Ura eskubide izateko borrokan

  • Brasilek bizi duen faxismoaren aurrean herri mugimenduen lehenengo helburua bizirautea da, mugimendu bezala eta pertsona bezala. Koiuntura honetan, garaipenen berri ematea oso garrantzitsua da. Bahiako Ponto Novo herrian lau okupazio izan dira azken hamar urteetan.

Terra Nossako biztanleak sukaldea eraikitzen (arg: Esti Redondo)
Terra Nossako biztanleak sukaldea eraikitzen (arg: Esti Redondo)

Ponto Novo Brasilgo Bahia Estatuko iparraldean dagoen herria da eta sertão izeneko ekosisteman kokatuta dago. Basamortutik gertu dagoen bioma honetan urtean 300 eta 500mm inguru botatzen du abendu/urtarrila eta uztaila artean; 2008tik 2013ra lehorte handia egon zen. Garai horietan ereiten da, zerura begira beti, ea jaiotzeko beste bustitzen duen. Mandioka, indabak eta artoa landatzen dute gehienbat; behiak, eta batez ere, ahuntzak hazten dituzte, eta zonaldeko fruitu arbolak dituzte: umbua, anarkardoa, licuría...

Ur falta dagoenean, ura da bizitzaren ardatza: mugimenduen borroka, estatuaren proiektuen izaera, agro-negozioarekin talka... dena uraren inguruan. Azken urteetan Ponto Novo borroka horren isla bihurtu da. Bahiako Estatuak ureztatze plana jarri zuen martxan 2000. urtetik aurrera; garai hartan eskuina zegoen gobernuan eta urtegi bati lotutako proiektua abiatu zuten. Hektarea eta ur piloa monolaborantzarako. Lur batzuk ekoizle ertainen artean banatu bazituzten ere, gehienak enpresa baten esku geratu ziren: Sitio Barreras banana ekoizlearen esku. Enpresa instalatu zen lurretatik 450 nekazari txiki bota zituzten.

Lehenengo okupazioak

Movimento dos Pequenhos Agricultores-ek (MPA) 2008an ureztatze poligonoaren barruan zeuden lur batzuk okupatu zituen. Hogeita hamar familia sartu ziren eta lehenengo lastoz, gero adobez, beraien etxebizitzak eraiki zituzten. Handik pasatzen zen kanalaz baliatuta, ekoizpen kolektiboari ekin zioten. Poligonoaren barruan nekazari txikientzat lekua egotea aldarrikatzen zuten; bertan bizi eta ekoiztu nahi zuten. Horrela sortu zen Terra Nossa.

Borroka garaia izan zen, Sitio Barreras enpresa hainbatetan okupatu zuten, errepidea moztu, hegazkinez botatzen zuten pozoiaren kontra babestu. Liburutegia ere eraiki zuten, edateko ura lortu... baina 2011n handik bota zituzten. Ordurako Bahiako Estatua eta poligonoaren proiektua Partido dos Trabalhadoresen (PT) esku zeuden, baina negoziaketek ez zuten aurrera egin. PTrentzat ere ureztatze poligonoak agronegoziorako behar zuen izan: monolaborantza eta pozoiez jositako zonaldea sustatu zuen langileen alderdiak.

Beraien etxe eta espazio kolektiboak suntsituta ikusi arren, familiek ez zuten etsi eta traste guztiak hartuta, poligono barruan hutsik zegoen pabilioi batera jo zuten. Han pasatu zituzten hurrengo urteak; 2018ra arte hogeita hamar familia bizi izan dira elkarrekin.

2008an okupatu zuten lehen aldiz Ponto Novoko ureztatze poligonoa; errepideak moztu eta hegazkinetatik jaurtitako pozoitik babestu behar izan ziren urte horietan (arg: Esti Redondo)

Borroka hura ez zen alferrikakoa izan: hamar urtetako gabezien ostean, Bahiako Estatuak alde batetik, eta INCRAk bestetik (Instituto Nacional de Colonização e Reforma Agraria) beraien aldarrikapena aintzat hartu zuen. Behin lurra lortuta, etxeak lortzea da hurrengo erronka, eta oraindik ere badira beste talka batzuk, ekoizpenerako laguntzak kasu.

Garai berrietan, aliantzak

Lurrak lortuko zituztela jakinda, MSTk (Movimento dos Trabalhadores Sem Terra) Mandela izeneko eremua sortu zuen poligonoaren beste zati batean, herri mugimendu eta lurgabeentzat. Gaur egun Terra Nossan etxeak eraikitzea lortu dute, familia bakoitzak sei hektarea dauzka poligonotik kanpo eta beste bost poligono barruan; etxe guztietan euri ura biltzeko sistema dute. Mandela, berriz, poligono barruan dago osoki eta lurren demarkazio prozesuan daude oraindik; halere, sortuko duten agrovila edo etxaldea nahiko egituratuta dago.

Baina borrokak aurrera jarraitzen du. 2017an urtegia ur gabe geratu zen eta Sitio Barreras enpresak lekua utzi zuen; gauzak bildu eta alde egin zuen. Hori aprobetxatuta MST eta MPA batu eta enpresako egoitzak okupatzea erabaki zuten. Momentu honetan kanpamendua altxa dute toki horretan, bi mugimenduen koordinaziopean. União izena jarri diote gune berriari eta beste 30 familia daude han –dagoeneko ekoizten hasi dira, estatuarekin negoziatu ondoren–. Inguruko nekazariekin ere ari dira hitz egiten, familia gehiago bertaratzeko, jende gehiagori jaten emateko lur kopuru adina badagoelako. Aurten lurrak eskuratu eta laster etxeak eraikitzen hastea espero dute, baina oraindik ez dago argi zer gertatuko den.

Ura guztientzat

Bahiako Estatua ureztatze poligonoan inbertsioak egiten ari da, bi urtegi elkartu nahi ditu kanal baten bidez, berriro ur gabe ez geratzeko. Kanal hori Terra Nossatik eta beste hainbat komunitatetatik pasatu arren, ez dago aurreikusita bizilagun horiek ur-sarera sarbidea izango dutenik; eta ekoizpenerako ere ez dute ura bermatuta. Terra Nossa barruan “uraren kanpamendua” antolatu dute. Bertan sei hilabete daramate, guztientzat ura bermatu arte kanala ez dela bertatik pasako diote.

MPAk eta MSTk beraz, uraren eskubidearen aldeko defentsan erreferentzia bihurtu dute Ponto Novo: ureztatze poligonoaren logika zalantzan jarri dute, PTko gobernua negoziatzera bultzatu, hirurogei familiek lurra lortu dute, beste hogeita hamar bidean dira eta laster beraiek eta beste nekazari komunitate batzuek etxeetan ura izango dute.

Nekazal erreforma zalantzan Bolsonarorekin

Brasileko legediak lurrak helburu soziala bete behar duela esaten du. Beraz, lur bat landu gabe dagoenean edota bertako ekoizpenak ingurugiroari kalte egiten dionean, nekazal erreformarako “eskatu” daiteke. Hori izan da MSTk eta lur banaketaren aldeko beste hainbat mugimenduk azken 35 urteetan erabili izan duten estrategia. Lurra okupatu, INCRAri helburu sozialik betetzen ez duela esan, eta horrela banatzera behartu. Lur hauek batzuetan publikoak dira eta beste hainbatetan pribatuak, bigarren kasuan INCRAk lurrak erosten ditu banatu aurretik.

PTko gobernuekin nekazal erreforma eskuineko gobernuekin baino geldoagoa izan zen, lur gutxiago banatu zen eta familia gutxiagok eskuratu zuen lurra. Hala ere prozesuak aurrera jarraitu zuen eta nekazal erreformaren bidetik lurra lortu zuten familien bizi baldintzak hobetu ziren: etxebizitza programak, ura eskuratu, argindarra, ekoizpen proiektuak, ikasteko laguntzak...
Bolsonarok bere kanpainan argi utzi zuen MST etsai nagusietakoa izango dela. MTST (Movimento dos Trabalhadores Sem Teto) etxegabeen mugimenduak, bere aldetik, hiri erreforma aldarrikatzen du eta okupazioak egitea gune urbanoetan. Mugimendu horiek “terrorista” gisa izendatzen saiatuko dela dio presidente berriak. Eta lehen eraso larria jada gertatu da.

Bolsonaro garaiko lehen egunetan INCRA geraraztea eta azken hamar urtetako prozesuak berriz begiratzea erabaki zuen gobernuak. Hala, lurra okupatzen ari diren milaka familien egoerak okerrera egin du, ezinezkoa baita lurrak eskuratzea INCRA geratuta dagoen bitartean, eta kanporatze arriskua handitzen ari da. Gainera, azken hamar urteetan lurrak eskuratu dituztenek ere arazoak izan ditzakete.

Leiho txiki bat zabalik dago ordea: INCRA gobernu federalaren esku dagoen instituzioa da. Estatuek badute beraien lurretan erabakiak hartzeko eskumena, Ponto Novoko ureztatze poligonoa Bahiako Estatuaren lurretan kokatua dagoenez, negoziaketa Bahiarekin da eta ez Brasiliarekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brasil
Sei herrialde gehiago Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzan

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.


Amazoniako indigenen lurrak deforestatzaileen esku utzi ditzakeen legea onartu du Brasilgo Kongresuak

Amazoniako lurrak demarkatu eta indigenenak direla aitortzeko muga gehiago jarriko dituen legea onartu du Brasilgo Kongresuak. Luiz Inácio Lula da Silvaren gobernuak legea kritikatu du eta "araututako genozidio" bat dela esan du. Indigenek hainbat egun daramate... [+]


Henry Forden utopia, besteen distopia

Amazonia, 1928. Ford automobil konpainiak Fordlandia izeneko herria eraiki zuen oihanean, Amazonasen ibaiadar Tapajosen ertzean.


Eguneraketa berriak daude