ARGIA.eus

2020ko ekainaren 02a
Othman Alfredo. Musulman bilakatua

"Musulman izateak gaur eta hemen migratzailearen zama gainean eramatea dakar"

  • Soziologian lizentziatua, gazte mugimenduan eta euskalgintzan ibilia, duela urte batzuk islamera hurbiltzen hasi eta egun musulman praktikantea dugu Othman Alfredo Gomez-Cambronero Kortazar (Bilbo, 1969), Othman izen arabiarra agirietan ere gehituta. Islamera iristeko bere ibilbide pertsonalaz eta nagusiki etorkinek osatua den komunitate islamikoaren kezkez jardun dugu berarekin.

Jabi Zabala @sarean
2018ko uztailaren 22a
"Nire burua musulmantzat jotzen hasi eta 34 urterekin shahada edo fedearen testigantza egin nuen". (Argazkia: Aritz Loiola)

Alfredo gaztearen ibilbidea gazte mugimendutik pasatzen da...
Lehenengo, aiton-amonek galdutako euskara berreskuratu behar izan nuen, umetan Madrilen bizi izan bainintzen urte batzuetan. Bueltatu eta euskaltzaletasuna gogor piztu zitzaidan. Gazte, okupazio eta ikasle mugimenduetan ibiltzeak markatu ninduen, heziketa sozio-politikorako ingurune aproposa izan zen hura, bizia eta trinkoa. Garai hartan Martxa eta borroka leloari lotuta bizi izandakoa egun Europan topatzea gaitza da, herri txiki eta berezi batean bizi izan gara.

Nolakoa izan zen musulman bihurtzeko zure bidea?
Kristautasun katolikoa praktikatzen duen sei neba-arrebako familia batean seme nagusia naiz eta heziketa kristau katolikoa jaso nuen. Nerabezaroan, gogoan dut islamaren profeta den Aisarekin [Jesusekin] amets egin nuela eta islamaren berri zuzena eman zidan The Message filmak. Orduan eliza katolikoaren jokabide politikoarekiko desadostasunak eta doktrinari buruzko zalantzak handitu zitzaizkidan. Praktika erlijiosoa eten nuen, kristautasunaren adarren ezagutzan sakondu bitartean. Gero, soziologia ikasketak egitean erlijioaren eta sinesmenaren ondorioei buruzko ikuspuntu batzuk ezagutu nituen, tartean Max Weber-ek kapitalismoaren sorreran erlijioak izandako eraginari buruzko ikerketak eta historiako lehenengo soziologotzat har daitekeen Ibn Khaldun Al Andaluseko pentsalariarenak.

Noiz bihurtu zinen erabat musulman?
Nire burua musulmantzat jotzen hasi eta 34 urterekin shahada edo fedearen testigantza egin nuen. Geroztik musulman bezala bizitzen ikasi eta horretan ahalegindu naiz. Birritan ezkondua naiz; bigarren emaztearekin hiru seme-alaba izan ditut.

Etorkin askorekin duzu harremana. Soziologo musulman moduan ikuspegi berezia lortu duzu etorkin musulmanen pentsamoldeak ulertzeko?
Soziologo legez, komunitatearen gaiak “barrutik eta neure larrutan” bizitzeko aukera daukat, eta esan beharra dago hori oso aberasgarria dela errealitate jakin bat aztertzera hurbiltzen den gizarte arloko ikerlari batentzat. Gure komunitatearen kide gehienak etorkinak eta etorkinen ondorengoak dira. Musulman izateak gaur eta hemen migratzailearen zama gainean eramatea dakar. Eta horrek etorkinak ez garen musulmanongan ere eragina dauka, izan ere, benetako komunitate sozioespirituala izateko gure anai-arreben arazoak gizarteratu behar ditugu; osterantzean, ez gara benetako musulmanak. Herri-erakundeek, sarri, gure eskaera eta beharrizanak “etorkinen arazo-multzoan” sartzen dituzte, batzuetan modu kontzientean ez bada ere, nahiz eta fenomeno hori gero eta gutxiagotan ematen den.

"Oso garrantzitsua da gure auzoetan batzen gaituena lehenestea eta bereizten gaituena aukera gisa eta ez arazo-iturri bezala jartzea". (Argazkia: Aritz Loiola)

Zerk atsekabetzen ditu hemengoon ohitura eta jarreretatik?
Gaur egungo gizarte postmodernoaren espiritualtasunik ezak eta indibidualismoak dakarren gizarte harremanen haustura dira gure gizartearen ezaugarri zailenak gure komunitatearen kide askorentzat, izan ere, haietako asko oraindik gizarte harreman sendo eta aberatsak dituzten herrialdeetatik duela gutxi heldutakoak dira eta haiekin iritziak alderatzeko aukera izaten dudanean, sarritan agertzen da kontu hau. Nik, ostera, gure herrian duela belaunaldi bat kontuak nahiko desberdinak zirela esaten saiatzen naiz, batez ere, familiaren antolaketari eta auzokoen arteko harremanei dagokienez, baina sinesgaitz egiten zaie.

Meskiten aurkako arbuio adierazpen batzuk eta, are, eraso batzuk izan dira. Nola interpretatzen dituzu?
Europako mendebaldean orokorra da islamarekiko eta musulmanekiko mesfidantza, arrazoi historikoak direla medio, Al Andalusen lurralde osoan eta Europako hego-mendebaldean islamaren praktikak lagatako ondarearen eta haren debekuak eragindako zaurien ondorioz. Iberiako herri edo nazio  guztietan, bakoitzean bere neurrian, hori ematen da eta kolonizazioaren inguruko traumek gehi etorkin musulmanen ekarpen soziokulturalaren kudeaketa bidegabeak handitu dute mesfidantzazko harremana.

Zer nolako ekimenak behar dira loturak ezartzeko eta daudenak indartzeko?
Bizitza pertsonala eta publikoa antolatzeko estrategia berriak behar dira. Oso garrantzitsua da gure auzoetan batzen gaituena lehenestea eta bereizten gaituena aukera gisa eta ez arazo-iturri bezala jartzea. Instituzioak gure komunitatearen beharrizan, arazo eta eskaeren kudeaketa “hemengo” arazoa direla ohartzen hasiak dira. Esate baterako, Eusko Jaurlaritzak Ados Aholku Batzordea sortu berri du EAEko islamiar komunitatearekin erakundeek dituzten harremanak modu bateratuan antolatzeko. Giza Eskubideen Zuzendaritzako arduradunek, gizarte arloko ikerlaria eta musulmana naizenez, Ados Batzorde horren kide izendatu naute. Bertan, aitortu behar dut ez naizela inoren ordezkari, aholkulari boluntarioa baizik.

Jatorri moriskoa

“Moriskologiak Mantxako birraitonaren jatorri etnikoa ezagutzen lagundu zidan. Nire Gómez-Cambronero abizenaren iturri moriskoa duela urte batzuk ezagutu ahal izan bainuen. Moriskoak kristau bataiatzera behartutako musulmanak ziren, bataioan izen islamikoa galdu eta izen-abizen kristauak erromantzez hartu behar izaten zituzten. Naturako elementuak izaten ziren, Cerezo edo Manzano adibidez, edo moriskoak nagusi ziren ofizioak, Cambronero (saskigilea) kasu. Aitonak ezkutatu egiten zuen abizen hori, maketo itxurakoa zelakoan, baina ni gaur egun harro nago nire jatorri moriskoaz”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Islama  |  Migrazioa

Islama kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2018ko uztailaren 22a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude