Greba feminista

Bide luze baten abiapuntua

  • Emakumeentzako greba da Euskal Herriko mugimendu feministak antolatutakoa. Ezker-eskuin begira aritu dira, eredu bila: Islandia (1975), Herrialde Katalanak (2015), Polonia (2016), iaz berriz, 70 herrialdetan gutxi-gehiago zabaldu zen greba... Ez da lanpostua babesteko lanuztea, ez da lan baldintza duinak aldarrikatzeko eguna. Emakumeek bizitza duina eskatuko dute eta hori lortzeko lantokian, zaintza lanetan, ikasketetan, aisialdian, kalean, dituzten fronteak lehen lerrora ekarriko dituzte.

Ilazki Gainza Giraldo
2018ko martxoaren 04a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

“Martxoaren 8a beti izan da langile mugimenduari lotutako eguna eta horretan sakondu nahi dugu: emakume eta langile izatea gurutzatzen diren zapalkuntza horretan. Greba feminista, greba da; baina kasu honetan greba produktibotik erreproduktibora heltzen den greba izango da”. Naia Torrealdai Mandalunizen hitzak dira, Bilboko Bilgune Feministako kide eta M8ko grebaren antolatzaileetakoaren hitzak. Emakumeak geldituz gero zer gertatuko litzateke? Zaintza lanak baloratzen al dira jendartean? Kontziente al gara horien beharraz lanera edo eskolara garbi jantzita, ondo elikatuta eta osasuntsu goazenean? Nork egiten ditu halako lanak? Gehienetan emakumeek, batzuek ordainpean eta beste askok (gehienek) doan.

Mugimendu feministak emakume guztiei deia luzatu die martxoaren 8an egingo diren lanuzte eta ekintzetara bertaratzeko; aldi berean, ezin dutenei baina grebaren beharra azpimarratzen eta babesten dutenei amantalak leihotik zintzilikatzeko eskatu diete. Antolatzaileak jabetzen dira zaintza lanetan eta beste hainbat lan prekariotan dabiltzan emakume askori ezinezkoa izango zaiola grebara fisikoki batzea. Ondorioz, ikusgarritasuna eta babesa emateko modu desberdinen bila aritu dira, emakume bakoitzaren egoera desberdina dela kontuan izanda. Aurtengo greba feminista prozesu luze baten hasiera dela diote, oraindik borroka-urte asko geratzen dira zoritxarrez, eta lehen urratsa zaintza lanei eta horietan lanean dabiltzan emakumeei ikusgarritasuna eta balioa ematea da.

Zaintza lanen feminizazioaz eta beste kontuez aritu gara Silvia Cony Haydee Rivasekin, Munduko Emakumeak elkarteko kidearekin. Harro dago greba feministan zaintza lanen prekarizazioa ozen eta sendo salatuko delako. Zaintza grebak egitearen garrantzia azpimarratu du egoera salatu eta ikusarazteko baliabide eraginkorra delakoan, jendartea eta erakundeak presionatzeko, besteak beste. Martxoko greba prozesu bat izaten ari den era berean, zaintza lanak egiten dituzten ordainpeko etxeko langileek beren egoeraz jabetzeko prozesu luze bezain sakona lantzen dutela ziurtatu du. Lehenik eta behin, “gure eskubideen jabe ez bagara, beldurra eta presioa gailentzen dira. Etxeetan interna moduan lanean dabiltzan emakume gehienak migranteak dira, asko paperik gabe daude eta beren eskubideen jabe ez direnez, beldurtuta daude. Nola batuko dira grebara, askok atsedenik ere ez badute?”. Lanuzteez gain, amantala zintzilikatzea edo besoko morea eramatea moduko ideien garrantzia goraipatu du, sinbolikoki bada ere, zaintza lanak ikusaraztea ezinbestekoa baita jendartea sentsibilizatu eta egoera aldatzen hasteko.

Zaintza lanak pribatizatutako lanak dira, askotan etxean egiten direnak eta horrek oztopatzen du bertan pasatzen denaren berri izatea. Sarri emakume zaintzaileaz eta nagusiaz gain, beste inork ez du egoeraren berri izaten. Atzerritik lanera etorritako emakume horiek,  Euskal Herrian beren bizitza sostengatzeaz gain, beren herrialdean familiari ere eutsi behar izaten diote eta presio hirukoitza eragiten die: nagusiarena, bere familiarena, eta beren buruei ezarritakoa. Esplotazioa, lan jardun amaiezinak, atsedenik gabe lan egiteko beharra, beldurra, eta bakardadea jasaten dituzte; prekarietate egoera latza, alegia. Munduko Emakumeen elkarteko Haydee Rivasek zerrenda luzatu du: sexu abusuak, bortizkeria, gaixotasunak eta xenofobia.

Silvia Cony Haydee Rivas, Munduko Emakumeak elkarteko kidea harro dago greba feministan zaintza lanen prekarizazioa ozen eta sendo salatuko delako

Etxeko langileok saretuta egoteari garrantzi handia ematen dio Haydee Rivasek: “Ez zara lehen aldian bakarrik joango milaka pertsona dauden manifestazio batera, zure lagunen, kideen babesa beharrezkoa da halakoetara ausartu eta zure egoeragatik borrokatzeko”. Greban kolektibotasuna bermatzea eta aniztasuna –arraza, gorputz, herrialde, eta abar– bultzatzea ezinbesteko premisak direla iritzi dio. Berak azken urteetan jabetze prozesu sakona landu duen arren, badaki zaintza lanetan dabiltzan emakume migrante eta ez migrante askok ez dutela beren eskubideen berri, eta ondorioz lanuzteak egiteko, beren eskubideak aldarrikatzeko, sarean beren buruak babesteko mugatuta daudela. Emakume horiengana iritsi eta norberaren prozesuan babestea beharrezkoa dela aldarrikatu du, nahiz eta badakien lan zaila dela. Emakumeok egoera gogorrak bizi behar izaten dituzten arren, Haydee Rivas harro dago geroz eta gehiago ari direlako elkarteetan parte hartzen, saretzen, eta elkarren babesari esker, duten egoeraz eta eskubideez jabetzen: “Protagonistak gara, geroz eta gehiago”, dio pozik.

Gizonak izan ditu gogoan Haydee Rivasek: “Ezinbestekoa da batez ere gizonak ohartzea zaintza lanei esker ez balitz, bizitzak ezingo lukeela aurrera egin eta denon artean banatu behar direla”.

Martxoaren 8 hau, desberdina

Aurtengo martxoaren 8ak aurreko urtetakoekin dituen desberdintasunez galdetuta, Leire Murguialdayk, Donostiako asanblada feministako kideak zera aipatu digu: “Lehengo urtean ere lanuzte batzuk egin ziren, baina aurten jada prozesu bat abiatu dugu eta hori da garrantzitsuena, greba feminista antolatzeko lantzen ari garen prozesua bera. Orain arte jai kutsua izan dute martxoaren 8ek eta aurtengoan emakumeentzat elkargune izateaz gain, borrokarako eguna ere badela ikusarazi nahi dugu”. Era deszentralizatuan antolatu dira Hego Euskal Herriko grebarako. Herri eta hirietan batzar ireki eta parte-hartzaileak egin dituzte azken hilabeteetan eta leku bakoitzean dituzten aukera eta indarren arabera egin dute greba eguneko antolaketa, ekintzak ere era batekoak edo bestekoak izango dira. Eskualde bakoitzaren idiosinkrasia kontuan izatea ezinbestekoa iruditu zaio Euskal Herriko mugimendu feministari, eta horregatik, helburu bera izanik, ekintza eta antolaketa autonomoa bultzatzen dute, nazio mailako saretzea bideratzen duen lantaldea ere edukita koordinazio orokorra egon dadin. Alabaina, eguneko bi momentutarako proposamen bera egin dute: 12:00etan ekintzak eta arratsaldean manifestazioa.

Murguialdayk “ekintza desobediente” gisa definitu ditu han eta hemen egingo direnak. Torrealdaik ondokoa gehitu du: “Greba feminista hau greba ohikoetatik bereizten da ez direlako sindikatuak greba deitzen dutenak, mugimendu feministak sindikatuen aliantzarekin baizik”.

“Emakumeok* planto” manifestua

Emakumeok* planto lelopean grebarako deialdia zabaldu du Euskal Herriko mugimendu feministak lan, ikasketa, zaintza eta kontsumo esparruetan. Manifestuan hala diote: “Iaz, 70 herrialde baino gehiagotan, emakumeek* nazioarteko emakumeen* grebarako deialdia zabaldu zuten, emakumeen* kontra indarkeria eta desberdintasun molde ugari eragiten dituen munduaren aurrean. Aurtengo martxoaren 8an Euskal Herriko mugimendu feministak bat egin nahi du Emakumeok* planto aldarriarekin, menpean hartzen eta zapaltzen gaituen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala salatzeko. Honako eguna bide luze baten abiapuntua izango da. Bide horretan, aliantza berriak ehunduko ditugu, bateratuz eta elkar ezagutuz, gure borrokak berriz pentsatuz, erresistentzia berriak eraikiz, eta baztertzen gaituen mundutik askatuz, betiere alternatiba feminista bat sortzeko helburuarekin”.

Antolatzaileek emakume hitzari asteriskoa jarri diote eta hona haiek emandako azalpena: “Emakume izendapena erabiliko dugu, martxoaren 8ko greba feministan artikulazio politikorako baliagarria delakoan, nahiz eta genero sistema bitarraz gaindi askotariko gorputz, ibilbide, bizipen, ahalmen eta identitateak bagaren (bollerak, transak…)”.

M8-an gizonak

Antolaketa batzarretan gizonen egitekoa martxoaren 8an zein izan behar den ez dute hausnartu, haien ustez gizonen lana delako eta ez mugimendu feministarena; azpimarratu dutena da gizonak aliatu izan behar direla, hau da, “gu gara subjektuak, emakumeon greba dela ulertu behar dute, eurek ez dutela greba egin behar”.

12 pista M8ari begira

Espainiako Estatuan egoitza duen Genero Berdintasunaren Aldeko Gizonen Elkarteak (AHIGE) hainbat aholku eman dizkie gizonei. Sare sozialetan asko zabaldu dira eta euskararazko bertsioa ekarri dugu hona. Ondoren 12 gomendioak:

- Aita bazara zure seme-alabez arduratu eta eztabaida zein ikasle greba lagundu (guraso elkartean, eskolan...).
- Laguna bazara, zure lagunen umeak zaindu ditzakezu.
- Lankidea bazara, lantokian emakume* greba zabaltzeko, babesteko, zerbitzu minimoak egiteko edo emakume* lankideen lana egiteko eskaini ahal duzu zure burua. Eguneko soldata mugimendu feministari eman diezaiokezu, edo lantokian emakume* grebarentzat erresistentzia kutxa antola dezakezu.
- Enpresako nagusia bazara, zure enpresan lan egiten duten emakumeei* elkartasuna adierazi eta errepresalia, trabak eta arazoak saihestu.
- Ikaslea bazara, eskolara joango ez diren emakume* ikaskideak eta ikasleen lanuztea babestu.
- Irakaslea bazara, martxoaren 8an zerrendarik ez pasa. Gogoratu, zure ikasleen hutsegitea justifikatuta dago: kalean dabiltza “gu hiltzen ari dira” oihukatzen eta “bizi nahi dugu” aldarrikatzen.
- Zure familian, elkarbizitza taldean edo inguru afektiboan zaintza behar duenik badago, has zaitez egun horretatik aurrera ohituraz emakumeok* betetzen dugun lan horretaz arduratzen.
- Emakume* batekin harreman sexu-afektiborik baduzu, martxoaren 8an kalean egoteko behar duen laguntza guztia emaiozu.
- Zabaldu mezua zure lagun eta talde guztien artean. Militantea bazara, eraman zure eremu politikora.
- Ez kontsumitu saltokietan. Batu zaitez kontsumo grebara.
- Martxoaren 8an mobilizazioetara bazoaz (horrek esan nahi du aurreko egoeretan zure bizitzan ez dagoela zure laguntza behar duen emakumerik*), jar zaitez atzeko aldean, agindurik eman gabe, eta manifestazioa zuzentzeko asmorik gabe, laguntzeko jarrerarekin.
- Greba egunaren aurretik eta ondoren beste gizonezkoekin bildu zaitezke, maskulinitateen inguruan elkarrekin hausnartzeko, lan pertsonala eta kolektiboa egiteko, zuen pribilegioez kontzientzia hartzeko eta menderakuntzarik gabeko jendartea lortzeko bidean pausoak emateko.

Gizarte eredu osoa aldatzea helburu

Muga guztiak gaindituko dituen greba feminista proposatzen du mugimendu feministak. Aldarrikapenak lan munduaz harago doaz, lanaren kontzeptua birplanteatu nahi du eta horretarako zaintza betebeharrei eta kontsumoari lotutako lanuztearen aldeko apustua egingo du. Manifestuan hala dio: “Bizi dugun lan eta gizarte gatazka ez da sekula konponduko ugalketaren eremuari so egiten ez badiogu. Emakumeek* kalean, etxean, lantokian eta eremu intimoan hartzen duten espazioa berriro moldatu nahi dugu. Gure borrokak lan esparrua, politika, bizitza eta ekonomia zeharkatzen ditu. Hau ez da defentsarako greba hutsa: eredu osoa aldatuko duten proposamen politikoekin aterako gara kalera!”.

Greba feminista ereduak nazioartean

Islandia 1975.

Islandia, 1975
Emakumeen %90ak greba egin zuen

1975. urtean, Reykjavik hiriburuan 25.000 emakume baino gehiagok kaleak hartu zituzten. Herrialde osoan emakumeen %90ak greba egin zuen. Banku, eskola, fabrika eta komertzioak itxi egin behar izan zituzten, hau da, herrialdea gelditu zuten. Horren ondorioz, gizonak geratu behar izan ziren zaintza lanetan.

Euskal Herriko mugimendu feministaren helburuetara gehien hurbiltzen den greba eredua da. Oraindik lan asko dagoen arren horrelako greba feminista bat egin ahal izateko, aurtengoa lehen urratsa da, eta martxoaren 8aren ostean ere lanean jarraituko dute “emakumeon prekarietatea hainbat eremutan salatzeko”.

Euskal Herria, 2012
Amantalak balkoian

2012ko martxoaren 29an, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak Amantalak balkoira, emakumeok kalera lelopean pobreziaren feminizazioa eta zaintza lanen egoera prekarioa salatzeko greba deitu zuen. “Egungo greba feministaren aurrekaria izan zela esan dezakegu”, dio Naia Torrealdai aurtengoaren antolatzaileetako batek.

Herrialde Katalanak, 2015
Vaga de totes

Herrialde Katalanetan ematen ari den mugimendua, Vaga de totes (Guztion greba) izenekoa, eredugarria izan da Euskal Herriko mugimendu feministarentzat. Hitzaldi eta ekintza ugari antolatu dituzte Euskal Herrian eta harreman estua dago mugimenduen artean.

2015eko maiatzaren 19an egin zuten Vaga de totes hainbat hiri, herri eta auzoetan. Guztion grebak greba orokor eredu klasikoa zalantzan jartzea eta lanaren kritika feminista egitea du helburu, historikoki emakumeek egin dituzten eta egungo sistemaren eta bizitzaren sostengua diren lan erreproduktiboak ikusaraziz.

Polonia, 2016.

Polonia, 2016
Abortatzeko eskubidearen alde

Europako herrialde horretan emakumeek arropa beltzak jantzi zituzten eta bandera beltzak haizatu. Lanera eta eskolara joateari utzi zioten eta bidean zen abortoaren legearen aurka egin zuten aldarri. Legeak abortatzea debekatuko zuen.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: M8 greba feminista

M8 greba feminista kanaletik interesatuko zaizu...
Euskal Herriko Mugimendu Feministak 2019ko martxoaren 8rako 24 orduko greba deialdia egingo du

Irailaren 22an Gasteizen egindako bilera eta gero jakinarazi zuten egun guztiko greba deialdia egingo zutela.


2018-05-13 | Baleike
Mozal Legea ezarri diote Zumaiako mugimendu feministari

Aspaldi ikusi gabeko manifestazioak izan ziren Zumaian martxoaren 8an, Emakumearen egunean. Bai eguerdian bai arratsaldean jendetzak hartu zuen parte Mugimendu Feministak deitutako ekitaldietan. Ekintza horiek izan dute bere alde negatiboa, izan ere, bi une horietan egindako mobilizazioengatik isunak jaso dituztela adierazi du gaur Mugimendu Feministak, “Zumaiako arteria nagusia moztu” izanagatik, alegia.


