Lan gatazkak zabalduz doaz eta halaxe segituko dute hurrengo asteetan Euskal Herri osoan barrena. Gaur egun, grebatan dabiltza EAEko itunpeko hezkuntzan, Bizkaiko Lantegi Batuak fundazioan, baita Iruñeko Icer Railen eta Arazuriko Navarpluman ere. Horrez gain, grebak iragarri dituzte Bizkaiko etxez etxeko zaintza zerbitzuan eta Dia kateko supermerkatuetan, hala nola Gipuzkoako zahar-etxeetan. Euren aldarrikapenak lan-hitzarmenak hobetzeari dagozkie kasu batzuetan, beste batzuetan birmoldaketak eta kaleratzeak daude tartean.
Langileez gain, lan gatazka hauen beste protagonista patronala da, eta askotan administrazio publikoa bera ere bai, dela Eusko Autonomia Erkidegoko Eusko Jaurlaritza, dela Nafarroako Gobernua. Langileek beste greba eta lan borroketatik ikasi behar lukete, mobilizazioei eutsi eta euren helburuak bete dituzten horietatik. Langile mobilizazioa eta greba beti dira eraginkorrak, eskaeren %100 ez lortuagatik ere. Patronalak eta administrazioak ere, beren aldetik, beste esperientzia batzuk kontuan hartu beharko lituzkete, eta aurreikusi lan gatazka luzatzea kaltegarria suerta litekeela, kostu ekonomiko eta soziala handiagoa sorraraziko duelako, akordiora iristeak dakarrena baino.
Gaur egun abian diren grebetan gatazka zabaldu eta luzatzen bada, hori gertatzen ari da patronalaren setakeriagatik –ez baititu langileen eskariak onartu nahi– eta administrazioaren pasibotasunagatik, EAEkoa zein Nafarroakoa. Egoera usteltzen utzi gabe, beste greba batzuetatik ikasi eta akordioak lortzea errentagarriagoa da patronalarentzat eta administrazioarentzat. Baita gizarte osoarentzat ere.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.