Korana “libreki” itzultzen Iruñean

XI. mendeko Korana, Afrika iparraldekoa. Hurrengo mendean, 
Robert of Kettonek (c. 1110-1160) Koranaren latinezko lehen itzulpena egin zuen Iruñean. Argazkia: British Museum
XI. mendeko Korana, Afrika iparraldekoa. Hurrengo mendean, Robert of Kettonek (c. 1110-1160) Koranaren latinezko lehen itzulpena egin zuen Iruñean. Argazkia: British Museum

Iruñea, 1143. Robert of Ketton (Robertus Ketenensis, latinez) teologo, astronomo, itzultzaile eta arabista ingelesak Korana itzuli zuen latinera lehenengoz. Bere bizitzako lehen urteez gutxi dakigun arren, badirudi Kettonek Parisen ikasi zuela. 1134an lau urte iraungo zuen bidaia luzea abiatu zuen Ekialdera. Bizantziar Inperioan, Palestinan eta Damaskon izan zen eta, gerora, arabierako itzultzaile gisa ezagun egingo zen.

1141erako Iberiar penintsulan zegoen; lurraldea musulmanen eta kristauen artean banatuta egonik, penintsula  toki aproposa zen arabierako itzultzaileentzat. Badakigu 1143an Iruñean zela, bertako artxidiakono izendatu baitzuten. Berez, nahiago omen zuen testu zientifikoak itzultzea, teologikoak baino. Euklidesen lana ezagutzen zuen eta Al Battani nahiz Avicenaren lanak itzuli zituen. Korana, aldiz, enkarguz latineratu zuen.

1142an Petri Beneragarria Clunyko abadearen bisita jaso zuen. Abadea islamari buruzko informazioa biltzen ari zen, Liber contra sectam sive haeresim Sarracenorum (Sarrazenoen sekta edo edo heresiaren kontrako liburua) idazteko, eta Kettoni Korana itzultzeko ordaindu zion.

Itzultzaileak ez zuen testuaren itzulpen fidela egin; ez zabarkeriaz, intentzio osoz baizik. Itzulpenaren asmoa islama gutxiestea zela garbi erakusten du latinezko lehen bertsio horren izenburuak: Lex Mahumet pseudoprophete (Mahoma sasiprofetaren legea). Xehetasun kaltegabeak puztuz eta kutsu krudel eta lizuna emanez,  Koranaren interpretazio guztiz negatiboa osatu zuen.

1157an Tuterako kanonigo izendatu zutela eta beste ezer gutxi dakigu Kettonen azken urteez. Baina bere itzulpenak itzal luzea izan zuen. Hurrengo mendeetan Korana Europako hizkuntzetan itzultzen hasi zirenean, Kettonen bertsioa hartu ohi zen oinarri, eta ez originala. Esaterako, 1547an Andrea Arrivabenek Kettonen itzulpena erabili zuen Korana italieraz emateko, 1616an italierazkoa hartu zuen oinarri Salomon Schweiggerrek alemanezko lehen itzulpena egiteko, eta aurrerago, alemanezkoa izango zen nederlanderazko bertsioaren oinarri. Hala, Iruñean egindako itzulpen desitxuratu hark mende luzez eragin du Mendebaldeak islamaz izan duen irudian.


ASTEKARIA
2016ko apirilaren 24a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erdi Aroa
Fra Mauroren mundu zehatzagoa

Venezia, 1459ko apirilaren 24a. Fra Mauro monje eta kartografoak bere munduko mapa amaitu zuen San Michele de Murano monasterioan zeukan kartografia tailerrean. Portugalgo errege Alfontso V.aren enkarguz egin zuen lan hura, eta, mapa amaitu bezain pronto, Portugalera bidali... [+]


1.300 urtez, elkarrekin lurra landu eta bizi

Gaubea haranean, Tobillas herriaren alboan, Serna deitzen dioten nekazaritzarako lursail bat dago. Baina ez da baratze soil bat: historiak eta arkeologiak diote 1.300 urteko bizia duela eremu horrek. Herritarren langintza kolektibo baten emaitza izateaz gain, parada ematen du... [+]


Harakin eta zirujau

Erroma, 1215eko apirila. Laterango IV. Kontzilioan, Eliza Katolikoak apaiz eta monjeei kirurgia egitea debekatu zien, besteak beste. Aurreko kontzilioetan ere, Reimsen eta Toursen, gaia landu zuten, lekaideek soilik arimak salbatzeaz arduratu behar zutela eta gorpuen salbazioa... [+]


Ahaztutako Erdi Aroaren bila Abrisketan

Urtarrila ez da sasoi goxoa izaten indusketa arkeologikoak egiteko baina, aurtengo eguraldi aldrebesa tarteko, lanak erritmo onean burutu dituzte EHUko Ondare eta Kultur Paisaien ikerketa taldeko eta Ondare Babesa enpresako langileek Abrisketa auzoko San Pedro ermitan,... [+]


Eguneraketa berriak daude