Malaysian haserretu dira: "Espainolok, hartu zuen zaborrak eta eraman bueltan etxera"

  • Txinak 2018an bere portuak itxi zizkienean atzerriko plastiko zaborren inportazioei, mundu osoko birziklatze industria murgildu zen kaosean. Asia urruneko beste herrialdeetarako zabor garraioak ugaritu ziren, baita erreakzioak eragin ere. Malaysiak plastiko birziklaezinak itzuli dizkio Espainiari. Filipinetatik Rodrigo Dutertek mehatxu egin dio Kanadari, edo zuek eraman ekarritako zaborrak edo geuk zuen kostaldera eraman eta hondoratuko  ditugu.

Kanadari oihuka Filipinetako manifestazio batean. Banderolan dio: “Kanada, bete Basileako ituna. Eraman berriro zure zaborrak”
Kanadari oihuka Filipinetako manifestazio batean. Banderolan dio: “Kanada, bete Basileako ituna. Eraman berriro zure zaborrak”

Yeo Bee Yin Malaysiako Ingurumen ministroak maiatzean bertan ohartarazi zuen: “Herrialde garatuak dira bidaltzen dizkiguten gaien erantzule”. Ez zen soilik ari AEBez edo Australiaz, Espainiako ustezko birziklatze konpainia batek –ez dute aipatu izenik– bidalitako bost kontainer bete zabor berriro Europara bidaliak zituzten malaysiarrek,  legez debekatutako gaiak direlakoan. Alegia, kontrabandoz sartuak, gauza bat –plastiko birziklagarriak– daramatela deklaratu eta oso bestelako bat –plastikozko zabor birzikla ezinak– utzi.

Hannah Ellis-Petersen The Guardian-en eskualde hartako korrespontsalak azaldu duenez, “azken aldian mundu osoko zaborrak bideratu dituzte Asia Hego-Ekialdera, Mendebalde aberatsean nahi ez dituzten zakarrez betetako edukiontziz bete arte Filipinak, Indonesia eta Vietnamgo portuak, Malaysian hedatuz AEBetatik eta Europatik bidalitako plastikozko zabortegi toxikoak”.

Hartzaileak nazkatu dira, antza, eta alderantzizko bidaien berriak zabaldu dira orain, Asia Hego-Ekialdeko herrialdeak hasi direla zakarrak beren jabeei bueltatzen. Thailandia, Malaysia eta Vietnamek dagoeneko lege berriak ebatzi dituzte norabide horretan.

Maiatzean Filipinetako lehendakari Rodrigo Dutertek mehatxu egin zion Kanadari, harreman diplomatikoak etengo zituela baldin eta Otawako gobernuak ez bazuen onartzen berriro etxeratzea 69 edukiontzi barruan zeramatzaten 1.500 tona zabor eta guzti, 2013 eta 2014 artean kanadiarrek Filipinetara eramanak. Ez hori bakarrik, Kanadak ez bazuen hori fite egiten, filipinarrek berek eramango zituztela zaborrok Kanadako kostalderaino eta han urperatuko: “Filipinak nazio burujabe independentea da eta beste ezein naziok ez du erabiliko zaborra bailitzan”.

Ezinegonaren iturburua iazko martxoan ARGIAk honela laburbildu zuen: “Pekinek Mendebaldeari esan dio: ‘Ito zaitezkete zeuen plastiko zikinetan’”. 2018ko urtatsez, Txinak 24 motatako hondakinen inportazioa debekatu zuen. Biharamunetik Europan eta Ipar Amerikan gainezka zeuden teorian birziklagarriak diren hondakinen biltegiak eta ez agintariek eta ez enpresek ez dute asmatzen epe laburrean zer egin, batik bat plastiko hondarrekin, mundu osoko zabor esportazioen erdia Txinak hartu baitzuen.

Txinak bere portuen sarbidea itxirik, beren zaborrentzako leku bila ero moduan hasi ziren Mendebaldean kontrata publikoetan ari diren multinazional handiak, diru publikoz ordainduta hondakinen kudeaketa eskuetan daukatenak. Asia Hego-Ekialdeko beste herrialdeetara jo zuten, zaborrez zamatutako baporeak tartean pasatuz Hong Kongetik, hurbil dagoelako eta zerga paradisu bat izateagatik.

Zakar uholdearen tamaina ulertzeko, Malaysia, Greenpeaceren datuen arabera, plastikozko zaborren inportazioan pasatu da 2016 osoan 168.000 tona jasotzetik 2018ko lehen sei hilabeteetan –urte erdian– 456.000 jasotzera, gehienak Alemania, Espainia, Frantzia, Australia eta AEBetatik iritsiak.

“Asko dira uste dutenak –idatzi du Ellis-Petersenek– ez dagoela beste modurik Mendebaldeko herrialdeak behartzeko beren arazoei aurre egitera, garapen bidean herrialdeei zama pasatzeko orde”.

Xahutzaileen kontrako haserrea

Birziklatze aitzakian zabor kontrabandoan aritzeko, konpainiek Basileako 1989ko itunak ezarritakoari iruzur egiten diote. Itun hartan NBEk debekatu zuen zabor arriskutsuak herrialde txiroetara bidaltzea, baina askotan “gai birziklagarriak” etiketatuta deklaratuz esportatzen dituzte.

Hain zuzen, maiatzean bertan Genevan antolatutako biltzarrean egin dizkiote berrikuntza batzuk Basileako itunari 180 herrialdeetako buruen oniritziz: plastiko arriskutsuen atala sortu dute. Orain arte plastikoak atal bakarrean bazeuden, hemendik aurrera plastikoak izango dira edo arriskurik gabeak, arriskutsuak edo bereziak.

Asteotan zabaldu diren albisteek erakutsi dute industriak –agintarien eta unibertsitario askoren konplizitatez– ezkutatzen duen iceberg erraldoi baten punta. Gauza da munduan industriak ekoizten duen plastiko guztiaren %9 baizik ez dela birziklatzen eta gainerako askok bukatzen duela urruneko herrialdeetan lurreko zabortegietan pilatuta edo ez lege eta ez kontrol erreta, ke oso pozoitsuak aireratuz.

Ingurumenari lotuta gai asko trending topic diren arren Mendebaldean, industriak eta kontsumo masiboak sortutako kutsadurak gehien nozitzen dituzten herrialde txiroetako protesta mugimenduen berri gutxi iristen da AEBetara edo Europara.

Aurten bertan protestak izan ziren Indonesian ere, jakin zelarik Batamgo portuan bost hilabete zeramatzatela pilatuta 60 edukiontzi hondakin toxikoz beteak. Yuyun Ismawati BaliFokus/Nexus3 elkarteko kideak deklaratu zuen: “Honek amaitu behar du. Hipokresia handiz herrialde aberatsenek beren buruak famatzen dituzte munduaren aurrean hondakin kudeaketa onak dauzkatela erakutsiz, eta bitartean gu pozoitzen gaituzte eta gainera kutsatzailetzat salatzen. Lotsagabeak! Zatozte zuen zikinak garbitzera eta eten ezazue hainbeste zabor sortzea”.

Apirilean GAIA Errausketaren Aurkako eta Alternatiben Aldeko koalizioak, afera Hegoaldetik nola ikusten den azaldu zuen dossier oparo batean: “Discarded. Communities on the frontlines of the global plastic crisis“ (Zaborretara jaurtiak. Plastikoaren krisi globalaren frontean ari diren jendarteak).

Ez ekologismoan edo injustizien kontrako borroketan ari diren mugimenduetako kideak, klase guztietakoak aurkitzen dira beren bizimodua defendatzeko beharrean. Idatzizko edo kaleko protestez gain, teknologia berriak eta sare sozialak erabiltzeko gai direnak, zabortegi ez legezko edo sasi-birziklatze lantegiak drone bidez aurkitu eta fotografiatuz, Google-n mapeatuz, eta abar. Menturaz oihartzun horrek behartu ditu gobernuak zerbaitetan ari direla erakustera.

Bestalde, liskarrak ugaritu dira urrutitik zaramari dirua ateratzen diotenen eta kutsaduraren kalteak nozitzen dituztenen artean, urte gutxitan ikusi baitute beren bizi kalitatea okertzen. Gatazkak hildakoak ere eragin ditu.

GAIAren dossierrean atzerriko zaborren erreketak gaixotu duten Thailandiako nekazari batek mezu hau zeukan esateko Mendebaldeko jendeei: “Harroak zarete. Ez itzazue bota zakarrak zuen herrialdetik kanpora. Zuen zaborrak dira eta badakizue toxikoak direla. Zergatik pilatu behar dituzue Thailandian?”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude