Hormak irudikatzen du herriaren aldarria

  • Bada horma bat Euskal Herrian, azken hiru urteotan pintura geruzaz geruza, izugarri loditu dena. Erdietan marroia, beste erdietan koloretsuagoa, denetarik irudikatzeko erabili baitute herritarrek kasik ehun aldiz. Otsailetik baina, Picassoren Gernika erakusten dio Zumaiari. Hiru urteko jardunaren ondoren, hormak herriari indarra eman dio. Kalea Guztiona Da ekimena fruituak ematen hasi da.

Hiru urteotan behin eta berriro pareta bera marraztuz –eta udalak ezabatuz– lehiatu dute besteren artean kartelak eta pankartak kalean libre jartzea debekatu nahi zuen ordenanatza. (Kalea Guztiona Da)
Hiru urteotan behin eta berriro pareta bera marraztuz –eta udalak ezabatuz– lehiatu dute besteren artean kartelak eta pankartak kalean libre jartzea debekatu nahi zuen ordenanatza. (Kalea Guztiona Da)

Abuztuak 29 egun ditu gaur, eta Zumaiako Erribera kaleko hormak, 98 mural ditu jada bata bestearen gainean margotuta. Gaur ere elkartu dira makina bat kide paretaren aurrean, irribarretsu eta betiko ilusio berarekin. Adinez ez dira bereziki gazteak, baina ekinbidez bai; lanerako grinarekin, herriaren erdigunea koloreztatzeko asmoz. Gaurkoan ez dute, baina, 99. aldiz margotuko Erriberako horma, azken irudiak tinko eta garbi jarraitzen baitu bertan, aurreko guztiek ez bezala. Gaurkoan ia 900 gradutan jarriko dute labe industriala, hormari plaka bat atxikitzeko: Adierazpen Askatasunaren Txokoa.

Hiru urteren ondoren, Picassoren Gernikak ikusgai jarraitzen du bere horretan, eta beraz, adierazpen askatasunaren aldarriak garaipen txiki bat lortu du Zumaian, Kalea Guztiona Da ekimenak zilegitasuna irabazi du-eta. Konstantziaz eta pazientziaz, umorea baliatu dute borrokarako arma gisa. “Baina oraindik ez dugu irabazi”, argi dio Jose Antonio Letamendia bizilagunak. Aurrerapauso handiak eman direla ez du ukatu, baina asko geratzen dela azpimarratu du, adierazpen askatasuna oraindik ez delako bermatu herrian.

“Udala aldatzen den bakoitzean herritarron adierazpen askatasuna ez jokoan egotea da hasieratik nahi duguna”, azaldu du Aratz Zearreta Kalea Guztiona Da-ko kideak. EH Bildu koalizio abertzalea sartu zen Zumaiako Udalean azken maiatzeko hauteskundeetan, EAJren gobernua irauliz eta jeltzaleen botoak gaindituz aspaldian herrian ikusi den alde handienarekin. Duela hiru urte, 2016 urteko otsailean, orduko udalak ordenantza bat onetsi eta indarrean jarriko zuela zioen prentsa ohar bat kaleratu zuten, herritar asko suminduz. Honela zioen: “Hemendik aurrera herriko eremu publikoetan jartzen diren kartel eta pankarta guztiak kenduko dira edozein delarik hauen eduki, mezu, jatorri edota helburua”. Kartel edo pankarta bat jarri nahi zuen orok Udal Gobernuari baimena eskatu beharko zion, jakinaraziz eduki zehatza, neurria eta kalean egongo zen denbora.

Ordenantzaren ideia gustatu ez zitzaien herritarren artean zen Jose Antonio Letamendia: “Zergatik esan behar dit udalak neure karteletan zer jarri behar dudan eta zer ez?”. Halako zalantza eta ezinegonek, besteak beste, dozenaka herritar batu zituzten asanblada irekian. Zer egin, nola egin eta norengana jo bezalako galderaz josiak izaten ziren lehen bilerak, Letamendiak oroitzen duenez. Baina gero eta jende gutxiago batzen ari zen, baten bati, halako batean, Erribera kaleko horman irudi bat egitea otu zitzaion arte. “Bi egun iraun zituen mural hark, eta handik aurrerakoek ordu batzuk baino ez”, dio irribarrez. Horma irudi horiek berehala ezabatzen zituzten arren, nahikoa izaten zen gaia kalean zabaltzeko: “Gugandik hasita, herritar askok ez zuen ulertzen zergatik borratzen zuten murala berehala, ez baita pintada bat, ezta inor iraintzen duen zerbait ere”.

Indarrean jarri gabeko ordenantza

“Egia esan, hiru urteko legegintzaldia zeukaten aurretik eta lehen bileran zirriborroa ere erakutsi ziguten”, dio Zearretak. Ordenantzaren “mehatxupean” jaiota, herri mugimenduari kasu zipitzik egin gabe indarrean jarriko zutela espero zuten Kalea Guztiona Da taldeko kideek, eta “harriduraz” badiote ere, udal gobernuari “ausardia falta” izan zaiola diote Zearretak eta Letamendiak.

Ohiko herri mugimenduek izaten ez duten ekinbidea izatea positibotzat baloratzen dute –manifestazio eta pankartetan zentratu baino, muralak marraztea izan da euren jarduera nagusia–, izan ere, sormena landuz edozein gai jorratu eta islatu dute Erriberako horman: “Adibidez, ez ditugu beti euskal preso politikoen aldeko muralak egin, edo ildo bereko gaiak jorratu soilik; alegia, hala eginez gero jende batek ‘betikoak’ bezala katalogatuko gintuzkeen; adibidez, behin iratxo bat irudikatu genuen ikasliburuekin, Gabonetan erlojuen mural bat egin genuen, errefuxiatuen aldekoa beste noizbait, feminismoarena, erraustegiarena edota Picassoren Gernika, besteak beste”.

Udala, halako ekimenaren aurrean, “galduta” egon dela uste dute, jakin gabe nondik eta nola heldu gaiari. Konstanteki, ia astebururo, mota askotako herritarrak bildu dituzte Erribera kalean, Zumaia erdialdean, kontzertu edo bestelako kultur ekitaldien laguntzaz giroa alaituz pintxo eta tragoen artean egun argiz horma irudia margotzen zuten bitartean eta, horrek, kideen ustez, “min egin dio udalari”. Saioa amaitu, argazkia egin eta irribarretsu alde egin zuten etxera, jakinda eguna argitzerako marroiz margotuko zutela gainetik. Muralaren argazkia, baina, bolo-bolo ibiltzen zen sarean, eta denek zekiten zein zen udalaren jarrera: hegan dabilenari hegalak mozten saiatzea.

“Guri indarra ematen zigun udalaren jokabide zentsuratzaileak; kaleko adierazpen askatasunaz eztabaidatzeko parte hartze prozesu bat eskatzen genien, eta haiek, egoskorturik, guk egindakoa ezabatzen zuten besterik gabe, ezer gertatuko ez balitz bezala”, dio Zearretak. Zenbait muralek, baina, besteek baino inpaktu handiagoa izaten zutela azaldu du, izan ere, Imanol Urbieta musikaria zendu zenean egin zioten irudia, adibidez, beste muralak bezala hurrengo egunerako ezabatu izanak herritar askori ez zion graziarik egin, mezuari garrantzirik ez emateagatik. Ezta Mediterraneo itsasoan itotzen ari diren etorkinen egoera salatzen zuen murala berehala borratzeak ere, adibidez.

Zumaian pareta berean egin zituzten mural ugarietako batzuk.

Denetariko margoak egin dituzte hiru urteotan, era bateko zein besteko mezuak adierazteko leku bihurtuz pareta. Esanahirik ez zuten horma irudiak ere egin zituzten –behin granatez margotu zuten guztia, eta udalak hura ere marroiz estali zuen ordu gutxira–. Egindako mural horiek guztiak, urtero-urtero, egutegi batean jaso eta saldu dituzte bai herrian baita Durangoko Azokan ere. Salmenta horiek emandako indarra sekulakoa izan dela adierazi dute eta, horregatik, margotzen “jarraitu beharra” zegoela sentitu zuten: “Bi urtetan 1.500 egutegi inguru saldu ditugu, eta hauek izan dira gure finantzazio iturri; nabaritu dugu borroka Zumaiatik harago joan dela eta jendea kontziente izan dela egiten ari ginenaz”.

Hala, 98. muralera iritsi ziren. Otsaila zen orduan. Alderdiek maiatzeko hauteskundeak zituzten buruan; unea aprobetxatu eta mozioa sartu zuten Kalea Guztiona Da-ko kideek Zumaiako Udalean, parte hartze prozesu bat ireki nahi zutela aldarrikatuz beste behin ere. Mozioa sartu eta egun gutxira margotu zuten oraindik ere ikus daitekeen murala. Lehen aldiz udal gobernua ez zen estaltzen ausartu.

“Etapa berri bat hasiko da”

Borroka ez dela amaitu argi diote Letamendiak eta Zearretak. Abuztuaren 29tik Adierazpen Askatasunaren Txokoa bihurtu dute Erriberako hormaren aurreko plazatxoa, baina ospakizuna ez dela garaipena diote, “idatzita geratu beharko lukeen zerbait” falta delako oraindik. Horretara heltzea dute helburu Kalea Guztiona Da ekimeneko kideek. “Pankarta bat jartzen duenak erantzukizuna du pankartarekiko, bertan plazaratzen den edukiarekiko; iraintzen bazaitut sala nazazu”: adierazpen askatasuna hala ulertzen duela dio Letamendiak, baina argi dutena zera da, oinarrizko eskubidea den momentutik, funtsezkoa dela udala eta herria adostasun batera iristea zenbait puntutan eta, ordenantza batean adierazita egotea hitzartutako guztia.

Antza denez, EH Bilduren egungo udal gobernuak ez du 98. horma irudia marroi kolorez estaliko, edo ez dirudi ezabatzeak lehentasuna duenik legegintzaldi honetan; parte hartze prozesua hasteak aldiz bai, udalak jadanik abiatu duela jakanarazi baitute Letamendiak eta Zearretak. Dena den, hormari erabilera ematen jarraitu nahi dutela adierazi dute biek. Nola, ordea, beste herri mugimenduekin hitz egin beharreko zerbait da. “Hilabetero mugimendu batek zerbait egiteko ideia mahai gainean egon zen, baina dirudienez ez da aurrera aterako; denon artean erabakiko da zer egin, denona da eta”, dio Letamendiak.

“Borroka hau zerbaitek ezaugarritu badu, hori konstantzia izan da; ez genukeen lortu duguna eskuratuko hamar mural egin eta utzi izan bagenu”, dio Zearretak. Baina ospakizunak ospakizun, Letamendia tematurik dago parte hartze prozesuarekin. Izan ere, Askatasunaren Txokoa berriz koloreztatzen bada, itxura denez, ez da udal garbitzaileek marroiz estali dutelako izango, herriari adierazteko askatasuna onartu zaiolako baizik. Hiru urtez eta asteburuz asteburu ideiak horman irudikatzeak, kalea guztiona dela aldarrikatu eta boteredunen aurrean zilegitasuna irabazteko balio izan baitu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adierazpen askatasuna
Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


Pablo Gonzalez
Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


2024-02-01 | Gedar
Black Marfil abeslariaren kontrako zigorra berretsi dute: bi urte eta hilabete bat

Iruñeko abeslaria bere abestietako letrengatik kartzelaratuko dute, besteak beste, udaltzainen kontrako "gorrotoa eta indarkeria" sustatzea leporatuta.


2023-10-30 | ARGIA
Valtònyc rap kantaria Mallorcara itzuli da bost urtez erbestean egon ondoren

Josep Miquel Arenas Beltrán ‘Valtònyc’ rap kantari mallorcarrari hiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak bere kantuetan “terrorismoa goratzea” eta Espainiako koroari “irain egitea”... [+]


2023-07-17 | Ilargi Manzanares
Sutan dagoen Ertzaintzaren furgonetaren argazkia "iraingarria" dela dio Jaurlaritzak

Donostiako Groseko jaietan larunbatean antolatu zen grafiti erakusketan sutan zegoen Ertzaintzaren furgonetaren irudia erakutsi zuten, eta Ertzaintza azaldu zen kentzera. Segurtasun sailburu Josu Erkorekak “gorroto eta indarkeria bultzatzen duen irudia” dela adierazi... [+]


Eguneraketa berriak daude