"Eraso instituzionaletan espezializatutako fiskaltza lortu nahi dugu"

  • Politologoa, migrazioetan aditua eta Giza Eskubideen aldeko Iridia Zentroko zuzendari teknikoa da Júlia Trias (Bartzelona, 1991). Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Zientzia Politikoen ikasketak amaituta, Londresen Refugee Protection and Migration Policy Studies masterra gauzatu zuen.

“Urriaren 1eko polizia asko identifikatu gabe dugu oraindik”.
“Urriaren 1eko polizia asko identifikatu gabe dugu oraindik”. (Arg.: Jordi Borrás)

Noiz eta nola sortu zen Iridia?
2014an eratzen hasi eta 2015 amaieran ofizialdu zen elkarte gisa. Gizarte mugimenduei aspalditik lotuta zeuden pertsonek sustatu zuten egitasmoa. Erronka nagusia zen gizartean, eraso instituzionalaren ondorioz agerikoa zen giza eskubideen urraketaren kontra, herritarrak babestea.

Zein da zuen lan dinamika?
Alor desberdinetan espezializatutako lan-talde bat osatu dugu, giza eskubideen urraketa pairatu duten herritarrei, debalde, laguntza integrala eskaintzeko: laguntza legal eta psikologikoa. Izan ere, sarri herritar asko zamatuta dagoela ikusi dugu: bidegabea den eraso instituzionalaren biktima izanik, bide legala eta psikologikoa lantzeko arazoak dituzte. Zerbitzu integrala eskaintzea ezinbestekoa da.  

Nazioarteko esperientziaren batean oinarritu al zarete Iridia sortzeko?
Iridia elkartea, eta batez ere, elkartearen baitan sortu dugun Eraso Instituzionalen kontrako Arreta eta Salaketa Zerbitzua (SAIDAVI), Argentinako Centro de Estudios Legales y Sociales (CELS) egitasmoan inspiratu zen. 30 urteko ibilbidea du Argentinako zerbitzuak, eta euren aholkularitza ere jaso dugu. Alegia, Iridia ez da abokatuen bufete bat, baizik eta, herritarren gehiengoarentzat ordezkagarriak izan daitezkeen auzien babeserako lantaldea.

Zein balorazio egiten duzu orain arte egindako ibilbideaz?
Txanponaren bi aldeak ikusi ditugu: batetik, ahalmen handiko baliabide bat eratzen ari garenez, konturatu gara gizartea zein legegintza aldatu daitezkeela; baina, bestetik, egitasmo aitzindaria izanik, erronka are handiagoa dela argi dago. Lan asko dago egiteko. Estatuak, egiazki, Espainian dauden eraso instituzional guztien gaineko erantzukizuna hartzea da jomuga. Eta badakigu hori egingarria dela eraso instituzionaletan espezializatutako fiskaltza baten bitartez.  

Baikorrak zarete.
Bai noski! Gaur egun, erronka honetatik gertuago gaudelako, duela hamarkada bat baino. Gizarte mugimenduaren gorakada gertatu da, M15a izan zen lehendabizi, eta aurten M8a ere adibide argia izan da. Gizarte mugimenduen gorakada nabaria da, eta uste dugu presio sozial horren bitartez aldaketak iritsiko direla. Hala ere, lan asko dago egiteko. Urriaren 1eko polizia erasoaren aurrean politikariek egindako deklarazioak ikusi besterik ez dago... Baina, epe ertain edo luzera begira, baikorrak gara, bai.

Urriaren 1a diozu. Iridia erreferendumean Som defensores plataformaren sustatzaileetako bat izan zen. Nola bizitu zenuten?
Iraileko miaketa eta gertakariak ikusita, 60 abokatu, 25 psikologo, 70 kolaboratzaile eta kanpoko beste 60 kolaboratzailek parte hartu zuten, urriaren 1ean herritarrei zuzenduta zegoen arreta zerbitzuan. Bi ardatzetan egin genuen lan: batetik identifikatutako hiru behatzaile zeuden, istiluak egon zitezkeen hainbat eskolatan banatuta. Eurek eskubideen urraketak kudeatzen zituzten, baina esku hartu gabe. Bestetik, abokatuen eta psikologoen taldeak Bartzelonako bi gunetan kokatu ziren, herritarren beharretarako.

Aurreikusitako baliabideak motz gelditu ziren gero.   
Noski, ikaragarria izan zen. Polizia erasoari erantzuna emateko Bartzelonako Udalak, Diskriminazioaren Kontrako bulegoaren bitartez, zerbitzu bat ireki zuen hiriko hainbat elkarterekin elkarlanean, tartean gu, biktima guztien harretarako. Bertan adin eta kondizio guztietako jendetza jaso genuen hilabete oso batez. 8:00etatik 18:00etara, hiru ordu laurdenero bisita bat jasotzen genuen.

Lortu al duzue poliziak identifikatzea?
Batzuk bai, baina oraindik asko falta zaizkigu identifikatzeko. Beste hainbat auzitan gertatu den bezala, identifikaziorik ez dutelako eramaten eta, hori gutxi balitz, fiskaltzak oso zail jartzen duelako. Ibilbide luzea izango da, ezin dugu ahaztu makro-operazio bat dela eta milaka kasu biltzen ditugula. Itxaropena dugu ondorio positiboa izateko, baina luze joango da.  

Gobernua aldatu da Espainian, baina, erantzule politikorik ikusiko al dugu?
Hori da gure eskaera: polizia erantzuleak identifikatzea, baina baita kargu politikoak ere. Izan ere, boluntarioen lanari esker egiaztatu dugu poliziek jokamolde ereduak errepikatzen zituztela, eta ondorioz, agerikoa da urriaren 1ean poliziek goiko agindu bat jarraitzen zutela. Lanean ari gara erabakiaren erantzuleak bilatzeko.   

Zer gertatuko da politikari presoekin?
Ezinbestekoa da preso politikoak aske uztea. Pedro Sanchezen gobernuak haiek gerturatzea keinu garrantzitsua izan da. Sedizio eta matxinada delituak egoztea zorakeria da, beraz, uste dugu gobernu aldaketak aurrerapauso gehiago eman beharko lituzkeela. Espainiako nahimen politikoaren araberakoa izango da Kataluniaren zerumuga.

 

Giza eskubideen defentsan

“Zientzia politikoen ikasketak egin ondoren, migrazioetan eta nazioarteko harremanetan espezializatu eta, Paris eta Bruselan bizi izan nintzen, beti Europako lanabesei lotutako lanpostuetan. Bertan jasotako ezagutza guztia proiektu batean gorpuzteko beharra izan nuen gero, eta, Bartzelonara itzultzean, murgildu nintzen Giza Eskubideen aldeko Iridia Zentroan, migrazioari lotutako gaiak lantzen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Giza eskubideak
Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


2024-03-01 | Axier Lopez
Prentsa askatasunaren aurkako sokak ez du etenik: oraingoan AraInforen kontra jo dute

Enpresa batek kereila jarri du Aragoiko AraInfo hedabidearen eta haren bi kazetariren aurka, baita Zaragoza en Común-eko zinegotzi baten aurka. Zaragozako Udalak enpresa horri emandako dirulaguntzen inguruan, komunikabide independenteak argitaratutako informazioari... [+]


Frontexek bazekien ‘Adriana’ ontziko migratzaileak arrisku larrian zeudela, baina ez zuen ezer egin

Greziako kostaldean joan den urteko ekainean 720 migratzaile zeramatzala hondoratutako itsasontziaren kasuari buruzko ikerketa publiko egin du Europako Herritarren Defendatzaileak. Azaldu duenez, Frontex erakundeak ez du nahikoa "tresnarik" egoera horietan bere... [+]


Pablo Gonzalez
Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


Tarajalgo sarraskitik 10 urtera, genozidio isila Atlantikoko mugan

Ceutako Tarajal hondartzan hamalau lagun hil zituzten duela hamar urte, itsasoz igeri Europara iritsi nahian, guardia zibilen eta Marokoko polizien tiro artean. Haien senide eta lagunek urteurrena baliatu dute justizia eskatzeko, auzia oraindik epaitegietan baita. Justizia... [+]


Eguneraketa berriak daude