7.000 euskaldun 1.000 arnasgunetan

  • Egun berezia da ekainaren 1a mintzalagunentzat, Mintza Eguna ospatuko baitute Lapuebla de Labarkan. Euskara praktikatzeko 150 herritan eta eskualdetan taldeka eta astero biltzen dira milaka herritar. Ekainaren 1ean elkar ezagutzeko eta mintzalagunen komunitatea trinkotzeko aukera izango dute.

Aurten Lapuebla de Labarkan. Euskaltzaleen Topagunearekin batera bertako Udala, Arabako Errioxako kuadrilla, mintzalagun egitasmoak eta zenbait eragilek antolatu dute Mintza Eguna 2019. Iaz, argazkian ikus daitekeen moduan, Hondarribian egin zuten. Euskal
Aurten Lapuebla de Labarkan. Euskaltzaleen Topagunearekin batera bertako Udala, Arabako Errioxako kuadrilla, mintzalagun egitasmoak eta zenbait eragilek antolatu dute Mintza Eguna 2019. Iaz, argazkian ikus daitekeen moduan, Hondarribian egin zuten. Euskal Herrian mintzalagun taldeetan ari diren kideen %66 emakumeak dira eta batez besteko adina 46 urtekoa da. Argazkia: Topagunea.

Ricardo Noriega Muñozek ikasturte bat egin du Hondarribiko mintzalagunean eta poz-pozik dago. Lauzpabost urte daramatza euskara ikasten euskaltegian, eta iaz mintzalagun egitasmoa probatzea pentsatu zuen. Aukera paregabea da irundarrarentzat, kalean euskara ezkutuan gelditzen dela iruditzen baitzaio. Lotsa kentzeko balio izan dio taldean bildu eta euskaraz aritzeak, oraindik hanka-sartze asko egiten dituela uste baitu. Astean behin biltzen dira eta whatsappez erabakitzen dute non eta zertarako gelditu: tabernan egonean, pintxo potea egin...

Bere moduko jendea ezagutu du taldean eta kalean topo egin izan du beraiekin eta euskarari eutsi diote. Mintzalagunek asteroko juntadizoaz gain, bestelako ekintzak egiteko aukera izaten dute. Noriegak irakurri zuen Hondarribian Blagan euskara elkartearen eskutik mendira joaten zirela. Hiru bat aldiz joan dira alaba eta biak. Alabak aitari esaten omen dio “patetiko” egiten duela euskaraz, baina aitak alabaren mendizaletasuna baliatuz mendira joan eta taldean euskaraz egiteko aukera baliatu du. Hurrengo ikasturtean mintzalagunean berriz izena emango du, ondo sentitzen delako taldean eta “gure hizkuntza maite duten pertsonak direlako kideak”.

B2 mailako euskara azterketa egin bezperetan hitz egin dugu berarekin. Autobus gidaria da Irunen eta bezeroei zerbitzu ona emateko, euskaraz aritu behar duela uste du. Gaur ez bada bihar, titulua ere beharko duela uste du. Euskaraldian parte hartu zuen eta orduz geroztik belarriprest txapa jarrita dabil. Bezeroekin eta lankide batzuekin euskaraz egiten du, badakite autobus gidariak euskaraz egin nahi duela.

Bastidan, haurrak musika eskolan diren bitartean...

Iratxe Uriarte Galdos Bilboko Santutxu auzokoa da eta Bastidan bizi da. Bastidako mintzalagun taldean dabil eta galdetu diogu ea bidelaguna –euskaraz ondo moldatu eta taldekideei laguntzen dietenak– ala bidelaria –euskara praktikatzeko daude taldean– den. Arrastorik ere ez dauka, zein rol betetzen duen. Hala, konturatu gara uste ez genuen moduko taldeak ere osatzen direla euskara praktikatzeko. Uriarteren taldean ez dago bidelagunik eta bidelaririk, denak euskaraz egiteko inolako arazorik ez daukatenak dira. Taldeko kideen helburua ederki dakiten hizkuntzan, tarte batez bada ere, aritzea da. Uriartek seme-alabekin eta bikotekidearekin euskaraz egiten du, baina Bastidan gainerako eremuetan euskaraz egiteko oso aukera gutxi duela dio: “Euskaraz egiten duen jende gutxi dago eta ia beti erdaldunen bat egokitzen da, beraz ez dugu euskaraz egiten”.  

Taldea berezia da eta modu berezian sortu zen. Mintzalaguneko arduradunak ikastolako irakasle bat zirikatu zuen taldearen ardura hartzeko eta ikastola inguruko hainbat lagun hasi ziren biltzen; beti kultur etxeko tabernan elkartzen dira, han baitago musika eskola eta mintzalagunean diren kideek haurrak musika eskolan dauden tartea baliatzen dute euskaraz hitz egiteko. Uriartek ez du uste taldea biltzeak ingurukoengan eragin handirik duenik: “Ikastolako irakaslea ezaguna da eta gu ikusten gaituztenean pentsatuko dute ikastolako zerbaitengatik gaudela elkarrekin”. Bastidan, euskara jakin arren gutxik hitz egiten dutela uste du Uriartek. Berak kezka gehien haurrekin dauka. Haiek ere gaztelaniaz egiten dute ikastolan eta umeen artean. Gurasoak elkarrekin euskaraz hitz egiten entzuteak zerbaitetarako balioko diela espero du bilbotarrak.

Ez dira 25 urte alferrik igaro

Duela 25 urte Donostian abian jarri zutenetik, egitasmoak hasierako helburua mantentzen du, baina beste batzuk ere gehitu zaizkio bidean. Euskaltegietan euskara ikasten ari ziren ikasleentzat sortu ziren herrietan taldeak, euskaraz hitz egiteko aukera izan zezaten. Gaur egun mintzalagun taldeetako kide asko ez dira euskaltegiko ikasleak. Arrazoi oso desberdinak tarteko ematen dute izena herriko edo eskualdeko taldeetan: euskara herdoilduta zeukaten aiton-amonak dira batzuk, bilobak izan dituztenean euskara berreskuratu behar dutela erabaki dutenak; beste batzuk bere garaian euskaltegian ibili ziren eta hizkuntza erabiltzen ahaztuko zaien beldurrez bildu dira taldera; atzerrian ibili eta etxera itzuli direnak ere badira.

Hasierako urtetako helburu hartatik bestelako xedeak azaldu dizkigu Maite Agirre Topaguneko Mintzapraktika saileko koordinatzaileak: “Mintzalagunak euskara ikasten ari den ikasle horri hizkuntza erabiltzen laguntzen dio, eta era berean, haiei laguntzen ari den euskaldunak bere nahia asetzen du ondokoei euskara praktikatzen lagunduta. Helburu pertsonal horiek baino gehiago da ordea mintzalaguna. Astero tabernan taldea elkartzeak inguruan eragiten du. Adibide xume bat: taldeko kideek zerbitzariari euskaraz egingo diote”. Urteen poderioz, taldeok beste helburu bat betetzen ari direla konturatu dira eta helburu hori betetzeko baliabideak jartzen dituzte antolatzaileek. Alegia, taldetik kanpo euskaraz egitea kosta egiten zaie, eta azken urteotan taldeak berak bideak irekitzen dizkie hala egitea lortu dezaten. Asmoa taldetik kanpo, egunerokoan pausoa ematea da. Esate baterako, antzerkira edo zinemara joaten dira elkarrekin, ziurrenik bere kabuz egingo ez luketena. Hala dio Agirrek: “Azken batean bidelagunek besteei taldetik atera eta eguneroko bizitzan euskaraz egiteko jauzian bultza egiten diete, batzuetan beraien euskarazko harreman sareetara hurbiltzen laguntzen diete”. Antzerkia, zinema, pintxo potea, mendi irteera... gustuko edozein plan izango da baliagarria taldeko erosotasunetik eguneroko bizitzara jauzi egiteko.

Mintzalaguna taldeei hainbat adar sortu zaizkie mende laurdeneko ibilbidean. Gaur egun gurasolagun, hikalagun eta euskalkilagun taldeak ere badaude. Hainbat tokitan hilero mendira joateko aukera ere badago. Gaztetxoenentzat, berriz, mintzakuadrillak dituzte.

Elkar ezagutzeko irrika

Herriko taldean parte hartzeak komunitate sentsazioa ematen die mintzalagunei, baina askori beste herrietako kideak ezagutzeko gogoa pizten zitzaien, haiek bezala euskara praktikatzen ari ziren lagunak ezagutu nahi zituzten. Nahi horren harira eta hiztun komunitatea Euskal Herrira zabaltzeko asmoz hasi ziren egiten Mintza Eguna 2006an. Ondoren etorri ziren sagardotegi garaiko irteerak, eta iaz lehenengo aldiz Durangoko Azokara joan ziren. Euskal Herriko zazpi mila mintzalagunek badituzte euskaraz aritzeko gune txiki eta ez hain txikiak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Topagunea
Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da hurrengo Euskaraldia

Antolatzaileen ustez hizkuntza ohituretan eraginkorra da Euskaraldia eta horregatik laugarren edizioa ere antolatzen ari dira. Hori bai, aurrekoak udazkenean egin dira eta hurrengoa udaberrian izango da.


2023-11-17 | ARGIA
Euskararen erabileran jauzia emateko bost lan ildo adostu ditu Euskaltzaleen Topaguneak III. kongresuan

Euskaltzaleen Topaguneak, azaroaren 18an egin duen kongresuan, datorren hamarraldirako bost lan ardatz finkatu ditu. Ardatzok euskararen erabileran jauzi bat eman ahal izateko ezinbesteko baldintzatzat ditu Topaguneak. Elkartearen bost funtzioak hauek izango dira: askotariko... [+]


Jon Zapata, 'Haurren aurrean helduok heldu' ekimenaren koordinatzailea
“Haurrek ulertzen dute euskara haurren hizkuntza izanen dela”

Haurren aurrean helduok heldu ekimena urriaren 19tik 29ra egingo da Hego Euskal Herriko 80 herritan. Protagonistak, batez ere, gurasoak izango dira eta bi helburu azpimarratu ditu Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak: batetik, gurasoek hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak... [+]


2023-09-25 | ARGIA
Topaguneak birmoldaketa fasea aurreikusi du

Irailaren 22ko batzar orokorrean, Kike Amonarrizek, lehendakaritzan, lekukoa eman dio Irati Iciar oñatiarrari. Alea hedabideak Amonarriz eta Iciar elkarrizketatu ditu, eta besteak beste, azaroan egingo duten kongresuaz eta proposamenaz hitz egin dute. Euskara... [+]


Eguneraketa berriak daude