Ehun ikasle eta sare bat Galizian

  • Galiziera ahul dago azken urteotako datuei erreparatuz gero. 14 urtez azpiko %14k soilik hitz egiten du galizieraz, eta adin txikikoak diren guztiak kontuan hartuta, kopurua ez da %20ra iristen. Era berean, galiziera hutsez ari diren ikastetxe kopuruak gora egin du, beti ere herri ekimeneko Semente egitasmoaren eskutik, hezkuntza sistema publikoan oso urri baitira galizieraz ari diren ikastetxeak.

Argazkia: Semente eskolak.
Argazkia: Semente eskolak.

Zortzigarren ikasturtea du Semente –galizieraz “hazia” esan nahi du– eskola galiziarrak. Inor gutxik espero zezakeen administrazioaren babesik gabe jaiotako hezkuntza proiektu batek, sortu zenean gainera hiru haurren parte-hartzea soilik izanda, dagoeneko ehun haur izan zitzakeenik. Hala, itxaropentsu eta ilusioz lanean jarraitzeko motibo direla azaldu du Marta Santos Sementeko pedagogia arduradunak, baina, beste aldetik, “tristea” dela dio Galiziako Xuntak proiektuarekiko eta arazo linguistikoarekiko interesik ez azaltzea: “Aintzat hartu beharreko eskaria dugu Sementen; galiziarrek arazoa ikusten dute behintzat”.

Santiago de Compostelan piztu eta gauzatu zen ideia 2011n. Orduan, gaur ere nagusiki jorratzen duten adin tartean hasi ziren lanean, 2 eta 6 urte bitarteko haurrekin. Orduz geroztik, urtez urte makina bat ikasle, guraso eta irakasle batu dira proiektura, gehien-gehienak Coruña, Vigo edo Lugo ingurukoak. Gazteenen lan-ildora batu dira guztiak, izan ere, aurtengo ikasturtera arte Haur Hezkuntzan baino ez dira aritu; aurten, lehen aldiz, Lehen Hezkuntzan murgildu dira.

“Kostata, baina lortu dugu administrazioak elkartearen oinarri juridiko berria onartzea, Lehen Hezkuntza tradizionalaren parekide izateko”, dio Santosek. Izan ere, Sementek eskaintzen duen Haur Hezkuntzako garaia amaituta, haurrak eskola tradizionaletara bidali beharrean ziren. Orain, aldiz, 12 urtera arte galizieraz hazi, hezi eta ikasi ahal izango dute haurrek.

Ikastetxeak hiriguneetatik aldenduta

Proiektuaren irekitasuna mantentzea behar-beharrezkoa eta, are gehiago, zentzuzkoa dela dio Santosek zentro gehiago irekitze nahi horretan. “Printzipio komun batzuk ditugu, elkarteko kide guztiok bete behar ditugunak; oinarrizkoa, hargatik sortu ginena, galiziera hutsezko eskolak izatea da”. Galizierazko komunitate txiki horren baitan, kalitatezko hezkuntza eraldatzailea eskaintzea ere badute helburu, nahiz eta zentro bakoitzaren esku dagoen pedagogia eredua diseinatzea edo besteren bat oinarritzat hartzea; Italiako Reggio Emilia hezkuntza sistema, adibidez.

Proiektu komunitarioa izanik, bizilagun ororengana iristea dutela helburu azaldu du Santosek, eta, hargatik, ezartzen duten ikasturteko kuota denen eskuragarri izateko modukoa dela uste du, irabazi asmorik gabeko elkartetzat baitute euren burua. Horrez gain, argi dute euren herriaren ezagutza lantzea funtsezkoa dela, eskola publikoek uzten duten hutsunea betetzeko. “Naturarekin eta ingurumenarekin gazte-gaztetatik kontaktua izatea beharrezkoa da, eta lurra lantzen eta ingurumena zaintzen irakasten diegu haurrei”. Hargatik, eskolak hirien erdigunean kokatu edo ikasgelak baino ez dituzten eraikinetan jardun beharrean, naturarekin kontaktua izan dezaketen guneetan egotea lehenesten dute –lorategiak, ortuak eta oilategiak dituzte zenbait zentrotan, adibidez–.

Galiziera hutsez diharduen eskola eredu bat baino gehiago da Semente. Naturaren ezagutzaz gain, kultura galiziarra bultzatzea du beste helburuetako bat: “Herrien eta auzoen berri ematea garrantzitsua dela iruditzen zaigu, eskola publikoek Espainiako Estatuan jartzen dutelako fokua, eta ez aldiz Galizian”. Hala, bertako herrien eta auzoen historiaren berri ematen diete haurrei, haiengana egokituta, azken finean, “nondik gatozen jakitea beharrezkoa delako”.

