Ezkaba eta Iruñerria, elkarri begira eta militarrak tartean

  • Nor direnetik daramate elkarri begira mendiak (885 m) eta hiriak, garaian garaiko harreman moldea josiz. Gehienetan herritarren ustiaketarako lur izan da, azken mendeetan gotorleku eta orain, batez ere Iruñerriko milaka herritarren aisialdirako espazio. Mendiaren hegoaldean dira Espainiako Armadako América erregimentua eta bere tiro eremua. Azken asteetan berriz ere entzungai dira.

Ezkaba mendia Iruñeko Alde Zaharretik ikusita. (Arg.: X.Letona)
Ezkaba mendia Iruñeko Alde Zaharretik ikusita. (Arg.: X.Letona)

Gerra garaian Ezkaba gainean / presondegi izugarria egon zen. / Ondoren gaztetxo nintzela soilik soldadu talde bat zegoen. / Etxe asko eraiki zituzten / herri txikitan, Ezkabapean / auzo berritan, Ezkabapean. / Ezkabapean, poza eta mina neure bihotzean”. Balerdi Balerdi musika taldearen Ezkaba kantaren lerroak dira, herritarren memorian eta orainean grabatutako zertzeladez osatua.

1938ko ihesa iltzatua da min horretan, mendiaren memorian. Ezkaba gaineko presondegiko ehunka presok –2.500 ziren orduan– Europako espetxe batean inoiz izan den ihes handiena egin zuten: 798 presoetatik gehienak harrapatu zituzten ihesaldiaren ondorengo ehizan eta 206 hil; hiruk bakarrik lortu zuten Ipar Euskal Herrira iristea, Urepelera. San Kristobal gotorlekua espetxe bihurtu zuten 1934an eta zeregin hori eman zioten 1945a arte.

Iruñerria airez kontrolatzeko estrategikoa zen Ezkaba eta 1878an Espainiako Errege Alfonso XII.enak agindu zuen bere izena eramango zuen gotorlekua eraikitzeko. 1919an bukatu zuten, baina behin ere ez zuen bere helburu militarra bete, hegazkinak gerran erabiltzen hasi zirelako ordurako eta hauekin mota horretako gotorlekuek euren zentzu militarra galdu zutelako. Gaur egun eraikina Espainiako Defentsa Ministerioarena da, eta 1991 arte soldadu talde bat mantendu zuten bertan. 2008. eta 2009. urteetan obrak egin zituzten gotorlekuan, besteak beste hiru harresi botaz; talde memorialistek salatu zutenez, gotorlekuari kartzela izaera kentzeko egin zuten hori.

Ezkaba beti izan da estrategikoa Iruñerria kontrolatzeko, eta horregatik mendeetan zehar gune militar garrantzitsua ere bai. (Arg.: X. Letona)

Dagoeneko eraikina guztiz hondatuta dago eta han ez da soldadurik, baina militarrek mendiaren magalean jarraitzen dute, Aitzoaingo kuartelean. 1965ean eraiki zuten eta bertara eraman zituzten Iruñeko kuarteleko militarrak. Bere une gorenetan 2.000 soldadu ere hartu izan ditu, baina gaur egun ehunka gutxi batzuk daude.

Militarrak lur gose
Bata edo bestea dela, Aitzoaingo militarrek sarri ematen dute zeresanik, sute bat dela, tiro ihesak, gotorlekua, kirol ekitaldiak edo orain tiro eremuarekin. Azken asteotan ahoz aho ibili dira haien bi proiektu: bata, tiro eremuko eraikuntza, eta bestea, horren karietara eraiki nahi duten hesia. 2019ko ekainean Defentsa Ministerioak baimena eskatu zion Berriobeitiko Udalari –Aitzoaingo kontzejua udal horretakoa da– tiro eremutik Ezkaba tontorrerainoko 52 hektareako lur sail bat hesitzeko. Itxitura justifikatzeko arrazoi nagusia honakoa da: “Herritar zibilak Aitzoaingo CMTak –tiro eremua– duen hedaduraz kontzientzia daitezen” (“concienciar al personal civil del alcance de la propietad denominada CMT Aizoain”). Ezhoikoa eta bitxia bada ere, lizentzia eskaera ekainean egin zuen armadak, baina proiektua otsailean bidali zion udalari.

Tiro eremuaren gainean, gutxi gora-behera hori da militarrek hesitu nahi duten lursaila. (Arg.: X.Letona)

Militarrek eurentzat hartzen dute hesi nahi duten lur zatia, baina udalak gezurtatu egin du hori eta irailaren hasieran obrak hasteko baimena ukatu zien. Udalak katastroetan eta bestelako erregistroetan egindako azterketan lur horiek Berriobeiti eta Berriozarrenak direla argi agertzen da, eta mendi gaineko lursail bat hainbat herrik partekatzen dute. Militarren asmoak zalaparta handia sortu du Iruñerrian, besteak beste proiektuak mendia goitik behera zatitzen duelako, animalia, oinezko eta bizikletentzat diren hainbat bide itxiz. Militarrek beste proiektu bat aurkeztuko dela diote eta horretan bide horiek errespetatuko dituztela.

