Hogei urtez inperialismoaren jomugan

  • Bi hamarkada bete berri dira 1999 urtean Hugo Chavezek lehendabizikoz hauteskundeak irabazi zituenetik. Ordutik, chavismoarekin amaitzeko saiakera ilegal edota kolpistak ugariak izan dira. Urtarrilaren 23tik indarrean dagoena estatu kolpe saiakera bat gehiago da, baina baita aspaldiko sendoena eta prestatuena ere. Zein da egoera? Nola heldu gara honaino?

Mendebaldeko demokrazia kapitalistentzat, gainditu ezineko muga gorria ez da demokrazia; kapitalismoa eta bere interesak baizik. Horregatik egiten zaio gerra interes horiek kolokan jartzen dituen orori: berdin dio botere instituzionala bozka edo arma bidez eskuratu den, berdin sistema politiko demokratiko edo diktatoriala dagoen indarrean. Gerra egiten zaio garaiko Sobietar Batasunari edo Espainiako Errepublikari, gerra Kubari, Libiari, Hamasi edo Venezuelari. Ez zaio gerrarik egiten interes horien mesedetan aritzen denari: ez AEBei, Saudi Arabiari, Marokori, Espainia frankistari edo Videlaren Argentinari.

“Ez dakit zer dela eta onartu behar dugun herrialde bat komunista bilakatzea bere herritarren arduragabekeriaren ondorioz. Gai garrantzitsuegiak dira bozka emaile txiletarrentzat, euren kabuz erabaki dezaten”, adierazi zuen Henry Kissingerrek Allenderen Txileri buruz. Ondorioak ondo gogoan ditugu. Latinoamerika osoan herritar arduragabeak biderkatu egin ziren garai batean. AEBek ahal beste diktadura militar hauspotu zituzten kontinente osoan, jendarte osoaren berreziketa eta garbiketa helburu: Brasil, Txile, Argentina, Nikaragua, Guatemala, Uruguai… Belaunaldi oso batek irakaspenak barneratuak zituela pentsatuta eta, hortaz, era arduratsuan jokatuko zuelakoan, diktaduren zikloa itxi eta demokrazia neoliberalena zabaldu zen, bozka eskubide eta guzti.

Xabier Arruti Imaz lazkaotarra 1981ean heldu zen Venezuelara errefuxiatu gisa. Garai neoliberalak ezagutu zituen. Baita Chavezen estreinako garaipena ere, 1999 urteko hauteskundeetan. Iraultza bolibartarrean buru belarri murgildu da. Egun Monseñor Iturriza udalerriko alkatetzaren zuzendari orokorra da eta gobernu egituretan hainbat kargu izan du urteetan. Bi aberri dituela dio, jaiotzen ikusi zuena eta altzoan hartu duena. Chavezena Latinoamerika osoan ziklo neoliberala irauli eta ziklo aurrerakoia abiatzeko lehen hauteskunde garaipena izan zen –ahaztu gabe, indar ezkertiar zein aurrerazaleen hauteskunde garaipenak aurretik borroka herritarrek sortutako testuinguru berrietan gertatu zirela–. “Venezuelak ezkerraren birjaiotzea ekarri zuen Latinoamerikara. Kuba zegoen soilik, isolatua eta bakarrik, Nikaragua aspaldi galduta”, dio Arrutik. “Gero etorri ziren Kirchner Argentinan, Lula Brasilen, Evo Bolivian... gobernu ezkertiarrak edo behintzat aurrerakoiak”. Batzuk herrialdeko eliteen pribilegioak auzitan jartzera heldu ziren, Venezuela tartean. Beste batzuk ez. Baina denek sustatu zituzten Latinoamerikako herrien arteko aliantzak barnera begira eta Mendebaldeaz gaindikoak kanpoan, Txinarekin nagusiki.

Onargarriaren marra gorri estuak gainditu zituztela iritzita, berriz ere jendartearen berreziketari heldu zioten tokian tokiko eta Mendebaldeko eliteek –bereziki AEBetakoek–. “Celayaren aurkako Estatu kolpea etorri zen Hondurasen, Paraguayko Fernando Lugo boteretik kenarazi zuten, Dilma Roussefen aurkako prozesua eta Lularen espetxeratzea Brasilen, Cristina Fernandezen aurkako prozesuak Argentinan eta beste”, aletzen du Arrutik.

Guaidoren eta AEB-en estatu kolpea, azken saiakera

Oposizioa eta AEBak denetarik egiten saiatu dura hogei urteotan chavismoa botere instituzionaletik kanporatzeko. Esaterako, 2002ko estatu kolpea Chavezen aurka, blokeo ekonomikoa, gerra informatiboa, matxinada biolentoak 2014an eta 2017an.
Zuleima Vergel venezuelarra Corriente Revolucionaria Bolivar y Zamora (CRBZ) mugimenduko militantea eta nazioarteko harremanen arduraduna da. CRBZ Venezuelako mugimendu herritar iraultzaileen artean sustraituenetakoa da. Chavez hiltzean oposizioak estrategia aldatu zuela dio: “Maduroren lehen garaipenetik aurrera hauteskundeei eta emaitzei zilegitasunik ez aitortzean oinarritzen da”.

Madurok eta chavismoak ez dute atzera egiteko asmorik.

Egunotako estatu kolpe saiakeraren genesia 2017 urte hasieran kokatzen dute hainbatek, Errepublika Dominikarrean: oposizioaren eta gobernuaren arteko negoziazio mahaia hautsita geratu zen, eta oposizioaren gehiengoak hauteskundeen bidea baztertu zuen hortik aurrera. “Adostutakoa sinatzera zihoazela, AEBek oposizioari deitu zioten, sinatu ez zezan. Akordioetako bat Madurok hauteskunde presidentzialak deitzea zen”, dio Arrutik. Hauteskundeak aurreratu ziren halere, eta Madurok irabazi egin zituen 2018ko maiatzean, bozen %67,8arekin.

Zuleima Vergelek hiru plano nagusi nabarmendu ditu erasoan: “Gerra ekonomikoa sakontzea; Gobernua diplomatikoki isolatzea; eta barne mailan haustura instituzionalak bilatzea, bereziki indar armatuetan”.

Gerra ekonomikoa aspalditik dator. Blokeoa, isunak, zigorrak. Mikel Moreno Calzada bilbotarra Pakito Arriaran Fundazioko kidea da eta elkartasun internazionalista lantzen dute. Zazpi urte daramatza Caracasen bizitzen eta chavismoaren mugimendu herritarrekin harreman estua du. Gerra ekonomikoak elikagaiak edo sendagaiak bezalako oinarrizko behar materialei erasaten die. “Estrategia horren helburua, azken batean, herritarren hautua aldaraztea da. Jendeak esatea: 'Ni chavista naiz, baina medikamentuak heldu ahal izateko oposizioak agindu behar badu, bada, agindu dezala'”. Urtarrilaren 23an Guaido presidente autoizendatu zenetik, jauzi kualitatiboa eman dute kolpistek eta haien aldekoek. Britainia Handiak blokeatu ditu Venezuelak han gordeta dituen 1,2 milioi dolar. AEBetako gobernuak Venezuelako estatuko petrolio enpresak bere lurraldean dituen funtsak izoztu ditu: 7.000 milioi dolar. Neurri horrek hurrengo urtean beste 11.000 milioi dolarreko galera ekarriko lioke. Ondorioak ez dira nolanahikoak.

Barne zatiketaren helburuan hankamotz dabiltza kolpistak momentuz. Gora begira politikari, epaile zein militarrei chavismoa abandonatzeko luzatzen zaizkien deiak etengabeak dira –mehatxuak ahaztu gabe–. Baina apenas lortu dute ezer. Ahalegin handienak armada presionatzera edo erostera zuzendu dituzte, sektore estrategikoa baita. Orain arte ahobatekoa izan da Indar Armatu Bolibarianoen posizioa Maduroren eta, batez ere, legalitatearen alde. Arrutik, Vergelek zein Morenok, hirurek uste dute horretan mantenduko direla –egoera orokorra ezin dela aurrikusi argi badiote ere–.

Behera begira, nekeak neke eta autokritikak autokritika chavismoak gehiengo soziala izaten jarraitzen du. Erasoak mobilizazioa eta batasuna hauspotu dituzte gainera, solaskideen hitzetan. “Antolakunde sozialen eta oinarri chavisten batasuna indartu du”, dio Vergelek. “Azken urteotan egoera sozial eta ekonomikoa gaiztotu egin da, arrazoi ugarirengatik: petrolioaren prezioaren beherakadak asko baldintzatzen du Venezuelako ekonomia, blokeo ekonomikoak eta isunek eragina dute, ustelkeria arazoa da, eraginkortasun eza ere bai… Egia da chavismoak babes pixka bat galdu duela kalean. Baina oraingoaren moduko erasoek, 2014an guarinba deituriko istiluekin gertatu bezala, chavismoa batzen dute”, uste du Moreno bilbotarrak.

Oposizioak, bere aldetik, kamustua du aspaldiko kale-giharra. Urtarrilaren 30eko asteazkenerako Guaidok deitutako mobilizazioak otsailaren 2ko larunbateko mobilizazio erraldoiaren aurrekaria izatea nahi zuen oposizioak. Morenok dio Caracasen 2.000 eta 3.000 pertsona inguru atera zirela kalera, espero zenetik oso behera. Asteburuan “jende asko bai bildu da, baina horrelako mobilizazio masiboetan batu ohi izan dutena gutxiago nabarmen”. Gobernuak ere deitu zuen manifestazioa egun berdinerako, kopuruak behera egin zuen honetan ere Morenoren arabera. Kolpistek otsailaren hamabirako deitu dute hurrengo mobilizazio egun masiboa.

Bitartean, barne mailan arrisku handiena ekintza biolento edota armatuetan ikusten du Vergelek. Oposizioko kideek zonalde aberatsetan egindakoak, zein auzo pobreetan diru bidez sustatutakoak: “Auzo chavista batean foku biolento bat pizteagatik 20 eta 30 dolar artean ordaintzen da”.

Oposizioaren gidaritza eta indargunea, Venezuelatik kanpo

Hasieratik ikusi zen kolpe saiakeraren zutabe garrantzitsuenetarikoa atzerria dela: AEBetako gobernuak minutu gutxira onartu zuen Guaidóren autoizendapena; Latinoamerikako gobernu kontserbadoreak batzen dituen Limako Taldeak berdin egin zuen jarraian; Europar Batasunak 8 eguneko epemuga ezarri zion Venezuelari “hauteskunde libreak” deitu zitzan, nahiz eta Europako Legebiltzarrak epe hori amaitu aurretik onartu duen Guaidó presidente zilegi bezala.

Guaidó bere burua presidente izendatu zuen unean.

Barne mailako haustura eta konfrontazio saiakerek beren helburuak betetzeko zailtasunen aurrean, kanpo aldagaiak pisua irabazten ari dira estrategia orokorrean, eta AEBen gidaritza egunez egun agerikoagoa da. Barnean  ezin eta atzerriaren zati batean soilik irudikatu ahal izan du Guaidók bere ustezko presidentetza: aitortu duten herrialdeetarako enbaxadore paraleloak edo estatuaren nazioarteko enpresetako zuzendari berriak izendatu ditu. Publikatu denez, urtarrilaren 30ean telefonoz jardun zuen Trump presidentearekin. Nazioarteko komunikabide indartsuenak ere kolpistekin daude. Guaido presidente bezala onartzeaz eta bere inguruko babesa puzteaz gain, Venezuelaren argazki gatazkatsu, ezegonkorra, bizi ezina ari dira hedatzen. Esku-hartzearen zilegitasuna indartu nahi da horrekin. Moreno eta Vergel Caracasetik, eta Arruti Chichiriviche herritik, ordea, bat datoz 23az geroztik kalean normaltasuna izan dela nagusi esatean.

