Denon ondarea, denon esku

  • Ehun urte beteko ditu ARGIAk 2019an. Urte guztiotan kulturgile, idazle eta kazetari askoren lokarri izan da euskarazko kazeta dekanoa. Hedabide baten mendeurrena ez ezik, euskal prentsaren bilakaera guztia ospatu eta aitortzeko urtea da beraz. ARGIAk ibilbide horretan sorturiko ondarea herritarren esku jarriko du: bere zenbaki guztiak eta argazki artxibo historikoa digitalizatzeko proiektua abian da.

ARGIAk publizitateko bost bezerotik lau galdu zituen, zor handiak zituen eta kazetari askok gaztelania lehenesten zuten hedabide berrietara jo zuten. Eta hala ere bizirik zegoen. 70eko hamarkada amaierako eszena horrek berdin balioko luke ehun urteko ibilbidea deskribatzeko, oroz gainetik biziraupen historia bat baita honakoa. 70eko hamarkada amaierako ataka horretatik ateratzeko kooperatiba sortu zuten Joxe Mari Ostolaza eta Joxemi Zumalaberen ekimenez, eta hala, beste behin, oinarri izan duen lastairari esker lurreratu ahal izan zen astekaria: militantzia eta jendearen babesa.

Bizirik dago ARGIA, eta hori soilik bada mendeurrena ospatzeko arrazoia; ekimenez beteriko egitaraua antolatzen ari dira etxe honetan. Baina badaude zio gehiago kandelei putz egiteko.

Euskal kazetaritza modernoa garatzeko funtzio garrantzitsua izan du kazetak, batez ere gerraurreko Donostiako Argia-ren astekari orokorreko izaera bereganatu eta 1963an gai politiko eta sozialak jorratzen hasi zenetik –“ezer ez zegoen garaian idazle eta kazetari berriak sortu zituen” zioen Agustin Ezeiza orduko arduradunak–, eta bide urratzaile izan da zentzu askotan: berdin frankismoan ikastolak eta abeslariak bultzatzen, nola Euskaldunon Egunkaria sortzeko baliabideak jartzen edo interneterako saltoa ematen.

Azaroaren 14an egin zen mendeurreneko egitasmoen aurkezpena Donostian. (Argazkia: Dani Blanco)

“Ehun urte bete ditugu, azken 30 urteak Ametzagaiña taldeko enpresen sostenguari esker –azaldu genuen ARGIAko kideok Donostian, mendeurrenaren aurkezpen ekitaldian–. Baina beste ehun bete nahi ditugu, eta horretarako Argia jendea-ren babesa eta erakunde publikoen konpromisoa behar dugu”. Aurkezpenean izan zen Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria. Bere esanetan euskarazko komunikabideei daukaten balio estrategikoa onartu behar zaie, eta zentzu horretan, ARGIArekin “zorretan” daudela adierazi zuen.

Jaurlaritzako Kultura sailarekin elkarlana abiatu du hedabide honek, mendeurrena kari. Horri esker aspaldiko nahi edo asmo bati ekin ahal izango dio: zenbaki guztiak eta argazki artxibo historikoa digitalizatzea. Ehun urteko ondarea herritarren esku jarriko du ARGIAk.

Aurkezpenean izan ziren ARGIAko kideak eta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Estibalitz Alkorta.(Argazkia: Dani Blanco)

Digitalizatze proiektua: zer, nola eta zertarako

Esku artean duzun honekin 2.624 zenbaki kaleratu ditu ARGIAk mende osoan zehar. Ez jarraian jakina, gerraosteko errepresioaren ondorioz etenaldi luzea jasan behar izan zuen 1936tik 1954ra, eta urte hartatik 1963ra ere gorabehera asko izan zituen. Hortik aurrera, 60ko eta 70eko hamarkadetan zentsura itogarria zen arren –unibertsitate independentea aldarrikatzeagatik edo ikurrina azalean jartzeagatik isunak jaso zituen, Mikel Atxaga zuzendari zela–, eta 80ko hamarkadan sarritan diru-laguntza publikoetatik baztertua izan arren, astero-astero iritsi da etxeetara.     

Azken hamabi urteetako edukiak Argia.eus webgunean kontsultatu daitezke modu askean, eta Donostiako Argia-ren zenbakiak –1921an sortu zenetik 1936 urtean desagertu zen artekoak– ere interneten daude pdf formatuan, besteak beste Susaren Armiarma atarian. Gainerako guztia, baina, liburutegietako hemeroteka edo funts erreserbatuetan giltzapetuta dago, liburuki enkoadernatuetan edo bilduma partikularretan egotera kondenatua.

Bidaia luze horretan sorturiko 80.000 orrialdeko kapitalaz ari gara, euskara hutsez eta euskaratik egindako informazioa eskaintzen duena, garaian garaikoa. Ondare hori guztia digitalizatu eta denon esku jartzea da helburua, irakurleak oztoporik gabe eta dohainik sarbidea izan dezala artikulu eta erreportajeetara, testuan bilaketa zehatzak egin ahal izatea, eta bereziki, edukia zabaldu eta partekatu dezala ahalik eta gehien. ARGIAk defendatzen duen Creative Commons filosofia librezalearekin bat dator ideia hori. Gure hizkuntzak ahobiziak behar dituen bezala, euskarazko ekoizpenak ez al ditu irakurle biziak behar?

ARGIAren aldeko pankarta 70eko hamarkada amaierako mobilizazio batean, Donostian. (Argazkia: Argia artxiboa)

Digitalizatzea OCR sistema bidez egingo da. Karaktereak optikoki ezagutzen dituen prozesua da: idatzitako orrialde bati eskanerra pasa eta irudi soil horretako testua editagarri bihurtzen du. Lehenago ere ARGIAren zenbakiak digitalizatzeko lanak egin ziren, baina emaitza eskasa izan zen. Azken urteetan ordea, OCR teknologia asko garatu da eta orain posible izango da modu azkarrean tipografia irregularra eta gris gama ugari dituzten orrialde zaharren irudietatik kalitate hobeko testua eskuratzea. Testu hori Argia.eus webgunean integratzea litzateke hurrengo erronka, gaur egungo edukiak dauden bezala.

Argazki artxiboa: gure historiaren 40.000 ispilu

Mendeurrenak akuilaturik bere argazki artxibo historikoa digitalizatu eta plazaratzeko asmoa ere badu ARGIAk. Gure historia hurbila islatzen duten milaka irudi dira, hedabide honek egoitzaz aldatu duen bakoitzean berarekin eraman duen altxorra.

Batez ere 70eko eta 80ko hamarkadetako irudiak biltzen ditu argazki artxiboak, eta orduko gertaera sozial eta politikoen material grafiko esanguratsua osatzen dute –2015ean komisario izan ginen Trantsizioak erakusketan ikus zitekeen bezala–. Euskalgintzari dagozkionak, esaterako, oso baliotsuak dira haien gaiagatik eta agian bakarrak direlako; 80ko hamarkadan ARGIA zen kazeta bakarretakoa halakoak jorratzen.

Argazkiak digitalizatzen hasi aurretik baina, katalogatzeari ekin zaio. Materiala karpeta eta gutun-azaletan dago gordeta eta bi funtsek osatzen dute. Alde batetik pertsonen izen-abizenekin sailkaturiko zatia dago –elkarrizketetan ateratakoak batez ere–; euskal kulturan edo politikan ifrentzua utzi duten 4.000 pertsonaiaren argazkiak dira. Beste funtsa gaiaren arabera dago sailkatua eta denetariko argazkiak aurki daitezke, nola ikastolen lehenengo jaialdietakoak ala langileen itxialdietakoak edo poliziak erreprimitutako manifestazioetan ateratakoak.

70eko hamarkadako ikastolen aldeko mobilizazioa. ARGIAren artxibo historikoak 40.000 argazki inguru eta 4.000 pertsonaien erretratoak biltzen ditu. (Arg.: Argia arxiboa)

Mendeurrenaren aurkezpen ekitaldian azaldu bezala, “zenbat argazki dauzkagun ere oraindik ez dakigu”. Oraingoz 15.600 argazki katalogatu dira, baina artxiboaren tamaina ikusita 40.000 argazki izan daitezke. Horietako asko jatorri ezezagunekoak badira ere, eskura dauden datuekin argazkiaren testuingurua, urtea eta egiletza zehaztea da hasierako lan honen helburuetako bat. Ondoren, behin argazkiak digitalizatuta eta berrerabilgarritasuna bermatuta, ARGIAren webgunean paratuko lirateke.

2019 urtea, ospakizun urtea

Ehun urteak ospatzeko, datorren urtean mahai-inguruak eta bestelako kultur ekitaldiak antolatuko ditu ARGIAk hilero eta lurraldez lurralde. Horrez gain, urteroko zita nagusiak ere mendeurrenari begira egingo dira, esaterako Argia Sariak. Euskarazko komunikazioaren arloan erreferentzia nagusi bilakatu diren sarien 30. edizioa izango da datorrena, eta hasieran bezala sektorearen elkargune izaten segituko du, baina aurtengoan ARGIAn ibilitako pertsona eta eragileek protagonismo handia izango dute.

Urtea indartsu hasiko du ARGIAk, bere irakurleei opari bat eginez: 2019ko lehen zenbakia berezia izango da mamiz, itxuraz eta baita luzeraz ere. Mendeurrenari keinu eginez 100 orrialde izango dituen astekaria argitaratuko du, elkarrizketa eta erreportaje zabalez osatua, eta atal berezia ere izango du, kazeta dekanoak euskal kazetaritzaren historian izan duen tokia kontatuz.

Bestalde, datorren urteko zenbaki guztietan mendeurrenari loturiko atal finkoa joango da orriotan, Miren Osa kazetariak idatzia, hedabide honen inguruko kuriositateak, efemerideak eta intrahistoria ezagutzeko asteroko ontza izango da. Eta horrez gain, zenbaki bakoitzarekin, astekariaren azal historiko baten faksimilea etorriko zaio eskuetara ARGIAko kideari, Koldo Izagirre idazlearen testu argigarri batez jantzia.

Mendeurrenerako erabiliko den logoa.

XX. mendean jaio zen, baina etorkizuneko kazetaritza egiten segitu nahi du, beste mota batekoa, eraldatzailea. Kazetaritza eredu hori garatzeko azken hamarkadetan mugarri izan diren momentuak oinarri hartuta, saiakera liburua argitaratuko du ARGIAk udazkenean.

Eraldatzailea, eta independentea. Ez neskametzarik ez morrontzarik onartzen duen komunikazio proiektua da hau, eta horretarako giltzarria komunitatea du. Gerraurreko Argia-k saltzaile gaztetxo “pixkorrak” bidaltzen zituen baserri inguruetara astekaria banatzera; 1963an hiritarturik berpiztu zutenean ere herriz herri ibiltzen ziren, ipar zein hego, astekariak sari bidez ordaindutako komisionistak. Eta gaur, kide egiteko sistema berritzailea dauka martxan ARGIAk: Eman ahal duzuna, eta jaso nahi duzuna da bere deia, jendeak proiektua ekonomikoki babes dezan.

Jendea da gorputza eta hizkuntza bihotza. 1919ko Zeruko Argia “Aldizkingi Edergarridun” erlijioso hartatik oraingo komunikabide eraldatzaile eta independentera, ehun urteko tartea egoteaz gain, hezur eta haragiz ere alde ikaragarria dagoela bistakoa da. Baina haien arteko zilborresteak odol bera darama: euskara.


ASTEKARIA
2018ko abenduaren 09a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIAk 100 urte
2019-12-22 | Jakoba Errekondo
Barietatea eta aniztasuna

Duzunaritzeko kultura ezagutzeko aukera izan dugu 111 hostoz eta orriz jantzi liburuaren aurkezpen egunean. Argiak mendea bete duen ospakizun saila borobiltzeko egun gustagarria. Ehun urtetako kazetaritza goratzeko nekazaritzaren alorrean oinetakoak zikinduz ibiltzea baino bide... [+]


2019-12-22 | Estitxu Eizagirre
Mendeurrenak hiru opari: bata jendeari, bestea ARGIAri, handiena Euskal Herriari

Urte biribil honek opari bana egin digu Argia Jendeari, Euskal Herriari eta komunikazio proiektuari. Zabalduko ditugu?

 


2019-12-22 | Garazi Zabaleta
Duzunaritze argiaren mendeurrenaren lekuko

2019a urte berezia izan da ARGIArentzat, esku artean duzun ale hau ere bada horren adibide. Ehun urte betetzea ez baita lorpen makala, are gehiago euskarazko hedabide txiki batentzat. Ospakizunek forma ezberdinak hartu dituzte urte oso honetan zehar eta, nola ez, landa eremuko... [+]


Eguneraketa berriak daude