Baratzegintza ekologikoa emakumeen ahalduntzerako tresna Antsoainen


2018ko irailaren 6an
Argazkia: Antsoaingo Berdintasun Zerbitzua
Argazkia: Antsoaingo Berdintasun Zerbitzua
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Jasangarritasunarekin eta parekidetasunarekin zeukan konpromisoari erantzunez, 2016an emakumeentzako baratzegintza ekologikoko lehen tailerrak antolatu zituen Antsoaingo Udalak, Berdintasun Zerbitzuarekin elkarlanean. “Baratze ekosoziala jarri genuen martxan, emakumeen ahalduntzea bultzatzeko helburuarekin”, azaldu du Eva Isturiz Garcia Antsoaingo Udaleko Berdintasun teknikariak. Bazituzten aurretik herrian beste hainbat baratze gune martxan, gaztelekuan eta eskolan adibidez. “Baratzeak, lurra lantzeak, jendearen ahalduntze prozesurako ahalmen berezia dauka”, dio.

Tailerretik talde autogestionatura

Lursaila prestatzea eta Arrea agroekologia elkartearen tailer teoriko-praktikoa antolatzea izan ziren lehen pausoak. Tailerrak Antsoaingo emakume guztientzat zabalik bazeuden ere, plaza batzuk lehendik Berdintasun Zerbitzuko beste zenbait proiektutan zeudenentzat gorde zituzten: indarkeriaren prebentzio programetan zeuden emakumeak, esklerosi elkartekoak… Lehen urtean laborantza tekniken inguruan formatu ziren batik bat, baina segituan ohartu ziren antolatzaileak emakumeen autoestimuaren, ahizpatasunaren eta ahalduntzearen alorra ere gehiago landu beharra zutela. Horregatik, bigarren urtean genero gaietan diharduen psikologo baten saioak jaso zituzten.

Hiru urtez tailerrak antolatu ostean, forma berria hartu du proiektuak: emakumeek autogestionatutako baratze taldea sortu dute. “Baratzegintza ekologikoan dihardute, eta Antsoaingo kolektiboek osatzen duten Txoko Gorrin ere parte hartzen dute”. Errotzen izena hartu du taldeak, eta herriko edozein emakumeri dago irekita.

Talde anitza

“Hasieran interes handia piztu zuen eta erantzun oso ona izan zuen ekimenak, baina emakumeok motxila asko daramatzagu gainean, eta pixkanaka emakume batzuk uzten hasi zirela ikusi genuen”, dio Isturizek. Talde formatuan, berriz, emakume bakoitzaren erritmo eta beharrizanak kontuan izatea errazagoa da, eta bakoitzak bere aukeren arabera hartzen du parte.

Parte hartzaileen profila anitza dela azaldu du teknikariak: “Badaude ezgaitasunak dituzten emakumeak, jatorri eta adin tarte ezberdinetakoak…”. Azken helburua, baratzean ez ezik herrian presentzia irabaztea zela dio teknikariak, eta pixkanaka lortzen ari direla.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2025eko irailaren 22
UAWC hazien bankua Palestinan
Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen

2025eko irailaren 1
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

2025eko uztailaren 28
Udako azoka ekologikoak
Aurtengo hamabi plazak

Eguneraketa berriak daude