"Halako zortzi emakume puskaren aurrean zaudenean, kontakizunak indartsuak dira"

  • Etxe honetako kazetari Onintza Irureta Azkunek (Zestoa, 1974) Berdea da more berria liburua kaleratu berri du. ELA sindikatuaren Manu Robles-Arangiz Institutuak eta ARGIAk elkarlanean argitaratutako lanak 2016ko martxoan hasi eta 378 egunez luzatutako Bizkaiko zaharren egoitzetako langileen greba du hizpide. Zortzi grebalariren begietatik kontatzen du Iruretak emakume langileen borrokan esanguratsu bilakatu den greba.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Bizkaiko egoitzetako grebaren historia idaztea egokitu zaizu. Liburuan, langile borrokaren eskutik dator borroka feminista.

Bai, gai zentrala hori da, ez dut batere lanik izan greba borroka feministarekin uztartzeko. Greban zeudela pixka bat gerturatzen bazinen, hori ikusten zen. Solaskide izan ditudan Manu Robles-Arangiz Institutuko kideek zein ELAko sindikalistek oso garbi zeukaten: beraien ustez greba historikoa izan da, baina ez langile borroka izan delako. Oso garbi zeukaten greba honek zein balio eta ezaugarri zituen.

Zerk egiten du greba hau borroka feminista?

Badira hainbat elementu borroka feminista izan dela erakusten dutenak. Hasteko, kalean zeudenak emakumeak ziren, sektoreko langileen %95 gutxi-gorabehera emakumea baita. Eta ez da kasualitatea feminizatua izateaz aparte, sektore prekarizatua izatea. Bada bigarren elementu oso inportante bat ere: ez da edozelako lan sektorea. Zaintza lanetara dedikatzen dira emakume hauek, zahar etxeetan zaintzaileak edo gerokultoreak dira. Lehen emakumeek doan egiten zuten lana egiteagatik kobratzen dute, baina ez lanpostu duin batean.

Egoera hori izanik, lan baldintzak hobetzeko borrokatu nahi dute, beste hainbeste sektorek egiten duten moduan. Baina gauzak korapilatzen hasten dira konturatzen direnean dauden egoeran daudela emakumeak direlako. Beraiek esaten dutenez, grebak iraun bitartean patronalak oso garbi utzi die ez dietela langileei hitz egiten, baizik eta emakumeei. Negoziazio mahaietan, behin eta berriz, harridura adieraziko zaie soldatak igotzeko eskariaren aurrean: “Zuen soldatak beti izan dira osagarriak. Lehen ez zenuten kobratzen, beraz orain pozik egoteko moduan zarete”, tankerako esaldiak entzun dituzte.

Ahalduntze baten kontakizuna dela irakurri dizut.

Greban hainbeste irautea zaila da, oso gogorra izan da beraientzat, baina era berean aldeko gauza batzuk lortzeko ere balio izan die. Irauteak eman du ahalduntze prozesu luze bat, bai indibiduala zein kolektiboa. Baziren, grebalarien artean, langile borrokan eta borroka feministan oso emakume zailduak, kontzientzia eta formakuntza handikoak. Baina bestelako emakume pila ere bazen: gazteak, lanean hasiberriak, edo emakume oso helduak izan arren bizitzako esparru guztietan bigarren mailako papera bete dutenak, menpekoaren paper hori, konformismoarena. Azken hauek lantokira ere hori eraman dute: beldurra. Kalera ateratzeko, kexatzeko, lana galtzeko beldurra. Grebak iraun duen denbora horretan lortu dutena da zaildutako emakumeek besteak hauspotzea. Eta gero, kolektiboan ahalduntzea.

Testigantzetan, zuzendaritzako emakumeek eginiko boterearen erabilpen patriarkala kritikatu dute behin baino gehiagotan. Beraiek ezberdin gorpuztu dute boterea. Aipatu ahalduntze feministaren ondorioz, pentsa daiteke.

Galdetu gabe, behin baino gehiagotan atera duten zeozer da. Bitxia da nola kontatu duten askotan gizonezko batekin edukiko zituzketen harremanak izan dituztela boterea zeukaten emakumeekin, eredu maskulinoa hartzen zutelako praktikan, eta beti zentzu txarrenean. “Zaintza lanetan ari zarete, ikasketa gutxi dituzue… bada zer nahi duzue?” bezalako usteak zuzendaritzako emakumeen artean ere aurkitzen zituzten. Seme-alabak dituzten zuzendaritzako emakumeekin kontziliazioaz-eta hitz egitean harritu egiten ziren grebalariak, hainbat anekdotatan kontatu dutenez. Emakumeak izan arren, ez zituzten grebalariak ulertzen.

Nolakoa izan da liburua osatzeko prozesua?

Hasiera izan zen zailena, astunena. Lehenengo kolpean testuingurua lortzen saiatu nintzen, eta horretarako ulertu behar nuen greba hau nondik zetorren. Hamarkada batzuk atzera egin behar izan nuen, iraganean lanean aritutako jendearekin egon, 80ko hamarkadatik hasi eta 2016ra arte prozesu guztia kronologikoko ordenatu. Grebara arteko ibilbidea ulertu behar nuen, gero irakurleari modu txukun batean kontatzeko. Greba honen arrazoia bosgarren hitzarmena zen, eta berau sinatzea garaipena. Baina bosgarren grebaz aritzeak esan nahi du beste lau egon direla aurretik, eta azken hau kokatzeko gaur arteko prozesua ulertu behar izan dut.

Liburuaren bigarren zatia, testigantzena, gogorra izan da, baina asko hunkitu nau. Zortzi emakumeri egin nien elkarrizketa luzea, greba nola bizi izan zuten kontatzen utzi. Halako zortzi emakume puskaren aurrean zaudenean, kontakizunak indartsuak dira.

Zein irizpideren arabera aukeratu dira zortzi emakume horiek?

ELAko kide Soraya Garciarekin izan dut harreman oso estua eta berak aukeratu zituen zortziak, oso ondo ezagutzen baititu grebalari asko. Ez daude iritzira aukeratuta, soslaiak begiratuta daude. Badira lehen aipatu ditugun emakume zailduak, ia denak ordezkari sindikalak. Badiren bezala bakarrik afiliatuak diren emakumeak, sindikalismoan, langile borrokan, zein feminismoan askoz ibilbide motzagoa izan dutenak. Feminista hitza bere buruarentzako erabiltzen ez zuenik ere bada. Ezaugarri ezberdinetako emakumeekin jokatu da, kontakizunak ere ezberdinak izan daitezen.

Bilbon egindako liburu aurkezpenaren ostean, Irureta elkarrizketatu dituen hainbat grebalarirekin

Nolakoa izan da berauek entzutea?

Denetik egon da. Batzuk nahiko pertsona publikoak izan dira greban, eta oso ohituta daude hedabideekin hitz egiten, kalean aurpegia ematen… Holakoekin egindako elkarrizketak izan dira, nolabait esateko, profesionalagoak. Diskurtso aldetik oso landuak, ondo dakite zer esan eta adierazi. Beste batzuek agian ez daukate halako ibilbiderik, baina entzutekoa da esateko daukatena. “Negar batean hasiko dira? Haserretuko dira? Foru Aldundiaren kontra oihuka hasiko dira?” galdetzen nion neure buruari. Baina umoretik eta irribarretsu hitz egin didate, esaten ari direnaz eta bizi izan dutenaz oso kontziente. Baretasunetik kontatu dizkidate pasarte politak, baita egoera gogorrak ere, kanporaketa bat adibidez. Horrek harritu nau: edukiaren gogorra eta beraien jarrera.

Irabazitako borroka batez mintzo gara. Zein esango zenituzke izan direla garaipenerako gakoak?

Bata, grebaren jatorria. Honen atzean potentzia handiko sindikatu bat dago, hamarkada batzuk atzerago Bizkaiko gerokultoreen sektorean apustu egitea erabaki zuena. Sindikatuak egitekoa serio hartu, eta egituraketa oso bat ematen da. Hortik datoz hitzarmenak eta borroka puntualak, langileak formatzen eta prestatzen ari diren bitartean. Ordezkari sindikalen sare hori, Bizkaiko emakume sare hori sortzea ez da kasualitatea. Sindikatuak lortu duena da greba iristen denerako Bizkaia mailako hamarnaka ordezkari sindikal elkarren artean ezagutzea.

Bestetik, gaia sozializatzea lortu zuten. Beraientzako garrantzitsua zen lan baldintzei buruzko borroka soil bat ez zela jakinaraztea, gizarteari zaintzaz ari zirela ulertaraztea. Ahalegin handia egin dute gaia gizarteratzen, hedabideen bidez esaten: “Zuek ez daukazue honi guztiari buruz ezer esateko? Zuen zaharrak daude hemen, biharko egunean zuek egongo zarete hemen”. Nola ari gara lantzen gai hau, langile batzuen arazoa balitz bezala? Hau gizartearen arazoa da.

Horrez gain, lantoki guztietako arazoak gatazka beraren parte direla ulertu da. Kontatu dutenez, garai batean borrokak norbere lantokira mugatzen ziren, eta uste zen norbere egoitzako arazoak konponduz gero denak ondo behar zuela. Uste hori aldatu eta norbere lantokiak aldamenekoaren arazo berberak dituela ulertaraztea lortu da. Norbere lantokitik harago, probintzia osoko kontzientzia hartzera igaro dira langileak. “Bizkaian sektore osoan arazo berberak dauzkagu emakumeak garelako eta zaintza lanetan ari garelako, eta denok batera horri aurre egin behar diogu” esatera pasa dira. Horrek kristoren indarra dauka.

Pribatizazioak lagundu du arazoa norbere lantegitik harago doala ulertzerakoan.

Erakunde publikoak pribatizaziorako joera indartzen ari dira, zerbitzuak delegatzen, langileen lan baldintzen gaineko ardura beren ardurapetik kentzen. Gatazkan hala adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiak, arazoa patronalen eta langileen artekoa dela, berak ez duela ardurarik. Baina ardura, kasu honetan, Bizkaiko Foru Aldundiarena da. Grebalariek ikasi dute haien lan gatazka ez dela lana egiten duten egoitzako gertaera zehatza. Badakite gizarte eredu baten ondorioa dela haien egoera. Zaintza lanak baliogabetuak, emakumeen esku, eta egoitzak negozioa helburu bakar duten enpresen atzaparretan.

Gaiaren sozializazioa aipatu duzu. Liburuak ere lagundu dezake egiteko horretan.

Batzuk pentsatu dezakete kontatzen denak interesa daukala baldin eta bizkaitarra baldin bazara, bertako gatazka bati buruz diharduelako. Baina ez dauka horrekin zerikusirik, gaia guztiz unibertsala dela esango nuke. Elementuak dauzka denok interpelatuta sentitzeko, gutaz ari da. Ez baitu hitz egiten makinak egiten dituen sektore bati buruz, zaintzara dedikatzen den sektore bati buruz baizik.

Azken hitzarmen honen kontura egindako greban egoiliarren familiakideen babesa lortu dute grebalariek.

Historian lehen aldiz egoiliarren senideek osatutako elkarte bat sortu zen 2016an. Beren senideak ondo egotea nahi dute, baina era berean nabarmen babesten dituzte langileak. Hamarkada batzuk atzera jotzen badugu, duela ez hainbeste urte, langile hauek iraindu egiten zituzten lanuzte, manifestazio eta elkarretaratzeetan. Krudelak edo kriminalak deitu diete. Pertsona zaurgarriak abandonatzea leporatzen zieten, eta lan kalitaterik gabe zaharrak ez daudela ondo zainduta erantzun langileek. Hori gaur arte ez da barneratu.

Borrokaren izaera feministak sindikatuan eragina izan duela diozu. Nola eragin du sindikatuan bertan eta sindikalgintzan?

ELAko kide batek esaten zidan greba hau eta gero sindikatuari deitzeko modua aldatu, eta feminista hitza gehitu diotela. Horrek asko esan nahi du. Adierazi didatenagatik, ELAk bide hori irekia zeukan. Ez alferrik, beste sektore feminizatuekin ere lana egiten baitu, sindikatuko afiliatuen %45 emakumeak baitira. Sindikatua adjektibo hori hartzen zebilen, baina nik uste dut greba honetan eman dela leherketa.  

Sindikalismoari dagokionez galderak baino ezin ditzaket luzatu. Sindikalismo eredua aldatuko ote den, adibidez. Ohituak gaude sektore maskulinizatuak eta horien arazoak ikustera, baina egoitzetako grebarekin 378 egunetan emakumeak ikusi ditugu kalean, gizonak bezala beren eskubideen alde borrokan. Eta ez dira bakarrak, beste asko ikusten ari gara azken bolada honetan. Ez da kasualitatea asko zaintzarekin lotutako sektoreak izatea.

Beste sektore feminizatuak aipatu dituzula, nola esango zenuke eragin duela grebak hauengan?

Solaskideek kontatu didatenez, beste sektoreetako emakumeak gerturatu izan zaizkie, “zuek egin baduzue guk zergatik ez” esanez sarri. Inbidia hitza ere entzun omen dute, ikusita zer egiteko gai izan diren. Gero horrek zer eman dezakeen ikusteko dago.

Amaitu gabeko borroka bat da jaso duzuna, hitzarmena 2020ra artekoa baita. Nola ikusten duzu honen etorkizuna?

Hitzarmenak berritu egiten direnez, grebalariak gurpilaren hurrengo bueltan sartzen ohituta daudela esango nuke. Badakite beste bat etorriko dela, nahiz eta ez jakin zer gertatuko den, gatazkarik egongo den edo asko borrokatu beharreko hitzarmen bat izango den. Honelako greba bat aurrera eramatea oso gogorra eta zaila dela onartzen dute, baina berriz egin behar izatera, oso garbi daukate egin egingo dutela. Ez dut atzera egingo lukeen inor elkarrizketatu. Orain atseden hartzeko garaia zela adierazi zidaten, baina nik gogotsu ikusten ditut. Dena den, goizegi da jakiteko zehazki zein egoeratan egongo diren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bizkaiko zahar egoitzetako gatazka
2023-10-06 | ARGIA
Bizkaiko zahar egoitzetako langileek 340 euroko soldata igoera lortu dute

Ia bi urtez 68 greba egun egin dituzte Bizkaiko zahar egoitzetako gerokultoreek. ELA eta UGT sindikatuek hitzarmena sinatu dute. 2025ean 1.800 euroko soldata jaso ahal izango dute langileek. Gerokultoreena sektore feminizatu eta prekarizatua da. Bizkaiko langileek 2016 eta 2018... [+]


Berriz ere grebara deitu dute Bizkaiko zahar etxeetako langileek, martxoaren 15etik 24ra

Bizkaiko erresidentzietako ELAko langileek salatu dute patronalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak "bere horretan" jarraitzen dutela. "Zaintzarekin negozioa" egiten ari direla salatu du sindikatuak.


Grebaren azken egunean, Bizkaiko erresidentzietako langileek ez dute baztertzen lanuzte gehiago egitea

Otsailaren 1ean zortzi eguneko greba abiatu zuten Bizkaiko erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek. Lan baldintzen hobetzea eta zentroetan eskaintzen den arreta ereduaren errotiko aldaketa exijitzen ari dira. Asteazkena dute azken greba eguna, baina ez dute... [+]


2021-12-13 | ARGIA
Bizkaiko zahar egoitzetako langileek greba egingo dute lan baldintza hobeagoen alde abenduaren 14an

LAB eta ELAk greba deialdia egin dute abenduaren 14rako eta Bizkaiko zahar egoitzetako 5.000 langile deitu dituzte. Ez dute hitzarmenik adostu urtebete luzeko negoziazio mahaietan.


Eguneraketa berriak daude