Gorputz traumatizatu baten historia

  • 44 urteko zuberotarrak sei urte daramatza psikoterapeutarengana joaten. Terapeutak eta pazienteak ez dute lortu oraindik korapiloa askatzea. Halako batean terapeutak galdetu dio: “Zer gertatu zitzaizun 5 urte zenituela?”. Pazienteak esan dio eskolan eta etxean euskaraz egitea debekatu ziotela adin horretan. Ainize Madariagak hiztun zapaldua eta bere terapeuta elkarrizketatu ditu Komunitatea hats-bahiturik. Hiztunaren trauma: diagnosia eta paliatiboak liburuan.

Ainize Madariaga,
Ainize Madariaga, "Komunitatea hats-bahiturik. Hiztunaren trauma: diagnosia eta paliatiboak" liburuaren egilea. Argazkia: Dani Blanco.

Sei urte kontsultan eta ezin tankerarik hartu zer gertatzen zitzaion pazienteari. Terapiaren lehen urtean hizkuntza kontuak hitz egin zituzten pazienteak –Madariagak liburuan Jakilea deitu dio lekuko anonimoari– eta psikoterapeutak, baina azaletik. Sei urtez Jakilearekin egon ondoren, terapeuta konturatu zen Jakileak bortxaketa edo tratu txarrak jasan dituztenek izan ohi dituzten ondorio psikiko eta emozional berak zeuzkala. Orduan, zuzen galdetu zion ea umetan bortxatua edo fisikoki gaizki tratatua izan zen. Jakileak ezetz. Hurrengo hitzordura terapeutari zer esan ez zekiela joan zen. Eta hark: “5 urte zenituenean zer gertatu zitzaizun?”.

Galdera horri zer erantzun bazeukan Jakileak. 5 urteak arte euskaraz bizi izan zen. Orduan eskolan hasi zen, erabat frantsesez. Irakasleak gurasoei esan zien hobe zutela euskara bazterrean utzi eta haurrari frantsesez egin, euskara ez baitzuen ezertarako behar. Hala egin zuten aitak eta amak. Salbuespena amama izan zen, hark etengabe esaten zion etxean euskaraz egiteko. Haustura latza etorri zen: gurasoekin eta eskolan, zekien hizkuntza bakarra ezin zuen erabili, ez zekien hizkuntza erabiltzera behartu zuten. Jakileak berak esango dio psikoterapeutari ia bi urte igaro zituela mutu, ezin hitzak ahotik atera, ez euskaraz, ez frantsesez. Psikoterapeutak hizkuntza debekatzea bortizkeriatzat du. Madariagari, liburuaren egileari, metafora bidez azalduko dio hizkuntza haustura eta nortasuna erauztea. Haurra emoziozko eta hizkuntzazko bainuan murgildurik dago amaren sabelean. Atxikimendu horrek jaio ondoren ere badirau, amarekin, edo gertukoekin. 3 urtetik 6 urte bitarteko garaia oso garrantzitsua da, hizketa egituratzen hasten direlako umeak. Bada, bizitza garai horretan hizkuntza kentzen bazaio haurrari trauma oso latza eragin dakioke. Psikoterapeutaren metaforari segituz, umea hizkuntza eta emozio bainutik atera eta bortizki inolaz ere tenperatu bera ez duen beste bainu batean sartu dute.

Marie-José Sibille psikoterapeutak badaki zertaz ari den hizketan. Atzerritik adopzioan hartutako haurrekin lan egiten ohituta dago eta haien hizkuntzagatiko traumak ezagutu ditu. Ez dira pareko adibideak, haiei ez baitiete hizkuntza hitz egitea debekatu, kontua da ordea guraso berriek ez dutela umearen hizkuntza ezagutzen eta haurrak bere inguruan ez du jatorrizko hizkuntza entzungo. Eskarmentu horrek lagundu dio Jakilearen korapiloa askatzen. Jakilea moduko zenbat eta zenbat  kasu ote daude euskal komunitatean? Eta haietatik zenbat tratatu gabeak?

Gorputzaren sufrikarioa

Madariagari orain dela gutxi ARGIAn (2.647 znbk, 2019ko ekainak 9) Dabid Anautek (Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria liburuaren egilea) esandakoa etorri zaio burura: “Anautek aipatzen du, hizkuntza debekuaren edo hausturaren ondorioak ikustea ez dela gerla batean odol putzua ikustea bezala. Sintomak ez dira ikusgarri, eta zaila egiten zaigu gertatu dena eta sintomak lotzea”. Sintoma edo ondorio fisikoez ari garela, esate baterako, Jakileari amigdalak erauzi zizkioten ebakuntza bidez. Arazoak izan zituen ahotsean eta arnasketan. Ondorio emozionalen zerrenda luzea da. Lotsa oso sarri aipatzen du Jakileak, euskaldun izateaz lotsa sentitzen zuen. Autoestimua galdu zuen. Haserre zegoen. Beldur zen euskaraz egiteko bezala frantsesez aritzeko. Trufa edo zigorra izango zuen hizkuntza batean eta bestean gaizki mintzatzen bazen. Eta errudun sentituko zen, eskolan nota kaskarrak ateratakoan, edo hizkuntza bat edo beste menperatzen ez zuelako, maite zituenen nahiak betetzeko gai ez zelako. Gertaera isolatu gisa biziko zuen, inoiz bururatu gabe bere sufrimenduaren eragilea soziala dela.

