Kolonbiako gobernuak 10.000 pertsonatik gora bahitu, hil, gerrillari uniformez jantzi eta gatazkan hildakotzat aurkeztu ditu

  • Kolonbiako Polizia Nazionalean teniente koronela izatera iritsi zen Omar Rojas Bolaños (Bogota, 1961) soziologo eta ikerlaria. Ejecuciones extrajudiciales en Colombia 2002-2010: Obediencia ciega en campos de batalla ficticios (Exekuzio estrajudizialak Kolonbian 2002-2010: Obedientzia itsua fikziozko gudu-zelaietan) liburuaren bidez Alvaro Uriberen agintaldiko ‘positibo faltsuen’ edo polizia muntaien 10.000 kasu baino gehiago salatu ditu: militarrek nekazari txiroak bahitu, oihanera eraman, odol hotzean hil eta gorpuei gerrillari uniformeak jantzi eta armak eskuetan jarrriz, gatazkan hildakotzat jotzen zituzten. Ihes egin behar izan du Kolonbiatik.

(Argazkia: Iñigo Azkona)

Eufemismoa dirudi hain sarri erabiltzen duzuen “positibo faltsu” izendapenak. Nondik atera da?

Militarrek beren burua zuritzeko asmatutako kontzeptua da, ez direlako legez kanpoko exekuzioak ere, estatu hilketak baino. Estatuko agente batek aurrez seinalatutako edo akusatutako pertsona bat akabatzea da exekuzioa. Aldiz, gatazkaren parte ez diren eta aurretik ikertuak izan ez diren pertsonak hiltzea, behe klasekoak izate hutsagatik, estatu hilketak dira.

Alvaro Uriberen agintaldiko kasuak dira denak?

2002 eta 2010 arteko Uriberen zortzi urteak jaso ditugu, baina horrek ez du esan nahi aurretik halakorik egin ez zenik. 1994tik 2002ra ere, Andrés Pastranaren agintaldiko 664 kasu ikertu dira. Uribek Segurtasun Demokratikoa politikaren emaitzak iragarri zituenean, 19.405 terroristaren “bajak” aipatu zituen. Gero, nazioarteko justizia epaitegiak eta giza eskubideen taldeek Kolonbiako estatuari galdetu ziotenean 2014an, gobernuak 15.700 aipatu zituen soilik. Fiskaltza nagusiak 4.475 kasu aitortu ditu jada, baina gure ikerketan 10.000 baino gehiago aurkitu ditugu.

Hainbeste hilketa ezkutatzeak ezinezkoa dirudi, nola gertatu da?

1.176 kasuren lagina hartuta frogatu zen gezurrezko gudu zelai haietan hildakoen %70 nekazariak zirela, %13 indigenak, %6 langileak, %3 aniztasun funtzionaldunak, %3 aginduei uko egindako soldadu eta poliziak... Gutxi batzuk ziren gerrillan eta talde paramilitarretan aritutakoak edo aurrekari penalak zituztenak. Une batez, gobernuak Estatuaren etsaien "garbiketa sozial" moduan azaldu nahi izan zituen positibo faltsuak, baina datuek erakusten dute biktimak beste irizpide baten arabera aukeratzen zituztela: behe klaseetakoak eta babesgabeak ziren; biktimak aukeratzean, lehenetsi egiten zituzten haiengatik galdetuko zuen inor ez zutenak.

"Biktimak aukeratzean, lehenetsi egiten zituzten haiengatik galdetuko zuen inor ez zutenak"

Zer helbururekin hainbeste hilketa?

Ikerketan frogatu dugu positibo faltsuak Uribek sustatutako Segurtasun Demokratikoa politika delakoaren ondorio direla, militarrei emaitza zehatzen helburuak ezartzen zizkielako. Egungo presidenteorde Marta Lucía Ramirezek adierazi zuen emaitzen arabera ebaluatuko zituela militarrak. Akabatutako terrorista kopuruaren arabera, alegia. Une hartan, Kolonbiak konstituzioan debekatua bazuen ere, heriotza zigorra ezarri zuten. Borreroa edonor zen: poliziak, soldaduak, kartzelazainak... "Barne etsaiaren" kontzeptu militarrean oinarrituta, Segurtasun Demokratikoa politikak ezarri zuen helburuen eta sarien politika, eta hildako terroristen kopurua aurkeztu behar zuten, gerra irabazten ari zirela erakusteko.

Zer sari zuten sarraskiak egiten zituzten soldaduek?

Hilketa bakoitzaren truke soldadu batek bi milioi peso kobratzen zuen (egungo 500 euro). Soldadu talde batek sei hilketa baino gehiago egiten zituenean 30 milioi jasotzen zuen taldeak; ustezko terroristei atzemandako pistola edo fusila aurkeztuz gero, beste 500.000 peso... Diru sariez gain, bestelako sariak ere baziren: dominak, bekak, atzerrirako bidaiak eta beste.

Nondik ateratzen zen sari horien dirua?

Argazkia: Iñigo Azkona

Alde batetik, ‘armadaren diru bereziak’ izeneko aurrekontu sailetik, baina baita Kolonbia Planetik ere. 1999an Uriberen gobernuak AEBekin sinatutako ituna da azken hau, narkotrafikoaren eta gerrillaren aurkako politikak ezarri zituena.

Koordinazio edo estrategiarik izan zen positibo faltsuen kasuan?

Bai, ezein positibo faltsu ez zen ausaz gertatu, plangintza militar baten ondorio ziren. Aurretik, bilera batzuetan militarrak arloka bildu eta operazioa prestatzen zuten, koordinazioa ezarri eta jarraibideak ematen zituzten, biktimak leku batean bahitu eta hilko zituzten lekuraino eramateko. Bitartean komunitatean infiltratzen ziren, ezinegona eta gerrillari beldurra sortzeko. Operazioan esku hartzekoak ziren soldaduak ere prestatzen zituzten, zurigarri sinesgarria izan zezaten.

Ikerketarik ez zuten egiten?

Justizia militarrak, ikertu beharrean, soldaduei jarraibideak ematen zizkien, kontakizuna sinesgarria izan zedin. Liburuan jaso dugu nola behin, epaile militarra heldu zen horrelako sarraski baten tokira. Hildakoen artean pertsona bat bizirik zegoen oraindik, eta epailea ikustean laguntza eske hasi zen, oihuka. Epaileak, orduan, bizkarra eman eta "nik ez dut ezer ikusi" esanez, militarrei euren lana amai zezaten adierazi zien. Beste leku batera begiratzen zuten, literalki.

Armada barnetik izan zen salaketarik?

Positibo faltsuak salatzen lehenak behe mailako militar batzuk izan ziren, baina nagusien aurrean egindako salaketek ez zuten oihartzunik izan. Nazioarteko erakundeetara jo behar izan zuten, Defentsa Ministerioak ez baitzituen salaketak aintzat hartu.

"Ezein positibo faltsu ez zen ausaz gertatu, plangintza militar baten ondorio ziren"

Nola hasi zen azaleratzen sarraskia?

Lehenengo salaketa publikoa Soachakoa izan zen, 2008an. Bogotatik hurbil dagoen herrixka horretan armadak hemezortzi gazte bahitu, Santander departamendura eraman eta hil egin zituen, uniformeak jantzi eta talde terroristetako kide moduan aurkeztuz. Haien amek ikerketa abiatu eta salaketa entzutetsua egin zuten Bogotan. Gehienetan hirietatik urrun gertatu ziren, baina Soachakoak adi jarri zuen Kolonbiako gizartea. Hala ere, positibo faltsuen lehen sarraski handia sei urte lehenago gertatu zen, Uribek presidentetza eskuratu eta bi hilabetera. Kolonbiako kostaldean La Popa batailoiko Publio Mejia koronelak hemezortzi lagun hil zituen 2002ko urrian. Hildakoen artean baziren FARCekoak, ELNkoak, paramilitarrak eta herritarrak; denak nahastu eta gerrillaritzat aurkeztu zituzten. Uriberen Segurtasun Demokratikoa politikarekin batera hasi ziren positibo faltsuak, armadaren eta paramilitarren artean lotura zuzena izan zutelako. Ez diot neuk hori, epaileek diote, kategorikoki, Mejia koronelaren sententzian.

Gai honen ezagutzarik izan al zenuen polizian zeundela?

2008an kostaldeko hiri batera bidali ninduten polizia talde bati hauteskundeak zaintzen laguntzera. Han nengoela, bertako polizia judizial batzuek laguntza eskatu zidaten, informatzaile bat handik ateratzeko, bertan zeuden beste poliziekin ez baitziren fio. Laguntza eskaini nien, zintzoak zirela egiaztatu ondoren. Denbora batera, hura ahaztua nuela, Soachako afera atera zen. Hariak lotzen hasi eta konturatu nintzen nik ateratzen lagundu nuen gizon hura positibo faltsu baten biktima izatekoa zela.

Eta ikerketari ekin zenion orduan?

Ordutik, artean polizian nengoela, positibo faltsuei buruz hedabideetan agertzen zen guztia hasi nintzen biltzen, soziologo senak bultzatuta. Material nahikoa bildu ondoren unibertsitatera hurbildu eta ikerketari forma ematen hasi ginen. Santo Tomas unibertsitatean osatu dugu ikerlana eta berau jasotzen duen liburua, Fray Alonso de Zamora institutuaren laguntzarekin. Unibertsitateko galbahe guztiak igaro ditu lan honek. Bederatzi urte eman ditugu ikertzen.

Nolako metodoa erabili duzue ikerketarako?

Lanean datuak eta zenbakiak badaude ere, metodoagatik izan da aberatsa, ikerketa kualitatiboa izan baita. Malgutasuna izan dugu fenomenoa ulertzeko, historialarien eta soziologoen lanetan oinarrituta, psikologo talde baten laguntzaz. Kolonbiarren subjektibitatean sartu gara, beraientzat positibo faltsuak zer diren galdetzeko. Bost talde osatu genituen: 50 militar aktibo, erreserbako beste 50 militar zein polizia, indar armatuetako kideen senideak, biktimen senideak eta, azkenik, kontuarekin zerikusirik ez zuten herritarrak. Elkarrizketa egituratuak egiten genituen, galdetegi batzuekin.

"Kolonbiar askoren iritziz, positibo faltsuetako hiltzaileak militarrik onenak dira, auzokorik onenak, seme-alabarik onenak..."

Halako hilketa lazgarri mordoa nola estali duten ulertzen saiatu zarete.

Emaitza interesgarriak eman ditu lanak. Kolonbiar askoren iritziz, positibo faltsuetako hiltzaileak militarrik onenak dira, auzokorik onenak, seme-alabarik onenak... Bestearekiko sentsibilitate falta sozial kezkagarria erakusten dute. Uriberen Centro Democratico alderdiak ukatu egiten ditu hilketa horiek, Alemanian oraindik batzuek holokaustoa ukatzen duten bezala. Hori arrisku handia da gizateriarentzat, ez Kolonbiarentzat bakarrik, aurrekaria ezartzen baitu bihar-etzi beste leku batzuetan gauza bera gerta dadin.

Iritzi publikoak ere ez du ezer jakin nahi?

Kolonbiar arrunt bati positibo faltsuengatik galdetuz gero, seguruenik gobernuak esandakoak errepikatuko dizkizu: Segurtasun Demokratikoa politikaren etsaien asmakizuna dela, matxinoena, armadako sagar ustel batzuen kontua, garbiketa soziala izan zela esango dizute beste batzuek, batzuentzat errua gobernuari egozteko asmoz gerrillak egindako hilketak izango dira...

Argazkia: Iñigo Azkona

Ez dago damurik beraz.

Ez, oso mingarria da Kolonbian positibo faltsuengatik kondenatuak izan diren pertsonak aurkitzea, 20, 30 edo 40 lagun hil izanagatik inolako damurik ez dutenak. Jendaurrean esaten dute hori lasai, eta berriro egingo luketela diote. Zergatik egin zuten galdetuta, "ezin dugu onartu castrochavismoak, komunismoak, Kolonbian boterea hartzea". Hori guztia etsaia edozein kolonbiar izan daitekeela dioen barne etsaiaren doktrinan oinarrituta. Barne etsai hori ezkerrak, komunistak eta giza eskubideen ekintzaileak osatzen dutela irakatsi diete. Estatua zalantzan jartzen dutenak terroristatzat seinalatuak dira, eta terroristak ez dira atxilotu behar, baizik eta suntsitu.

Zein izan da Kolonbiako Estatuaren erreakzioa hilketak salatu ondoren?

Arazoa konpontzen saiatu beharrean estaltzen saiatu da Estatua, biktimen salaketak faltsutzat joaz, txostenak manipulatuz edo erabakiak atzeratuz, besteak beste. Foru militarraren hedatzearen bidez horrelako kasuak justizia militarrera eraman nahi izan ditu. Abokatuak ordaintzen dizkie hiltzaileei, eta biktimen familiei, berriz, askotan ez dizkie salaketak onartu ere egiten.

"Barne etsai hori ezkerrak, komunistak eta giza eskubideen ekintzaileak osatzen dutela irakatsi diete. Estatua zalantzan jartzen dutenak terroristatzat seinalatuak dira, eta terroristak ez dira atxilotu behar, baizik eta suntsitu"

Mehatxurik jaso duzu?

Bai, traidoretzat seinalatu naute militarrek, gertatutakoaren datuak bildu, antolatu eta iritzi publikoaren aurrean aurkezteagatik. Soachan hildako baten anaia ikertzen hasi zen eta bera ere akabatu zuten. Gu kontu handiz ibili ginen ikerketa garaian, militarrak banaka elkarrizketatzen genituen, badaezpada. Uneren batean konturatu ziren ikertzen ari ginela, baina aparteko arazorik gabe burutu ahal izan genuen lana. 2018ko apirilean, berriz, unibertsitateetan-eta lana aurkezten hasi ginenean, gure aurkako kanpaina hasi zen, sare sozialetan-eta, ikerketa FARCek sustatua zela eta ni neu FARCekoa nintzela esanez. Segurtasun neurriak hartu behar izan ditugu, eta nire bizitza arriskuan zegoela konturatuta, Kolonbiatik alde egin behar izan dut.

Zeintzuk dira zure aurreikuspenak orain?

Kolonbiara itzultzea pentsatzen aritu naiz, baina fiskaltzak ez die jaramonik egin aurkeztu nituen salaketei. Poliziari babes neurriak eskatu nizkion eta ez dizkidate eman. Une honetan ez dago ni Kolonbiara itzultzeko gutxieneko baldintzarik.

Uste al duzu inoiz justiziarik egingo dela Kolonbian?

Ez dut pesimista izan nahi baina positibo faltsuak gertatzen dira oraindik, 2010tik hona "militarren akatsak" izenpean. Zergatik gertatzen dira oraindik? Inor ez delako gai instituzioari ardurak eskatzeko. Orotara 6000 militar baino gehiagok parte hartu dute positibo faltsuetan. Bada garaia militarrak hitz egiten hasteko. Batzuk hasi dira aitortzen, baina eskuin muturra beldur da eta Habanako bake elkarrizketen ondorioz horrelako gerra krimenak ikertzeko sortutako Bakerako Jurisdikzio Berezia manipulatzen hasi da: jada lortu dute euren sokako bederatzi epaile hor sartzea, areto berezia sortzea... Gertatutakoa berriz ez gertatzeko konpromisoa ez diote eskatu behar tiro egin zuenari, instituzioari baizik.

Gobernu berriarekin ez dirudi gauzek hobera egingo dutenik.

Gobernu berria Segurtasun Demokratikoa politikaren itzulera da. Hasi dira kriminalizatzen kaleko manifestazioak, protesten zergatia zeinahi dela ere, eta 400 lider politiko eta sozial baino gehiago akabatu dituzte azken bi urteotan. Armak utzitako FARCeko 80 kide ohi hil dituzte jada eta gobernuak ez du txintik esan. Hau aldatzen ez bada, berriro 2002-2006 garaiko positibo faltsuetara itzuliko gara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kolonbia
Gure “Mona Lisa” iraultzailea

Herri axolagabea! Zein ezberdina izango litzatekeen zuen patua, askatasunaren prezioa ezagutuko bazenute! Baina ez da berandu. Emakumea eta gaztea naizen arren, heriotzari aurre egiteko ausardia dut orain, eta mila aldiz gehiagotan ere izango nuke, ez ahaztu!".

Hitz... [+]


FARCeko disidentzia talde nagusiak iragarri du Gobernuarekin bilduko dela Norvegian

Kolonbian, FARC gerrilaren disidentzia-talde handienak adierazi du bakerako borondatea adierazi dutela eta Gobernuarekin elkarrizketak abiatuko dituela Norvegian, berak hala proposatuta. Eragile sozialekin eginiko topaketa batzuetan egin du iragarpena.


Kolonbiako presidenteordeari lehergailuak jarri dizkiote etxe alboan

Francia Márquez presidenteordearen etxe inguruan zazpi kilo lehergailu arukitu dituzte, eta ondorioztatu dute bere aurkako atentatu saiakera bat zela. Márquezek bere ibilbide militante eta instituzionalean eraso eta mehatxu andana jaso ditu.


2023-01-04 | Leire Artola Arin
ELNk ukatu du Kolonbiako Gobernuarekin aldebiko su-etena adostu zuenik

ELNk azaldu du aldebakarrekoa dela Kolonbiako presidenteak urtarrilaren 1ean iragarri duen aldebiko su-etena. "Ez da horrelako akordiorik eztabaidatu gobernuarekin", baieztatu dute. Gustavo Petrok atzera bota du su-eten ituna, eta gerrillari taldeari eskatu dio... [+]


Eguneraketa berriak daude