Argazkia: Semente eskolak.
Eskola nazionala sortu dute

“Proiektua abian jartzerako unean, oinarritzat genituen halako makina bat eskola eredu eta haietatik elikatu gara; tartean, Ikastolak. Gurasoen parte-hartzea, adibidez, funtsezkotzat ikusten genuen, Sementeko kide gehienok guraso garelako eta hala sentitzen genuelako. Gainera, proiektuan gabiltzan gehienok eskola publikoko irakasle gara eta, nik uste, lagungarri zaigula Sementen lantzerako orduan”, dio Santosek.

Horizontaltasunean eta batzar bidez funtzionatzen dute Semente eskola galiziarrek, koordinatzaileek, hezitzaileek eta gurasoek osatutako mahai inguruan. Denen parte-hartzea, denen iritziak entzutea eta denak proiektuaren parte sentitzea dute xede, izan ere, horizontaltasuna ardatz duen eskola den heinean, hezkuntza komunitarioa osatu behar dela uste dute.

Dena den, aurrez aipatu bezala, eskola bakoitzaren ardurapean geratzen da bertako jardun guztia– Sementeren printzipio nagusiak errespetatuz, noski–, bertako funtzionamenduaren nondik norakoak eta praktikan jarriko den hezkuntza eredua. Hala eta guztiz ere, Galiziako eskola nazionala sortu zuten duela zenbait urte, herrialdean barrena zentroak zabaltzen joan ahala. “Koordinazio bateratua eta etengabea emateko beharrezkotzat jo genuen eskola nazionala sortzea, izan ere, bestela ez zuen zentzurik izango honek guztiak”, dio Santosek.

Ez dute babes instituzionalik

“Tristuraz diot, baina egia esan ez dut uste egungo politikek zerbait egingo luketenik galizieraren alde; horregatik hasi ginen gu geure kabuz, oinarrizko eskubidea baita hizkuntza”. Galiziera hiztunen kopuruak beherantz egin du ordea, eta Santos berak ere dio “ia ezinezkotzat” ikusten duela hirietan galiziera zertxobait indartzea: “Hiri handietan ez da galizieraz egiten, eta haurrek hezkuntza gaztelaniaz jasotzeko aukera baino ez dute”.

Antzeko proiektuetara gerturatu da Semente. Ikastolen Elkartearekin hitzarmena sinatu zuen maiatzean, egoera soziolinguistikoari dagokionez lotura duten bi herri direlako. “Elkarrengandik ikasteko balioko digun aliantza da”, adierazi zuen Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak akordioa sinatu berritan. “Ia 50 urteko aldea dago ikastolen eta gure artean, baina eurak hasi ziren bezala hasi gara gu ere, eta elkarlana garrantzitsua da”, uste du Santosek. Azken finean, bi komunitate txikiren arteko elkarlana kooperatibismoa delako, horizontaltasunaren eredu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Galiziera
2023-08-03 | Ilargi Manzanares
Espainiako Gobernuko negoziazioetan hizkuntzaren auzia erdigunean jartzea eskatu dute hainbat eragilek

O Festigal jaialdian elkartu dira Euskalgintzaren Kontseilua eta katalanaren eta galizieraren aldeko hainbat erakunde eta elkarte. Bertan egin dute eskaera, eta hizkuntza gutxituen normalizazioaren aurkako “oldarraldia” gertatzen ari dela salatu dute.


Galizieraren defentsan milaka pertsona atera dira kalera Galizierazko Letren Egunean

Galizieraren defentsarako eta erabilera bultzatzeko mobilizazioak arrakastatsuak izan direla adierazi du Queremos Galego plataformak, eta Galiziako Xuntari hizkuntzarekiko konpromiso gehiago izatea eskatu dio.


Mastodon.gal jaio da, galizierazko Mastodon komunitatea

Galizierazko Letren Egunean sortu da Mastodon.gal, galiziar hizkuntza eta kulturaren komunitatearentzako Mastodon instantzia. 1963ko maiatzaren 17an ospatu zuten lehen aldiz, Rosalia de Castrok Cantares gallegos liburua argitaratu zuela 100 urte betetzen zirelako. Gaurtik... [+]


2022-03-22 | ARGIA
Galizieraz hitz egiteagatik eraso egin diote emakume bati Lugon

Lagunarekin galizieraz ari zelako gizon batek besoetatik heldu eta demanda egin ziola salatu du emakume batek Lugon. Poliziak erasotzailea identifikatu du dagoeneko. “Gure herrian gure hizkuntza hitz egiteagatik beldur izatea nahi dute, baina ez gara geldituko”,... [+]


2021-10-15 | Sustatu
Bizkaiko hizkuntza aniztasuna eta euskararen balio integratzailea

Urriaren 21ean, Bilboko Euskararen Etxean antolatu da mahaingurua, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan: “Bizkaiko hizkuntza aniztasuna eta euskararen balio integratzailea”. Urriaren 21ean da hitzordua, 19:00etatik aurrera.


Eguneraketa berriak daude