Errezilgo emakume baserritarren proiektuari omena Landareak Lantzen agenda-liburuaren aurkezpenean

Ezkerretik hasita, Errezilgo Azoka elkarteko Maria Jesus Galarraga, Jone Irulegi eta Begoña Galarraga; liburuaren egile Jakoba Errekondo eta Antton Olariaga, eta ARGIAko kide Onintza Irureta. Argazkia: Dani Blanco.

2018ko irailaren 25an - 18:38

Azpeitiako astearteroko azokan egin da Landareak Lantzen 2019-ren estreinako aurkezpena. ARGIAko kide Onintza Iruretak azaldu zuen bigarren urtea dela ARGIAk baratzerako agenda-liburua kaleratzen duena, eta urtero argitalpen honi eustea dela asmoa. Aurtengoak baratzeko lan tresnak ditu ardatz. Azpeitiako Elikaguneari aurkezpenak egiteko jarritako erraztasunak eskertu ostean, hitz eman zion agenda-liburuaren egile Jakoba Errekondori.

Jakoba Errekondo: "Landareek ilargialdika funtzionatzen dute"

Errekondok argitalpen hau aurkezteko Azpeitiako azokaren egokitasuna agertu zuen: "Hementxe aurrean daukagu baratzeko, basoko, lore-baratzeko eta fruitu-arboletako lanen ondorioa: barazkiak, ogiak... baserritarren lanaren ondorio dira, gure paisaia kulturalaren ondorioa, kalitatez bizitzeko nahiaren aukera". Agenda-liburuak bi erabilera dituela azaldu zuen; batetik, garaian garai egin beharreko lanei buruz irakurtzea, eta bestetik, erabiltzaileak egin duena zehatz idaztea: "Hilabetez hilabete azaltzen da zein diren egin behar diren lan nagusiak. Landareek hileka funtzionatzen baitute, ilargialdika. Eta bestalde, agendak aukera ematen du astez aste baratzean egindako lanak idazteko, eta hau oso garrantzitsua da, horrela ondorioak atera ahalko ditugulako, gure lanaren emaitzak ikusita".

Aurtengo liburuxka lan-tresnei zergatik eskaini zaien aipatu zuen: "Nekazaritzan urtetan lan tresna mordoa erabili izan da, baina gaur egun makina asko erabiltzen da, eta erraminten izenak eta teknikak galtzen ari dira. Argitalpen hau modu bat da jakiteko zenbat tresna erabili izan diren, zenbat izen izan dituzten, erraminta hauekin lanak nola egiten diren eta zer materialekin eginak dauden". Antton Olariagak ilustratu du agenda osoa, eta Errekondok "luxuzko" marrazki hauengatik bakarrik merezi duela erostea esan ostean, Olariagari eman zion hitza.

Antton Olariaga: "Paperezko baratzean boligrafoa da nire atxurra"

Horrela azaldu zuen Olariagak agenda-liburu hau egiteko prozesua: "Baratzeei buruz ezer gutxi dakit nik. Jakobak informazioa ematen dit eta ni saiatzen naiz paperezko baratzean: nire atxurra izaten da boligrafoa, ureztatzen ditut koloreekin... eta emaitza galbahetik pasatzen dut: 'Jakoba, hau horrela al da?' Gozamen izugarria izan da prozesua, eta ondoren produktua ikustea, fruitua dastatzea".

Bukatzeko, Errekondok nabarmendu zuen tokian tokiko jakintza jaso eta transmititzearen balioa: "Landareak Lantzen-i amaiera aldean hiztegia gehitu diogu. Izan ere, zenbat hitz ditugun gauza bera adierazteko, esaterako, 'inausi' esateko. Denok, gure inguruan, eskualdeka, herrika, daukagun jakintza jaso eta transmititu beharko genuke. Horretan lan handia egun du azken 30 urteotan Errezilgo Azoka elkarteak". Omenaldia merezi dutela azpimarratu ostean, Errezilgo Azoka elkartearen ikuspegia aitortu zuen: "Egun boladan dago nekazaritza, baina duela 30 urte nork pentsatzen zuen horrela? Errezilgo emakume hauek elkar hartuz proiektu oso interesgarria sortu zuten, lanpostuak sortzeko, beraien lana kalera ateratzeko...".