2018-04-17 | Arabako Alea
Mugimendu feministaren aurkako isunak salatu dituzte

Kartelak jartzeagatik eta grebarako deia zabaltzeagatik Gasteizko Udalak orotara 1.450 euroko zigorrak ezarri dizkiola salatu du Gasteizko Bilgune Feministak.


Fauna publikoa
Kartolak jantzita

Bergarako Martxanterak talde feministak eman dizkion erantzunengatik iritsi naiz Oihan Vegaren iritzi-artikulu batera, “M8, eta orain zer?” du titulua, pixka bat Leninen Zer egin? hura bezala, baina komunismorik gabe, zeren komunismoak ere ez baitu, Vegaren esanetan, matxismoa desagerrarazten –Twitterren irakurri diot erromeriako esplikazio hori, artikuluak eragindako polemikaren erantzunetan–, eta beraz, galdetzen du –berriz ere artikuluan–, zergatik salatu... [+]


2018-03-25 | David Bou
Armak eman ditzagun

Orrialde honetan idaztea proposatu zidatenean hainbat dudak harrapatu ninduen, gauza bat ebatzi behar nuen oroz gainetik. Sailean nor ordezkatzen nuen, ahots maskulinoen aldean ahots femeninoen pisua ezagutu nahi nuen. Erantzuna egokia izan zen.

Inork ez dezala pentsa, idazteko aukera eman zidatela nire pribilegioen oso kontzientea naizelako, aitzitik, lagun feminista bati aspaldian entzun nizkion hitz hauek burrunba egin zidaten: “Zure ustez, zer egin dezakegu gizonok borroka horretan... [+]


2018-03-20 | Txerra Rodriguez
Martxoaren 8ko greba feministatik irakaspenik euskalgintzetan?

Martxoaren 8ko grebak astindu ditu han eta hemen egitura batzuk. Ikusiko dugu astinaldi horiek iraunkor eta finko bihurtzen dituzten emakumeek*. Espero dezagun baietz.


2018-03-19 | Unai O˝ederra
M8ko greba feministak erakutsi diguna

Ez nuen oroitzen koadrilan guztiok gizonak ginela; martxoaren 9an konturatu nintzen. Afal aurreko poteoan txantxak, txisteak. Afal orduan, txotx deietan, “utzi pasatzen horiei, bestela…”, neskak zetozenean. Orduek aurrera egin ahala, iragazkiak ezabatuak, barruko minak, haserreak, erresistentziak, jarrera erreaktiboak. Bezperan, feministek Euskal Herriariari orri bat oparitu zioten mobilizazioen Guinness errekorren liburuan, eta koadrilan, pozez zoratzen ospakizunetan egon... [+]


2018-03-18 | Estitxu Eizagirre
Martxoak 8, greba feminista
Zapalduenek plaza hartu zutenekoa

“Nondik edo handik lehertu behar du”, “iraultza baterako baldintza objektibo guztiak daude”, “jendea bizitzeko hain larri egonik, nola ez du kaleak irakiten?”. Ezkerreko gizarte mugimenduek bilatzen zuten bizi baldintzak zukutzen ari den kapitalismoari kalean planto egiteko modua. Eta M8 Grebarekin gertatu da: gainezka egin du kaleak. Ezer ez da kasualitatea izan, eta aldi berean, inork aurrez irudikatuko ez zuena gertatu da, masa mugimenduetan ikustera ohitu... [+]


Artxoak 8

Gu. Isildutako ahotsen jabe. Historia eta zientzia liburuetatik ezabatutakook. Gu. Erabaki guneetatik baztertutakook. Eremu pribatuan giltzapetuok. Prekarietatera kondenatuok. Lan berdinaren truke gutxiago kobratzen dugunok. Gu. Kontsumitu daitekeen objektu sexualtzat hartuok. Begirada lizun eta iruzkin zikinen xede. Gu. Bigarren planora baztertuok. Beldurrean heziok. Gau eta egun musu-truk lanean aritzera bultzatuok. Gu irainduok, jipoituok, bortxatuok, erailok. Gu… Gu,... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude