Simaurraren gorazarrez

  • Ez utzi tabuak –kaka, pixa, zikina…– itsutu zaitzan: jendeok simaurra ere bagara eta gure gorotzetan doa lurrari kendu diogunetik asko. Kris De Deckerrek gizadiak daukan iraunkortasun arazo handi baten sintesi oso materialista eskaintzen du, industrializazioaz geroztik oker diseinatutako komun eta estolderia sisteman barrena nola alferrik galtzen ditugun milaka urtez ondo birziklatzen genituen gai organikoak, horiek lurrari itzuli eta berriro elikagai bihurtzeko ordez kutsagai manejagaitz bihurtuz. Kris De Decker ingeniari holandarrak Low-Tech Magazine eta No-Tech Magazine kudeatzen ditu, gaur ohikoak diren teknologia sofistikatuzko soluzioen lekuan teknologia apalezko soluzioak aurkeztuz, askotan arkeologia industrialetik erreskatatuz eta zenbaitetan gaurkotuz teknologia sinple oso eraginkorrak.

    Recycling animal and human dung is the key to sustainable farming (Gizakien eta abereen gorotzak birziklatzea, nekazaritza jasangarrirako baldintza) artikuluan erakusten du nola giza simaurra bildu, garraiatu, konpostatu eta nekazaritzan erabili den ez bakarrik baserritarren eremuetan baizik eta baita hiri handietan ere XX. mendea arte, Txinan, Japonian, Indian... eta baita Europa aberatsean ere, Holandan bertan, Flandrian, Frantzian... Historiagileek egindako azterketak De Deckerrek laburbildu ditu ingeniari baten begietatik, lurraldearen planifikatzeaz arduratzen direnei aurrerabide bikaina eskainiz.

    De Deckerrek gaiaren ikuspegi nolabait geopolitiko eta makro bat ematen badu, ARGIAko irakurleari interesa dakioke gaia ikuspuntu mikroago batetik. Soluzio urbanistiko handien zain egon gabe asko dira dagoenekoz giza simaurrak beren aldetik birziklatzen dituzten herritar, familia eta elkarteak. Horien aipamena gehitu diogu ARGIAtik De Klercken artikulu mamitsuari.

Komun konpostatzaile bat Afrikan. Herrialde txiroetan dagoeneko ebidentzia bat da Mendebalde aberatseko estolderia sistema populazio osoari zabaltzea ezinezkoa dela, epe luzean iraunkorra ez izateaz gain.
Komun konpostatzaile bat Afrikan. Herrialde txiroetan dagoeneko ebidentzia bat da Mendebalde aberatseko estolderia sistema populazio osoari zabaltzea ezinezkoa dela, epe luzean iraunkorra ez izateaz gain.

Komunetik doazen gure gorotzak birziklatzeko premiaz

Komuneko bonbari eragitea erosoa da, baina hondamendi ekologikoa dakar berarekin, laborantzako lurrei funtsezko elikagaiak lapurtzen dizkio eta janarien ekoizpena erregai fosilen mende uzten. 4.000 urtetan zehar gizakien eginkari eta pixak gauza txit baliotsutzat eduki zituzten Txinan, Korean eta Japonian. Giza simaurra txalupaz eramaten zuten horretarako pentsatutako ubideetan zehar.

Gizakien ‘hondakinak’ soro eta baratzeen ongarritzat erabiltzeari esker, Ekialdeak lortu zuen populazio zabal bat elikatzea edateko ura kutsatu gabe. Bitarte horretan, Europan, Erdi Aroan hiriak hasi ziren estolda irekiak erabiltzen. Kontzeptua gero XIX. mende amaieran modernizatu egin zuten Holandan, Charles Liernurren ‘hutseko estolda sistema’ [vacuum sewer system] sofistikatuarekin.

Itxura xaloa daukan komun edo komoditate (komitate) horrek gure elikatze sistemaren ziklo naturala urratzen du. Funtsean, oso garrantzia  handiko baliabideak hondakin bihurtzen ditu. Landareak gure elikadurarako hazten ditugunean, lurrari elikagai funtsezkoak kentzen dizkiogu: potasioa, nitrogenoa eta fosfatoa, garrantzitsuenak aipatzearren. Gizakiaren historiaren zati handienean, elikagai horiek gure soinetan birziklatu ditugu ondoren berriro lurrari itzultzeko, eginkarien bidez, janarien soberakinez eta hilotzen lurperatzez. Gaur gehien bat itsasora bidaltzen ditugu.

Konponbide txar eta jasan ezinezkoa da, hiru arrazoirengatik nagusiki. Hasteko, estolderietatik ‘zikinak’ erreka, aintzira eta itsasoraino eramateak arrainak hiltzen ditu eta ur garbia edan ezinezko bilakatzen. Hau saihesteko modurik bakarra da komun eta estolderiaz osatutako sare izugarri garestiak antolatzea, horiek bezain garestiak diren araztegiz osatzeko (hauek, gainera, ez dute erabat konpontzen uraren biziari egiten zaion kaltea).

Ur zikinen Galindoko araztegia, Bizkaian. Bilbo aldeko milioi bat herritarren ur zikinak depuratzen ditu.

Bigarrenik, nekazaritzan ongarri artifizialen beharra daukagu gure lurra emankor atxikitzeko. 2008an ia 160 milioi tona ongarri ez-organiko erabili ziren munduan. Horiek barik, gure alorrek galtzen dute emankortasuna urte gutxiren buruan, ondoriotzat ekarriz janarien produkzioaren porrota eta giza populazioarena. Hirugarren arazoa da komunek berez ur garbia erruz kontsumitzen dutela haietan jaurtitako guztia “urruti” garraiatzeko.

Komunek energia asko zurrupatzen dute

Ur garbia ekartzea, estolderiaren eraikitze eta mantenua, ur zikinen (eta araztegietako lohien) tratamendua eta laborantzarako ongarri sintetikoen ekoizpena, denak ere prozesu energi-intentsiboak dira. Nitrogenoa (berak osatzen du ongarrien kontsumoaren erdia baino gehiago) erruz aurkitzen da airean, baina erabilgarri bihurtzeko gasa berotu eta presurizatu beharra dago. Prozesu kutsakor honetarako energia gas naturalezko edo –Txinan– ikatzezko instalazioetan sortzen dute.

Komuneko bonbari eragitea erosoa da, baina hondamendi ekologikoa
dakar berarekin, laborantzako lurrei
elikagaiak lapurtu eta nekazaritza erregai fosilen mende uzten du

Potasioa eta fosfatoa meategietatik atera behar dira –zientoka metroko sakoneratik– eta gero garraiatu. 150 milioi tona fosfato-harri behar izaten dira guk urtean kontsumitzen ditugun 37 milioi tona fosfato-ongarri ekoizteko, eta 45 milioi tona potasa gatz 25 milioi potasio ongarri ekoizteko. Bi operazioek eskatzen dute energia asko eta kutsatzen dute ingurumena.

Gainera, potasioa munduan naharo banatuta eta erraz eskuragai dagoen bitartean –700 urte gehiagoz era merkean eskuratzeko moduan gaude, gaurko kontsumo erritmoan–, fosforoarekin ez da gauza bera. Munduko fosfato erreserben %90 oso herrialde gutxitan bilduta daude eta kalkulatzen da 30-100 urterako baizik ez zaizkigula geratzen merke eskuratzeko moduko erreserbak. Erreserbak askoz handiagoak dira kalkuluetan sartzen baditugu itsasoaren hondoan daudenak, baina horiek eskuratzeak izugarrizko energia pila eskatuko luke, are gehiago hondatuz elikadura eta saneamendu sistemak.

Lurraren elikagaiok itsasotik lehorrera itzultzen dira bai itsas-hegaztien kaketan –kopuru zinez txikia– eta jaten ditugun arrain eta itsaskietan. Baina guk jandako arrainen hondakinek lurrarentzako dauzkaten elikagaiak berriro itsasora bidaltzen ditugu estolderietan barrena.

Saneamendua, zibilizazioaren adierazgarri

Gutxitan jartzen ditu inork auzitan ez komunak eta ez horiei lotutako saneamendu sistema. Zalantzarik uzten ez duen teknologiatzat jotzen da eta ia denek begiratzen diete zibilizazioaren adierazgarritzat, horrelako sistemarik ez daukaten herrialdeak atzeratutza daudela iritzita. Hori gertatzen da hezi garelako sinetsirik komunak eta saneamendu sistema direla kiratsaren eta gaixotasunen alternatiba bakarrak.

Erromako Inperioa –garaiko bere komun eta estolderia eta guzti– hondoratuz geroztik XIX. mende amaiera arte, giza simaurrak erreketan, hirietako kanaletan eta ibaietan batere ordenarik gabe pilatzeak Mendebalde osoan kolera eta tifus epidemia hilgarriak eragin zituen behin eta berriro. Horiek gertatzen ziren edateko ura kakek kutsatzen zutelako. Jendeak bere larrialdiak askatzen zituen kale bazterretan edo obramenduz betetako ontziak husten zituzten atarietan, etxeen atzeko aldeetan, gaizki antolatutako hobi septikoetan edo inguruko uretan. Metodo horiek ezin zuten osasun onik ekarri jende asko pilatutako hirietan. Komunek eta estolderiek konponbidea jarri zioten horri, gutxienez herrialde aberatsetan, eta inork ez du atzera itzuli nahi garai zaharretako egoera higieniko negargarri hartara.

Txinako nekazaritza iraunkorraren oinarri

Hala ere, guri uka ezinezko zerbait iruditu arren, komuna ez da saneamenduaren arazoarentzako erantzun posible bakarra. Badira beste metodo askoz iraunkorrago batzuk gizakion eginkariak egon daitezen edateko uretatik urrun edukitzeko. Hasteko, saneamenduaren Erdi Aroko eta Iraultza Industrialaren hasierako egoera negargarria Mendebaldeko fenomenoa izan zen soilik. Ekialdean, XX. mendearen hasieran Txinako ibaietako ura edangarria zen.

Txinatarrak iparramerikarrak eta europarrak adina baziren garai hartan eta haiek ere bazeuzkaten populazio handiko hiriak. Ezberdintasunaren oinarrian zera dago: haiek eutsi zioten gizakien simaurra ongarritzat erabiltzean oinarritutako nekazaritza sistemari. Kakak eta pixak kontu handiz eta disziplinaz biltzen zituzten, ondoren garraiatu –batzuetan nahiko urruti– eta bestelako hondakin organikoekin nahastu, konpostatu eta gero soroetan zabaltzen zituzten.

Harri batez bi txori jotzen zituzten horrela: batetik edateko ura ez kutsatzea, bestetik betirako iraun zezakeen nekazaritza lantzea. Eta egia da iraun zuela 4.000 urtez, gaurko gure ongarri industrial eskuragarrienak –700 urtetarako erreserbak dauzkagun potasioak– iraungo duena baino askoz gehiago.

Txinako nekazaritza sistema, Korean eta Japonian ere aplikatu zena, luze eta zabal azaltzen da “Berrogei mendeko nekazariak” (Farmers of Forty Centuries) liburuan, F. H. King lurraren ikerlari amerikarrak egindako bidaia baten txostena. Liburua 1911n argitaratu zen, nitrogenozko ongarri artifizial merkea –nekazaritza industrialaren oinarrian dagoena– ekarriko zuen Haber-Bosch izeneko prozesua deskubritu zen garai beretsuan.

Simaur garraioan Hankow-Wuchang-Hanyang hirian, Txinan.

Kingek liburuaren atal oso bat –interneten eskuragai dago– eskaini zion Asian giza simaurra nola bildu eta zabaltzen zuten azaltzeari. Joseph Needhamek ere kontatzen du metodoa bere “Zientzia eta zibilizazioa Txinan” (Science and civilization in China) obraren VI:2 liburukian, aurreko beste iturri batzuk aipatuz. Berrikiago, Duncan Brownek aipatu du Txinako sistema "Feed or Feedback: Agriculture, Population Dynamics and the State of the Planet" liburuan.

Gorotz komertzianteak, simaur tratalariak

King Txinan izan zen garaian 400 milioi jende bizi ziren bertan; konparazioa egiteko, Europak 400 milioi zeuzkan eta AEBek 100 milioi. Txinako 400 milioi herritarren kaka eta pixak terrakotazko pitxarretan biltzen ziren, airerik pasatzen ez zitzaien tapadun pitxarretan. Etxe guztietako obramenduak biltzen zituzten, landa eremuko herri txikietan bezala hiri handietan. Zenbait hirik ubide sare bereziak eta propio horretarako eraikitako txalupak zeuzkaten, argazkietan ageri denez. Horrela egiten zuten, adibidez, Hankow-Wuchang-Hanyang hirian, 6,5 kilometro karratu laburretan 1,8 milioi biztanle zeuzkalarik.

King handik pasatu zen garaian urtean 182.000.000 tona giza simaur baino gehiago biltzen zen Txinako hiri eta herrietan, 450 kilo pertsona eta urteko. Horien bidez denetara urtean 1.160.000 tona nitrogeno, 370.000 tona potasio eta 150.000 tona fosfato itzultzen zizkioten lurrari. Japonian 1908an 23.850.295 tona giza simaur bildu eta itzuli zituzten lurrera.

Shangaik bere biztanleen eginkariak bereziki diseinatutako kanal sare batetik garraiatu eta banatzen zituen ehunka txalupa erabiliz. Sal-erosketa honek 100.000 dolar mugitzen zituen urtero. Giza simaurra lehengai baliotsutzat jotzen zuten. 1908an Txinako enpresaburu batek udalari 31.000 dolar pagatu zizkion –gaurko 700.000 baino gehiago liratekeenak– udalerrian 78.000 tona giza simaur bildu eta inguruko baserritarrei saltzeagatik.

Japonian, Txina baino askoz hiritartuagoa egonik, maizterrek errenta gutxiago pagatzen zuten etxe jabeari kalitate hobeko simaurrak utziz gero. Kingek kontatzen zuen nola Tokyo eta Yokohamatik giza simaurra eramaten zuten “batzuetan gizonek edo abereek bizkarka, baina gehienetan gizonek tiratako gurdi handietan, gainean zeramatzatela hirurogei libra edo gehiagoko laurogei ontzi zurezko tapaz estaliak”. Japoniako landa eremuetan nahiko ohikoa omen zen ikustea bidaiariek sartu eta barrenak bertan askatzeko gonbidapenezko ikurrak zeuzkaten etxolak. Gero hori baserritarrek erabiltzen zuten beren soroak ongarritzeko.

Giza gorotzak birziklatzeko Asiako herrietan aurkitutako ohitura honek nazka eragin zien bisitarietako batzuei. Fernam Mendez Pinto portugesak, adibidez, idatzi zuen 1583an:

“Jakin behar duzue herrialde honetan asko direla gizakien obramenduak erosi eta salduz negozioa egiten dutenak, eta ez dela hain negozio txikia haien artean, asko direla horrekin aberastu eta bizimodu ederra daramatenak. Hori erosten dutenak kaleetan gora eta behera ibiltzen dira halako zintzarri batzuk joaz, gure traperoak ibili ohi diren bezala, zer nahi duten aditzera emanez jendeari hitzik gabe, gauza berez badelako nazkagarria. Hau ere gehitu nahi dut: merkantzia hau hainbeste estimatzen dutenez, eta halako salerosketa handia egiten dutenez, batzuetan itsas portu batean ikus ditzakezu bi edo hiru ziento marinel hori garraiatzen”.

4.000 urteko zirkulu itxiaren sistema suntsitu zen ongarri artifizialen etorrerarekin. Horiek XX. mendeko lehen hamarkadetan Mendebaldetik inportatzen zituzten. Gaur egun Txina da, askogatik, ongarri ez-organikoen kontsumitzaile handiena, munduko kontsumoaren %28arekin. Osorik hartuta, Asiak erabiltzen du munduko ongarri artifizialen erdia baino gehiago.

Giza simaurraren bilketa Europan

Jendeen eginkariak Europan ere bildu ziren, nahiz eta denbora laburragoz eta eskala askoz txikiagoan. XIX. mendearen bigarren erdian nekazaritzak galdu zuen bere nagusitasuna Europan; bizkortu zen hirietaranzko migrazioa eta estolderien arazoa askoz larriagoa bilakatu.

Garai berean, osasun adituak ohartu ziren kolera eta tifus sukarra ur kutsatua edatearen ondorio zirela. Nekazaritza ere abereen simaurrez gero eta urriago zebilenez, bi arazoak aldi berean konpon zitezkeela ikusi zen. Zenbait herrialde eta hiritan ezarri zen lehen sistema, gehienetan ingelesez night soil collection [hitzez hitz, ‘gaueko lurra biltzea’’, garaiko ingelesean horrela deitzen zioten giza ongarriari, gaueko negozioa zelako] izendatu zen eta Asiako metodoa dakar gogora.

Kaka eta pixa pilatzen ziren aulki-komunen azpian ipinitako zurezko ontzietan eta lur, errauts edo ikatzetan nahasten kiratsik zabal ez zezaten. “Gaueko lurraren” biltzaileek eramaten zuten erregularki “merkantzia”.

Ontzi beteak gurdian hustu eta berehala itzultzen zituzten –ontzien garbitzea, beraz, erabiltzaileei zegokien–; edo ontzi beteak osorik zamatu zitzaketen gurdian, horien ordezko hutsak emanez erabiltzaileei –garbiketa biltzaileen gain–. Ontzi hutsak jarri aulki-komunen pean eta simaurra gurdiz edo zaldiz eramaten zuten hiriaren kanpoko aldeko bilketa gunera. Hemen konpost bihurtzen zuten, nekazaritzan erabiltzeko.

Tamalez, hondakin hauen bilketa eta garraioa Europan ez zen Txinan, Korean edo Japonian bezain fidatzeko, eraginkor eta higienikoa. Sistemak ongi funtzionatzen zuen ontzi hermetikoak erabiliz gero, baina ez zen beti hala egiten. Gurdi irekiak erabiltzen zirenean, garraioak zaborrak eta kiratsak zabaltzen zituen. Satsak isurtzen ziren ontzi irekiak eskilaretan behera eramatean eta baita gurdietan jaurtitzean ere. Gainera, bilketa ez zen behar bezain maiz egiten, bereziki auzunerik txiroenetan.

Hala ere, zurezko pertzen sistema aurrerapauso bat zen ordura arte Europan simaur bilketan zegoen anabasarekiko. Erdi Aroan zehar simaurzain [dung-farmers, ingelesez] deituek jasotzen zituzten abereen eta gizakien eginkariak eta horiek saltzen baserritarrei, beren soroetan erabil zitzaten. Arazoa zen simaur-tratulariok gutxieneko gorotz kopuru bat bildu beharra zeukatela gurdikada bat saldu ahal izateko. Duncan Brownek biltzen du Carlo M. Cipolla historiagileak egoeraz zehaztasunez idatzitakoa:

Simaur bilketan Amsterdamgo kaleetan XX. mende hasieran.

“Negozio honen alde tristeki tragikoena da izugarri txiroak ziren biltzaileok kaleetan aurkituta jasotako simaurra beren etxeetan edukitzen zutela saltzeko adinako kopurua metatu arte”.

Baziren salbuespenak, batik bat Flandrian, non Erdi Arotik antolatuta baitzeukaten gorotz bilketa sistema bat oroitarazten duena Txinako metodoa. Antwerpen-Anberes hiri inguruan ongarri organikoaren (giza eginkariak, hiriko behorren simaurrak, usoenak, kanaletako lokatzak eta janari hondarrak) kudeaketa industria garrantzizkoa bilakatua zen XVI. menderako. XVIII.ean almazen handiak zeuden Shelde errioaren bazterretan, bertan jasotzeko Holandako hirietatik txalupaz ekarritako hondakinak.

Charles Liernurren estolda xurgatzaileak

Bigarren metodoa Charles Liernur ingeniari holandarrak asmatu –eta patentatu– zuen 1866an. Haren estolda sistema xurgatzaileak bateratzen zituen gaur eguneko estolda sereen erosotasuna lehengo simaur biltzaileek ekologiari bezala ongarrien kudeaketari zekarkioten abantailarekin. Etxe bakoitzeko komuna lotzen zitzaion lurpean hedatutako diametro txikiko hodien azpiegiturari eta kaka-pixak berehala ateratzen ziren etxetik komuneko lanak bukatu bezain fite.

Liernur sistemarekin dabilen komun baten eskema.
Sistema hau erabiltzen da oraindik ere tren, hegazkin
eta itsasontzietan.

Gaurko teknologiarekiko funtsezko diferentzia bat zen, hala ere, Liernurren sistemak garraiobidetzat ez zuela erabiltzen urik baizik presio atmosferikoa. Horrela ekiditen zuen simaurra uretan nahastea, ongarri balioa galdu barik, horixe baitzen juxtu Liernurrek nahi zuena. Beste aldetik, estolda xurgatzaileek desagertarazten zituzten simaur biltzaileak, etxez etxe kaka eta pixaz betetako pertzen garraioan jendeei loa eragozten zietenak. Aurrerapen nabarmena zen, baita Asian erabilitako sistemarekiko ere.

Holandako hiri batzuk ekipatu ziren Liernur sistemaz: Leiden 1871n, Amsterdam 1872an eta Dordrecht 1874an. Hasieran pare bat mila etxe zeuden lotuta estolda xurgatzaileen sistemari, baina Amsterdamen asko zabaldu ziren.XIX.  mende amaieran Amsterdamgo 90.000 biztanle zeuden lotuta Liernurren sistemari, populazioaren %20 inguru. Amsterdamen bezala Leidenen sistema martxan egon zen 40 urtez. Eskala txikiagoan sartu zuten Praga (Txekia), Trouville-sur-Mer (Frantzia), Hanau (Alemania) eta Stansted (Ingalaterra) hirietan ere. Trouvillen, 1892an hasita, iraun zuen 1987a arte. Gaur egun oraindik metodo hori da itsasontzi, tren eta hegazkinetako komunek darabiltena.

Frantsesek beren estilora egokitu zuten Liernur sistema, Berlier sistema deituta. 1880an proba moduan ezarri zuten Lyonen, non simaurrak lau kilometrora arte garraiatu zituen. 1881ean bost kilometroko sarea ezarri zuten probatarako Parisko auzune batean. Frantziak seriotasunez landu zituen proba hauek, garraioa beirazko hodietatik zainduz zenbait puntutan. Berlier sistemak, teknikoki Liernurrena baino hobea izaki, ez zuen hutsik egiten: sistema hori erabilita, Pepiniere kasernako barraketan ziren milaka soldaduak izan ziren tifus epidemia batek Parisko soldaduen artean kutsatu ez zituen bakarrak.

Gaurko komunaren [watercloset] etorrera

Teknikoki arrakastatsua izan arren, Berlier sistemak sekula ez zen aitzina egin froga fasetik. Holandako Osasun Aholku Batzordeak, ikusita Amsterdamen lortutako arrakasta, 1873an proposatu zuen Liernur sistema nazio osora zabaltzea, baina ez zen gauzatu. Liernurrek diseinatu zituen planak Europako beste hirietarako (Paris, Berlin, Estokolmo, Munich, Stuttgart eta Zurich) eta baita AEBetako Baltimorrerako ere, baina sekula ez ziren egia bihurtu.

Zenbait arrazoik azaltzen dute sistema pneumatikoak ez bihurtu izana gaur eguneko estolda sistema estandar. Hasteko, ur hornidura eta urezko komun modernoa iritsi ziren. Holandan, gero eta jende gehiagok ura lotzen zion Liernur sistemari, horrela pixa eta kakak uretan diluitu eta nekazaritzarako balioa murriztuz.

Baina hau gertatu aurretik ere, simaurraren salmentak ez zituen eman espero ziren etekinak. Osasun adituek ohartarazten zuten etekinok ez zutela izan behar higiene sistemaren lehentasun, baina arazoa zen Liernurrek berak etekin ekonomikoak aurkezten zituela bere sistemaren abantaila garrantzitsutzat. Inbertsoreak erakarri zituen eta hauek teknologia baztertu zuten dirua galtzen hasi bezain fite.

Holandan bezala Mendebalde osoan arazo handi bat zen hirien tamaina gero eta handiagoa. Hiri erraldoiak urrutiko baserriz elikatzeko joerak sortutako logistikak gaina hartu zien bai lehengo simaur biltzaileei eta bai metodo berri sofistikatuagooi. Estolderia xurgatzaileak azken ostikada jaso zuen 1910ean ongarri ez-organikoak merke ekoizteko metodoa aurkitu zenean, horrela “konponduta” geratzen baitzen laborantzaren ongarri beharra.

Komun modernoek gizakien pixa eta kakak ur askotan diluituta eramaten dituzte hodietan barrena araztegietaraino.

Hiriak hasi zirenez eurien urak biltzeko hoditeriak ezartzen, hurrengo urrats logikoa izan zen komunetako ur zikinen estolderia sare berari lotzea. Funtsezko atzera-pausoa izan zen: gizakien eginkariak erreka eta ibaietara eraman ziren, eta ez beti kilometro batzuk urrutiago. 70 urte gehiago pasa ziren mundu aberatsean araztegiak nahikotxo zabaltzerako.

Etorkizunerako hiru aukera baizik ez

Baldin eta gure elikadura horniduraren ziklo naturala berreskuratu nahi badugu, teknologiari dagokionez ez dauzkagu hiru posibilitate baizik. Hasteko, garatu dezakegu biltzaileen eredu moderno bat komun konpostatzaileak erabiliz; horietan etxe bakoitzak sortutako giza eginkari guztiak bestelako hondakin organikoekin batera biltzen dira. Pixak joan litezke urtean behin husten den ontzi berezi batera (sistema hau dagoenekoz erabiltzen da Holanda eta Suediako zenbait auzunetan, non jendeak erabiltzen dituen pixa berezirik biltzen duten komunak).

Bigarrenik, Liernur edo Berlier sistemen aldaera berri bat garatu genezake, eginkariak estoldetatik automatikoki biltzeko baina [gaurko ereduaren oso bestela] urik erabili gabe. Estolda sistema xurgatzaileak hein batean erabili dira etxebizitza askoko eraikinetan 1960 eta 1970ko hamarkadetatik hona. Zientoka batzuk daude martxan AEB, Britainia Handia, Australia, Alemania, Maldivak, Hegoafrika eta Ekialde Hurbilean [hemen sistema honen ikuspegi orokorra, Wikipedian: https://en.wikipedia.org/wiki/Vacuum_sewer#Project_Examples]. Estolderia xurgatzaileen instalazioa instalatzea ohiko estolderia ezartzearen erdia kostatzen da. Eraiki ere azkarrago egiten da eta mantenimendu errazagoa dauka: diametro askoz txikiagoko hodiak sartu behar dira lurpean eta sakonera gutxiagoan gainera, kaleetako lurzoruetan zanga askoz estuago bat aski dutela.

Bada hirugarren tekno-konponketa bat, baina aurretik aipatutako biak baino askoz garestiagoa: gaur eguneko estoldetan uretan dilitutako hondakinak ongarritzat erabiltzea. Funtsean, lehendik oso garestia eta konplexua den sistemari gehitu baizik ez zaio egiten azpiegitura garesti eta konplexuzko beste geruza bat. Uretan diluitutako hondakina ez bakarrik lehortu, gainera garbitu ere egin behar da, estolderietako hondakinetan giza simaurrez gain badoazelako beste hondakin asko –tartean toxikoak ere bai–, etxeetakoak bezala faktorietakoak.

Azpimarratu beharrekoa: estolderietatik aparte uzten baditugu gure pixa eta kakak, ura daraman estolda sistema osoa ere ezabatu dezakegu, horrekin koste eta energia asko aurreztuz. Badira alternatiba egingarriak euri urak ebakuatzeko –funtsean, zoru inpermeabilizatuak gutxituz– eta sukaldeetako ur grisak lekuan bertan berrerabiltzeko.

Komun lehor edo konpostatzaileek irtenbide ona eskaintzen diete mundu osoan Mendebaldean bezalako estolderiak edukitzeko aukerarik ez duten jendeei.

Giza simaurra konpostatzea

Gizakien kaka eta pixak ongarritzat erabiltzeko tratatu egin behar dira. Txinan aspaldi nekazaritzaz idatzi zutenek ere bazuten horren berri,  ohartarazten baitzuten tratatu gabeko giza simaurrak “landareak erre eta hiltzen dituela, kimuak usteltzen eta jendeen esku eta oinak zauritzen”. Gaur egun badakigu are osasun arazo  arriskutsuagoak ere badakartzala. F. H.. King eta Joseph Needhamek goraipatu zuten aspalditik txinatarrek konposta egiteko egindako ahalegina, gizakien eginkariak eta etxeko abereenak elkarrekin nahastuta. Hala ere, Duncan Brown kritikoago agertu zen heien konpostatze teknikekiko. Txinan edateko urak garbi atxikiz lortutako osasun hobekuntzak sarritan galera bihurtzen ziren uzta bidez zabaldutako gaixotasunengatik.

Ongarritu baino lehen beti dago konpostatu beharra, eta hau egin daiteke bi modutara. Lehena –konpostatze mantsoa– norberak lantzeko teknika izanik Joseph Jenkinsek -humanure hitza [giza simaurra] asmatu zuenak- azaltzen du Humanure Handbook liburu famatuan. Konpostatze mantsoa tenperatura apaletan gertatzen da eta urte bete inguru behar du klima epeletan. Segurtasuna bermatzeko, gehienek diote eskuratzen den konpost –usain gabe– hori soilik erabiltzeko ongarriak eta elikagaiak elkar ukitzen ez duten landareetan –esaterako fruitu arboletan– edo jatekoak ez direnetan, lore, etxeko landare eta beste.

Bigarren metodoa tenperatura altuetan konpostatzea da; askoz azkarrago doa eta eskuratzen den ongarria edozein klasetako landaretan erabil daiteke. Prozesu industriala da eta hainbat herrialdetan arrakastaz erabiltzen ari dira aspalditik. Beste gauza interesgarria, prozesu honen lehen urratsean elektrizitatea ekoizten da, beste hobekuntza bat gehiago sistema osoaren iraunkortasunarentzako. 2005etik Holandako Orgaworld konpainiak zaharren eta umeen pardelak konpostatzen ditu, bestelako hondakin organiko askorekin batera. Teknologia handiko prozesu honek kalitate bikaineko konposta ekoizten du sei asteren buruan, patogeno, botika eta hormonarik gabea. Konpainiak beste bi faktoria eraiki ditu Kanadan eta Britainia Handian gehiago eraikitzekotan da.

Planeta elikatu ote dezakegu giza simaurrarekin ongarrituz?

Ongarri natural aski ekoitzi ote dezakegu nitrogeno sintetikoa eta meategietatik eskuratutako potasio eta fosfatoak ordezkatzeko? F. H. Kingek eskainitako datuen arabera, pertsona heldu batek egunean 1.135 gramo kaka eta pixa ekoizten du. Zenbat nitrogeno, potasio eta fosfato dauka? Elikatzeko darabilen dietaren arabera. Duela 100 urteko Txinakoak erreferentziatzat hartuta, Kingek hainbat emaitza eskaini zituen: 2,9-6 kilo nitrogeno pertsona eta urteko, 0,9-2 kilo potasio eta 0,4-1,5 kilo fosfato, beti ere pertsona eta urteko.

Giza simaurraren Mendebalde modernoko eredu ez iraunkorra, versus nekazaritzarekin integratutako kudeaketa zirkularra, “Humanure handbook” liburuan.

