Sexuak jainkotutako deabrua

  • Mesopotamia, duela 4.000 urte. Sumeriar Inperioaren gainbeheraren ondoren, Asiriako erresuma indartzen hasi zen eta, horrekin batera, asiriar mitologiaren pertsonaia sorta zabala taxutzen. Ordukoak dira Nisroch deabru arriskutsua aipatzen duten idazkun zaharrenak.

Nisroch jainko asiriarra landareak bedeinkatzen ageri da erliebe honetan, baina haren iragana bihurriagoa izan zen: sexua bultzatzen zuen deabrua zen. (arg: British Museum)
Nisroch jainko asiriarra landareak bedeinkatzen ageri da erliebe honetan, baina haren iragana bihurriagoa izan zen: sexua bultzatzen zuen deabrua zen. (arg: British Museum)

Jatorriz, Asiriako suaren eta argiaren jainko Nuskuren eta haren nagusi Ninurtaren zerbitzaria zen Nisroch. Gizakiren batek bi jainko horiek gogaitzen bazituen, Nisrochek eta haren emazte Kenelek sexuaren bidez ordainarazten zioten egindakoa: iraintzailearentzat ondorio latzak izango zituen sexu praktikak egitera bultzatzen zuten, nagusiki intzestua eta adulterioa. Intzestuak heriotza zigorra ekarri ohi zuen bi ibaien arteko inperioan eta, ohikoa denez, emakumeek ere adulterioa biziarekin ordaindu ohi zuten, eta gizonek, aldiz, nahikoa zuten isuna ordaintzearekin.

Deabru bikoteak irudimen eta trebezia sexual harrigarria erabiltzen zuen gizaki hilkor gaixoak galbidera bultzatzeko. Batetik, jakina, horrek beldurra eragiten zien jainkoak mindu zituztenei. Baina, bestetik, deabruen dohainak inspirazio iturri preziatua ziren orgia eta festetan. Halakoetan geroz eta ohikoagoa zen Nisroch gurtzea eta haren laguntza erregutzea.

Hala, denboraz, deabruaren ospeak gora egin zuen. Mesopotamiako panteoi jendetsuan horrelako eragin eta hierarkia gorabeherak ohikoak ziren. Nusku nagusiak, adibidez, garrantzia galdu zuen nabarmen eta, azkenean, Nisroch haren gainetik jarri zuten gizakiek. Horrenbestez, Babiloniar Inperioaren garaiko oholtxotan Nisroch ez da deabru gisa aipatzen, jainko gisa baizik. Eta Biblia hebrearrak dio Senakerib erregea “Nisrochen tenpluan” hil zutela, Kalhun. Egun, indusketei esker badakigu tenplu hura ez zela Nisrochena, Ninurta nekazaritzaren eta gerraren jainkoarena baizik. Baina hebrearrek biak nahastu izanak adierazten du deabru ohiak hartutako garrantzia.

Ospeak izaera aldarazten die izaki hilezkorrei ere, eta Nisrochek kutsu sexual eta ludikoa galdu zuen pixkanaka. Sexua emankortasunarekin lotu eta jainkoen lorazain bihurtu zen jainkotutako deabrua. Eldarnio eta gehiegikeria sexualen protagonista izanak, erretiro lasaia izan zuen Marduk eta Ishtarren barazkiak zaintzen.


ASTEKARIA
2018ko irailaren 09a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekialde Hurbileko zibilizazioak
Indarkeriaren gailurra duela 6.400 urte

Nature aldizkarian argitaratu berri duten lan batean, duela 14.000 eta 2.400 urte arteko 3.500 indibiduoren hezurrak aztertu dituzte, indarkeria seinaleen bila, egitura politikoen garapenak gizakien arteko indarkerian nolako eragina izan zuen aztertzeko.


Adamen saihets antzua

Eva Adamen saihetsetik sortu omen zela dio tradizio judeo-kristauak, baina judutarrek sumertarren hainbat mito bereganatu ostean egindako hizkuntz interpretazio misogino baten ondorio da kontakizun hori.


Bi monje, bi zeta-har eta bi inperio

Txina, duela 4.700 urte. Si-Ling-Chi printzesari zeta-har bat erori omen zitzaion te berotan eta hala deskubritu omen zuen zeta egiteko prozesua. Konfuziok jasotako kondaira honek adierazten du Txinan Antzinaroan hasi zirela zeta ekoizten eta mendetan eutsiko ziotela... [+]


Idatzitako lehen musuak

Musuei buruzko lehen erreferentziak hinduek duela 3.500 urte idatzi zituztela uste genuen, baina daniar ikerlari talde batek Science aldizkarian jakinarazi duenez, duela 4.500 urte sumertarrek jaso zituzten lehen erreferentzia esplizituak.


Adimen artifizialak hattieraz daki

Inperio hitita K.a. bigarren milurteko zibilizazio nagusietakoa izan zen. Hattieraz eta idazkera kuneiformean idatzitako milaka oholtxo iritsi zaizkigu eta egun oraindik gehiago aurkitzen ari dira aztarnategietan.


Eguneraketa berriak daude