"Gure baratzetik eta landareetatik ikasteko tresna da Landareak Lantzen agenda"


2018ko irailaren 16an
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Extra, extra! Kalean da dagoeneko Landareak Lantzen bigarren zenbakia, 2019 urterako agenda-liburua! Udan ez da oporrik izan Jakoba Errekondo eta Antton Olariagarentzat, eta kurtso berriaren hasierarekin batera hemen da beste behin ARGIArekin elkarlanean egindako uzta: Errekondoren azalpenekin eta Olariagaren marrazkiekin osatutako agenda-liburua. Lana ezin da amaitutzat eman, dena den: erabiltzailearen nota, zita eta argibideekin osatua izateko pentsatua dago Landareak Lantzen.

Agenda-liburuaren bigarren zenbakia duzue aurtengoa. Iazkoa ezagutu ez zutenentzat, zer da zehazki Landareak Lantzen?

Urtean zehar lurrarekin eta landareekin egiten diren lanak biltzeko agenda-liburua da. Urte sasoi eta hilabete bakoitzean egin beharreko lanak azaltzen dira bertan, lau alorretan banatuta: baratzea, basoa, fruitu-arbolak eta lorategia. Horrez gain, ilargiaren zikloak ere azaltzen dira liburuan. Bestetik, guk egiten ditugun lanak apuntatzeko aukera ere ematen du liburuak, agenda arrunt baten moduan.

Ale berri honek badakar nobedade edo berezitasunik?

Lanen agenda urtero gutxi gora behera tankerakoa da, lanak ez baitira aldatzen, baina aurten lan eta informazio osagarri batzuk gehitu dizkiogu. Gainera, bigarren ale honi berezitasun bat eman diogu: baratzeko lan tresnei eskaini diogu agenda. Mozteko zein tresna erabiltzen diren azaltzen da, biltzeko zein ontzi edo saski mota dauden, lurra lantzeko tresna ezberdinak… Lanabes horiei toki bakoitzean ematen zaizkien izenak ere bildu ditugu, hiztegi aberats hori jasotzeko.

Zein gauza apuntatzen dira baratzeko agenda batean? Zer du Errekondok idatzia bere Landareak Lantzenen?

Bada, hazi bat nondik ekarri duzun, noiz erein edo landatzen duzun, ongarria noiz egiten duzun… Garai jakin batean arazo larriren bat ikusiz gero, adibidez, apuntatu. Eta gero atzerako ibilbidea egin: ikusi sail hori noiz ongarritu zenuen, zein ongarrirekin, zein landare zituen inguruan edo zer egon zen lehenago bertan landatua. Agendak lanak hobetzen laguntzen du, eta arazoak zergatik izan daitezkeen ulertzen. Azkenean, gure baratzetik eta landareetatik ikasteko tresna da agenda.

Aurten ere fidel mantendu zaizu Antton Olariaga, bere marrazkiekin lana osatuz. Ongi moldatzen zarete lanean…

Bai, bai, oso ongi moldatzen gara, eta nik asko ikasten dut berarekin. Askotan, marrazki batekin oso ongi azaltzen du nik idatziz azaltzeko bi orri beharko nituzkeen zerbait. Bera ere gustora dagoela ematen du, beti galdezka ari da, izenen inguruan, eta kasu honetan, tresnen inguruan: zertarako erabiltzen diren, nola, eta zein gorpuzkerarekin. Luxua da Olariaga ondoan izatea elkarlanerako beti prest. Biok usurbildarrak izanik, gainera, ederki ulertzen gara… (kar, kar).

 

Landareak Lantzen 2019 agenda-liburua erosteko aukera errazena hemen: ARGIAren Azokan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Landareak lantzen
2019-10-13 | Garazi Zabaleta
Antton Olariaga
"Nik irudiekin zikindu ditut testuak, orain irakurleari dagokio zikintzen jarraitzea"

Beste urte batez zure marrazkiekin osatu duzu Landareak Lantzen agenda-liburua. Gustua hartua diozu landareak marrazteari, ezta?

Bai. Orain arte urrunetik ikusten nituen landareak, estimatzen nituen, batzuk jan ere egiten nituen, geroz eta gehiago horiekin sukaldean... [+]


2018-09-23 | Garazi Zabaleta
Antton Olariaga
"Marrazkiekin testu eta azalpenei osotasuna ematen saiatu naiz"

ARGIAk atera berri du Landareak Lantzen 2019, hilabete bakoitzean eta astez aste, ilargia kontuan izanik baratzean egin beharreko lanak azaltzen dizkigun agenda-liburua. Bertako ilustrazioak Antton Olariagak eginak dira, beste behin. Altza Porru komikian eta iazko Landareak... [+]


Eguneraketa berriak daude