Jorge Luis García Vázquez. Kubatar atzerriratuaren egia

"Giza eskubideen aldeko ekintzaileak ez du kolore politikorik"

  • Kubako xoriak ez zuen Kubara nahi. Berlinen zela ihes egiten saiatu zenean, zepoan harrapatu eta kaiolara. Lehenik, Berlinen bertan. Ondoren, Habanako Villa Maristasen. Gero, desterrua. Kubako xoria Berlinen da orain, Kubara nahi, libre, baina gobernuak ez uzten. Euskal Herrira egindako bidaian harrapatu dugu.

Miel Anjel Elustondo
2019ko maiatzaren 12a
Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Jorge Luis García Vázquez (Mantilla, Kuba, 1959)

Kuban jaio arren, aleman hiritartasuna du. Berlinen bizi da. Itzultzaile eta ikertzaile da, Askapenerako Kristau Mugimenduko kide, giza eskubideen aldeko ekintzaile, Kubako oraingo erregimenaren kontrako opositore. Stasi-Minint bloga zuzentzen du, non garai bateko Alemaniako Errepublika Demokratikoko inteligentzia zerbitzu Stasiren agiriak argitaratu ohi dituen.

Disidente omen zaitugu.

Ez zait hitz hori gustatzen. Ni, izan, opositore politikoa naiz, giza eskubideen aldeko ekintzailea. Aktibista. Habanan sortua naiz, 1959an, zero orduan, iraultzak garaitu zuenean, Fidel Castro boterera iritsi eta iraultza amaitu zenean. Batzuek zioten iraultzarekin sortu nintzela, eta, hazi, berriz, diktadurarekin hazi nintzela.

Aurreko diktadura ezagutu gabe, hala ere.

Bai. Dena den, gurasoek Batistaren diktaduraren berri eman zidaten. Jakinaren gainean nengoen, zer izan zen aurreko hura. Batistaren erregimenak arbuioa sortzen zuen Kubako gehienen artean, eta gure familiakoen artean ere bai. Castrok, aldiz, herriaren sostengua izan zuen, hasiera-hasieratik. Kontrakoa esatea gezurra litzateke. Estatubatuarrek berek ere ez zuten Batista nahi. Inork ez zuen Batista nahi, haren txarkeria eta ustelkeriagatik. Konponbide demokratikoa zen helburua, eta Castrok, orduan, 1940ko konstituzioa berrezarriko zuela agindu zuen, Batistak ezeztatu zuena, alegia. Castrok, baina, 1976 arte ez zuen konstituzioa berrezarri. Bitartean, dekretu bidez gobernatu zuen. Castroren egoak iraultza akabatu zuen.  

Oraindik orain, konstituzioa berritu dute Kuban.

1976ko gezurraren bigarren atala duzu. Fartsa hutsa. Kubatarren eskubideak manipulatzen dituzte. Konstituzio batek, zeinahi dela ere, ez du alderdi politiko jakin baten interesak defenditzerik.

Zergatik, orduan, Kubarekiko miresmena, internazionalisten laguntza, elkartasuna eta gainerakoak?

AEBei aurre egiteak jarraitzaile sutsuak sortu ohi ditu. Are gehiago, garai hartan, 1960an. Ordukoak dira Vietnamgo gerra, eskuineko hainbat diktadura erortzea –hein batean AEBek lagundutakoak–, AEBen nazioarteko politika tamalgarria… Tamaina horretako etsaiari kontra egiteak arrakasta zekarren.

"Castrok 1976 arte ez zuen konstituzioa berrezarri. Bitartean, dekretu bidez gobernatu zuen. Bere egoak iraultza akabatu zuen"

Iraultzarekin jaioa zaitugu, zein oroitzapen dituzu garai hartaz?

Zoriontsu bizi nintzen. Iraultzaileen artean, neska-mutikoak libertitu egiten ginen. Pilota hartu eta jolas egiten genuen. Etxe-atarietako txirrinak jo eta okerkerian jarduten genuen. Han-hemengo neska-mutikoek egin ohi dutena egiten genuen. Bagenekien eskasia zegoela, arropa gutxi genuen, baina ez ginen erabat pobre bizi. Jateko gutxi genuen, baina ez amerikarren bahimenduagatik, herrialdean bertan gauzarik txikienak ekoizteko gai ez ginelako baizik. Dena “nazionalizatu” zuten, dirua ematen zuten industria guztiak, enpresak, negozioak… Krisi garai latza izan zen. Baina pobrezia eta miseria guztiak gorabehera, haurrak hazi egin ohi dira, eta gu ere hazi egin ginen, hezkuntza sistemako ideologia marxista-leninista eta kastrista hartan.

Noiz jabetu zinen egoeraz?

1980an Kubako sistema diktatoriala eta basatia zela jabetu nintzen. Urte hartan, kubatar asko Peruko enbaxadara sartu ziren. Beste askok, berriz, Arieleko portutik ihes egin zuten. Nik, berriz, nire auzoak, ezagunak, lagunak, kideak… alde egiten ari zirenei tu egiten ikusi nituen; gobernuak berotuta, jakina. “Escorias” (zaborra) izena eman zitzaien… Orduantxe konturatu nintzen. Arbuioa zen. Jendea ikusi nuen, etxean ezkutatuta, atarian jendea zain, patata ustelak botaka. Desengainu galanta hartu nuen. Aurretik ere banekien sistemak ez zuela funtzionatzen, baina neure begiez ikusi nuenean, entzundakoak, ikasitakoak, irakurritakoak etorri zitzaizkidan gogora, eta diktaduran ginela ohartu nintzen.

Garai bateko Alemaniako Errepublika Demokratikoan, “Ekialdeko Alemanian” izan zinen gero.

Alemana ikasi nuen Habanako hizkuntz eskola batean. Gero, itzultzaile jardun nuen Kuban bertan, baina ez luzaro, inteligentzia zerbitzuarentzako lan egitera eraman baininduten Berlinera. Kubako ofizialek ez zekiten alemanez, eta itzultzaile jardun nuen nik han. Agiriak itzultzea ere egokitu zitzaidan, baina ez nintzen espioi. Ekialdeko Alemanian nengoela, inguruko hainbat herrialdetan izan nintzen: Hungarian, Txekiar Errepublikan, Bulgarian, Sobietar Batasunean, Polonian… Eta han ere Kubako gauza bera ikusi nuen, jendeak ez zuela sisteman sinesten, sistema totalitarioa zela, erreforma batzuk gorabehera. Inork ez zuen sistema hura nahi. Esate baterako, erabat desengainatu nintzen Moskun, 1986an, ekonomiaren egoera ikusi nuenean, zeharo suntsituta baitzegoen! Suziriak, hegazkinak eta armadarik indartsuena zituzten, baina elikagaiak, kontsumoa, administrazioa… pekoz gora zeuzkaten. “Komunismoaren hiriburua Mosku, eta hauxe da egoera iraultzatik 70 urtera. Hau ote da, bada, gure geroa?”. Esaterako, Moskun bertan hasi nintzen ihes egiten pentsatzen.

Argazkia: Zaldi Ero.

Pentsatu bai, ez zizuten gauzatzen utzi.

1985ean, Kubako musikari bat heldu zen Ekialdeko Alemaniara. Laster adierazi zidan ez zuela Kubara itzuli nahi. Nirekin hitz egiteko beldurrez zegoen. Artean, ez zekien biok luma berekoak ginen edo ez. Ni Kubako inteligentzia zerbitzuarentzako ari nintzen lanean, baina kontrainteligentzia zerbitzua ere han zen, ehunka ofizialekin. Jakin zuten musikari hark ihes egin nahi zuela, eta jakina, ez zioten utzi nahi izan. Musikari haren pertsonarik hurrekoena, berriz, neu nintzen, eta beste agente bat izendatu beharrean, neuri agindu zidaten egitekoa. Gogoan daukat kontrainteligentzia zerbitzuko arduradunak esan zidana: “Ekintza iraultzailea duzu lan hori!”. Ihesbiderik ez neukala jabetu nintzen. Musikariarekin elkartu nintzen orduko, esan nion: “Badakite zein dituzun asmoak. Hobeko duzu arin ibili, biok harrapatuko gaituzte, bestela!”. Ordurako, banituen zenbait kontaktu AEBetako enbaxadarekin, eta haraxe deitu nuen telefonoz, baina deia harrapatu zuten, eta operatiboa abiarazi zuten.

Operatiboa?

Bai. Lehena, Kubatarra izeneko operatiboa izan zen. Bospasei pertsona ibili zitzaizkidan segika. Gero, bigarrena etorri zen, hogei bat lagun nire atzetik, hirian noranahi nindoala ere. Bigarren operatibo honen izena, Azukrea.

Hara! Azukrea.

Sormen handikoak dira, horratik! Celia Cruzen kantua gogorarazten dit, “Azúcar...”. Barre egin behar, ez dago besterik. Nire kide baten kontrako operatiboak Txanogorritxo zuen kode sekretua. Metro eta laurogeita hamar zen, gaua baino beltzagoa ilea… Eta Txanogorritxo! Ez ginen ez espioi, ez terrorista. Libre bizi nahi genuen, besterik ez. Operatiboaren amaieran, kide batek kafea hartzera gonbidatu ninduen –goxoa kafe hura, hala ere–, baina segada zen, kidea Stasi-rentzat ari zen lanean, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren Inteligentzia Zerbitzuarentzat. Kafetegian geundela, komunera ni, eta, han nengoela, hiru gizonezko sartu ziren: “Etorri gurekin!”, agindu zidaten. Ez zakar ere, baina: “Etorri gurekin!”. “Nor zarete zuek?”. “Badakizu”, beraiek. Eta haiekin batera joan nintzen. Akabo, bada! Banekien ihes egiten saiatuz gero tiroka eraso egingo zidatela.

1987an izan zen hori.

Martxoaren 11n. Karl Marxen hirian bizi nintzen [Treveris], Berlinetik 250 kilometrora, eta hantxe harrapatu ninduten. Hartu, autoan sartu, begiak itxi eta preso eraman ninduten, Berlin aldera, han baitzeuden aireportua eta Kubako Estatu Segurtasuna. Haatik, ez dakit non eduki ninduten. Ez zidaten tratu txarrik eman. Autoan eraman ninduten, esku-bilurrik gabe, adibidez. Badakit beste asko furgoietan eraman izan zituztela, kaiolan itxita… Ni ez. Kubako gobernuko langilea nintzen, eta, beharbada, horregatik ez ninduten hain estu hartu. Odola gatzatu bihurtu zitzaidan, beldurrak airean nengoen, zirkinik egiteko ezgai.

Ez zintuzten torturatu.

Ez. Bost bat egun eduki ninduten preso. Torturarik ez, baina presio psikologikoa jasangaitza zen: isolatuta, loa galarazten zidaten, eguna ziegan sartua… Stasik “Psikologia operatiboa” deitzen zion horri, gerra psikologikoa, alegia. Presoa autoestimuaren behereneko mailara eramatea da helburua. Tortura zuria. Ez dizute lixibarik ematen. Aldiz, zuk zeure burua errudun sentitzen duzun punturaino eramaten zaituzte. Edo infernu gorri horretatik irteteko, haiekin kolaboratzen hasten zaren punturaino. Nire kasuan, arinago izan zen gauza, Habanan zain bainituen. Berlinen bost egun egin eta, nire txostenean idatzita dagoenez, Estatu Segurtasunerako ministroak ni Kubara eramatea erabaki zuen. “Ihes egin nahi zuen, eta harrapatu dugu. Jada, ez da gure afera”. Eta Kubara.

Kubara, nora?

Habanara, La Vibora barrutira, Villa Maristas presondegira. Garai batean, 1960-61 arte, ikastetxe katolikoa zen, baina diktadurak polizia politikoaren ikergune bihurtu zuen Villa Maristas, terrore psikologikoaren eta kontrainteligentziaren kuartela. Hortik igaro ginenok aski gaizki atera ginen, eta berdin zen sei ordu, bi egun edo sei egun eman han. Villa Maristasetik igaro den kubatar opositore batek ere ezin izan du hango egonaldia ahaztu. Tristea da lekua. Sartzen zarenetik irteten zaren arte, haien mende zaude. Ziegak, irudikaezinak dira: zulo bat erdian, nork bere beharrak egiteko; lanpara bat, beti piztuta; egun-argirik ez… Klaustrofobia dutenentzat ez gomendagarria, konparazio batera. Kur, kur…

1987ko martxoaren 11n atxilotu zuten García Vázquez Alemaniako Errepublika Demokratikoan.

Zenbat denbora eduki zintuzten Villa Maristasen?

Egun batzuk besterik ez. Agiri bat sinatu nuen, nire erruduntasunaren aitortza eginez, traizio maila altua aitortuz. Mea culpa bat, finean. Bigarren aukera bat eman ziezadatela eskatu nien, eta libre utzi ninduten. Nitaz arduratzen zen ofizialak –sekula ez zait ahaztuko, Hernández zuen deitura–, esan zidan: “Zeure esku dago… iraultzaren gurdira igotzea!”. “Eskerrik asko!”, esan nion. Zer egin behar nuen, bada? Ez nuen aukerarik.

Noiz irten zinen Kubatik?

1992an. Alemaniarra nuen orduko emaztea. Kubatik behin-behinean irteteko baimena eskatu nuen. Haiek, berriz, behin betiko txartela eman zidaten. Nik, Alemaniara joan, egoera ikusi, Kubara itzuli eta erabaki egin nahi nuen. Ez nuen aukerarik izan: “Behin betiko”. Libre bizi nahi nuen, baina ez horrela. Desterratu egin ninduten. Latza izan zen. 1996an, Kubara itzuli nintzen, oporretan, baina hiru aste egoteko baimena besterik ez zidaten eman.

Beti betiko galdera: zer iritzi diozu AEBen bahimenduari?

Erreprimitzen segitzeko aitzakia handia da bahimendua. Bahimendu hori altxatu, eta beste bat asmatuko dute. Kanpoko bahimendua? Nahi duen herrialde guztiekin negozia dezake Kubak, AEBekin izan ezik. Japonia, Kanada, Mexiko, Brasil, Venezuela… Bahimendua oso gauza gogorra izan zen 1970ean, baina AEBeko presidente Jimmy Carterrek aukera eman zion Fideli. “Leihoa ireki behar duzu!”. Horixe eskatu zion. Fidelek, berriz, nahiago izan zuen bahimendua, elkarrizketa baino. Duten aitzakia bakarra da bahimendua.

Kubako gobernuaren arbuioa jasan duzu. Europan ere, interpelatua zara…

Alde batetik eta bestetik erasotzen naute, eskuinetik eta ezkerretik. Ni, aldiz, giza eskubideen aldeko ekintzailea naiz. AEBen atzerri politika kritikatzen dut, sobietarrena, edo Errusiarena, Txinarena, Ipar Korearena, Venezuelarena… Giza eskubideen aldeko ekintzaileak ez du kolore politikorik, ez da alderdi politiko jakin bateko kide. Ni Askapenerako Kristau Mugimenduko kide naiz. Oswaldo Payá genuen liderra, baina 2012an hil zen Kubako estatu segurtasunaren atentatuan. Elkarrizketa bidez egin zion aurre Kubako gobernuari, diktadurari. Elkarrizketaren aldeko zen, Varela Proiektuaren sustatzailea. Ez zuen lehergairik, ez garrasirik, ez gisakorik baliatzen… Haren jarraitzaileoi, berriz, pentsatzen duguna esaten segitu besterik ez zaigu gelditzen, egoera aldatuko delakoan, poliki-poliki.

Datorren arrakala

“Azkena, tornado bat Kuban. Zoritxarrez, zenbait auzo suntsitu zituen Habanan, eta hildakoak ere izan ziren. Díaz-Canel presidentea Mercedes-Benz batean azaldu zen hara! Auzoa txikituta, pobrea, jatekorik ez… eta buila eta hoska hasi zitzaizkion. ‘Lotsagabe hori! Utik!’. Fidel Castro buruargiagoa zen. Jeepean joango zen, olibaz jantzia, botak zikin… txapela erantziko zuen, zaplada bat honi, beste bat hari… Oraingoek ez dute Fidelen karismarik. Belaunaldi hura desagertzen ari da, eta, ondoko urteetan, sistemaren arrakala eta irekidura sakonak ikusiko ditugu. Haatik, Kubako armadak zer egingo duen ikusi behar”.
 

Metodoak

“Ezagutu nituen ziegako barroteetara lotutako presoak, edo iletik eskegitako bat. Hori ez da, ordea, Kubako segurtasunaren ez Stasiren helburua. Hezur hautsia, ubeldua… tortura fisikoaren ondorioak bistakoak dira. Haatik, tortura psikologikoaren ondorioak okerragoak dira: ‘Hitz egiten ez baduzu, hortxe edukiko zaitugu hilabeteetan. Hitz egin nahi ez duzunez, galdekatu ere ez zaitugu egingo’. Eta zer egin behar du presoak egunetan eta egunetan, bi bider bi den ziegan sartuta? Zenbat irauten du presoak egoera horretan?”.
 

Azken hitza: Kontzientzia

“Diktadura guztietan berdin da. Haurrak ez du diktadura ikusten. 15-16 urtetan, berriz, gaztea hizketan hasten da, edo galarazita dagoen liburu bat irakurtzen, edo arrazoi politikoengatik preso egondako jendea ezagutzen. Orduantxe hasten da gaztea jabetzen, denek ez dutela berdin pentsatzen ohartzen”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Kuba

Kuba kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude