Beroaldi globalak badu klase sozialen berri: txiroak kiskali estreina

  • 2018ko uda beroarekin ipar hemisferio osoak hurbilagotik ezagutu du klimaren aldaketa. Tifoien edo uholdeen zalapartarik gabe, haiek bezain suntsitzaile gerta daitezke beroaldi handiak. Beste gauza gehienetan bezala, ordea, beroaren erasoa ez dute berdin nozituko hotza eskuratu dezaketenek eta freskatzeko modurik ez dutenek. Aire egokitua behar duten hirietan, gero eta hiritarragoa den gizadiaren barruan, jende eta auzo txiro eta bakartuenak dira galdaran legez egosteko arriskuan.

Xinhua agentziak banatutako argazkian, herritarrak saiatzen dira beren buruak freskatzen Bagdad hiriko erdigunean agintariek ipinitako iturrietako batean. Antzeko irudiak errepikatu dira 2018ko udan munduko hiri askotan, baita ipar aberatseko batzuetan er
Xinhua agentziak banatutako argazkian, herritarrak saiatzen dira beren buruak freskatzen Bagdad hiriko erdigunean agintariek ipinitako iturrietako batean. Antzeko irudiak errepikatu dira 2018ko udan munduko hiri askotan, baita ipar aberatseko batzuetan ere. 2100. urterako gutxienez gizadiaren erdiak nozitu beharko ditu urtean 20 egun muturreko tenperaturekin.

2018. urtea markatuta geratuko da historiako orain arteko beroenen artean. Termometroek errekorrak hautsi dituzte denetan uztail eta abuztuan. Urtzen ari diren glaziarren, sututako oihan nordikoen eta Australiako errepideetan bezala eguzkiak urtutako asfaltoaren irudi txundigarrietatik harago, The Guardian egunkariak kronika eta analisi sorta eskaini die beroaldien ugaritzeak munduko hirietan dagoenekoz eragin dituzten ondorioei.

Ura irakiteko erdi bidean: hiria 50 ºC-tan”, idatzi dute Jonathan Watts eta Elle Huntek. Imajinatu zer bizimodu eduki behar duen hiri batek tenperatura horretan. Kaleak bezala parkeak hutsik, inor ez da ausartzen irtetera eguzkia gora denean, arratsean hasten dira herritarrak agertzen, bero egin arren ilunak pittin bat baretutakoan...

Eskoletako patioak isilik, ikasleak barruan zerraturik, ordurik beroenetan debekatuta dago kanpoan lanean aritzea. “Ageri diren jende bakarrak dira aire giroturik ez daukatenak, sargoriari ihes egin ezin diotenak: txiroak, etxerik gabeak, paper bako langileak. Gizartea banatuta dago freskura daukatenen eta ez daukatenen artean”.

Oraindik asko ez dela 50ºC-ak anomaliatzat hartzen ziren arren, gero eta sarriago ari gara ikusten munduan. Aurtengo udaberrian bertan Pakistango Nawabshahn bizi diren milioitik gora jendeei tokatu zaie bizitzea munduak gaur arte gogoan duen apirilik beroena: termometroak 50,2ºC-tara iritsi dira. Bi urte lehenago Indiako Phalodi hirian  harrapatu zituzten 51ºC.

Pertsiar Golkoko anitz hiritan ohitzen ari dira galdara giro horretara. Irakeko Basrako 2,1 milioi biztanleek badakite zer den termometroek 53,9ºC markatzea. Omango kostan Quriyaten uda honetako gau batez sargoria ez zen 42,6ºC-tik jaitsi, munduan inoiz neurtu den gutxieneko altuena. Mekan, urtero bi milioi erromesek bisitatzen duten hiri santuan, 51,3ºC harrapatu zituzten 2012an eta luze baino lehen ikusiko dute marka nola hausten den. Mundu aberatsean, Kaliforniako Palm Beach eta Chinon ia-ia iritsi ziren.

50ºC-tako kopuru hori urak irakiten duen tenperaturaren erdia baino zerbait gehiago da: bizimodu txukun baten muga ere bada. Tenperatura horretan  gizakiari zelulak egosten hasten zaizkio, odola loditzen, biriken inguruko giharrak estutzen, burua oxigenoz betetzen. Pertsonari toxikoa zaio bere gorputza ohiko tenperatura baino hamar gradutan eduki beharra. Inguru lehorretan izerditzeak lagunduko dio estresa baretzen, baina beroari hezetasuna gehitutakoan babes hori ere falta du.

Zientzialariak ari dira ohartarazten  aurtengoa bezalako muturreko beroaldiak gero eta ohikoagoak izanen direla India, Pakistan, Asia ekialde eta Txinako eremu askotan. Are gehiago, 2100. urterako munduko biztanleen erdiak urtean gutxienez 20 egunez bizi beharko omen du muturreko tenperatura itogarrien pean baita negutegi eragineko gasen isurketa modurik baikorrenean mugatzea lortuta ere. Pentsa CO2 isurketak aski mugatzen ez badira...

Kontua da normaltasun berriaren ondorioak ez dituztela mundutar guztiek berdin nozituko: bai herrialde txiroenei eta baita herrialde bakoitzaren barruko behartsuenei askoz latzagoa izango zaie. Gaur bertan ere beroak ondo bereizten ditu klase sozialak.

Hiriak labe erraldoi bihurturik    

The Guardian-ek beroaldiari eskainitako seriearen barruan, egunkariaren sei korrespontsalen artean idatzi dute “Beroa, berdintasunik ezaren hurrengo gatazka”. Honela hasten da: “Uztailean bero kolpea nagusitu zenean Kanadako Qebecen, aste bakar batean 90 pertsonatik gora hilez, eguzki goriak argitara atera zituen gordinki aberatsen eta txiroen arteko ezberdintasunak”.

Izan ere, Montreal hirian eroso bizi diren jendeak aire egokituz freskatutako bulego eta etxebizitzetan babesten ziren bitartean, etxerik gabekoek senperrenak egin behar zituzten beroaren hatzaparrei ihes egiteko. 54 herritar hil ditu uda honetako beroak Montrealen eta osasun zerbitzuek zehaztu ez duten arren horietatik zenbat ziren etxerik gabeak, bai jakin da hildako gehienek 50 urte baino gehiago zituztela, bakarrik bizi zirela eta aurretik zekartzatela osasun arazo fisiko edo mentalak. Sargoriaren biktimetatik bakar batek ez zeukan aire egokiturik.

Klase ezberdintasuna eta beroarekiko zaurgarritasuna antzeko moduan gurutzatzen dira munduko edozein parajetan. AEBetan langile etorkinek beroagatik hiltzeko hiru bider aukera gehiago dituzte hiritartasunaren jabe direnek baino. Eta Indian, non 30 urte barru 24 hiritan espero den udako batez besteko tenperatura 35ºC-takoa izatea, txabolategietako biztanleak dira babesik gabeenak.

Planeta osoa ari da hiritartzen abiadura bizian –Munduko Osasun Erakundeak dio lurreko biztanleen %60 hirietan biziko dela 2030ean– eta hiriak arinago iristen dira tenperatura hilgarri horietara jendea sakabanatuago bizi den eskualdeak eta herriak baino. Gainera, hiria zenbat eta biztanlez trinkoago, orduan eta beroago.

Hiriek eguzkiaren beroa xurgatu, beren barnetik beroa sortu eta inguruan irradiatzen dute. Asfaltoak, adreiluak, hormigoiak eta teilatu ilunen belakiak ura legez biltzen dute beroa egunez, gauez inguruan barreiatzeko. Aire egokituak bizimodua konpontzen die hura ordaintzeko adina sos badaukatenei, baina ordainetan kaleak are gehiago berotzen dituzte hura pagatzeko ez daukatenen kalterako.

Hiri bakoitzean beroaldiak bere kalteak ez ditu berdintasunez oparitzen, auzo aberats eta pobreak ezberdin baitaude hornituak. Zuhaitz eta landarez, hasteko. Arbola baten itzalak eragiten du tenperatura hamar edo hogei gradutaraino freskatzea. Eta hirietan jende txiroenak eta giza talde baztertuenak bizi dira landareen berdetik urrunen.

Aire egokiturik gabe ezin pentsatuzkoak dira XXI. mendeko hiriak, oreka energetikoari erreparatu gabe eraikitako etxe-orratzez diseinatuak. Egun gorri daukate aire egokiturik ez daukatenek, edukita ordaindu ezin dutenek, gaizki isolatutako presondegi edo ospitaleetan pilatuek, kalean bizi edo lan egitera derrigortuek...

Nola moldatu? Klase diferentziek ez daukate datozen urtetan arintzeko itxurarik eta oker diseinatutako hiriak birmoldatzeko ez dirudi ez dirurik eta ez gogorik dagoenik. Teknologia berriz gainezka heldu den XXI. mendean, paradoxikoki, agintariek soluzio zaharretara jo beharra daukate eguzkiak herritarrak kiskali edo egostea nahi ez badute: gauez ixten diren parke, piszina, liburutegi eta beste eraikin publikoak zabalik utzi, ura banatu auzoz auzo...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


Lehen aldia da klima larrialdiaren harira estatu bat zigortzen duela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak

Suitza zigortu du Estrasburgok, estatu horrek bideraturiko klima politikak adindunen eta oro har herritarren osasun eskubidea zangopilatzen duelakoan. Ebazpena txalotu dute talde eta norbanako ekologistek eta diotenaz, ondorioak izanen ditu gainontzeko estatuengan ere, besteak... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


Eguneraketa berriak daude