Gaur egun munduaren populazioa 6.800 milioitan kalkulatzen da. Onar dezagun guztien dieta pareka daitekeela Txinan XX. mende hasieran jaten zutenarekin eta Kingek eskainitako kalkuluetatik kopururik altuenak hurbiltzen direla gaur egungo dietara –gaur eguneko daturik aurkitzea zaila da–. Horrek esan nahiko luke munduko populazio guztiak 40,8 milioi tona nitrogeno, 14 milioi tona potasio eta 10,4 milioi tona fosfato ekoitzi dezakeela urtean. Aski ote da hori ongarri artifizialen beharra ezabatzeko? Lehen begirada batean ez. Zeren eta gaurko ongarri artifizialen ekoizpena da:

- 99,9 milioi tona nitronego, hau da, gizaki guztion artean sortu dezakegunaren (40,8 milioi tona) bikoitza baino gehiago.

- 37 milioi tona fosfato, ia 4 aldiz gehiago gizakiok sortu dezakeguna baino (14 milioi tona)

- 25,8 milioi tona potasio, hau da, 1,8 bider gizakiok sor dezakeguna (10,4 milioi tona)

Azienden simaurrak ondo erabilita

Hala ere, gizakiok simaur ekoizpenaren parte handi bat aspaldi daukagu “azpikontratatuta” etxaldeetako abereei. Ongarri artifizial asko ere erabiltzen da aziendak elikatzeko. Abereok planetako jendeguztiak baino simaur gehiago ekoizten dute. Azienden eginkariek 2004an, kalkulatu dutenez, berekin zeramatzaten 125 milioi tona nitrogeno eta 58 milio itona fosfato (ez dago potasioaren kopururik, horregatik ez dugu aipatuko aurrerantzean). Giza simaurretan doan nitrogenoa bider 3 eta fosfatoa bider 6.

Abereek garrantzia txikia edukizu ten Txinan gizasimaurretan oinarritutak ekonomian, baina Europako laborariak Erd iAroan hein handi batean azienden simaurreta nzeukaten ongarri nagusia. Azienden simaurrik ez zen inoiz alferrik galtzen. Joseph Needhamek Fusselen aipamenaegiten du:

“XV. eta XVII. mendeak bitartean Europako nekazaiek, handiek bezala txikiek, kezka nagusien artean zeukaten simaurra. Saiatzen ziren ez alferrik galtzen edozein simaurgai, ezta txikiena ere, beren uzta guztien arrakasta hein handian lotuta zegoelako erabiltzeko prest zeukaten pilarekin. Herkulesen lanak eta bost egiteko prest zeuden behar adinako kaka pila metatzeko”.

Fosfato meategi erraldoia Mendebaldeko Saharan. Marokok basamortu zati honengatik daukan tema ezin da ulertu ongarri urrion kontrolagatik ez bada.

Gure haragi kontsumoa murrizteko badugu arrazoi ugari, bai gure osasunaren eta bai ingurumenaren osasunaren mesedetan; aziendak dira ere basoen murriztearen eragile nagusiak, horrek berekin dakarrela lurzoruen hondamena. Hala ere, ez badugu erabat ezabatu nahi haragi kontsumoa, egin dezakegun gutxienekoa da “Herkulesen lanak eta bost egitea behar adinako pila metatzeko”.

Horrekin lortuko genuke gu libratzea gero eta ongarri artifizial gehiago ekoizteko ahaleginetik, baina aldi berean lortuko genuke etetea urtero ingurumenari abereen gorotzetan 91 milioi tona nitrogeno eta 49 milioi tona fosfato isurtzearen ondorio beldurgarriak. Horietako gehienak batean eta bestean lagatzen baitira inolako tratamendu barik, legez kontra, edo lege barruan dosi itogarrietan hiri inguruetako soroetan hondakinen kudeaketa teknika merke moduan.

Janari hondarrak, ongarrien kudeaketa teknikak

Bada ongarri naturalen beste iturri bat alferrik galtzen ari garena: janarien hondarrak. Kasu honetan ere baliabide preziatu bat zabor bihurtzen dugu. Jaki hondarrak erabili daitezke animaliak elikatzeko, zerriak eta beste, haragi ekoizpenaren iraunkortasuna asko indartuz. Baina landareak ere elika ditzakegu. AEBetan sortzen den txerri-jan [otordu soberakin] guztitik ez da birziklatzen %3 baizik, gainerakoa zabortegira doa, negutegi eragineko gas asko eraginez.

Posible dugu eskaria murriztea ere, ongarrien arazo nagusietakoa gaur egun gehiegizko kontsumoa delako. Ongarri artifizialak merkeak direlako, baserritarrek nahiago dute beren laboreak ongarri gehiegiz elikatzea ezen eta ez gutxitxo erabiltzeagatik uztak murrizteko arriskuan erortzea. Ondorioz, ongarrien elikagai asko alferrik galtzen dira lurraren higadura, euri uren isurketa eta lixibiatu bidez, horrela kutsatuz lurpeko urak, errekak eta itsasoak, galdutako osagaiok ez direlako araztegietatik pasatzen.

Oso bestela gertatzen zen Txinako antzinako nekazaritzan eta Europakoan Erdi Aroan. Inoiz ez zenez ongarririk soberan, baseritarrek buruz erabiltzen zuten. Teknika arduratsuagoekin, gaurko laborariek ere neurri bereko uztak lortuko lituzkete askoz ere ongarri gutxiago erabilita. Laboreen txandakatzea, laboreen konbinazioa eta ongarri berdea erabiliz, denak ere antzinako teknikak gaur ere aplikatzen direnak nekazaritza ekologikoan, ongarrien eskaria are gehiago murriztu litezke.

Elikagaien balantzea

Labur dezagun segundu batez informazio guztia. Alde batetik dauzkagu aziendak eta jendea, denen artean sortzen dituztenak 166 milioi nitrogeno eta 72 milioi tona fosfato. Horien gehiena alferrik galtzen dugu, hondamendi ekologikoa eraginez.

Beste aldetik, gure faktoriek ekoizten dituzte 99,9 milioi tona nitrogenozko ongarri artifizial eta 37 milioi tona fosfato. Erabat alferrikako operaioz kutsadura handitu eta energia asko ustiatzea baizik egiten ez duena. Espero den gizaki eta azienda kopuruen handitzearekin –aipatzen hasi gabe bio-erregaiak ekoizteko energi-laboreen ugaritzea–bai ongarri artifizialen eta bai biologikoen ekoizpena are gehiago ugarituko dira, arazo osoa are okerragotuz.

Oso posible da dagoeneko bukatu izana gizadia ongarri inorganikorik gabe asetzea posible zen aroa. Azken finean, ongarri artifizialek eragin dute populazioaren ugaritze handia XX. mendean. Hala ere, honek ez luke arazo izan behar. Abereen bezala gizakion simaurrak berekin daramatzate ongarri inorganikoetatik sortutako elikagaiak, denok jaten ditugulako hein handi batean ongarri inorganiko horiekin hazitako janariak. Kalkulatzen da gizakiok dagoeneko bikoiztu egin dugula planetaren ekosistemak daukan elikagai kopurua. Horregatik, arazo nagusia ez da ongarri inorganikoak ekoizten ditugula, arazoa da ez ditugula birziklatzen.

Komun lehor bat Europako etxe moderno barruan kokatua: ezkerreko kutxan zerrauts, txirbil eta abarrez osatutako lehorkinak.

Erronka logistikoa

Azienden simaurra soilik kontuan hartuta ere, bada aski ongarri ia 7.000 milioi jende mantentzeko. Ez badago taburik abereen simaurra erabiltzearen inguruan, zergatik ez dugu baliatzen? Sortutako abere simaur guztiotatik nekazariek soroetan ez zuten erabili, 1996ko kalkuluetan, 34 milioi tona nitrogeno (kontsumo guztiaren %28) eta 8,8 milioi tona fosfato (%15) baizik. Alegia, simaurren ordez erabilitako nitrogeno artifizial guztia adina eta fosfato artifiziala baino gehiago.

Hori planeta mailako okela eta esneki ekoizpen sistema industrial eta intentsiboaren ondorioa da. Herrialde askotan aziendek irensten dute munduaren beste muturrean sortutako bazka. Horregatik, zirkulua osatzekotan, simaurra itzularazi beharko genuke bazka bidali diguten herrialdeetaraino. FAO Elikadura eta Nekazaritzaren Erakundeak idatzita dauka:

“Aziendak eta bazka kontinente berean produzituta ere, elikadura ekoizpen industrialaren tamaina eta kontzentrazio geografikogatik simaurra birziklatzeko aukerak oztopatzen dituzten desoreka handiak sortzen ditu. Eskulanaren eta garraioaren koste garestiak sarritan mugatzen dute simaurra ongarri organikotzat erabiltzea ekoizpen zentroen inguruetan”.

Gauza bera esan daiteke, noski, giza simaurraz. Aziendak bezalatsu, jendeak ere geografikoki kontzentratuta daude inguruetan baserririk gabeko hiri handietan. Eta aziendek bezala, gu ere askotan bazkatzen gara bizi garen lekutik urrun ekoiztutako janariz. Horrek esan nahi du erabakitzen badugu giza simaurra biltzea, itzuli beharko dugula jakiak kontsumitu diren lekuetatik horiek ekoiztu direnetara. Ondorioz, elikagai horiek birziklatzeak ekarriko luke berekin logistika handi bat antolatu beharra, mundu osoan barrena simaurra garraiatzeko kamioi, tren eta itsasontziz (edo hodi sistema handi batez).

Ez dugu esan nahi gure simaurretatik kilo bakoitza itzuli behar genukeela janariak ekoiztu diren lekuetaraino, ezinezkoa eta zentzu gabea litzatekeelako. Baina garrantzitsuena da elikagaien inportazio eta esportazioen arteko oreka bat egon behar duela. Jakiak esportatzen dituzten herrialdeek erabaki dezakete (beste) jakiak inportatzea ere, emaitza berdinera iritsiz eta gainera dietan aniztasuna irabaziz. Funtsean behar duguna da elikagaiak kontabilizatzeko sistema sofistikatu bat.

 


LARRUN
2018ko azaroaren 25a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Espainiako Estatuan inoiz baino ur gehiago botilaratu da, eta behera egin du Hego Euskal Herrian

2022an errekor historikoa hautsi zen Espainiako Estatuan, ia 8.700 milioi litro ontziratu baitziren, Geologia eta Meatzaritza Institutuaren estatistikaren arabera. Aurreko urtean baino 580 milioi gehiago dira horiek, eta 2019an ezarritako mugarria baino % 4,8 gehiago.


Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude