"Musulman erradikala pertsona umila da, ez errugabeak hiltzen dituena"

  • Islamaren inguruan irakurri eta ikasi ahala joan zen Amanda Figueras federa hurbiltzen. Une batetik aurrera bere erlijio egin zuen, familian aurrekaririk izan gabe, Madrilen. Ordutik, islamofobiaren aurkako lanean dihardu, erlijioaren inguruko tabuak hautsi nahian. Europar emakume zuri izateak egiten du berezi bere prozesua, eta talaia horretatik mintzo da.

“Islamean pentsatzen dugunean bizar luzea duen arabiar batengan eta beloa daraman emakume batengan pentsatzen dugu, baina musulman mota asko dago, eta gainera gehienak ez dira arabiarrak“ (Argazkia: Josu Santesteban)

Sinesgabea zinen, eta zure kabuz hurbildu zinen ismalera. Zerk erakarri zintuen?

Gauza askok, baina batez ere familia barruko loturen garrantziak eta emakumeak islamean duen paperak. Horri buruzko ideiarik ere ez nuen.  

Zein da paper hori?

Ez nekien emakumea halako garrantzitsua izan zenik islamean. Adibidez, islama bereganatu zuen lehen pertsona emakumea izan zen, baita Korana denbora luzez zaindu zuena edo profetaren esanak gehien transmititu zituena. Hari esker dakizkigu guretzat orain eredu diren gauza asko.

Bateragarriak dira islama eta feminismoa?

Feminismoarekin lotutako gauza asko zalantzan jartzeko prozesuan ari naiz, batez ere hiztegiari dagokionean. Orokorrean, ez naiz mugimendu feminista hegemonikoagatik interpelatua eta babestua sentitzen, eta min ematen dit. Badirudi libre izateko modu bakarra haiek nahi dutena dela: ateoa izatea, erlijiorik gabea.

Emakume musulmanaz hitz egiterakoan, beloa agertzen da etengabe, eta normalean debekuaz edo inposizioaz hitz egiten da.

Uste dut eztabaida gainditu behar dela, ez duelako ekarpen handirik egiten. Nik, noski, emakumearen askatasuna defendatzen dut, baita nola jantzi eta publikoki nola agertu erabakitzerakoan ere. Derrigortzearen eta debekatzearen kontra nago. Derrigortzea ilegala izan beharko litzateke, eta islamaren kontrakoa ere bada, islamean ezin baita inor nahi ez duen ezer egitera derrigortu.

Baina ematen da.

Argazkia: Josu Santesteban

Argi dago emakume musulman askok pairatzen dutela injustizia larria. Baina ez zaie bakarrik emakume musulmanei gertatzen, denei baizik, gradu batean edo bestean. Beloa libreki janztea erabaki dugunok erregimen totalitarioen konplizetzat jo izan gaituzte, batzuk beloa janztera derrigortzen dituzten erregimenenena. Esan izan didate kendu beharko nukeela, derrigor eraman behar dutenekiko elkartasunez. Hori eskatzea islamofoboa da, injustua izateaz gain. Ez nazatela ni bihurtu egin ez dudanaren erantzule.

Zer nolako oztopoak bizi izan dituzu islama zureganatzeko prozesuan?

Lehenbizi barne oztopoak gainditu behar izan nituen. Pentsatzen nuen: “Nola zango naiz ni musulmana? Ni, parrandan ateratzea hainbeste gustatzen zaion hau?”. Gero, publikoki musulman gisa azaltzerakoan hasi ziren arazoak: bat-batean, ez nintzen eskubide osoko hiritar espainiarra; musulman gisa irakurria nintzen, musulmana izatea balitz bezala nire identitate bakarra. Kolektibo gutxitu batzuei –etorkinei kasu– ezartzen zaizkien estereotipoak ezarri zitzaizkidan. Aldi berean, ikasketa prozesu bat izan zen: argi ikusi dut nola tratatzen diren gutxiengoak. Tristea izan da baieztatzea arrazistak eta klasistak garela, eta islamofobia handia dagoela .

Zer dela eta ematen da estigma hori?

Gauza asko dira, hasi azalpen historikoetatik eta ezjakintasuneraino. Islama ezagutu behar dela esaten dut beti. Islama, eta ez hainbeste musulmanek egiten dutena, ez baitator beti bat. Ezin da milioika kide dituen populazio bat herrialde edo pertsona batzuk egiten dutenera murriztu. Islama anitza da, heterogenoa, sentsibilitate askokoa. Islamean pentsatzen dugunean bizar luzea duen arabiar batengan eta beloa daraman emakume batengan pentsatzen dugu, baina musulman mota asko dago, eta gainera gehienak ez dira arabiarrak.

Hiztegia ere estigma bide izan ohi da.

Espoliazio bat eman da, ezjakintasunagatik, eta baita modu interesatuan ere. Gure termino batzuk komeni den moduan erabiltzen dira, zentzua aldatzen zaie. Adibidez, “islam erradikala” esatean, islama berez arriskutsua edo bortitza dela ematen da aditzera. Islama ez da bortitza, eta bere buruari musulman esan eta indarkeria erabiltzen dutenak ez dira erradikalak, desbideratuak baizik. Musulman erradikala pertsona oso ona litzateke, beti barkatzen duena, besteak jartzen dituena norberaren aurretik. Pertsona umila da musulman erradikala, ez errugabeak hiltzen dituena.

Ahotsik ez duzuela salatu izan duzu.

Emakume musulmanoi gure janzkeraz eta terrorismoaz hitz egiteko bakarrik deitzen digute. Arazoa da ez digutela deitzen Kataluniako independentziaz edo hauteskundeez edota hezkuntza publikoaz hitz egiteko. Ez gara eskubide osoko hiritartzat hartuak, gure identitate musulmana da ikusten den bakarra.  

“Madrilgoa eta musulmana?”. Zenbatetan egin dizute galdera hori?

Jendeak ez du ulertzen nola izan naitekeen Mendebaldekoa eta musulmana. Mendeetan, iberiar penintsulako kultura nagusi eta arrakastatsua izan zen musulmanena. Askotan hartzen naute marokoartzat, eta ez dit minik ematen, maite dudalako Maroko. Kontua da haiek, ni marokoartzat hartuta, menpeko pertsona gisara kokatzen nautela, ikasketarik gabea, otzana, pobrea.

Aurreiritzietatik sinesmenera
“Katalunian jaio nintzen 1978an, baina zortzi hilabete nituela lekualdatu ginen Madrilera. Han eta Lisboan ikasi nuen kazetaritza, eta El Mundon eta hainbat hedabidetan egin izan dut lan. Une batean, islamari buruz ikasten eta irakurtzen hasi eta aurretik nekiena faltsua zela ikusi nuen, nire jakintzak aurreiritzi eta topikoetan oinarrituta zeudela. Ikasketa eta gogoeta prozesu luze baten ostean erabaki nuen gustatzen zitzaidala, eta modu horretan nahi nuela bizi. Egun, NBEren Zibilizazioen Aliantza programaren bekaduna naiz, eta Erlijioen eta Kulturen arteko elkarrizketarako Abraham foroko kide. Por qué el islam: mi vida como mujer, europea y musulmana liburua idatzi dut”

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Islama
Lehorteak islama ureztatu zuen

Himyar erresumak Arabiar Penintsulako hegoaldea kontrolatzen zuten VI. mendean, baina Axum erresumako etiopiarrek bereganatu zuten mende horretan izandako lehorte bortitz batek hango ureztatze sistema hankaz gora jarri zuenean. Egoera larri horretan, islamiarrek lur emankorrak... [+]


Separatismoaren kontrako legea
Frantziar Errepublikaren printzipioak inposatu, askatasunen gainetik pasaz

Islamismo erradikalaren suntsiketa helburu jarririk, separatismoaren kontrako legea edo izen ofizialari segi, Errepublikaren Printzipioen Errespetua Sendotzeko Legea Frantziako Parlamentuan da. Kezka handia eragiten du lege-proiektuak musulmanen artean, kultu askatasunaren... [+]


Frantziako presidenteak musulmanak haserretu ditu

Mahomaren karikaturak ikasgelan erakusteagatik muturreko islamista batek irakasle bat hil ostean, “separatismo musulmana” kritikatu zuen Frantziako presidente Emmanuel Macronek eta eraikin publikoetan Mahomaren karikaturak proiektatu zituzten ondoren. Gehiegizkoa... [+]


Saudi Arabiak adin txikikoen heriotza zigorra deuseztatu du

Adin txikikoek egindako delituengatik heriotza zigorrik egongo ez dela adierazi du Saudi Arabiako Giza Eskubideen Komisioko presidente Awwad Alawwadek. Horren ordez, gehienez jota hamar urtez egon beharko dute adin txikikoen zentroetan.


Eguneraketa berriak daude