"Francoren heriotzaz geroko krimenik handiena izan zen Martxoaren 3koa"

  • Urtero da martxoak 3. Bost hildako Gasteizen eta ehunka zaurituak, balaz gehienak, 1976an. Hilabete batzuk lehenago etorria zen Gasteizera lanera Imanol Olabarria. 1975eko azarotik martxoaren 3ko txikizio hura bitartean hainbat fabrikatan egin ziren protesta, asanblea eta mobilizazioetan parte hartu zuen. Are, eragileetakoa izan zen.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Imanol Olabarria Bengoa (Otxandio, 1937)

Apaiz langileetakoa izan zen, Trapagarango Zugaztieta auzoan ari zen 60ko hamarkadaren hasieran, eta Gernikan ere bai geroago. Zamorako kartzelako apaizetakoa izango zen, lehenago ihesi joan izan ez balitz. 1975eko udazkenean heldu zen Gasteizera eta barru-barrutik bizi izan zuen Martxoaren 3 haren aurreko borroka.

Gasteizen zinen 1976ko hasieran.

Bai. Bilbotik etorri eta Michelinen sartzen saiatu nintzen. Akordatzen naiz, goizeko bostetan, fabrikako atean, testak egiteko zain, testak egiten eta zegokionari ematen. Fabrikakoak engainatzen saiatu behar nintzen, peoi hutsa nintzela adierazten. [Apaiz langile izana zen] Testa egin eta arduradunak etorri zitzaizkidan: “Halako galdera ez duzu erantzun”, “Uste dut modu intuitiboan erantzutekoa zela”. Esan orduko damutu nintzen. Peoiak ez du intuitibo hitza erabiltzen. Jakina, ez nien ziria sartu. “Peoi izateko ezgai”, eskutitza jaso nuen. Albotik esan zidaten beste fabrika batean, Cablenor zuen izena, langileak behar zituztela, ez zutela askorik ordaintzen, baina inolako test edo kontrolik gabe hartzen zituztela. Hala ere, soldadutza egina izatea eskatzen zuten, baina ni apaiz izana nintzen eta ez nuen egin soldadutzarik. Orduan, 37ko kupokoa nintzela esan nien. Eta lanera.

Urtarrilaren hasieran hainbat greba izan ziren Gasteizen.

Ez ziren hutsetik sortu, ez ziren lau demagogoren kontua ere izan, ezta alderdi edo sindikatu baten ekimena ere. Jendea Martxoaren 3ari buruz galdezka hasten denean, erantzun zehatzak nahi izaten ditu, baina, askotan, orduko egoera soziala ahazten du, orduko borroka. Francoren altxamendua eta gero, diktadura ezarri ondoren, biltzea debekatu zuten: ez zegoen alderdirik –Falangea izan ezik–, ez zegoen sindikaturik –Bertikala besterik, erregimenarena–, ez zen biltzeko edo manifestazio eskubiderik ere. Bigarren Mundu Gerra ostean, jendeak espero zuen aliatuek Franco eraitsiko zutela, baina ez zen horrelakorik izan. Are okerrago, 1953an AEBak Francoren erregimenarekin harremanetan sartu ziren, eta ondoko urtean berdin egin zuen Vatikanoak. Eta 1955ean NBEk kide onartu zuten Espainia.

Iragan mendeko 60ko hamarkadan, zein zen egoera Gasteizen?

Enpresa asko etorri ziren garai hartan hona, bai Bizkaitik, bai Gipuzkoatik; Eibar, Elgoibar eta Oñatitik, adibidez. Era berean, Arabako herri txikietatik ere hainbat jende etorri zen Gasteizera lanera. Eta Espainiako Extremadura, Galizia eta Andaluziatik ere bai. Cablenorren, esaterako, Extremaduratik etorriak ziren gehienak. Garai hartan, astean sei egunetan egiten zen lan, zortzi ordu egunean, langileak ordu estrak ere sartzen zituen, eta hala ere, soldatak ez zuen ematen bizitzeko lain. Bateko gastu finkoak eta besteko kontsumo prezioen indizearen garestitzea, eroste ahalmen urria zuen langileak.

1975eko azaroan Gasteizko Cablenorren lanean hasi zinelarik, zer giro zen enpresan?

Laborari lanean ibilitakoak ziren nire lankideak, borroka kontzientziarik ez zutenak. Langileetako batzuek poliziak edo guardia zibilak zituzten senideen artean, eta normal hitz egiten zuten haietaz; hemengoek ez bezala, esan nahi dut, hemengoek bazuten-eta indar errepresiboen berri. Lankideek ez zuten patronalaren gaineko iritzi sendorik, ezta sindikatu edo prentsari buruz ere. Cablenorren giroa hori izan arren, Franco hil baino hamabost egun lehenago, zenbait lagun batzen hasi ginen Gasteizen. Biltzeko eskubiderik ez zenez, tabernaren batean juntatzen ginen, berbetan. Bilera haietan ez zen ika-mikarik falta, nork bere siglak erakutsi nahi izaten baitzituen.

Zein ziren zure siglak?

Nik ez nuen siglarik. Etxabarriko Bandaseko grebak [1966ko azaroan hasia, 163 egun iraun zuen] markatuta nengoen, non batzarrak agintzen baitzuen. Niri horixe iruditzen zitzaidan aberasgarriena. Batzarrean bertan erabakitzen zen dena. Esaterako, Cablenorren grebara irten ginen orduko, Forjas Alavesas, Mercedes eta Aranzabal ere greban zeuden. Azkenerako, hamabi enpresa izan ginen greban. Hainbat sektoretakoak ginen, baina aldi bertsuan irten ginen grebara. Horixe izan zen Gasteizko greben ezaugarria: orduko lege araudia hautsi genuen, sektore bakoitzari hilabete jakin bat baitzegokion lan-hitzarmena negoziatzea. Gasteizen, aldiz, batera irten ginen.

Lau egun egon zineten greban.

Goizean fabrikara joan eta hutsik zegoen pabilioi berrian sartzea adostu genuen. Ez genuen lanik egiten. Lau egun eta gero, enpresak fabrika itxi zuen. Gurea ez zen lehenengo kasua, ordea, beste fabrika batzuk ere egoera horretan ziren eta, bitartean, San Frantzisko eliza hartu zuten. Bide horixe hartu genuen gure enpresan ere, eta Judimendiko elizara sartu ginen, apaizen gogoaren kontra. Baina guk, geurea, errespetuz, baina geurea. Bilera irekiak egiten hasi ginen, Gasteizko jendeak ezer jakin nahi izanez gero iturri onetik jakin zezan. Poliziak bere sekretak bidaltzen zituela bagenekien, baina guk aurrera.

Argazkia: Zaldi Ero.

Greban zineten, fabrikak itxita, eta zuek Zaramagako eta Judimendiko elizetan itxialdian.

Eta Judimendiko elizan gurekin batera itxi ziren Apellaniz altzari fabrikako langileak ere. Greban zegoen enpresa bakoitzak batzarra egiten zuen egunero. Batzarrak asko laguntzen zigun denoi, beldurrez geunden-eta. Han informazioa trukatzen genuen, arazoak aztertzen genituen. Batzar bakoitza eskola bihurtu zen, 20 eta 65 urte bitarteko langileen eskola. Egunero zerbait aztertzen zen eta ondoren bozkatu. Asko laguntzen ziguten batzar haiek. Garai berean, manifestazioak egiten ere hasita geunden Gasteizen, horretarako eskubiderik ez bazen ere. Polizia manifestariei oldartzen hasi zen, langileak atxilotzen. Eta poliziak langile bat atxilotzen zuelarik, edo patronalak langileren bat kaleratzen zuenean, greban ginen enpresa guztiok batera erantzuten genuen. Izan ere, ostegun arratsaldeetan, greban ziren langile guztion batzarra egiten hasi ginen Zaramagako elizan, eta batzar hartan, greban ziren enpresa guztietako ordezkarien batzordeak parte hartzen zuten. Langileok fronte bateratu bat osatu genuen Gasteizen, aldarrikapen zerrenda bateratua. Patronalak diru errebindikazioak onartu zizkigunean, guk ezetz, kaleratutako langileak berriz hartu arte ezetz. Eta, ondoren, kaleratutakoak berriz hartu zituztenean, atxilotuak askatu arte ezetz. Enpresa bateko egoera konpontzen zenean, beste fabrika bateko korapiloa askatu behar zen. Askatasuna lehenetsi genuen edozein negoziazioren gainetik, langile guztiok batera. Gu batera ari ginen, patronala, aldiz, ez.

Horrela etorri zen 1976ko martxoaren 3ko greba.

Ostegunetan egiten zen batzar bateratuak hiru aldiz egin zuen greba orokorreko deia. Lehenak ez zuen oihartzunik izan; bigarrenak, handiagoa izan zuen; hirugarrena, martxoaren 3koa zen. Egun hartan, polizia goizetik hasi zen tiroka. Urbina herriko Ormaetxea zauritu zuten. Andoni Txasko ere gogor jo zuten goiz hartan, bere begi bakarrean. Bazkalondoan, San Frantzisko elizako batzar bateratua baino lehen, Judimendiko elizan batu ginen fabriketako ordezkariok, batzar bateratua prestatzeko asmotan. Gurea amaitu eta San Frantzisko elizara joan ginenean, poliziak tenplua inguratuta zeukala ikusi genuen. Harrika hasi ginen, baina alferrik. Gero, jakinekoa da, eliza barruko langileei eraso zieten, eta irten eran, tiroka eta kulata kolpeka ekin zion poliziak.

“Tiro egin, jendea akabatzera jo!”, aditzen da poliziaren hitzetan.

Dakigunez, Forjas Alavesas enpresako gerentea, Agirre, Madrilera joan zen beste zenbait enpresabururekin batera. Lauzpabost ei ziren. Espainiako Gobernuko lehendakaritzako ministro Alfonso Osoriorekin batu ziren, eta handik hiru egunera, martxoaren 3koa gertatu zen. Gure interpretazioen arabera, bilera horretan aditu zuena aditu eta gero, Gobernuak tiro egiteko agindua eman zuen, langileak hiltzekoa, Gasteizen gertatutakoa ez zedin beste inon gertatu.

Imanol Olabarriari argazkiak Martxoaren 3ko oroitarriaren ondoan atera zizkion ARGIAk. Horretan ari zirela ikasle talde bat agertu zen eta orduko lekuko baten eskutik gertatutakoa ezagutzeko zortea izan zuten. Argazkia: Zaldi Ero.

Handik hiru egunera Madrilen zinduzkaten.

Hilak 8 zituela, Jesus [Fernandez] Navesek eta biok Bilboko irrati emisora batera joateko deia genuen, Gasteizen gertatutakoa kontatzera. Egun hartan bilera genuen Pilareko elizako sotoan, eta langile bat etorri zitzaigun, esanez poliziak bazuela bilera haren berri. Alde egin genuen. Hiru bat ordu geroago, kalean, atzetik heldu ninduten. Eskuak lotu zizkidaten eta auto batean sartu ninduten. Hantxe eduki ninduten ordu erdi bat, harik eta Jesus ere atxilo hartu zuten arte. Eta polizia-etxera, eta pare bat zartateko jaso nituen; torturarik ez, hala ere. Mehatxuak bai. Poliziak haserre zeuden. “Pantanora eramango haugu, ur dena irentsiko duk!”. Atxilotuta, zutik, paretara begira, eta handik bi ordura, Madrilera.

Sedizioa zenuten akusazioa.

Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusian eduki gintuzten, Madrilen, Puerta del Solen. Hiru egun han eta Carabanchelera. Han geundela jakin genuen sedizioa egozten zigutela. “Eta zer da, bada, delako sedizio hori?”, eta abokatuen erantzuna: “Estatuaren segurtasunaren kontra atentatu egitea”. Horrelaxe! Espainiako ministro Fraga Iribarneren eta haren Martin Villaren asmoa zen langileak zentzabidean jartzea. Uste zuten langileak kokilduko zituztela, baina ezta pentsatu ere. Biharamunean, protestak izan ziren han eta hemen, eta poliziak langile bat hil zuen Tarragonan [Juan Gabriel Rodrigo, hilaren 6an], gero beste bat Basaurin [Vicente Anton Ferrero, hilaren 8an], eta beste bat Erroman [Mario Marotta, hilaren 14n] Gasteizekin elkartasunezko mobilizazioetan denak. Orduan, bestelako gogoeta bat egin zuten agintariek: “Ez dugu horrela ibiltzerik, surtara egurra botatzen ari gara”. Eta diskurtsoa aldatu zuten. Gu kartzelan geunden, eta ez ginen zeharo jabetu. Gero, irten ginenean jabetu ginen aldaketaz.

Zein izan zen aldaketa hori?

Eztabaida-batzarrak galarazi zituzten, eta batzar informatiboak ezarri, alderdi politikoen eta sindikatuen kontsignak inposatzeko. Boto ematera deitu gintuzten, eta besteren esku uzten dugu harrezkero protagonismoa. Boterearen kontra egotetik, “langileak boterera” oihu egitera igaro ginen. Grebak ezeztatu ziren, eta “borroka egunak” asmatu, egun batekoak eta asteburukoak. Indar errepresiboek uniformearen kolorea aldatu zuten, eta “ordenaren langileak” deitzen hasi ziren. Erresistentzia kutxatik, Estatuaren funts erreserbatuetara pasatu ginen, eta autonomia galdu genuen. Batera lan egiten genuenok, siglen menpeko egin ginen, sektario. Ordezkarien batzordeak ezeztagarriak ziren garai batean, gaur egun lau urteko pribilegioa duten ordezkariak ditugu. Sindikatu bertikal bat zen lehen, zazpi-zortzi sindikatu “bertikal” izan ziren gero, dira orain, nor bere interesen alde. “Gizarte anestesia”, esaten zuen Fernandez Duranek.

Zer diozu orduko borrokaren gainean?

Koktel gazi-gozoa daukat barruan. Askatasun ametsa genuen, sindikatu bertikal hura kendu nahi genuen gainetik, laneko baldintzak kontrolatu nahi genituen. Langileen duintasunagatik borrokatu ginen, batzarrak ezarri genituen eztabaidagune eta erabakigune izan zitezen, ordezkari bozeramaileen batzordeak sortu genituen, noiznahi ezeztatzeko moduan. Langileon berdintasunaren alde saiatu ginen, diru igoera linealen alde. Hobekuntza ekonomikoak eta laneko baldintza hobeak eskatzen genituen, baina langile kaleratuak berriz hartzea, atxilotuak askatzea eta euren lanpostuan mantentzea lehenetsi genuen. Hiru hilabeteko borroka izan zen.

Iritzi kritikoa duzu gaur egun Martxoaren 3aren inguruan antolatzen diren ekitaldien inguruan.

Lore eskaintza eta omenaldia egiten da, eta errespetatzen ditut ekitaldiok. Bost hildakoak gogorarazten dira, baina ez haien amets eta antolatzeko moduak, eta borrokari frenoa jartzeko modua izan liteke hori. Ez da, seguru, sindikatu eta langileen asmoa, baina zenbait erakunderen gogoak uste dut horixe nahi duela, hilak izan zirela gogorarazi, “kontuz!”, esanez bezala. Hura eta gero etorri zen Fernández Duránek [globalizazioaren aurkako mugimenduko ekintzailea] esaten duen gizartearen anestesia garaia. Laneko borroka zuzentzeko bideak diseinatu zituzten, kapitalari minik ez egiteko eran. Gaur egun, Martxoaren 3az pentsatu eta esango nuke Francoren heriotzaz gero, eta oraindaino arte, ezagutu dugun krimenik handiena izan zela: bost hildako eta ehun zauritu baino gehiago, milaka testiguren aurrean, eta auziperaturik ez.

Poliziaren negarra

“Puerta del Solen, Madrilen, polizietako batek galdetu zigun: ‘Zer dela-eta ekarri zaituzte Gasteiztik hona?’ Eta azaldu genion, ez baikenuen ezkutatzekorik. Eta poliziak: ‘Gasteizko Michelinen jardun ninduan lanean. Anaia diat hango lan-batzordean. Ke beltza sailean ari ninduan lanean, sail toxikoa, ezin nuen eraman, osasunagatik, eta polizia sartu nintzen. Baina hau ere ezin dut eraman, uztekoa naiz. Zigarro bat nahi?’ Komunera eraman ninduen, erre nezan. Eta polizia negarrez!”.

Azken hitza: Emakume batzarra

“Emakumeek eraman zuten borrokaren zama astunena, ikusi ez zena. Eurek eutsi zioten familiaren ekonomiari, eurek sufritu zuten gehien eguneroko garraztasuna, eurak joan ziren ikastolara eta banketxera ordainketak atzeratzeko eskatzera, eurak izan ziren erresistentzia kutxaren zutabe nagusiak, eurak manifestatu ziren eskirolen kontra. Emakumeek ordu arteko moldeak apurtu zituzten eta mobilizatu ziren”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1976ko martxoaren 3a
Erkoreka: Tolosako gaztea “istiluetan parte hartzen ari zen”, eta Gasteizko polizia “ondo infiltratuta zegoen”

Segurtasun sailburuak adierazpenak egin ditu astearteko gobernu bilera ostean. Xuhar 16 urteko gaztea bera egin du inauteritan jasotako lesio larrien erantzule, eta Ertzaintzak Martxoak 3ko manifestazioan poliziak infiltratu zituela onartu du, “polizia demokratiko”... [+]


2024-03-05 | Leire Artola Arin
Ertzaintzari erantzukizunak eskatu dizkiote eragile sozial eta politikoek, Martxoak 3ko erasoengatik

Asteazkenerako agerraldi masiboa deitu dute Gasteizko Martxoak 3 plazan, “errepresiorik gabeko Martxoak 3 herrikoiaren alde”. Aske antolakundeak astelehenean egin du protesta, eta atxilotuei elkartasuna adierazi die. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek azalpenak... [+]


Ertzaintzak agente bat infiltratu zuen Martxoaren 3ko manifestazioan, baita lankideek jipoitu ere

Ertzaintzak bere agente bat infiltratu zuen Gasteizko Martxoaren 3ko manifestazioetan, Segurtasun Saileko iturri batek eldiario.es hedabideari baieztatu dionez. Lankideek beraiek jipoitu zuten manifestazioan izan ziren karga eta istiluetan.

 


Martxoaren 3a oroitu du jendetzak Gasteizen, eta Polizia manifestazioaren aurka oldartu da

Milaka herritar batu dira igande eguerdiko manifestazioan. Polizia manifestarien aurka oldartu da Bakea kalean, Corte Inglés parean, eta manifestazioa zatitu du. Bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak eta hainbat zauritu, tartean adineko emakume bat ahoan, foam jaurtigailu... [+]


“Orduko eta oraingo” borroka aldarrikatuko dute Martxoak 3ko sarraskiaren 48. urtemugan

Igandean egingo da manifestazio nagusia, ESK, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak deituta. Palestinari aipamen berezia egin diote lau sindikatuek. Egun berean zein aurrekoetan deialdi eta ekimen gehiago antolatu dituzte hainbat eragilek.


Eguneraketa berriak daude