur dezakegu liburuan. Eta zergatik iritsi da beraz?

"Euskarak bizi izan duen degradazioa eta ia desagerpena ez da ulertzen gure bizitzaren beste alor askok bizi izan duten degradazio eta suntsipena ulertu gabe. Horren ondorioak atzera itzularazi nahi baditugu, dena osotasun bezala ulertu behar dugu"

Jende askoren ekarpenagatik, lan militanteagatik eta batzuek ukatzen jarraitzen duten arren, badagoelako Euskal Herria izena duen zerbait, identitate kolektibo bat, pertenentzia sentimendu bat, hizkuntza bat, eta horrek iraun dezan lan egiteko prest dagoen jendea. Liburuan saiatu naiz sarri euskalgintzatik egiten ez den lotura ere egiten: euskara desagerrarazteko egon den politika sistematikoak zer harreman duen kapitalismoarekin. Europan estatu nazional handiak sortu zirenean bazuten bokazioa merkatu handi bateratuak sortzeko. Eta merkatu horiek behar dute hizkuntza nagusi bat, horrela, adibidez, Madrilen ateratzen den egunkaria Espainiako Estatu osoan irakur daiteke. Hori bera egin behar bada tokiko hizkuntzetara egokituta, kostuak handitzen dira eta abar. Batzuetan hizkuntza politika egiten da pentsatuz hemen egin behar den gauza bakarra hizkuntza aldatzea dela, beste ezer ukitu gabe. ARGIAren ibilbideak erakusten du, nire ustez, gauzak egiteko modua ere aldatu behar dela. Euskarak bizi izan duen degradazioa eta ia desagerpena ez da ulertzen gure bizitzaren beste alor askok bizi izan duten degradazio eta suntsipena ulertu gabe. Horren ondorioak atzera itzularazi nahi baditugu, dena osotasun bezala ulertu behar dugu.

Zein dira ARGIAk dituen erronkak? 101. urtea ere egin beharko dugu...

Kezkatuta nago teknologian daukagun dependentziarekin. Liburuan azaltzen da 80ko hamarkadan ARGIAko taldeak lortu zuela XX. mendeko hedabide bat egiteko behar ziren ekoizpen bitartekoen jabe izatea. Hau da, aldizkaria zeukaten, inprimategia ere bai, eta azpiegitura informatikoa. Burujabe ziren produkzio prozesuan ere.

"Burujabetza
teknologikoaz gogoeta egin beharra daukagu. Bestela, eduki oso konprometituak landu arren, kanalak
asko baldintzatu gaitzake”

Paperetik digitalera pasatu garenean, badira gauza batzuk ez ditugunak guk erabakitzen, ez dituenak estatuak ere erabakitzen, zuzenean Silicon Valleyko bulego batean erabakitzen dira. Guk gure informazioa sare sozial komertzial batzuen bidez zabaltzen dugu eta gure komunitateko jende asko hor aurkitzen dugu. Burujabetza teknologikoaz gogoeta egin beharra daukagu. Badira alternatibak eta Euskal Herrian alternatiba horietan lanean ari diren kolektiboak, ARGIAren filosofiarekin bat datorren funtzionamenduarekin: software librea. Zerbait egin behar dugu beste tresna batzuekin eta beste era batean funtzionatzeko. Bestela, idazten ditugun artikuluetan eduki oso konprometituak landu arren, kanalak asko baldintzatu gaitzake eta horrek beldurra ematen dit.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIAk 100 urte
2019-12-22 | Jakoba Errekondo
Barietatea eta aniztasuna

Duzunaritzeko kultura ezagutzeko aukera izan dugu 111 hostoz eta orriz jantzi liburuaren aurkezpen egunean. Argiak mendea bete duen ospakizun saila borobiltzeko egun gustagarria. Ehun urtetako kazetaritza goratzeko nekazaritzaren alorrean oinetakoak zikinduz ibiltzea baino bide... [+]


2019-12-22 | Estitxu Eizagirre
Mendeurrenak hiru opari: bata jendeari, bestea ARGIAri, handiena Euskal Herriari

Urte biribil honek opari bana egin digu Argia Jendeari, Euskal Herriari eta komunikazio proiektuari. Zabalduko ditugu?

 


2019-12-22 | Garazi Zabaleta
Duzunaritze argiaren mendeurrenaren lekuko

2019a urte berezia izan da ARGIArentzat, esku artean duzun ale hau ere bada horren adibide. Ehun urte betetzea ez baita lorpen makala, are gehiago euskarazko hedabide txiki batentzat. Ospakizunek forma ezberdinak hartu dituzte urte oso honetan zehar eta, nola ez, landa eremuko... [+]


Eguneraketa berriak daude