Kataluniako murgiltze eredua

Espainiako Gobernuak mehatxupean jarri duen hizkuntza eredu arrakastatsua

  • Urtetan arrakastatsua izan bada ere, Kataluniako eskoletan erabiltzen den murgiltze sistema deuseztatzeko asmoa erakutsi du Espainiako Gobernuak, eta horrek Euskal Herrian eragin zuzena izan dezakeela uste du Sortzen Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko elkarteak. Katalunian, zeintzuk izan dira arrakastaren gakoak? Zergatik deuseztatu nahi du Madrilgo Gobernuak?

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa
2018ko apirilaren 01a
​
Gazteek daramaten pankartak hala dio: denentzako herri baten alde, eskola katalanez. Som Escolak hamarnaka elkarte eta erakunde biltzen ditu, eta haien helburua gizarte kohesioa lortzen duen eskola eredua babestea da. Argazkia: ANC Sabadell.

​ Gazteek daramaten pankartak hala dio: denentzako herri baten alde, eskola katalanez. Som Escolak hamarnaka elkarte eta erakunde biltzen ditu, eta haien helburua gizarte kohesioa lortzen duen eskola eredua babestea da. Argazkia: ANC Sabadell. ​

Galdera horiei erantzun zieten Olatz Egiguren Sortzen Elkarteko kideak, Eulalia Buch Plataforma per la Llengua katalanaren alde ari den elkarteko gizarte saileko arduradunak eta Oriol Amorós Generalitateko Migrazio, Berdintasun eta Hiritartasun idazkaritzako arduradunak. Mahai-ingurua Sortzen Elkarteak antolatu zuen Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, otsailaren 26an.

Kataluniako murgiltze eredua (irakasgai guztiak katalanez, gaztelaniaren eta atzerriko beste hizkuntza baten irakasgaiak izan ezik) 1983an aplikatu zuten lehenengo aldiz, Bartzelonako Santa Coloma de Gramenet hiriko hemeretzi eskola publikotan. Oriol Amorósek azaldutakoaren arabera, frankismoaren ostean urrats handiak eman ziren katalanaren alde. Prozesu horretan, egiteko garrantzitsua izan zuen jatorri erdalduneko langile mugimenduak. Seme-alabak katalanez hezi nahi zituzten, eta egindako presioaren eraginez sortu zuten murgiltze eredua.

Lortutako emaitzen ondorioz, Kataluniako 700 eskola baino gehiagotan aplikatu zuten hurrengo sei urteetan, eta 1992tik Kataluniako hezkuntza publikoak izan duen eredu bakarra izan da. Horretarako, Generalitateak legez neurriak ezarri ditu: 1983an Hizkuntza Normalizazioaren Legea, 1998an Hizkuntza Politikaren Legea, eta 2009an Kataluniako Hezkuntza Legea.

Gizarte kohesiorako tresna

Murgiltze eredua ez da “beste munduko sistema”, bigarren hizkuntza ikasteko metodoa baizik, Amorósek azaldutakoaren arabera. Kataluniak bigarren migrazio prozesu garrantzitsua bizi izan du XXI. mendean, jatorri askotako pertsonak elkartu dira, lehenago katalanarekin harremanik izan ez dutenak. Horientzako katalanez ikastea ahalbidetzen duen metodologia sortzea ezinbestekotzat jo du.

Antzeko egoerak bizi izan dituzten zenbait herrialdetan kulturaniztasunean oinarritutako ereduak eraiki dituzte, aniztasuna errespetatuz, eta era berean ghettoak sortuz. “Ustezko errespetu” horren atzean “axolagabekeria” besterik ez dagoela esan du Amorósek: “Pakistandarrak pakistandarren auzoan biziko dira, indiarrak indiarren auzoan, txinatarrak txinatarrenenean. Katalunian ez dugu horrelakorik nahi, kulturarteko eredua baizik”. Horretarako, Katalunian bizi diren guztiek komunean duten hizkuntza izan behar du katalanak, bere iritziz: “Elkar ulertzeko erabiliko dugun hizkuntza izango da katalana, jatorria eta ama hizkuntza edozein izanik”.

Ideia horren alde egin du Plataforma per la Llengua elkarteak ere. Beste batzuentzat, aldiz, eztabaidagarria da. Izan ere, hainbatek galdetu du zergatik izan behar den katalana eta ez gaztelania komunean duten hizkuntza. “Mundua hobea da 5.000 hizkuntza badira, eta hizkuntza horiek guztiak bizirik mantentzeko garrantzia eman behar zaie. Katalana ez bada hizkuntza komuna Katalunian, non izango da bada?”, erantzun du Amorósek.  

Horren harira, murgiltze eredua gizarte kohesiorako tresna arrakastatsua dela adierazi du Eulalia Buchek, “ikasle guztiak batzea ahalbidetzen du, etxean erabiltzen duten hizkuntza katalana ez bada ere”. Lan munduan trebatu ahal izateko prestatzen dituela ere esan du, “aukera berdintasuna bermatzen du, denak gara gizartearen parte garrantzitsua, inongo bazterkeriarik gabe”.

Plataforma per la Llenguak egindako ikerketen arabera, sistema onuragarria da ikasle guztientzat, eta derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenean ikasleek bi hizkuntzak dakizkite. Horrez gain, beste hainbat hizkuntza ikasteko erraztasunak ematen ditu, zenbait adituren ustez, elebitasunak pertzepziozko gaitasunak garatzen baititu.

Murgiltze eredua arriskuan

Emaitza akademikoek eta gizarte ikerketek sistema arrakastatsua dela erakutsi badute ere, eta Kataluniaz harago Europako hainbat instituzioren babesa badu ere, Espainiako zenbait alderdi politiko kontra azaldu dira behin baino gehiagotan. 2012an, orduan Espainiako Hezkuntza ministro zen José Ignacio Wertek esan zuen ume katalanak “espainiartu” egin behar zirela. Egun, 155. artikulua erabili eta Kataluniako Hezkuntza Publikoan hizkuntza lehentasuna aldatzeko xedea erakutsi du Madrilgo Gobernuak. Zehazki, hezkuntzan murgiltze sistemako matrikulazioetan izena ematerako orduan gaztelania lehenesteko aukera eskaini nahi du.

Argudiatu dute murgiltze ereduak murriztu egiten duela ikasleek gaztelaniaz aritzeko duten gaitasun linguistikoa. Generalitateak, Plataforma per la Llenguak eta beste hainbat elkartek egindako ikerketek hori ezeztatu dute. Buchek azaldu duenez, “eskoletan ematen diren orduez gain, Kataluniako testuinguruak bide ematen du gaztelaniaz ikasteko. Ikerketen arabera, ikasleek katalana eta gaztelania menperatzen dituzte arazorik gabe”.

Hori dela eta, Amorósen ustez arazoa ez da eredua, hizkuntza baizik. Azaldu duenez, katalan hizkuntza bizirik dago Espainiako Estatuko lau autonomia erkidegotan; Katalunia, Balear Uharteak, Valentzia eta Aragoi. Bere iritziz, Alderdi Popularraren eta Ciudadanos alderdiaren posizioa aldatu egiten da erkidego bakoitzean duten indar politikoaren arabera. Dena den, koherentzia puntu bat dutela esan du: “Egiten dute ahal duten min guztia, ahal duten guztietan, eta ahal duten intentsitaterik handienarekin katalanaren kontra”.

Hortaz, berzentralizaziorako joerak mehatxupean jarri du Kataluniak urteotan eraiki duen eskola eredua. Sortzen Elkartearen arabera, han gertatzen denak eragina izan dezake Euskal Herrian ere. Beraz, “gogoetak partekatu eta hizkuntza eta kulturaren aldeko adostasun zabaletan oinarritutako ekimenak ezinbesteko lanabes” izango direla uste du, bai Euskal Herrian bai Katalunian.


Euskal eskola publikoa une garrantzitsuan

Eusko Jaurlaritzak hezkuntza akordioa erdiesteko prozesua eta oinarrizko dokumentua mahaigaineratu dituela azaldu du Olatz Egigurenek. Akordioaren oinarrietako batek zera dio, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta, bi hizkuntza ofizialetan “gaitasun aurreratua” eta atzerritar hizkuntzan maila ertaina bermatuko dituela, “ikasle guztien abiapuntua edozein dela ere, garapen pertsonal, akademiko eta profesionala lortzeko asmoz”. Ordea, dokumentu horrek ez dau aurreikusten ereduen sistema gainditzea.

Horren harira, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntzan ezarrita dagoen hizkuntza ereduen sistemak kale egin duela uste du Sortzenek, “gazte kopuru handiegia uzten baitu euskaldundu gabe”. Dena den, eskolaz gain, komunitatearen eta gizartearen ardura ezinbestekoa dela azaldu du, “herri zein auzoetan euskararentzako eremu berriak irabazteko”.

Nafarroan ere, Euskararen Legea alda dezakeen batzordea eratu du Parlamentuak. Izan ere, egungo legeak zonifikazioa ahalbidetzen du, eta eskubideak zatitu. Hori aldatzeko lehen urratsa eman du Nafarroako Parlamentuak.

Hortaz, Hego Euskal Herria euskararen normalizazioari bide emateko une garrantzitsuan egon daitekeela uste du Sortzenek, baldin eta irekitzen ari diren zenbait aukera baliatzeko behar den “borondate eta ausardiaz” aritzeko gai bada. Ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen ereduaren beharra azpimarratu du elkarteak, izan ere, “nola ulertu aniztasunean barnebiltzen den aberastasuna geure izaera eta hizkuntzatik ez bada?”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Katalana  |  Katalunia independentziarantz

Katalana kanaletik interesatuko zaizu...
Sarrionandiaren "Hilda dago poesia?" liburua katalanera itzultzeko crowdfunding kanpaina abiatu dute

Joseba Sarrionandiaren Hilda dago poesia? antologia katalanera itzultzeko eta euskarazko eta katalanezko edizioa argitaratzeko asmoa daukate Pamiela argitaletxeak eta Pol-len edicions-ek. Asmoak aurrera eramateko ekarpen ekonomikoen beharra daukate, eta diru-bilketa kanpaina bat abiatu dute Verkami plataforman.


Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakia
Generalitateak ez ditu gaztelaniazko zentro pribatuen matrikulak ordaindu beharko

Generalitateak LOMCEren aurka aurkeztutako helegitearen zati bat onartu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, ebatziz arau batzuk Kataluniaren konpetentziak urratzen dituela hezkuntzaren arloan. Erabakia aho batez hartu dute.


2018-02-16 | Miren Osa Galdona
Gaztelania Kataluniako hezkuntzan inposatzeko 155a erabiltzeko prest da Madril

Kataluniako murgiltze eredua iraultzea du buruan Madrilek. 155. artikulua erabilita, Kataluniako Hezkuntza Publikoan hizkuntza lehentasuna aldatzea du xede neurriak: guraso edo ikasleen tutoreek gaztelania hizkuntza nagusitzat jotzeko aukera izan dezaten nahi du Rajoyren lantaldeak. AMES irakasleen sindikatuak proposatutako eskakizuna da eta Marcial Marin Espainiako Hezkuntza idazkariak esan du gaia aztertzen ari direla.


Oscar Escuder, Plataforma per la Llengua-ko lehendakaria
"Espainia ez da aldatuko eta katalan hiztunok anomalia izateari utzi nahi diogu"

Plataforma per la Llengua elkarteak mende laurdena betea du.14.000 bazkide ditu eta katalan hiztunen eskubideak babestea du helburu. Ez dira hamar urte elkartea estatu propioa eskatzen hasi zela. Oso sinple azaldu digu zergatia Oscar Escuder elkarteko lehendakariak: Espainiako Estatuko legeen arabera, katalan hiztunak errespetatu beharko lirateke. Praktikan hala ez denez, hiztunen eskubideak babestuko dituen estatua sortzea proposatzen dute.


"Ez dago hizkuntza globalik, ideologia hutsa da"

“Espainiako Estatuan, herritar asko dago elebakartasunean hezia eta gainera elebakartasun horretaz harro dagoena, eta horrek ideologia supremazista islatzen du”.


"Ez da existitzen hizkuntza globalik, ideologia hutsa da"

“Espainiako Estatuan, herritar asko dago elebakartasunean hezia eta gainera elebakartasun horretaz harro dagoena, eta horrek ideologia supremazista islatzen du”. Mossoen buruak katalanez hitz egiteak hedabide espainiarrak haserretu zituela abiapuntu hartuta, hizkuntzen ideologiaz eta politizazioaz galdetu diote Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalariari. Pasarte batzuk ekarri ditugu euskaratuta:


Zigorra jaso du erizainak valentzieraz egin zion pazienteari errieta egiteagatik

Xàtivako Osasun Sailak jarri dio bost eguneko enplegu eta soldatarik gabeko zigorra. Osasun etxeko erizainak pazienteari esan zion gaztelania jakitea bere obligazioa zela.


"Topatu ditut punjabtarrak oso katalan zaleak eta bere lehen hizkuntzaz, punjaberaz, paso egiten dutenak"

Imanol Larreak esan dizkio hitzok Goiena hedabideari. Punjabtar helduen hizkuntza jarrerak Katalunian tesia egin du. 100 milioi hiztun ditu punjaberak, baina tesigileak hizkuntza galtzeko arriskuan jartzen duten zantzuak bistaratu ditu.


2017-03-10 | ARGIA
Aragoin 55.513 katalan hiztun eta 25.556 aragoiera hiztun daude

Aragoierari dagokionez, gurasoen erdiak hizkuntza transmititzen du eta katalanari dagokionez, gurasoen %80k.


"Turbanteduna katalanez hitz egiten entzun eta besarkatu egiten dute"

Gagan Deep Singh Khalsa indiarrak bederatzi urte daramatza Katalunian. Hango sikh komunitateko bozeramalea da: “Ez dugu katalana ikasi beharrezkoa delako, bizi zaitezke gaztelaniaz. Nahi dugulako eta ilusioa egiten digulako ikasi dugu”.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude