“Ez zaizkit egun hauek gehiegi gustatzen. Bada zerbait goibeltzen nauena”. Azken egunak berdina esan eta esan, baina, ai, Pasai Donibanera heldu, badia ertzetik oinez hasi eta baretasun horrek, gehiegikeria ezak kontrako zerbait esan dizu. Bat-batean, etxe artean, lagun talde bat gabon kantuan. Ez dute inor begira, eta eurentzat ari dira. Albotik pasatzean lagunari, “bale, hau gustatzen zait”. Erlojuari begiratu, eta, akordatu orduko, ibilitakoa desibili beharra; zazpietan hastekoa da antzezlana.
Heriotza bikoitza antzezlana
Noiz: Abenduaren 23an.
Non: Juanba Berasategi aretoan, Pasaian.
Jon Ander Alonsok zuzenduta, Eneko Sagardoy eta Miren Gaztañaga ariko dira agertokian; jakin, ez dakizu askoz gehiago ikustera zoazenaz. Igande iluntzea da, eta poza ematen du hainbeste jende ikusteak. Berandutu egin da. Baina sartu gara, bete dugu aretoa eta ekin diote. Lehen flasha kamerarena: aktoreek hari hitz egin diote antzeztu artean, eta oholtzako bi pantailetan agertzen da zuzenean. Hari narratibo argi baten faltan, aktore bien arteko solasa bihurtu da obraren ardatz nagusi. Saltoka doa dena, eszenaz eszena, eta izenez deitzen diote elkarri. Miren. Eneko. Horra obraren beste osagai erakargarrienetako bat: aktoreen benetako bizipenen eta eraikitako pertsonaien artean dabil gidoia; Argentinako psikoterapeuta bat da Gaztañaga batean, eta duela bi urte bizitako boikot deiaz ari da bestean; Sagardoyk 22 urterekin hil zitzaion lagun bat ekarri du gogora, eta heriotzaz jantzi da gero.
Heriotza da gaia, baina ilunetik baino gertuago dabil umoretik, heriotzari zintzotasunez begiratzetik. Barre negar egiteraino Sagardoyk heriotzarena egin duenean, eta, segidan, berriz malkotan, baina kontrara, Gaztañagak amona zenduari hitz egin dionean. Ordubete pasa iraun du obrak, eta letra larriz aipatzekoa, aktore bien talentua.
Emanaldi ostean, solasaldia. Erdira jaitsi da publikoa, eta sormen prozesuaz aritu da taldea. Ez-ohiko galdera bat egin den arte: “Zer da benetan hau egitea? Ekonomikoki, alegia?”. Alonsok zuzen: “Galera ziurra”. Glup jendeak. Zaila dena zailagoa izan du antza obrak: ez dakite oso ongi zergatik, baina 2017ko azaroan estreinatu zutenetik zortzi emanaldi baino ez dituzte egin. Antzezlanak eragindako sentsazioetatik kolpetik egin duzue lurrera. Baina barrutik ari dena, benetan ari da: heriotzaz moralkeriarik gabe; antzerkigintzaz, maskararik gabe.
“Ez dut sinesten kasualitateetan, uste dut dena gertatzen dela zerbaitengatik”, dio Gaztañagak oholtza ertzean jarrita. “Eta, orduan?”, galdetzen Sagardoyk. “Bihar deitzen badizute esanez atzo goizeko ordu bietan auto istripuz hil nintzela?”. “Hemen egin beharrekoak egin dituzula pentsatuko dut”, Gaztañagak. “Egin beharrekoak egin ditudala? 24 urterekin?”. Isildu, eta hor itxi da eszena.
Hurrengo goizean, albistea dakar egunkariak. Antzerkian ondoan izan zenuen lagunak bidali dizu: “24 urteko gazte bat hil da Los Arcosen, Nafarroan, trafiko istripuan”. Badia, gabon giroa, hotzikara bikoitza.
Ekain amaieran iragan da Banka eta Urepeleko eskola publiko uztartuetako urte hondarreko ikusgarria. Eskola gehienetan bezala, Bankako ama-eskolako irakasleak eta Urepeleko lehen mailako bi irakasleek, hirurek elkarrekin, urtero antolatzen dute haurren emanaldi nagusia:... [+]
Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean
Nork: Ekida Arte Ekimena.
Noiz: ekainaren 20an.
Non: Azkoitiko Baztartxo antzokian.
------------------------------------------------------------------
50 urte dira Gabriel Aresti euskal idazle marxista hil zela, eta Ekida arte... [+]
Maiatzean Korsikan egon nintzen topaketa batean, hezkuntza artistikoa eta hizkuntzen irakaskuntza aipagai, gure antzerki taldean hezkuntza eta antzerkia anai-arreba bikiak baitira ekinean. Ikastaroan, luzaz mintzatu ginen linguista batekin, etorkinei frantsesa eta ingelesa... [+]
Artxibo biluzia
Nor: Intza Alkain eta Javi Barandiaran (Metrokoadroka).
Non: Lemoako Kotxepin aretoan.
Noiz: ekainaren 2an.
-------------------------------------------------------
Lemoan independentzia eguna ospatzen ari dira. Kotxepin kultur etxearen alboan,... [+]
Ekainaren 5ean 50 urte beteko dira Gabriel Aresti zendu zela, jaio zen hirian bertan, Bilbon. Ziutatearen tristeziak bestelako kolore bat duen garaiotan, belaunaldi berri batzuek Arestiren hitzak goratzeaz aparte, haren esanak gaurko egunetik aztertu dituzte hiri horretan... [+]
Heriotzak Eduardo du izena
-------------------------------------------------------------
Bunker batean garatzen da antzezlana... [+]
Ziburuko Euskal Liburu eta Diskoen Azokak 6. edizioa izango du aurtengoa. Ekainaren 7an egingo da, ohi bezala larunbatez, Baltsan elkarteak eta ARGIA komunikabideak antolatuta. Atarian, sorkuntzaren gibelean dagoenaz mintzatzeko, maiz bistaratua ez den baina zorionez geroz eta... [+]