Baimenik gabeko obrak
Eraikinaren proiektua are eta okerrago bideratu dute militarrek, ez baitiote legez beharrezkoa den obra baimena eskatu udalari eta honek obra gelditzeko agindua eman zien irailaren 24an. Julian Bator Navarra Sumako alkateak adierazi duenez, udalak Espainiako Defentsa Ministerioari iragan abuztuan eskatu zion azaltzea zergatik egiten ari ziren eraikina, baina ministerioak ez duenez ezer erantzun horretarako jarritako epean, berau gelditzeko agindu du.
Argazkietan ikusten denez, eraikinaren ingurumen eragina oso handia da eta Bator alkateak militarrei abuztuan egindako bisitan sikiera berdez pintatzeko eskatu zien. Ekainaren 4an ere, alkate izendatua izan ondoren, kortesiazko bisita egin zuen kuartelera.  
Bizpahiru urte daramatzate tiro eremuan barrakoiak eraikitzen eta Iruñeko kartzela berria egin zutenean bertatik 7.000 bat kamioi lur eraman zituzten tiro eremuan egokitzapenak egiteko. Dorrea urte hasieran hasi ziren egiten, baina herritarrak hilabeteetara ohartu ziren bere izaeraz, bigarren solairua –lau ditu– ikusi zutenean. Ez da halakoak egiten dituzten lehen aldia eta duela bi urte kuartelean baimenik gabeko ormigoizko hesia eraiki zuten baimenik gabe.

Eraikin hau Berriobeitiko Udalaren obra baimenik gabe eraiki dute militarrek tiro eremuan. (Arg.: X.Letona)

Tiroak eta suteak
Felix Remirez EH Bilduko zinegotzia da Berriobetin eta berak dioskunez, “ohituta daude nahi dutena egitera”. Hala ere, bere ustez oraingo proiektu hauek oso arraroak izan dira. “Batetik, haienak ez diren lurrak eurenak bezala aurkeztu dituzte, bestetik, dorrerako baimenik eskatu ez eta proiektu hauekin aurrera jarraitu nahia… bazirudien gainbeheran zihoala kuartela baina orain badirudi berpiztu nahi dutela”.

Edozein modutan, militarrekiko arazoak ez dira oraingoak, tiro hotsak eguneroko ogia bihurtu dira inguruko herritarrentzat eta hainbatetan ere istripuak eragin dituzte. Horietako batzuen ondorioz suteak ere piztu izan dira Ezkaban, larriena 2000. urtean gertatua, zeinaren ondorioz 100 hektarea mendi erre ziren. Erretako pinudietako jabe batek auzitara eraman zituen militarrak eta epaiak arrazoi eman zion: militarrek tiro eremuan jaurtitako kezko lehergailu batek sortu zuen sutea; ez zen inolako zigorrik izan ordea, epaiaren arabera “ezin zelako jakin zeinek jaurti zuen potea”.

Remirezek ere gogoan du nola erori zen subfusilez jaurtitako granada bat herriaren erdigunean: “Foruzainek deitu zituzten militarrak, hauek eraman zuten granada eta listo, ez zen ezer gertatu”. Zinegotziaren esanetan, militarrek sarri izan dituzte auziak inguruko udal eta herritarrekin, batez ere tiro eremua medio, edo bideak ixteagatik eta lurren jabetza kasuengatik. 2018an 1938ko ihesa oroitzen zuen mendi lasterketa bat bertan behera utzi behar izan zuten antolatzaileek, lasterketaren babesleen artean Espainiako Armada agertzen zelako: orduko borreroak egungo babesle izan nahi zuen, baina talde memorialisten protestek lasterketa bertan behera uztea ekarri zuten.

2016tik aurrera Ezkaba Parkearen proiektua bideratzen ari dira inguruko udalak eta Iruñerriko Mankomunitatearen artean eta laster aurkeztekoa da. 11 km2 ditu parkeak eta bere helburua lurren ustiaketa, aisialdirako prestatzea eta ingurumen aldetik behar dituen neurriak bideratzea izango da. Denetik arautuko du planak, salbu eta militarrak bertan mantentzea. Horretarako denbora eta plan sendoagoa beharko dute iruindarrek.

Espainiako armadak Aitzoainen duen kuartela; honen ondoan da tiro eremua.

 

MAHASTIAK, HARROBIAK ETA GOTORLEKUAK

XIII. mendean jada bazen San Cristobal izeneko baseliza bat Ezkaba mendian, XIX. mendera arte iraun zuena. Ondorioz, San Cristobal izenarekin ere ezagutzen da mendia. Alfonso XII.a gotorlekua egin zutenean desagertu zen. XIII. mendekoa da, halaber, Ezkabako gaztelua; han babestu ziren 1276an Iruñeko Navarreriako Gerrako buruzagiak, hauek armada frantsesaren aurka borrokatu ondoren. 1750etik 1760ra ere gotorleku txiki asko eraiki ziren Berrobeititik eta Arreraino. Eta Artikako lurretan, XIX. mendean kanpamentu militar bat ere izan zen.

Egungo gotorlekua egiteko, Espainiako Armada 1877an hasi zen lur desjabetzeekin eta orduan egin zen Artikatik tontorreraino daraman egungo pista, autoz goraino igotzea ahalbidetzen duena. 1913an egin zen egungo tiro eremuko lurren desjabetzea eta Aitzoaingo kuartela egiteko lurrena 1965ean. Joseba Gil iruindarra Elkarten bizi da azken 35 urteetan eta zinegotzia izan zen Berriobeitin 90eko eta iragan hamarkadetan, eta dioenez, une batean bazirudien militarrek bazutela gotorlekuaren jabetza beste erakunderen baten eskuetan uzteko asmoa: “Elkarrizketak ere izan ziren Berriobeitiko Udalarekin, baina azkenean ez zen ezertan mamitu”. Espainiako Armadaren webgunean jartzen duenez, armada “gotorlekua berrerabiltzeko kudeaketa eredu partekatua aztertzen ari da beste erakunde publiko batzuekin”.

Historiaurreraino eginez, Brontze eta Burdin Aroetako hainbat herrixka ere izan ziren Ezkaban, horietako garrantzitsuenetakoa egungo Artikako lurretan. Gizakiak beti ustiatu du Ezkaba. Duela gutxi arte hegoalde ia osoan mahastiak ugariak ziren. Ia herri guztietan izan dira harrobiak, ustiatuenak Artika, Aitzoain eta Berriozarrekoak. 1512 eta 1515a artean, adibidez, harrobi guztiek topera jardun zuten Iruñeko Gotorlekuaren eraikuntza harriz hornitzeko. Antsoain eta Artikan silize mehatzak ere egon izan dira. Iparraldera dago Ezkabarte udalerria mendiaren ipar guztia hartzen duen bailaran, 1816 biztanle eta hamaika auzoz osatua eta, seguruenik, Iruñerriko parajerik ezezagunena.

 

 


ASTEKARIA
2019ko urriaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Estitxu Eizagirre
#4
Gorka Bereziartua
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako armada
Carlos Fonseca kazetaria
“O-23ko estatu kolpean, erregeak jeneral bati baimena eman zion kontzentrazio gobernua osatzeko”

Espainiako armadak antolatu zuen 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpea, baina helburua omen zen Alfonso Armada jeneralak gidatuko zuen zibilez osatutako kontzentrazio gobernu bat eratzea, eta Juan Carlos I.ak baimendu egin zuen gobernu hori. Hori dio Carlos Fonseca kazetariak... [+]


Hiru militar atxilotu eta ondoren aske utzi dituzte gazte bat jipoitzeagatik Iruñeko Alde Zaharrean

Gertaeren bideo bat zabaldu zen sare sozialetan duela hiru aste, baina asteartera arte ez dituzte susmagarriak deklaratzera deitu. “Zauri larriak” egitea leporatu diete Espainiako hiru militarri.


Benetako bonbekin maniobra militarrak egiten ari dira Bardean

Bardeak Ya plataformak salatu du ostegun iluntzean "bi eztanda handi" entzun zirela Tuteran eta Zaragozako zenbait herritan. Benetako munizioa erabiltzen ari da Espainiako Armada ariketa militarrak egiteko. "Bisitariei ohartarazten ari zaizkie laser armak ere... [+]


2023-02-10 | ARGIA
Belaguako kuarteleko lurzorua garbi itzuli beharko dio Defentsak Erronkari Ibarrari

Iragan urtarrilaren 20an Espainiako Auzitegi Gorenak berriz erabaki zuenez, Espainiako Defentsa Ministerioak Belaguako mendateko kuartela hartzen duen lurzorua garbi eta egoera onean itzuli beharko dio Erronkari Ibarreko Batzorde Nagusiari.


2023-01-15 | Mati Iturralde
Zenbakiak

2023ko atarian, 2022ko zenbakiek protagonismo berezi bat hartzen dute; izan ere, urte aldaketarekin batera, beti saiatzen gara kontagailua zeroan jartzen. Errealitate likidoen aroan, zenbakiek ere gure aditasunetik desagertzen dira ―askotan izugarrizko abiaduraz―,  eta... [+]


Eguneraketa berriak daude