30 urteotan Errezilgo Azoka elkartetik kide gehiago pasatu badira ere, egun bost emakume hauek osatzen dute: Begoña Galarraga Toledo, Maria Jesus Galarraga Galarraga, Jone Irulegi Amenabar, Maria Luisa Aranburu eta Belen Esnaola Biain. Aipatutako hauetatik lehen hirurak izan ziren Errekondoren ondoan, eta beren ibilbidea aurkeztu zuten.

Jone Irulegi Amenabar, Begoña Galarraga Toledo eta Maria Jesus Galarraga Galarraga, Errezilgo Azoka elkarteko kideak.

Begoña Galarraga Toledo: "Oso indartsu sentitu gara emakumeok taldean"

Horrela azaldu zuen Galarragak sorrera eta bilakaera: "Duela 30 urte hasi ginen proiektu honetan, batetik Errezil sagarra saldu ezinik genbiltzanez irteera emateko, eta bestetik Errezila jende asko etortzen zelako sagar bila eta ez zegoelako non erosi. Udaletxeak deialdia egin zuen eta emakumeek bakarrik eman genuen izena, gizonezkoek ez zuten gurekin lan honetan hasi nahi izan. Orain zerbait aldatua dago baina lehen azoketan ibiltzen zena askoz ere gehiago zen emakumea. Horrela hasi ginen, gure sagarrak saltzen eta bakoitzak gure etxeetan sagar dultzea, tomatea, ogiak... ekoizten. Udaletxeak lokala utzi zigun saltzeko eta jendea joaten hasi zitzaigun, eta horrek animo handia eman zigun". Emakumeen arteko elkarlana azpimarratu zuen Galarragak: "Oso indartsu sentitu gara taldean eta laguntasun handia eman digu". Orain ostiral arratsaldetan joaten dira Azpeitiara saltzera: "Oso gustura sentitzen gara, plaza ederra egin dutelako eta oso leku goxoa delako. Elikaguneak izaten du gure jeneroa aste osoan saltzen". Jone Irulegi Amenabarrek azaldu zuen zein produktu ekoizten dituzten eta non saltzen duten: "Errezil sagarrarekin egiten ditugu mermeladak, sagar dultzeak; herriko fruta desberdinekin mermeladak egiten ditugu; babarrunak, intxaurrak ere saltzen ditugu. Hainbat azokatara joaten gara: Tolosa, Ordizia, Beasain, eta hango dendetara ere eramaten ditugu gure produktuak. Errezilen denda egunero dugu irekita, igandetan goizez ere bai". Dei honekin bukatu zuen: "Errezil Sagar Eguna egiten dugu abenduko lehen igandean, eta hor aurkezten dugu gure herriko sagarra eta horrekin egindako gaiak. Jendea etorri dadila Errezilera, lehen egiten zuten bezala, sagar bila".

Liburua eskura dezakezu sinatuta

ARGIAren Azokan salgai dago Landareak Lantzen 2019 agenda-liburua 12 euroan. Oharretan norentzat eskainia nahi duzun adieraziz gero, Jakoba Errekondok sinatuta jasoko duzu.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak lantzen
2019-10-13 | Garazi Zabaleta
Antton Olariaga
"Nik irudiekin zikindu ditut testuak, orain irakurleari dagokio zikintzen jarraitzea"

Beste urte batez zure marrazkiekin osatu duzu Landareak Lantzen agenda-liburua. Gustua hartua diozu landareak marrazteari, ezta?

Bai. Orain arte urrunetik ikusten nituen landareak, estimatzen nituen, batzuk jan ere egiten nituen, geroz eta gehiago horiekin sukaldean... [+]


2018-09-23 | Garazi Zabaleta
Antton Olariaga
"Marrazkiekin testu eta azalpenei osotasuna ematen saiatu naiz"

ARGIAk atera berri du Landareak Lantzen 2019, hilabete bakoitzean eta astez aste, ilargia kontuan izanik baratzean egin beharreko lanak azaltzen dizkigun agenda-liburua. Bertako ilustrazioak Antton Olariagak eginak dira, beste behin. Altza Porru komikian eta iazko Landareak... [+]


Eguneraketa berriak daude