Pasa den maiatzaren 9an Diario de Navarra egunkarian Iruñeko gaztetxeetako batek, Errotxapea auzokoak, orrialde oso bat hartu zuen: “Vómitos, ruidos y hurtos, el colmo vecinal por el gaztetxe”.
Artikulua irakurtzen hasi eta auzokideak ez dira antolatu, ez da inolako prentsaurreko edo adierazpenik egon, ez istilurik. Berri hau argitaratzeko ez dago motibazio agerikorik. Kazetaria auzora hurbildu eta galdera batzuk egin ditu.
Bat, bi, hiru, lau, bost auzokideren testigantzak. Batek eraikinen utzikeria egoeraz, beste batek: “Incluso drogas”, hirugarrenak: “Mi abuela está agobiada”; gero: “Pedimos su desalojo” eta azken bat zarataz kexu. Okaden eta zikintasunaren arrastorik ez. Lapurretei buruz, “pequeños hurtos en los balcones”. Igual lorontzi bat hartu du norbaitek? Egia ere ez da izango. Gertaera “hain larri” hauek idazkera oso sentsazionalistaz, oinarririk gabeko baieztapenez, handizkatze eta ahoberokeriez josita daude. Eta lotsarik ez. Azalera, argazki eta guzti: “Vecinos de la Rochapea contra el gaztetxe”.
Hasia da UPN hauteskunde aurre-kanpaina prestatzen, okupazioa eta gaztetxeak hautatu ditu euren armen jomuga. Bagenekien. Badakigu ere hedabideen papera zein den. Baina mesedez, duintasun apur bat, gutxienez.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.