Amazonia zaintzen duten herriak kanporatuz gero, suntsiketak abiadura handiagoa hartuko du

  • Leomarcio Araujo da Silva, Movimento dos Pequenos Agricultores (MPA) mugimenduko zuzendaritza orokorreko partaide da. Lan hori dela-eta beste mugimendu eta alderdiekin eztabaida etengabean dago. Nekazarien ikuspuntutik Brasilek bizi duen errealitatea ulertzen saiatu gara berarekin. “Herri mugimenduen artean ere historikoki ez dira aintzat hartu landa eremuak egindako analisia eta ideiak”.

“Brasildarra den guztia salgai ipini du Bolsonarok. Bere jarrerak eta aurreiritziak, komentario faxistak... horiek ez dira sorpresa. Baina pribatizazioarena bada bere alde agertu den jendeari egindako traizioa”
“Brasildarra den guztia salgai ipini du Bolsonarok. Bere jarrerak eta aurreiritziak, komentario faxistak... horiek ez dira sorpresa. Baina pribatizazioarena bada bere alde agertu den jendeari egindako traizioa”

Jair Messias Bolsonaroren gobernua kontraesanez josita heldu zen, aurretik esan eta gerora egin duenaren artean badago aldea. Zein da MPAn egiten duzuen balantzea?

Bolsonaroz hitz egiten dugunean bada gauza oso kontraesankorra eta aztertu beharrekoa. Bere kanpainako leloa “Brasil guztiaren gainetik eta Jainkoa guztien gainetik” izan zen. Brasilgo herria oso erlijiosoa da eta sentimendu horrekin jolastu zuen; boterea eskuratzeko ebanjelikoekin aliantza sortu zuen –parlamentuaren zati handi bat ebanjelikoa da–. Baina okerrago, Brasil “guztiaren gainetik” kokatzeko sentimendu patriotikoa sortu ondoren, ondasunen pribatizazioa bultzatu zuen. Brasildarra den guztia salgai ipini zuen. Guretzat hori traizio bat da, bere beste jarrerak: aurreiritziak, komentario estremistak, faxistak, ezjakinak... horiek ez dira sorpresa izan. Baina pribatizazioena bada bere alde agertu zen jendeari egindako traizioa.

Bolsonaroren gobernuak lan baldintzak aldatu eta pentsio sistema erreformatu nahi ditu, horrek eragin handia izango du biztanleen egunerokotasunean. Aldaketa estrukturalak dira eta legebiltzarrean “b kutxa” deitzen dugunarekin onesten ari dira. Orain arte ilegala zena instituzionalizatzen hasiak  dira: botoen erosketa. Diru publikoa horretarako erabiltzen ari dira, parlamentariak erosteko kapitalaren aldeko politikak onartu ditzaten. Bitartean, mugimendu sozialak eta ezkerreko alderdiak nahiko geldi gaude. Sare sozialak erabiltzen ditugu baina kaleak hutsik daude. Nola da posible erantzuteko gaitasun falta hori? Hori da behin eta berriz gure eztabaidetara datorkigun galdera.

Azken hilabeteetan ordea, herritarrak kalera atera dira hezkuntzaren erreformaren aurka. Pentsioen erreformak ekonomikoki familiengan askoz gehiago eragingo duen arren...

Pribatizazioa bizitzaren alderdi guztietara heldu da, bakoitza bere dimentsioarekin. Pentsioen erreformak pobrezia bizi duten lagunak zuzenean kaltetuko ditu. Baina gure ustez hezkuntzakoa larriagoa da, etorkizuna jartzen baitu zalantzan: ez digute soilik gaurko ogia kentzen, Brasilgo autonomia eta erabakitzeko gaitasuna ere bai. Biztanleriaren zati handi batek ezin izango du ikasi, eta hezkuntzara azken garaian heldu diren baztertutako herri asko berriz ere kanpoan geratuko dira.

Okerrago, edukiak aldatu eta mailakatuko dituzte, irakasgai batzuk desagertu, besteak debekatu... arlo sozialekoak kasu.  Eta hain justu eduki horiek dira bizitza ereduen eztabaidarako eta gizartean aldaketak emateko beharrezkoenak. Horren ordez eduki teknikoak gailenduko dira. Hezkuntza sistema dependentzian oinarritutako proiektu hegemoniko internazionalaren menpe kokatuko dute, guztiz. Afera honek jendea kalera eraman du, landa eremu zein hirietakoa, aliantzak sortzeko ahalmena izan du.

Brasilen “educação do campo” deitzen duzuen pedagogia, lur gatazketan dauden mugimendu eta komunitateen esperientziaz sortutako metodologia ere arriskuan dago.

Bolsonarok hasieratik izan du talka handia landa eremuko mugimendu sozialen hezkuntza sistemarekin. Hezkuntza honen oinarrian nekazariek, baserritarrek, produktore txikiek, lurgabeek eta landa eremuko beste herritarrek beraien bizitzarako behar dituzten edukiak eta metodologiak daude. Beraiek diseinatu eta garatu dituzte, eta politika publikoek bere sisteman bermatu dituzte borroka askoren ondoren. Orain, heziketa hori bertan behera geratuko da, edo behintzat laguntza publikoa galduko du. Bolsonarok ahalduntze hori geratu eta landa eremuko herriak bigarren mailan jarri nahi ditu, bere iruditegian baserritarrek ez baitaukate zentzu handirik.

"Educação do campo’ lizentziaturako ikasleak Campos dos Goytacazes-en klaseak hartzen. Pedagogia eredu hori jarri du jomugan Bolsonarok.

Pentsioen erreformak hasiera batean ondorio larriak zekarzkion landa eremuari, baina azkenean erabaki dute horko biztanleak erreformatik kanpo uztea. Benetako garaipena da edo gezur bat gehiago?

Estrategia kontua izan da. Landa eremuko mugimenduek hirietakoek baina indar handiagoa dugulako jendea kalera ateratzeko. Kotizazio sistema berriarekin eta urte kopuru aldaketekin, elikagaien ekoizle asko erretreta galtzeko arriskuan zeuden eta MPAk gose greba egin zuen arazoa Brasil osoan ikusarazteko. Antzeko protestak saihesteko bota du atzera gobernuak erreformaren zati hori. Baina ez da egia landa eremuan eragingo ez duenik. Elkartasun printzipioa desagertu egingo da eta legea Konstituziotik kenduz ateak zabalik izango dituzte aurrerantzean aldaketa gehiago egiteko, presidentearen dekretuekin. Orain ez dugu antzemango, baina laster gure partea ere kenduko digute.

Bolsonarok nekazal erreforma jomugan dauka eta legea aldatu nahi du, armak eskuratzea errazago egin eta jabetza pribatuaren kontra ari direnei tiro egin ahal izateko.

INCRA institutua errekurtso eta baldintza gabe utzi du. Institutu horren funtzioa nekazal erreforma aurrera eraman eta hainbat komunitate tradizionalen lurrak erregularizatzea da, adibidez kilonboloen (esklabotzatik ihes egindako beltzek sortua) eta herri indigenen lurrak. Orain ia desagertuta dago ordea. Eta armen aferan badira kontraesan batzuk: liberalizazioa baldin badator, ez da bakarrik aberatsentzat izango –aukera gehiago izango dute armak erosteko noski, prezioa jada igotzen ari delako–, txikientzat, pobreentzat, lurgabeentzat ere izango da... Favelatan jada gertatzen dena ikusiko dugu landan. Politika horrekin gerra zibilean amaituko dugu eta antzeztoki hori diseinatzen ari dira: latifundistak eta lurgabeak, denak armekin... ez da oso etorkizun polita izango.

Herri indigenen kanporatzea eta ondasun komunen pribatizazioa eta suntsipena batera datoz?

Presidenteak Amazonia beste herrialdeekin batera kudeatzeko proposamena egin du, brasildarra izan arren. Horrek ondasunen gaineko presioa handituko du, eta bertan bizi diren herrien gaineko presioa ere bai. Komunitate indigenen kontrako erasoak, suntsiketak, kanporatzeak, hilketak biderkatu dira azken hilabeteetan. Beraz bai, natura eta herrien suntsiketa batera datoz.

Herri mugimenduentzat aldaketa klimatikoa eta arazo ekologikoak aspaldi daude agendan, baina orain gero eta gehiago. Natura zaintzen duten herriak, berarekin bat bizi direnak, kanporatzen badituzte suntsitze abiadura handitu egiten da. Alde batetik proiektu handiak ditugu, agronegozioaren MATOPIBA (Maranhão, Tocantins, Piaui eta Bahiako estatuak hartzen dituen proiektua) adibidez, baina bestetik latifundisten eta enpresen lur pilaketa nagusituz doa. Nola defendatu natura agertoki honetan?

2018an nekazal mugimenduko hainbat kidek –tartean MPA sindikatukoak– egindako gose greba babesteko manifestazio jendetsua Brasilian:  “botere guneetatik urrun gaudenez gure indarra ez da nahikoa, ez du ikusgarritasunik”.

Hala ere herri mugimenduetan badira aliantzak, artikulazioak eta bestelako ekimenak. Zeintzuk dira indargune eta ahulguneak?

Esango nuke garrantzitsuena ikasten ari garena dela, hausnarketa ugari egiten ari gara. Adibidez, hauteskundeekin gertatzen zaiguna ari gara ikertzen. PT (Partido dos Trabalhadores) alderdi nagusiena da oraindik, nahiz eta kriminalizatu eta legez kanpo utzi nahi duten. Baina, non uzten gaitu alderdien kontu honek?

Ia hamasei urtez ezkerreko gobernuak izan ditugu baina ez dugu ganorazko formazio politikorik egin, herri xumearen parte bat Bolsonaroren alde agertu baita orain, eta beste parte batek ez du erantzuten, desantolatuta gaude. Orduan, jarraitu behar dugu borrokan pisu gehiago izateko  PTren barruan? Edo beste estrategia batzuk sortu behar ditugu? Lurraldeetan ahaldundu eta beste era batera borrokatu? Ez dugu erantzunik, baina orain mugimenduen artean elkarrizketa gehiago dago eta aliantzak indartzen ari dira, hiria eta landa eremuaren artean adibidez. Momentuz errepresioa elkarrekin salatzen dugu, baina zer herrialde nahi dugun ere ari gara eztabaidatzen, hori da gure erronka.

2016an kolpearen hasieratik herri mugimenduek hiru urte daramate PT eta hauteskundeei begira, eta horrek beste zeregin batzuk pausatu ditu. Hurrengo urratsak ere pentsatu beharko dira, segurtasuna zaindu eta gauzak poliki egiteko garaia den arren...

Garai konplikatuan gaude, politika demonizatuta dago, jendea nazkatuta dago eta aldaketa nahi du. Kontua da oraingo aldaketa okerrera izan dela. Kolpea eta Bolsonaro heldu ziren ustelkeria agendan jarriz, baina horrek errealitatearen osotasuna ezkutatu zuen: herritarrek ez zuten denborarik izan gauzak ondo ulertzeko eta kaleak okupatzeko –landa eremuan erantzuna handiagoa izan zen, baina botere guneetatik urrun gaudenez gure indarra ez da nahikoa, ez du ikusgarritasunik–.

Orain herri lana berreskuratu eta erreminta egokiak topatu behar ditugu. MPAn uste dugu formak ere aldatu  behar ditugula, lehen erabiltzen genituenak jada ez dute balio. Pentsaera eta proposamen bertikalek ez dute funtzionatzen, birpentsatu behar dugu gure egitura, eta gure buruak birpentsatzen ditugunean, uste dut pauso garrantzitsu bat ematen ari garela. Horrez gain, burujabetzaren aldeko borrokan –MPArentzat gehienbat elikadura burujabetzaren aldeko borrokan– salaketetatik proposamenetara aldatu behar dugu. Jendeak ez dauka esperantzarik eta larri bizi da; salaketekin jarraitzeak garrantzia duen arren eta jarraituko dugun arren, ekimen positiboetan aurrerapausoak eman nahi ditugu, itxaropena zabaldu. Noraino helduko garen ez dakigu, baina behintzat horretan saiatu gara.


ASTEKARIA
2019ko urriaren 20a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nekazariak
2024-03-31 | Itxaro Borda
Open Bar

Ikusi ditugu alimaleko traktoredun nekazariak, bideak, zubiak, mugak blokeatzen, eta bihotzak “krak!” egin zigun elkartasunez, geu ere laborari haurrak garelako eta anaiak, oraino, etxaldeak aitzina eramaten tematzen direlako. Manifestariak entzun ditugu normak... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


Nekazari talde bat Nafarroako Parlamentuan indarrez sartzen saiatu da

Ostegun goizean, traktoreekin elkarretaratzea egin dute kanpoaldean, eta saioa hasi denean hainbat nekazari ateraino hurbildu dira. Tirabirak izan ondoren, Foruzaingoak atea ixtea lortu eta manifestariek ezin izan dute barrura sartu.


Eguneraketa berriak daude