Herrialde lagunak

Etsai asko eta indartsuak ditu parez pare Venezuelak atzerrian. Baina aldekoak ez dira ez gutxi, ez makalak. Errusia eta Txina azpimarratzea ekidinezina da, mundu mailako potentzia ekonomiko eta militarrak biak ala biak. Politikoki herrialde lagunak izateaz gain, lotura ekonomiko zuzenak dituzte Venezuelarekin, milaka milioi euroko inbertsioak tartean. Eremu militarrean ere akordioak sinatu dituzte. AEBen esku-hartzeen aurrean, euren interesak defendatuko dituztela adierazi dute biek. “Venezuela bere aliantzak berregituratzen joan da, mundu multipolarraren klabean. Errusia eta Txina adi daude”, dio Vergelek. Besteak beste horrelako agertokien aurrean bizkarrak zainduago izateko estutu ditu potentzia handiekiko loturak Venezuelak. Ez dira berme erabatekoak, geopolitikaren bidezidorrak lanbrotsuak eta korapilatsuak direla gogorarazten du Morenok. Venezuelan herrialdeaz gaindiko interes asko dago jokoan, Latinoamerika zein mundu mailakoak: eragin gune politikoak, aliantza geoestrategikoak, lehengai eta mineral preziatuak eta beste. Politikoki, “Venezuela erortzen bada automatikoki Latinoamerika eta Karibe osoa berriz ere AEBen atzeko patio bihurtuko lirateke”, Arrutiren ustez. Mundu osoko ezkerrentzat litzateke atzera pauso ikaragarria, Vergelen esanetan.

Aurrera begira: agertoki guztiak zabalik

Europar Batasunak hauteskundeak deitzeko jarririko epe muga amaituko da, Limako taldeak bilera ospatua izango du  otsailaren lauan, zazpirako deitu dute nazioartea Mexikok eta Uruguaik negoziazioa bultzatzeko. Hau irakurtzen denerako beraz, egungo korapiloetako zenbait askatuak egongo dira, hipotesietako batzuk baztertuak eta beste batzuk indartuak.

Aukerak enfrentamendu AEBen esku-hartze militar irekitik adostasun motaren bat erdiesteraino doaz, eta bi mutur horien artean alternatibak hamaika dira. Uneotan, ematen du kolpistek laguntza humanitarioaren izenean ere saiatuko direla gobernua botatzen. Guaidok larunbateko manifestazioko mintzaldian jakinarazi zuen hiru “korridore humanitario” zabalduko dituela nazioarteko laguntzarekin: zehaztu gabeko Karibeko irla batetik, eta Kolonbia eta Brasileko mugetatik –Guaido presidentetzat onartu duten eskuin muturreko gobernuak dituzten bi herrialde–. AEBek egun bat geroago jakinarazi zuten Guaidoren “gobernuaren” eskaerari erantzunez “laguntza” bidaliko dutela.

Etorriko dena aurreikustea ezinezkoa da: ezegonkortasunagatik; jokoan dauden faktore, indar zein interes ugari eta gurutzatuengatik; Morenok eta Vergelek azpimarratzen duten bezala, “la impredecibilidad” Venezuelaren bereizgarria baita.
Arrutik ez du zalantzarik, okerrena helduta ere chavismoak borroka egingo du: “Gogorra egingo zaie Venezuela hartzea, bai barne indarrengatik bai nazioartean ditugun lagunengatik. Ez dute batere erraza izango, carajo!”. Vergel irmo mintzo da: “Jendarte zibila ere ari gara lurraldea defendatzeko prestatzen. Ez ditugu gure lorpenak entregatuko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
Edmundo González Venezuelako “presidente legitimo” gisa aitortu du Europako Parlamentuak

Europako Alderdi Popularrak ultrakontserbadoreekin eta eskuin muturrarekin landuriko ebazpenak aldeko 309 boto, kontrako 201 eta hamabi abstentzio jaso ditu. Ekaineko Europako hauteskundeez geroztik, lehen aldia da eskuina eta eskuin muturra baturik agertzen direla Estrasburgon.


2024-09-16 | ARGIA
Bi euskal herritar atxilo Venezuelan, Maduroren aurkako “ekintza terroristak” egotzita

Espainiako Gobernuak gezurtatu egin du Espainiako Inteligentzia Zerbitzuekin zerikusirik zutenik. Venezuelaren eta Kolonbiaren arteko mugan atxiki zituzten, baita atzerritar gehiago ere. Haien familiek esan dute turismoa egiten ari zirela.


EAJk PP, Vox eta UPNrekin bozkatu du Espainiak Edmundo González Venezuelako presidentetzat onartu dezan

PP, Vox, EAJ, UPN eta Coalición Canariako ordezkarien 177 aldeko botorekin onartu du ebazpena Espainiako Kongresuak, gobernuari eskatzen diona oposizioko buru Edmundo González presidente gisa onartu dezala. EAJk gobernua sustengatzen duen gehiengoarekin apurtu du... [+]


Espainiara ihes egin du Venezuelako oposizioko buru Gonzálezek, eta gobernuak asiloa emango dio

Igandean heldu da Edmundo González Urrutia Madrilera, Espainiako Armadako hegazkin batean. Venezuelako Gobernuak adierazi du gertatua “bi gobernuen arteko akordioaren” ondorioa dela. Espainiako Gobernuak azpimarratu du Gonzálezek egin duela asilo... [+]


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


Venezuelako oposizioak dei egin die poliziei eta militarrei gobernuaren kontra egitera

“Herriaren eta beren familien alde” jartzeko eskatu diete Edmundo Gonzálezek eta María Corina Machadok adierazpen bateratu baten bitartez. Maduroren gobernuak erantzun egin die, eta erabaki dute dokumentuaren sinatzaile biei “ikerketa penala... [+]


Nicolás Madurok irabazi ditu Venezuelako hauteskundeak

Maduroren hautagaitzak botoen %51,2 eskuratu du, eta %44,2 oposizioko hautagai nagusi Edmundo Gonzálezek, Venezuelako Hauteskunde Kontseilu Nazionalak emandako datuen arabera. Oposizioak iruzurra salatu du, eta chavismoak emaitzak errespetatzera deitu du. Madurok jarraian... [+]


Miren Egiguren. Ez da kikiltzen
“Agortzen ez den iturburu bat daukat barrenean”

Venezuelatik itzuli zenetik, Tolosako Zuloaga auzoaren behealdeko parkean ematen ditu arratsaldeak Miren Egigurenek, bizpahiru lagunekin. Hantxe aurkitu dugu ekainaren bukaerako egun batean. Elkarrizketa egiteko lagunaren etxera igo garenean, Hugo Chavezen panpinarekin... [+]


2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Angel Prado. Demokrazia komunala
“Ez dugu irla bat izan nahi”

Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]


2022-05-05 | Gedar
Gose greba bertan behera utzi behar izan du Asier Guridi iheslari politikoak

Asteazkena zuen baraualdiaren 36. eguna, baina azaldu duenez, erietxean artatu behar izan dute. Gose greba eten arren, bere nortasun juridikoa lortzeko borrokan jarraituko duela dio.


2022-04-20 | ARGIA
Asier Guridik 22 egun daramatza gose greban, nortasun juridikoa eskatzeko

Martxoaren 29an abiatu zuen gose greba Asier Guridi Zaloña errefuxiatu politikoak Caracaseko (Venezuela) Espainiako Kontsulatuaren aurrean, nortasun juridikoa eskatzeko. Espainiako Estatuak ez dio nortasuna aitortu eta oinarrizko eskubideetara sarbidea murriztua dauka... [+]


Eguneraketa berriak daude