"Nik irudiekin zikindu ditut testuak, orain irakurleari dagokio zikintzen jarraitzea"


2019ko urriaren 13an
Antton Olariaga. Argazkia: Dani Blanco.
Antton Olariaga. Argazkia: Dani Blanco.

Beste urte batez zure marrazkiekin osatu duzu Landareak Lantzen agenda-liburua. Gustua hartua diozu landareak marrazteari, ezta?

Bai. Orain arte urrunetik ikusten nituen landareak, estimatzen nituen, batzuk jan ere egiten nituen, geroz eta gehiago horiekin sukaldean egin… Ni ez naiz baratzikola, baina egia da baratzean kuriositatea baneukala. Horregatik, Jakoba Errekondorekin elkarlanean gustura aritzen naiz, beregandik ikasten ari naiz eta aberasgarria da berak esandakoei nik nire irakurketak gehitzea, marrazki bidez.

Aurten gonbidatu berriak dituzue liburuan…

Zuhaitzak dira aurtengoan gure orrialdeetara ekarri ditugun gonbidatuak, bai. Niri betidanik iruditu izan zaizkit ederrak zuhaitzak, eta zer esanik ez basoa osatzen dutenean! Itzala eta fruituak ematen dizkigute gainera… gustura aritu naiz horiek marratzen.

Berria izan da zuretzat zuhaitzak marraztea?

Beno, betidanik sartu izan ditut nire ilustrazioetan, batez ere paisaia moduan. Haur eta gazte literaturan, esaterako, oso ohikoa izaten da basoaren presentzia, mendiarena, naturarena… Eta nik, betidanik eta erdi inkontzienteki natura esan eta hantxe jartzen dut zuhaitzen bat. Baina noski, identitarioa izan gabe: zein zuhaitz den jakin gabe, zuhaitz abstraktuak ziren. Beste zenbaitetan intentzioz ere marrazten nituen, esaterako, pagoa marraztea betidanik gustatu izan zait hizkuntza grafikoaren aldetik ematen dituen aukerengatik. Beraz, zuhaitzekin harremana izan dut lehenagotik ere, baina ez hain sailkatuta eta bakoitzaren nortasunari hain lotuta.

Nola izan da marrazte prozesua? Zuhaitzei begira denbora luzea eman duzu?

Lehenik zuhaitzetara hurbilketa bat egin dut: euskarri bisualak eskatu dizkiot Errekondori, horrek laguntzen du eta. Gero, horren irakurketa edo interpretazioa egin dut: saihestu egiten dut kopia perfektu bat egitea, zeren, horretarako argazkiak ditugu. Beraz, interpretazio hori egin dut baina zuhaitzen izaerari traizio egin gabe, fideltasun minimoa gordez. Elkarlanean aritzen gara eta beti Jakobaren kontrastea bilatzen dut marrazkiak egiterakoan. Aipatzekoa da, gainera, agenda hau zikintzeko dela. Nik liburuko testuak zikindu ditut nire marrazkiekin eta orain erosleari dagokio bere apunte eta eskemekin osatzea. Tripode bat gara: Jakoba ari da alde batetik, nik jarraitzen diot bere lanari, eta irakurlea da hirugarren hanka.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak lantzen
2018-09-16 | Garazi Zabaleta
Jakoba Errekondo
"Gure baratzetik eta landareetatik ikasteko tresna da Landareak Lantzen agenda"

Extra, extra! Kalean da dagoeneko Landareak Lantzen bigarren zenbakia, 2019 urterako agenda-liburua! Udan ez da oporrik izan Jakoba Errekondo eta Antton Olariagarentzat, eta kurtso berriaren hasierarekin batera hemen da beste behin ARGIArekin elkarlanean egindako uzta:... [+]


Eguneraketa berriak daude