Nola gainditu trauma?

Madariagak bazekien Jakilea terapian zebilela, Jakileak berak esanda. Halako batean etorri zitzaion esanez, terapeutaren galderari esker, hau eta hori kontatu zuela, leherketa izan zela, alegia. 5 urte zituela gertatutakoa kontatzen hasi zen eta hasiera hark sendabiderako edo ongizaterako bidean jarri zuen. Horixe esango baitu terapeutak, eritasunari izena jarri behar zaiola, pazienteak jakin behar du zer gertatu zaion. Jakilea jabetuko da erasoa izan dela, hizkuntza zapalkuntzak eragin diola, anormaldutako hizkuntza batean bizi dela. Bere historiari zentzua hartzen hasiko da, erruduntasun sentsazioa gainetik kentzen hasiko da, lotsa gainditzen poliki-poliki. Traumari izena jarri dio Jakileak, baita terapeutak berak ere: kolonialismoa.

Madariagak egindako elkarrizketan, Jakileak berak esango digu nortasuna kolpatua zuela: “X nauzu, eta momentu batera iragan nauzu Y izatera. Pentsa zertan nintzen, zeren eta momentu batez nortasuna ere galdu beste bat hartzeko, sustut maitatua izateko. Eta orain, berriz ere Xra hullantzen, ene haur-denborakoa, berriz ere berarekin lotzen”. Urte luzez ez du jakin zer zen bera, X? Y? Orain garbi dauka nortasuna eraikitzeko beharra duela, haur-denboran zena berreskuratzeko beharra duela. Traumari izena jarri eta gero hasi zen euskara berreskuratzen eta berak X deitzen dion horretara hurbiltzen. Jakileak ez du ‘nahi’ aditza erabiltzen, ‘behar’ aditza baizik. Berzentratzeko beharra dauka. Madariagak adierazi digu gorputz atal baten anputazioaren pareko sentitzen duela galera eta erabaki duela mutilazioa berreskuratzea, berriz bere organoari jostea. Euskara berreskuratzeaz gain, seme-alabei transmititzen ari da. Gurasoekin ere euskaraz egiten hasia da. Euskal kulturara hurbildu da, berak dioen moduan beharra sentitzen duelako, jendarte baten parte sentitzeko beharra. Gordin adierazi du bere burua salbatzen ari dela, ez uste izateko euskara salbatu nahian dabilenik. Seguru dago bizitzan izan dituen zailtasunen iturria aurkitu izan ez balu bost urteren buruan hila zela, eritasunen batek eramana, lanean behea jota, edo halakoren bat.

Hiztun zapaldua bizi daiteke traumarik gabe?

Trauma gainditzeaz ari garelarik, nola lor daiteke halakorik hiztun zapalduek egunero bizi badituzte hizkuntza-traumak bere hizkuntzan egiteko zailtasunak dituztelako? Jakileak ezin bizia zuen frantsesez arituta, baina bere haur-denborako hizkuntza komunitatera itzultzeko bidean hizkuntza gutxiagotu batean bizitzeko hautua egiten ari da. Madariagak esango digu emeki-emeki ari dela bere bidea egiten, hau da, bere helburua ez da euskara salbatzea, bere burua salbatzea baizik. Etxean euskaraz ari da ia beti eta kalean lehen hitza euskaraz egiteko ohitura du. Alabaina, ez du super heroiaren kapa janzteko gaitasunik oraindik. Euskaraz egingo dio Maulen kalean topatutako herritarrari, baina frantsesez erantzuten badio hizkuntza horretara lerratuko da segituan.

Jakileak bere bakardadean sufritu du, gertatu zaionari dimentsio politikoa emateko aukerarik gabe. Madariagarentzat oparia izan da Jakilearen historia kontatzeko aukera izatea. Trauma gogorrak bizi izandakoak (eta bizi dituztenak) asko baitira, baina Jakileak terapeutarekin lantzeko aukera izan du, eta hala dio Madariagak: “Bere zokoan bizi izan du Jakileak, uste zuen berari bakarrik gertatu zitzaiola. Sufrimendu hori dena partekatu eta sozializatu behar da, min horiek denak normalak baitira. Euskal komunitateko denek, zoritxarrez, Jakileak aipatzen dituen emozio horiek guztiak, goiz ala berant, intentsitate gehiagorekin ala gutxiagorekin, bizi izan ditugu eta bizitzen ditugu. Oraingo egoera da, oraingo analisia. Glotozidioa orain eta hemen ari gara bizitzen”.

Ainize Madariaga hizkuntza trauma bizi izan duen zuberotarrari erruduntasun sentimenduaz galdezka

Zertan sentitzen zenuen hobena?

Haur-denboran... Ikusten duzularik gauzak gaizki ari, ez direnak ongi ibiltzen...

Zuk maite dituzunen aitzinean haiek maiteko luketen erantzunik ematen ez duzularik?

Bai, hori da, hola ematen baduzu arrapostua ez zara sekulan helduko. Eta uste nuen ene hobena zela agitzen ziren gauzak: ez banekin ontsa euskaraz, ez baldin banintzen ongi ari eskolan... Dena zen ene falta! Dena! Dena ene hobena! Denak horren alde, errejenta, aita-amak horren alde, instituzioak... Denak. Eta nik hartu leku hori, egiteko manera hori, ni beti ogendant, ni beti gaizki ari, la stratégie de l’échec. Eta nik hartu joko hori ene gain eta errepikatu behar zen bezala!


Marie-José Sibille psikoterapeuta, hizkuntza hausturaren larriaz

“Beste herri edo eskualde batzuetan ikusi dugunaren antzera: pertsonaz haratagoko zerbait da, norbanakoaz haratagokoa. Benetan kolektiboa den elementu bat dago. Eta zeharo sumingarria da zein modutan tratatu ohi den. Zera... gaur egun ere, sumingarria da nola heltzen zaion arazoari, edo hobeki erranda nola ez zaion heltzen, nola ezkutatzen den. Ni, kontu honek inola ere ukitzen ez nauen hau (tira, enpatia eta ene amatxiren oroitzapen lausoa alde batera utzita), guziz sumindurik sentitzen naiz zer gertatzen den ikusita. Nola tratatzen den hau guzia maila politikoan, benetan. Jakileak kolonialismoa aipatzen du, eta arrazoi osoa du; halako bortizkeria ikusten da! Eta ziur naiz arazo berbera bizi izan duten pertsona franko badela”.


Ainize Madariaga, mina arintzeko moduez

“Euskal komunitatearen hiztunen ezinegona asaskatzeko, gaitza izendatzetik hasi behar da, gaizkizatea egon dagoelako kontzientzia hartuz. Lehen urrats horren egiteko, erresilientziak barne hartzen duen sustengua beharrezkoa da; izan ere, errekonozimendua funtsezkoa baita sendabidearen kausitzeko. Oroitaraz dezagun Jakileak duen gaitzari izena jarri diola psikoterapiaren seigarren urtean. Horrek erakusterat ematen du nolako lausoa dagoen, eta zeinen barna dituen erroak, kalitxa bailitzan, garatxoa. Horiek horrela, erakutsi digu Jakileak, orain, nola ikusten duen bere burua: bi besoak gora eta irria begitartean. Hala, ezin uka dezakegu, zapalketak etenik ukan ez badu ere, gaitza izendatzeak lehenik, ezinegon horri zentzua emateak gero, eta, sorkuntza lagun, sufrikarioari aterabideak atzemateak, gizabanakoari egunerokoa arindu egin diezaiokeela, eta zinez arindu egin diotela Jakileari”.

 

“Komunitatea hats-bahiturik. Hiztunaren trauma: diagnosia eta paliatiboak” (Ainize Madariaga Muthular, UEU) liburutik hartutako pasarteak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza eskubideak
Behatokiaren hizkuntza urraketei buruzko 2023ko txostena
Hizkuntza muga eta urraketa berak hamar urtez

Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 909 kexa jaso zituen Behatokiak 2023. urtean. Horien %75 baino gehiago administrazioari loturiko zerbitzuei buruzkoak dira: “Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela”.


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Ikasle euskaldunek Frantziako Legebiltzarrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 16 ikasle Parisen dira astearte honetan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu eta horretarako neurriak har ditzatela eskatu diete diputatuei, Frantziako Legebiltzarrean. “Urduri gaude, baina badakigu zer erran nahi dugun”, adierazi diote goizean... [+]


Iruñeko EHEren talde berria aurkezteko jaia egingo dute larunbatean

Taldea ezagutarazteko eta proiektua finantzatzeko antolatu dute egun osorako egitaraua.


Euskaldunen Harrotze Astea deitu du EHEk apirilaren 22tik 28ra

Euskal Herri euskalduna aldarrikatzeaz gain, euskararen aldeko borrokak kalean ikustaraztea eta indartzea izango du xedetzat.


Eguneraketa berriak daude